34. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

7/2018 FORU AGINDUA, otsailaren 6koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, prestakuntza beka baten deialdia egiten duena Komunikazioko unibertsitate gradua (Kazetaritza eta Ikus-entzunezko Komunikazioa) duten tituludunentzat, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan aritzeko.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, gazteriaren arloko erakunde autonomo eskuduna baita eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuari atxikia baitago, prestakuntza beka bat emateko deialdia egin nahi du Komunikazioko unibertsitate gradua (Kazetaritza eta Ikus-entzunezko Komunikazioa) duten tituludunentzat.

Beka horretarako deialdiaren bidez Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, alde batetik, ordenamendu juridikoak esleitutako eginkizunak hobeki bete nahi ditu eta, zehazki, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren Estatutuak onetsi zituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuak esleitutakoak, eta, bestetik, unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatu nahi du, ezagutza teoriko eta praktiko hobea eta zuzenagoa lor dezaten, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bitartez gazteriaren arloan egiten den lanean.

Beka ematerakoan, deialdiko oinarri arautzaileetan aurreikusten ez den orotan, ondokoetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, eta, modu osagarrian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Prestakuntza beka baten deialdia onestea Komunikazioko unibertsitate gradua (Kazetaritza eta Ikus-entzunezko Komunikazioa) duten tituludunentzat, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan aritzeko.

2. Beka emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 13.116,00 euroko gastua baimentzea, betiere horretarako kreditu egokia eta nahikoa baldin badago. Honela banatuko da:

9.794,00 euro 2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko A50003 A5210 4809 232100 partidaren kargura egotziko dira.

3.322,00 euro Gizarte Segurantzako enpresa kuota ordaintzeko izanen dira, zehazki, 2019ko urtarrilekoa, otsailekoa, martxokoa eta 2018ko abendukoa, 2019ko urtarrilean ordainduko dena, baita bekaren 2019ko urtarrileko, otsaileko eta martxoko hileko ordainketak ere. Zenbateko hori 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako gaitzen den aurrekontuko partidari egotziko zaio.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu hau Gazteriaren Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta atal horretako Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko otsailaren 6an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetzan aritzeko prestakuntza beka baten
deialdirako oinarriak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Komunikazioko unibertsitate gradua (Kazetaritza eta Ikus-entzunezko Komunikazioa) duten tituludunei prestakuntza beka bat norgehiagokako araubidean emateko oinarri arautzaileak ezartzea, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Nafarroako Gazteriaren Zuzendariordetzan aritzeko.

Bekaren helburua unibertsitate tituludunen prestakuntza bultzatzea da, Institutuak gazteriaren arloan gauzatzen dituen jarduerak zuzenean ezagut ditzaten.

2.–Aurrekontu erabilgarria.

Beka honi aurre egiteko gastua, guztira, 13.116,00 eurokoa da, betiere horretarako kreditu egokia eta nahikoa baldin badago, honela xehakaturik:

9.794,00 euro 2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko A50003 A5210 4809 232100 partidaren kargura egotziko dira.

3.322,00 euro Gizarte Segurantzako enpresa kuota ordaintzeko izanen dira, zehazki, 2019ko urtarrilekoa, otsailekoa eta martxokoa eta 2018ko abendukoa, 2019ko urtarrilean ordainduko dena. Zenbateko hori 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako gaitzen den aurrekontuko partidari egotziko zaio.

3.–Iraupena.

Bekaldia esleipenaren ebazpenean adieraziko den egunean hasiko da (2018ko apirilaren 1a baino lehenago ez, betiere), eta 2019ko martxoaren 31n bukatuko. Bekaldi hori ezin da luzatu.

4.–Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Bekarentzako gehieneko zuzkidura 13.116,00 eurokoa izanen da; horietatik 9.794,00 euro 2018an egotziko dira, eta 3.322,00 euro 2019an. Guztirako zenbateko horretan Gizarte Segurantzaren kotizazioak sarturik daude. Onuradunari hilero 1.050,00 euro gordin pagatuko zaizkio, edo haien zati proportzionala, bidezko bada. Zenbateko horretatik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona kenduko da. Gainera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, hilero, bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kotizazio kuotaren zatia ordainduko du.

5.–Bateraezintasunak.

Prestakuntza beka hau ez da bateragarria izanen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek ematen dituzten beste batzuekin.

6.–Eskatzaileak.

Beka hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, jarraian azaltzen diren betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) 1. oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau argitaratu aurreko hiru urtean lortu izana.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Nafarroan erroldatua egotea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.

d) Adinez nagusia izatea.

e) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko ezgaitua ez egotea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat.

f) Bekaren xede den prestakuntza jardueran aritzea galaraz diezaiokeen desgaitasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

7.–Eskaerak.

7.1. Prestakuntza beka hau lortzeko interesaturik dauden pertsonek Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkezten ahalko dute eskaera (Arrieta kalea, 25, 31002 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan ere.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Nolanahi ere, eskabideak aurkezteko hogei egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Honako agiri hauek aurkeztuko dira eskabide orokorrarekin batera:

a) Eskabide-orria (deialdiaren II. eranskina).

b) Eskatzailearen curriculum vitaea, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, eta dagozkien ziurtagiriak.

c) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, kurtso bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.

d) Lehenbiziko oinarrian aipatzen den titulu ofizialaren fotokopia.

e) Nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

f) Nafarroako erroldatze ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena.

g) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere.

h) Alegatutako merezimenduen gaineko egiaztagirien dokumentuak eta fotokopiak, bederatzigarren oinarriaren arabera baloratuak izateko.

7.3. Organo eskudunak epearen barrenean aurkezten diren eskaerak aztertuko ditu. Epearen barrenean aurkeztutako eskaeraren batek aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela; ebazpena jakinaraziko zaio.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

7.4. Prestakuntza beka hau jasotzeko eskaera aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

8.–Ebaluazio batzordearen osaera. Batzordearen osaera eta prozeduraren instrukzioa.

8.1. Ebaluazio batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz, non izangai onartu bakoitzari guztira emandako puntuak adieraziko baitira.

Ebaluazio batzordea kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Adelaida González Díez andrea, Gazteriaren zuzendariordea.

Ordezkoa: Jesús Beitia López jauna, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko burua.

–Idazkaria: Amaya Torrecilla Zabalza andrea, erdi mailako tituluduna.

Ordezkoa: Juan Arcón Alzorriz jauna, Argibide eta Prestakuntza Bulegoko burua.

–Batzordekidea: Alejandro Palacios Elizalde jauna, Plangintzaren eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko burua.

Ordezkoa: Rosario Oteiza Ugarte andrea, Gazte Mugikortasunerako Bulegoko burua.

–Batzordekidea: Benito Daniel Goñi Lara jauna, Gazteriaren Zuzendariordetzako soziologoa.

Ordezkoa: Mar Basail Barberena andrea, Gazteen Sormenaren eta beste zerbitzu batzuen Bulegoko burua.

8.2. Ebaluazio batzordea instrukzio organoa da, eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Ebaluatzen hasi aurretik, txosten bat prestatuko du, non adieraziko baita eskatzaileek laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez. 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.

8.3. Ebaluazio batzordeak aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu; gero, beka emateko proposamena eginen du, lortutako puntuazioaren araberako ordenari jarraikiz.

9.–Balorazio baremoa.

Eskaerak baloratzeko, honako baremo honen arabera kalifikatuko dira merezimenduak:

a) Ikasketa-espedientea: gehienez ere, 4 puntu.

Ikasketa-espedientearen batez besteko nota baloratuko da, azaroaren 27ko 1497/87 Errege Dekretuaren arabera (errege dekretu hori abuztuaren 1eko 1044/2003 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen).

–Nahiko: puntu bat.

–Oso ongi: 2 puntu.

–Bikain: 3 puntu.

–Ohorezko matrikula: 4 puntu.

b) Hizkuntzak jakitea (euskara, ingelesa, frantsesa eta alemana): gehienez ere, 1,5 puntu.

Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo C1 titulua edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, 0,50 puntu emanen dira hizkuntza bakoitzarengatik. B2 tituluak edo ofizialki baliokidetzat jotako tituluak 0,25 punturekin baloratuko dira.

c) Beste titulu akademiko batzuk: gehienez ere, 1,5 puntu.

Titulu akademikoak (graduak, diplomak edo lizentziak): 0,50 puntu.

d) Administrazio Publikoetan sartzeko oposizioetan parte hartu izana: gehienez ere, puntu 1.

Administrazio Publikoan sartzeko hautapen prozesuetan parte hartu izateagatik, betiere Komunikazioko gradua (Kazetaritza eta Ikus-entzunezko Komunikazioa) edukitzea nahitaezkoa baldin bazen eta, gutxienez, lehenengo ariketa gainditu baldin bazuen. 0,25 puntu emanen dira hautapen prozesuan gainditutako proba bakoitzeko. Administrazio Publikoetan kontratazio zerrendak prestatzeko probak ez dira kontuan hartuko.

e) Komunikazioarekin zerikusia duten baina lizentziaren curriculumean sarturik ez dauden gaietan langile edo boluntario gisa izandako esperientzia: gehienez ere, puntu 1.

0,25 puntu emanen dira langile edo boluntario gisa emandako hiru hilabeteko aldi bakoitzeko. Hiru hilabetetik gorako aldiak baizik ez dira baloratuko, behar bezala justifikaturik dokumentu fede-emaile baten bidez (ziurtagiria, nomina, aitorpena...).

f) Aurrez aurreko elkarrizketa. Kalifikazio onenak lortzen dituzten lehenbiziko 6 pertsonei aurrez aurreko elkarrizketa bat eginen zaie. Elkarrizketari 2 puntu arteko balorazioa emanen zaio, honako hauek aintzat hartuz: gazteekin zerikusia duten lanei buruzko ezagutza, araudi administratiboa ezagutzea, bereziki gazteriaren arlokoa; motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, gaiak beren artean lotzeko gaitasuna, lantaldean aritzeko gaitasuna eta bestelako trebetasun sozialak.

Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 72 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketara joatea nahitaezkoa da. Hortaz, elkarrizketara agertzen ez diren izangaien eskaerak artxibatuko dira.

10.–Beka ematea.

10.1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen da beka, instrukzio organoaren proposamena ikusita. Puntuaziorik handiena lortzeagatik beka jasoko duen interesdunari jakinaraziko zaio ebazpena; gainera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 22. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ebazpenean, gutxienez, gainditu duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, baita beka nori eman zaion ere, eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik baldin bada.

Ebazpen hori eta izangaien zerrenda, merezimenduen baremazioan lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, Gazteriaren Zuzendariordetzaren iragarki oholean jarriko dira jendaurrean (Yanguas y Miranda kalea, 27, behea, Iruña), informazio gisa.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

10.2. Hautapen prozesua bukatu ondoren, beka jasotzeko hautatzen den pertsonak prestakuntza beka eskatzerakoan alegatu zituen merezimendu guztien jatorrizko egiaztagiriak edo haien kopia konpultsatuak aurkeztu beharko ditu. Konpultsak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren egoitzan egiten ahalko dira, Iruñeko Arrieta kaleko 25ean. Behin betiko dokumentazioa aurkezteko epea 10 egun naturalekoa izanen da, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Aurkeztu ezean, puntu-sailkapenean bigarren denari esleituko zaio beka, eta, horrela, bata bestearen atzetik berdin jokatuko da.

11.–Tutoretzak.

11.1. Plangintzaren eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko buruak zuzendu eta ikuskatuko ditu bekaren onuradunak egin beharreko jarduerak.

11.2. Tutoreak prestakuntza ekintza batzuk egitea aginduko dio bekadunari, gazteei –zentzu zabalenean– zuzendutako komunikazioa garatzen lagundu dezan. Orobat, Nafarroako Gazteentzako Informazio Sarean egiten diren lanetan parte hartzea agintzen ahalko dio, eta, horrez gainera, Institutuaren sare sozialak eguneratu eta garatzeko lanetan, web-orriaren edukiak eguneratzeko lanetan eta gazteentzako ekitaldiak hedatzeko lanetan parte hartzea. Eskatutako titulazioarekin zerikusia duten beste prestakuntza ekintza batzuetan ere laguntzen ahalko du. Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolak (NGJE) prestatzen dituen ikastaroetan parte hartuz osatuko du bere prestakuntza, interesgarriak iritziz gero. Tutoreak ordutegiak zehaztuko ditu (gehienetan 9:00etatik 15:00etara, astelehenetik ostiralera), eta begiratuko du ea bekadunak bere betebehar orokor eta zehatzak betetzen dituen.

12.–Justifikatzeko epea eta modua.

Beka amaitu eta hurrengo hilabeteko epean, egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du onuradunak.

Azken memoria hori prestatzen ez badu, bekadunak jaso duen bekaren azkeneko hilekoa itzultzeko eskatuko zaio.

Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta horrek balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.

13.–Onuradunaren betebeharrak.

Bekaren onuradunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 19. artikuluan adierazitako betebehar orokorrak bete beharko ditu, foru dekretu horretan ezarrita baitago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra. Besteak beste, betebehar hauek izanen ditu:

a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin dituela eta helburuak bete direla.

c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo diru-laguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko betebeharrak egunean dituela egiaztatzea. Dena dela, eskabide-orrian hala adieraziz, baimena ematen ahalko dio Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari jarduerak hasten direnean bere zerga betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko behar diren datuak kontsulta ditzan.

Horrekin batera, zinpeko aitorpen edo hitzemate idazki bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezin.

f) Bere gain hartzea Gizarte Segurantzaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak.

g) Organo eskudunari jakinaraztea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

h) Bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan bekadun gisa aritu dela adieraztea.

i) Prestakuntza jarduera bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.

j) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araubidea betetzea.

14.–Prestakuntza jardueraren hasiera eta ukoak.

Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez badu, bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.

Bekari uko eginez gero, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetzari horren berri eman beharko zaio, hamabost egun natural lehenago gutxienez.

Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengoa denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte zituen betebeharrak.

15.–Prestakuntza jarduera egitea.

Bekaduna Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetzaren instalazioetan ariko da lanean, astean gehienez ere 30 orduz.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaio onuradunari.

16.–Jabetza intelektuala.

Bekadunak jabetza intelektualaren gainean dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen direnak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

17.–Lan edo administrazio harremanik eza.

17.1. Bekak erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berarekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

17.2. Prestakuntzako bekadunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak kasuan kasuko departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

17.3. Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2012 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz.

18.–Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak, prestakuntza egiten ari deneko Administrazio Publikoarekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

19.–Ez-betetzeak.

Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, dagokion administrazio unitateak proposaturik eta interesdunari entzunaldia eman ondoren; horrekin batera zuzkidura ekonomikoaren zati proportzionala ere galduko du, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluaren arabera eska daitezkeen diru-itzulketak, berandutze-interesak eta ezar litezkeen zehapenak galarazi gabe.

20.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Deialdi honen aplikazio egintzen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

21.–Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan ezartzen ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Eskaera-orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1801758