34. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren 24an hartua, zeinaren bidez onesten baita “Plan eoliko estrategikoa” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala. Eólica Navarra SLU da sustatzailea.

I.–Aurrekariak eta xedea

Nafarroako Gobernuak 2015eko maiatzaren 13an hartutako Erabakiaren bidez Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu zen “Plan eoliko estrategikoa” izeneko proiektua, Eólica Navarra SLUk sustatua. Espedientea jendaurrean jarri zen hogeita hamar egunez eta, aldi berean, entzunaldia eman zitzaien proiektuak ukitutako udal-mugarteetako toki entitateei, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen ondorioetarako, baita Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako ere, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat. Aipatutako erabakia 2015eko 100. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 26an.

Gero, sustatzaileak dokumentazio berria aurkeztu du, eta, kontuan izanik aurkeztutako aldaketen irismena, agiriak bi aldiz jarri dira jendaurrean eta, orobat, bi aldiz eman da entzunaldia, 2017ko maiatzean eta uztailean (Erabakia, Nafarroako Gobernuak 2017ko apirilaren 12an hartua –2017ko 91. NAO, maiatzaren 12koa–, eta 2017ko 144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarkia, uztailaren 27koa).

UPSaren xedea da 5 haize-parke ezartzea: Cabanillas II, Ablitas II, Cascante, Fustiñana eta Carcastillo, Cabanillasko, Ablitasko, Cascanteko, Fustiñanako eta Zarrakazteluko udal-mugarteetan.

Horietatik energia ateratzeko linea elektrikoek egungo La Sernako (Tutera) azpiestazioan eginen dute bat garraio sarearekin, eta linea elektriko horiek eta haize-parkeetako sarbideek, orobat, honako uda-mugarte hauek ukituko dituzte: Tutera, Ribaforada, Fontellas, Tulebras, Mélida, Santacara, Murillo el Cuende, Murchante, Caparroso eta Erriberri.

Guztira, 67 haize-sorgailu planteatu dira, 3,465 eta 4,5 MW-ekoak, eta, denera, 206,92 MW-eko potentzia instalatua izanen da. Hona hemen aukeratutako haize-sorgailuen neurriak: 120 metroko altuera duen abatza eta 132 metroko diametroa duen errotorea.

II.–Jendaurrean jartzea

Ondotik, idazki horiek laburbildu eta erantzuna emanen zaie; dena dela, argitu beharra dago ezen ingurumenari buruzko alegazioen erantzunerako azaroaren 22ko 757E/2017 Ebazpenera jo beharra dagoela (haren bidez, proiektuari Ingurumen eraginaren adierazpena egin zitzaion).

II.1.–Reyes Carmona Blascok Tuterako Udala ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia:

Tuterako Udalak, txosten bidez, aditzera eman du ezen, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, Cabezo Moro haize-parkearen kontrako Ingurumen eraginaren adierazpena eman zela eta parke horretatik energia ateratzeko moduak Cabanillas II parkea ukitzen dela. Halaber, txosten bidez adierazi du Ablitas II haize-parkean 2012ko UPS bateko azpiestazio bat eta 66 kV-eko linea elektriko bat erabiltzen direla eta Cascanten etorkizuneko lineak Tuterako udal-mugarteko 5 lurzati ukituko dituela, denak ere jabe partikularrenak. Azkenik, aditzera eman du Tuteran proiektuak uki ditzakeen bi BIL daudela: “Ebro ibaia” BILa, eta “Errege Bardea” BILa.

Erantzuna:

Erantzuna lortzeko, jo bedi Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 22ko 757E/2017 Ebazpenera. Haren bidez eman zen proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena.

II.2.–Antonio Munilla Garcíak Gurelur elkartea ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia:

Elkarte interesdunak uste du proiektu hau aurkeztea erabateko mespretxua dela ingurumenerako, eta proiektuko instalazioetako ukipenek eta haize-parkeetan izaten diren faunaren hilkortasun izugarriak eta ezin eutsizkoak beharrezko egiten dutela inpaktu handiko proiektu hau ez aurkeztea eta/edo ez onartzea.

Alegatu du ezen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabe deklaratu badu ere Haize-parke berriak onestea eten zuen abenduaren 24ko 645/1996 Foru Dekretua, hartan zehaztutako arrazoiak ez direla aldatu, eta, hortaz, ezin dela haize-parke berririk onetsi Nafarroan.

Halaber, alegatu du ezen, lehengo Nafarroako Energia Planak (2005-2010) aipatzen duenez, teknologia eolikoaren garapena mugaturik dagoela kokaleku eoliko berririk ez izateagatik, salbu eta parke esperimentalerako direnak eta ekipo zaharrak berriekin ordeztea. Alegatzailearen ustez, Nafarroako Gobernuak berak abenduaren 24ko 685/645 Foru Dekretua eta Nafarroako 2005-2010erako Energia Plana aurrera eramateko erabili zituen ingurumen arloko arrazoien (denak ere indarrean daude) aurkakoa da proiektua.

Orobat, adierazi duenez, zenbait haize-parkek espezie babestu batzuk hiltzen dituzte, eta Ingurumen Departamentuaren agirietan jasotzen da ez dagoela neurri zuzentzailerik, ez bada haize-sorgailuak kentzea, hegaztiei arriskua murrizteko, eta ezin zaiola aldeko txostenik egin haize-sorgailu berriak paratzeari baldin kasuan kasuko araudiaren arabera mehatxu handiko espezieentzat arrisku handiko eremuetan ezartzekoak badira. Arrazoi horiengatik eta ziur egonen diren ukipenek larriki kontra egiten diotelako Basa Fauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko 2/1993 Foru Legearen 8. artikuluari, uste du proiektu eoliko honi uko egin behar zaiola.

Azkenik, aipatzen du proiektu horiek guztiak Nafarroako Ingurumen Kontseiluan landu behar direla, UPSaren deklarazioa egin baino lehen.

Erantzuna:

Alegazio hauen ingurumen edukia dela eta, erantzuteko, jo bedi Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 22ko 757E/2017 Ebazpenera. Haren bidez eman zen proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena.

II.3.–Cascanteko Udalak aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia:

Entitate honek dio gaur egun oraindik ez dagoela indarrean Cascanteko udal-mugartean energia berriztagarriak garatzeko akordioa, 2008ko ekainaren 9an sinatua Cascanteko Udalaren eta Eólica Navarra SLUren artean, eta udal horrek oraindik ere interesa duela haize-parke hori ezar dadin, udal horretarako interes handikoa baita parkea gauzatzea eta abiaraztea.

Erantzuna:

Adierazi behar da udalez gaindiko ikuspegitik egin dela lurraldearen eta ukipenen azterketa, kontuan hartu gabe udalerrien mugak, ezta horietako bakoitzerako izanen dituen ondorio ekonomikoak ere. Nabarmentzekoa da ezen, espedientearen ebazpenean, autonomia erkidegoko Administrazioak lehenik udalez gaindiko interesari edo interes orokorrari erantzun behar diola, interes partikularraren edo tokiko interesaren aurretik.

II.4.–Zarrakazteluko Udalak aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia:

Entitate honek dio gaur egun oraindik ez dagoela indarrean Zarrakazteluko udal-mugartean energia berriztagarriak garatzeko akordioa, 2008ko maiatzaren 12an sinatua udalaren eta Eólica Navarra SLUren artean, eta udal horrek oraindik ere interesa duela haize-parke hori ezar dadin, udal horretarako interes handikoa baita parkea gauzatzea eta abiaraztea.

Erantzuna:

Ikus aurreko alegazio-idazkiari emandako erantzuna.

II.5.–Erriberriko Udalak aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia:

Erriberriko Udalak uste du bere udal-mugartea linea elektrikoz gainezka dagoela, eta horiek ingurumeneko ukipenak eta paisaiari dagozkion ukipenak dituztela, eta proposatzen du Zarrakazteluko haize-parkeko energia ateratzeko linea elektrikoa desbidera dadila, Erriberriko udal-mugartea ez ukitzeko. Zehazki, proposatzen du Zarrakaztelun ekoitzitako energia Zangozako azpiestaziora eramatea Tafallako azpiestaziora eraman beharrean. Hori ezinezkoa balitz, proposatzen da linea elektrikoa lur azpian sartzea edo orain dauden lineak erabiltzea, haien gaitasuna handituz horretarako. Halaber, konpentsazio ekonomikoa eskatzen du udalarentzat edo energia ateratzeko lineak ukitutako hirugarrenentzat.

Erantzuna:

Alegazio hauen ingurumen edukia dela eta, erantzuteko, jo bedi Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 22ko 757E/2017 Ebazpenera. Haren bidez eman zen proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena. Zarrakazteluko haize-parkeari kontrako txostena eman zion ebazpen horrek, ingurumen ondorioetarako, eta alegazioko linea elektriko hori Zarrakazteluko haize-parkekoa da.

II.6.–Seobirdlife elkarteak aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia:

Espainiako Ornitologia Sozietateak azaltzen du ezen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 3. artikuluak (foru dekretu haren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua) behartzen duela jendaurrean jartzera baimena emateko prozesuen tramitazioan aurkezten diren ingurumen edukiko informazio guztiak. Testuinguru honetan, alegatzen duenez, jendaurreko epe honetan Interneten eskuragarri jarritako dokumentuen artean, ez dira egon haize-parke guztien Ingurumen eraginaren azterketak; agertzen den bakarra da Cabanillas II haize-parkeko energia ateratzeko linea berriaren Ingurumen eraginaren azterketa. Hortaz, herritarrei ez zaie aukerarik eman alegazioen bidez parte hartzeko, gerora proiektua baimentzeko orduan aintzat har daitezen.

Erantzuna:

Alegazio-idazkiari erantzunez, 2017ko 144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratu zen, uztailaren 27an, eta, hala, ordura arte aurkeztutako dokumentazio guztia jendaurrean jarri zen, Ingurumena Babesteko Esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako.

II.7.–María Cristina Elizalde Duquek Tafallako Udala ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia:

Ingurumeneko zaindariak eta Udalaren Zerbitzu Teknikoek egindako txostenak bidaltzen ditu toki entitate horrek. Horietako lehenbizikoak dioenez, “azpimarra liteke eskualdea nola dagoen linea elektrikoz gainezka, eta horrek paisaiaren kutsaduran eragina du”. Bigarren txostenak dioenez, Eólica Navarra SLUk sustatutako “Plan Eoliko Estrategikoa” eta haren Ingurumen eraginaren azterketa bateragarriak dira Tafallako indarreko Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko eta “Erdialdeko Eremuak” izeneko LAP4-ko hirigintzako araudiarekin. Nolanahi ere, aipatu behar da behin betiko agirian jaso behar direla Tafallako udal-mugarteari dagozkion udal- eta lurralde-planeamenduaren aipamenak.

Erantzuna:

Alegazio hauen ingurumen edukia dela eta, erantzuteko, jo bedi Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 22ko 757E/2017 Ebazpenera. Haren bidez eman zen proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena. Zarrakazteluko haize-parkeari kontrako txostena eman zion ebazpen horrek, ingurumen ondorioetarako, eta alegazioko linea elektriko hori Zarrakazteluko haize-parkekoa da.

II.8.–E-cogeneración Cabanillas SLk aurkeztutako idazkia.

Edukia:

Ukipenaren berri jaso dutela diote, proiektuari ez diotela eragozpenik jartzen, eta sarbideak lur partikular batera dakarren ukipena bi alderdietarako ona den moduan ebatzi beharko dela, Udalarekin.

Erantzuna:

Alegazioaren xede den ukipen partikularra ebaztea ez da berez UPS baten xedea, desjabetzeko egin beharreko espedientean heldu beharko zaio, eta/edo ukitutakoek eta sustatzaileak, hala denean, egiten dituzten akordioetan.

III.–Kontuan hartu beharrekoak

Nafarroako Gobernuak 2017ko apirilaren 12an hartutako Erabakiak –UPSaren espedientearen bigarren jendaurreko aldia– kontuan hartzeko zenbait alderdi jaso zituen, eta aurkeztutako dokumentazioan heldu zaie, edo Ingurumen Eraginaren Adierazpen baten xede izan dira.

Bestalde, Ingurumen Eraginaren Adierazpenak honako hau ezartzen du: “Cabanillas II eta Cascanteko haize-parkeen energia ateratzeko linea elektrikoei dagokienez, obrei hasiera eman baino lehen, ondoko baldintza hauek jasoko dituzten proiektu teknikoak aurkeztuko dira”. Halaber, jada adierazi den bezala, ezartzen du ezen, Cabanillas II haize-parketik energia ateratzeko linearen tarterako aireko linea elektriko berri bat egin ordez, aztertu beharko dela Cardeteko urmaeletik hurbil doan tarteko zirkuituetako kokagune bat erabiltzeko aukera edo linea lurperatzearen aukera. Aurrekoa aintzat hartuz, sustatzaileak bi alternatiba aurkeztu ditu trazadura horretarako: 1. alternatiba: linea lurperatzea; eta 2. alternatiba: Cabanillas II haize-parketik energia ateratzeko linea elektrikoak bat egitea Gamesarena den Boyal linea elektrikoarekin, La Serna azpiestazio elektrikoaren 77. euskarritik aurrera. Horri dagokionez, zehaztu behar da ezen behin Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak adierazita proiektuari adostasuna ematen ote dion, gauzatzen ez den alternatibari buruz UPSan jasotako determinazioek beren eraginkortasuna galduko dutela.

Bestalde, UPSak haize-sorgailu modelo zehatz batzuk jaso ditu, baina agertzen du zilegi dela “beste fabrikatzaile baten antzeko modelo bat” ere erabiltzea. Horri dagokionez, adierazi behar da ezen proposatutakoaz bestelako haize-sorgailu modelo bat aukeratzeko, antzekoa izan nahiz bestelakoa, beharrezkoa izanen dela aldez aurretik hori jakinaraztea ingurumenaren eta lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duten organoei. Haiek baloratuko dute, ezaugarriak kontuan harturik (bereziki altuera eta potentzia), ea aldaketa horrek ingurumeneko eta/edo hirigintzako tramite bat behar ote duen.

“Erabilera eta jardueren araudiari” dagokionez (UPSko “B agirian” jasoa), Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren 2017ko abenduaren 11ko txostenean zenbait gogoeta jaso dira. Gogoeta horiek kontuan hartuz, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategineko (LAHFLTB) araudi-testuen errepikapenak kendu behar dira, erabilera onartuak eta baimengarriak LAHFLTBra egokitu behar dira, planoen aipamen okerra zuzendu behar da, aipamenak egin behar zaizkie egindako txosten sektorialei eta nahitaezkoak diren baimenei, eta proiektuak izan ditzakeen aldaketei buruzko artikulu bat erantsi behar da.

LAHFLTBaren 44.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, sustatzaileak espedientea osatu du bankuaren abalaren gordailuaren frogagiri batekin, plana behar bezala exekutatzeko. Proiektuko obra zibilerako kalkulatutako aurrekontuaren %6ko zenbatekoa du.

IV.–Txosten sektorialak

IV.1.–Ondare historikoa.

2012ko abenduaren 12an, Ondare Arkitektonikoaren Atalak txosten batean adierazi zuen ezen, Nafarroako inbentario arkeologikoa berrikusi ondoren, bideragarria izaten ahal dela Cabanillas II, Carcastillo eta Fustiñana haize-parkeen proiektuak abian jartzea ondarearen aldetik. Orobat, eransten du ezen, aurreikusita dauden lanak egitean lehendik ezezaguna den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legezko betebeharra dagoela lanak gelditu eta aurkikuntzaren berri emateko Arkeologia Atalari, ondare historikoaren alorrean indarrean dagoen legeriarekin bat. Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko dira, indarra duen legeriaren arabera.

Ablitas II eta Cascante izeneko haize-parkeei dagokienez, haize-parke horien ezarpenak ukitzen dituen aztarnategi arkeologiko inbentariatuak aipatzen ditu, eta zenbait neurri zuzentzaile zehazten, lur mugimenduak egiten diren eraikuntza faseetako jarraipen arkeologikoari buruz, instalazioak bideragarriak izan daitezen ondarearen aldetik eta kalte edo galerarik izan ez dadin ondare arkeologikoan; bestetik, identifikatuta ez dauden ukitu gabeko egitura edo aztarna arkeologikoak agertuz gero, hartu beharreko neurriak zehazten ditu. Neurri horiek arkeologo batek edo sektoreko enpresa espezializatu batek hartuko ditu, proiektuko sustatzailearen kargura.

IV.2.–Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atala.

2017ko irailaren 29an, Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalak txosten bat egin du, non, behin kalkulatuta parkeetako instalazioek eta energia ateratzeko azpiegiturek okupatzen duten azalera, ondorioztatzen duen ezen Ablitas II eta Cascante haize-parkeek eta Fustiñana eta Cabanillas II parkeetatik energia ateratzeko linea berriak ukipen arina ekartzen dietela egungo ureztaketei eta Nafarroako Foru Komunitateko Ureztalurren Planari. Orobat, ondorioztatzen du Cabanillas II eta Fustiñana haize-parkeek ez dutela ukipenik ez ureztaketetarako ez Nafarroako Foru Komunitateko Ureztalurren Planerako.

Txosten horren aurretik, Nafarroako Ubidearen eta haren Eremu Ureztagarrien Eraldaketarako UPSaren araubidearekin bat, Nafarroako Gobernuaren Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren abuztuaren 25eko 890/2016 Ebazpena jaso da. Hark berariazko baimena ematen du haize-sorgailu batzuk ezartzeko Ablitasko katastroko 10. poligonoko 1.360. eta 1.361. lurzatietan eta 11. poligonoko 791. eta 864. lurzatietan eta Cascanteko katastroko 17. poligonoko 843., 958. eta 1.007. lurzatietan. Nafarroako Ubidearen 2. faseak ukitzen ditu lurzati horiek.

IV.3.–Herri Lan Zuzendaritza Nagusia.

2012ko azaroaren 19an eta 2017ko irailaren 25ean, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak txosten bana egin zuen. Azken txostenean, aipamena egiten zaie aurreko txostenean ezarritako determinazioei. Txosten hartan, Proiektuen Zerbitzuak adierazten zuen aldaketak izan zitezkeela parkeetako sarbideetan, baldin esku hartzen bazen Zarrakazteluko NA-128rako eta Cascanteko NA-6900rako aurreikusitako hobekuntzetan eta zabalguneetan, eta azaldu zituen sarbideek bete beharreko ezaugarriak, distantziei, ikuspenari, maldei eta sestrei buruz.

Bestetik, txosten horretan, Kontserbazio Zerbitzuak zenbait determinazio orokor ezartzen ditu sarbideak egiteko kostuei, haien ezaugarriei, instalazioen kokalekuari, errepide-gurutzeei eta obrak gauzatu aurreko baimen prozedurari buruz.

IV.4.–Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusia.

Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak, zortasun aeronautikoei dagokienez, txostenak egin zituen 2012ko abenduaren 20an, 2015eko maiatzaren 27an, 2017ko apirilaren 24an eta 2017ko irailaren 21ean. Idazki horietako azkenean ondorioztatzen du oraindik baliozkoak direla 2015eko maiatzaren 27ko idazkiko ondorioak, eta UPSaren aldeko txostena egiten du.

IV.5.–Ebroko Ur Konfederazioaren (CHE) txostena.

2014ko martxoaren 12an eta 2017ko maiatzaren 5ean CHEko Ingurumen Kudeaketaren Alorrak txosten bana egin zuen.

Txosten horietako azkenekoan, zenbait gogoeta egin ziren proiektuak ingurune hidrikora ekartzen zituen ukipenez, zehazki Cabanillas II azpiestazio elektrikotik energia La Serna azpiestazio elektrikora eramaten zuen linearekin loturik; Ebro, Queiles eta Tuterako erreka-zuloa gurutzatzen ditu, eta ur-laster txikiagoak ere bai. Txosten horretan jasotzen denez, ingurune hidrikoan izan daitezkeen ingurumeneko ukipenen ikuspegitik, energia ateratzeko linea horren Ingurumen eraginaren azterketa egokia da, baina oroitarazten da ezen, Uren Legearen testu bateginaren arabera, arroko erakundearen administrazio baimena beharko duela linea horrek.

Gero, 2017ko abenduaren 5ean, Konfederazioko ur komisarioak, jabari publiko hidraulikoa babesteari eta ur-korronteen araubideari dagokienez, aldeko txosten bat sinatu zuen, adieraziz horrek ez dakarrela erakunde horren baimenik ibilgu publikoko ukipen eremuko (ur jabari publikoa eta polizia eremua) jarduketetarako. Horri dagokionez, txosten horretan zenbait aurreikuspen jaso ziren, kontuan har zitezen nahitaezko baimenak tramitatzeko unean, kasua izanez gero.

IV.6.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusia.

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak, 2015eko martxoaren 17ko txostenean, honako hau adierazten zuen sustatzaileak aurkeztutako azken dokumentazioari buruz: “proiektua sartuta dago Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zuzendaritza Nagusiak lan egiten duen plangintzan”.

2017ko martxoaren 15ean, txosten berri bat egin zuen, non ondorioztatu baitzuen Eólica Navarra SLU bete-betean dabilela dokumentazioa eguneratzen garraio sarerako lotura egiteko.

Gero, haize-parkeen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, Industria Departamentuari txostena eskatu zitzaion haize-parkeen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoari buruz. Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak 2017ko urriaren 20ko txostenean adierazi zuen bere ustez sustatzailearen gaitasun tekniko eta ekonomikoari buruzko iritzia eman beharko duela horiek aurretiazko baimen administratiboa eskatzen dutenean. Sektore Elektrikoko legeriatik ondorioztatzen denez, bi egoera mota gerta daitezke:

–Sustatzaileak aurretik ere ekoizpenean aritzea; akreditazioak aurkeztetik salbuetsi daitezke orduan.

–Aurretik ekoizpenean aritu ez diren sustatzaileak; horiei, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak akreditazioak eskatuko dizkie.

Gai horren gainean, Zuzendaritza Nagusiak, 2017ko azaroaren 6an, txosten bidez hau esan zuen: “Nabarmentzekoa da ezen kasu honetan sustatzailea jada energia elektrikoa ekoizten aritu dela lehendik ere. Horrenbestez, aurretiazko baimen administratiboa eskatu denean, Zerbitzu honek salbuetsi dezake akreditazioak aurkeztetik, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 121.3 artikuluari jarraikiz”.

Aipatutako 125/1996 Foru Dekretuak ezartzen du, besteak bete, honako agiri hauek aurkeztu behar direla haize-parkeak ezartzeko lurralde- eta hirigintza-tramitazioan (5. artikulua): “Ekoizpen teknikoaren justifikazio teknikoa, tokian bertan egindako neurketak gehituta eta korrelazio metodoak erantsita”, “Sustatzaileak proiektuari heltzeko duen gaitasun ekonomikoaren frogagiriak” eta “Parkea ezartzeko aurreikuspen ekonomikoa, zehaztuta zenbat gastu diren ekipoetarako, instalazio elektrikoetarako, obra zibilerako eta ingurumeneko ukipenak zuzentzeko neurrietarako”. Halaber, lehen esan bezala, jaso du tramite horretan txostena eska dakiokeela Industria Departamentuari, proiektu eolikoen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa ebaluatzearekin loturik. Aurrekoa kontuan harturik, gerta daiteke haize-parkeak ezartzeko lurralde- eta hirigintza-tramitazioan horien bideragarritasun tekniko eta ekonomikoaren ebaluazioari buruz iritzia eman behar izatea.

Aurreko guztia esanik eta ikusirik Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren 2017ko azaroaren 6ko txostena, iritzi da proiektu eoliko honen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoaren alde egin daitekeela.

Bestalde, Zuzendaritza Nagusiari txostena eskatu zaio honi buruz: “proiektuaren xede diren parkeek garraio sarearekin lotura egitearen bideragarritasun teknikoa, hain zuzen ere egungo La Serna (REE) azpiestazioarekin lotura egitearena”. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak, abenduaren 7an, eskatutako txostena egin zuen, eta honela bukatzen da: “Zerbitzu honen ustez, Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren tramitazioaren ondorioetarako, bermaturik dago Eólica Navarra SLUk sustatutako haize-parkeetatik energia ateratzeko modua.

Nabarmentzekoa da ezen Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen bidez araututako baimen administratiboa lortu aurretik eskatuko zaizkiola sustatzaileari garraio sarerako sarbidea eta lotura egiteko baimenak.

VI.–Ingurumen eraginaren adierazpena

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 22ko 757E/2017 Ebazpenaren bidez, honako hau ezarri zen: “Ingurumen eraginaren adierazpena egiten da “Nafarroako Proiektu Eolikoa” Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialari buruz, eta aldeko txostena ematen da Cabanillas ll, Cascante eta Ablitas II haize-parkeei buruz, 2017ko uztailaren 12an aurkeztutako haize-sorgailu kopuru eta horien kokapen berarekin; kontrako txostena ematen da Zarrakazteluko eta Fustiñanako haize-parkeei buruz, ebazpen honen azalpen zatian sartutako ingurumen arrazoiak direla eta”.

Ebazpen horrek hainbat baldintza ezarri zituen honako hauei buruz: hegaztien jarraipena, energia ateratzeko sistema, paisaia-integrazioa eta landaretzan egiten diren ukipenak, abelbideetan egiten diren ukipenak eta ingurumeneko jarraipena. Horiek denak hartu beharko dira kontuan UPS hau garatzeko egiten diren obra edo eraikuntza proiektuetan, salbu txosten honetan aurretik aipatutakoa, zeinak ekarri baitu Cabanillas II eta Cascanteko haize-parkeetatik energia ateratzeko linea elektrikoaren zatia aldatzea Cardete urmaeleren inguruan, eta zeinetarako proposatzen baitira bi trazadura alternatiba.

Bestalde, aipatutako ebazpenak oroitarazten du ezen, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren otsailaren 25eko 46/2014 Foru Aginduarekin bat, haize-sorgailuetatik 1.000 metrora baino gutxiagora dauden eremuak aurrerantzean ez direla hartuko animalien gorpuak uzteko eremu egokitzat.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2017ko abenduaren 19ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honetan eta Ingurumen eraginaren adierazpenean azaldutako moduan ebaztea.

2. “Plan eoliko estrategikoa” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onestea (Eólica Navarra, SLUk sustatu du), honako determinazio hauekin:

a) Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 22ko 757E/2017 Ebazpenaren bidez eman zen proiektuaren Ingurumen eraginaren adierazpena, eta ebazpen horretan ezarritako baldintzak eta espedientera ekarritako dokumentazio teknikoan ezarritako baldintzak betez garatuko dira Cabanillas II, Cascante eta Ablitas II haize-parkeak, baita horiei lotutako instalazioak ere.

b) Carcastillo eta Fustiñana izeneko haize-parkeei uko egitea, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 22ko 757E/2017 Ebazpenean azaldutako ingurumeneko arrazoiengatik. Ebazpen haren bidez eman zen proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena.

c) Behin Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak erabakitzen duenean adostasunik ematen ote dion Cabanillas II eta Cascante izeneko haize-parkeetatik energia ateratzeko linea elektrikoa jasotzen duen proiektuari, zehazki Cardeteko urmaeletik hurbil dagoen tartearen konponbideari, gauzatzen ez den alternatibari buruz UPSan jasotako determinazioek beren eraginkortasuna galduko dute.

d) Proposatutakoaz bestelako haize-sorgailu modelo bat aukeratzeko, antzekoa izan nahiz bestelakoa, beharrezkoa izanen da aldez aurretik hori jakinaraztea ingurumenaren eta lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duten organoei. Haiek baloratuko dute ea aldaketa horrek ingurumeneko eta/edo hirigintzako tramite bat behar ote duen.

3. Sustatzaileari oroitaraztea ezen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 46. artikuluarekin bat, Nafarroako Gobernuak, ofizioz edo alderdi batek hala eskatuta, erabaki dezakeela proiektu hau iraungitzea, baldin bi urte igaro badira behin betiko onetsi zenetik exekuzioari ekin gabe edo, horiek hasita ere, bi urtetik gora eteten direnean ezinbesteko arrazoi justifikaturik izan gabe.

4. Orobat, sustatzaileari oroitaraztea ezen, haize-parkeen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren 2.2.c) artikuluak ezarritakoaren arabera, ezarpen eremuarekin bat ez datozen eta azterlanaren xede diren lurrak ez direla egokiak izanen haize-parkeak ezartzeko.

5. Sustatzaileak Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eman beharko dizkio haize-sorgailuen UTM koordenatuak, baita 8. planoan (“Ukipenak”) eta 7d planoan (“Energia ateratzeko linea, shape formatuan”) jasotako informazio guztia ere. Hori dena, ETRS89 erreferentzia sisteman.

6. Baimendutako haize-parkeetako obrek beste azpiegitura eta elementu batzuetan (errepideak, ureztaketa, ur ibilgu publikoen ukipen eremuak edo beste batzuk) sortzen dituzten edo sor ditzaketen ukipenei dagokienez, sustatzaileak kasuan kasuko arloan eskudun diren organoen baimen guztiak eskuratu beharko ditu. Gogoratu behar da ezen parkeen baimen administratiboa emateko aurretik beharrezkoa dela garraio sarerako sarbidea eta lotura egiteko baimenak lortzea.

7. Eraikuntza proiektua egin eta horri dagozkion obrak gauzatzeko orduan, espedientearen tramitazioan emandako txosten sektorialetan eta Ingurumen ondorioen adierazpenean xedatutakoa bete beharko da.

8. Proiektu sektorial honen araudia argitaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 29.2 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako. Eranskinean ageri da.

9. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

10. Erabaki hau igortzea Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzura, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Babes Zibilerako Zerbitzura eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusira.

11. Erabaki hau jakinaraztea Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, Ebroko Ur Konfederazioari, Cabanillasko, Tuterako, Ablitasko, Ribaforadako, Fontellasko, Cascanteko, Tulebrasko, Fustiñanako, Zarrakazteluko, Melidako, Santacarako, Murillo el Cuendeko, Murchanteko, Caparrosoko eta Erriberriko udalei, sustatzaileari eta alegatzaileei, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabaki honek administrazio bidea amaitu duela eta beraren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 24an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

ERANSKINA

Araudia

1. artikulua. Erabileren arauketa:

Onartuak

Abeltzaintza estentsiboa eta erdiestentsiboa

Lehorreko laboreak

Legez dauden bazkalekuei eta abereen bordei eustea

Bideak irekitzea eta aldatzea, baldin eta ez badaude lotuta eraikuntzako jarduerak edo erabilerak ezartzearekin, erauzketa-lanekin edo hondakindegiak ezartzearekin.

Zuhaitz eta zuhaixken landaketak

Bideak: zabalera, bide-zorua, trazadura

Oinezkoen eta ziklisten ibilbideak eta ibilbide turistikoak seinaleztatzea

Parkearen mantentze-lanak

Baimengarriak

Bazkaleku eta/edo borda berriak eta zaharrak ordeztea

Antenak, meteorologiako instalazioak

Erlezaintzakoak

Nekazaritzako biltegiak

Debekatuak

Gainerako guztiak, eta, bereziki, delta hegala, parapentea eta horrelako aireko nabigazioa debekatzeari buruz bidezkoak direnak.

2. artikulua. Erabiltzeko mugak eta zortasunak.

Haize-parkearen instalazioak zortasun zerrenda batzuk sortzen ditu, 8. planoan adierazten direnak. Haietan, erabilerak arautu egiten dira, haize-parkearen ezarpenarekin bateragarriak izan daitezen.

2.1.–Haize-parkeko bideak.

Bide zortasuna: 5 m (2,5 m ardatzaren alde banatan).

Erabileren mugak:

–Debekaturik daude era guztietako goldatze-lanak eta zuhaitz eta zuhaixka landaketak.

–Debekaturik daude era guztietako eraikinak, itxiturak barne.

2.2.–Parkearen barneko sare elektrikoa.

Bide zortasuna: 5 m (2,5 m ardatzaren alde banatan).

Erabileren mugak:

–Goldatze-lanak edo antzekoak egiteko debekua, 100 zentimetro baino sakonago, baita hodiaren ardatzetik hasita 2,5 metroko tartean zuhaitzak edo zuhaixkak landatzekoa ere.

–Debekaturik egonen da edozein eraikuntza mota altxatzea –baita behin-behinekoak edo aldi baterakoak izanik ere–, obrak egitea eta beste edozein jarduketa baldin eta kaltetzen edo galarazten ahal badu kanalizazioaren eta haren instalazio lagungarrien funtzionamendua, zainketa, mantentzea, konponketa eta ordezkapena, behar izanez gero, hodiaren ardatzetik hasita 2,5 metrora baino gutxiagora.

–Langileak eta behar diren elementuak sartzeko aukera izan behar da, instalazioak mantentzeko, konpontzeko edo berritzeko; baina kalterik eginez gero, ordaindu egin beharko da.

2.3.–Haize-sorgailuak.

Bide zortasuna: 130 m (haize-sorgailuen dorreak lotzen dituen ardatzetik 65 m alde banatan).

Erabileren mugak:

–Goldatze-lanak edo antzekoak egiteko debekua, 100 zentimetro baino sakonago, baita haize-sorgailuaren inguruan 65 metro baino gutxiagoko tartean zuhaitzak edo zuhaixkak landatzekoa ere.

–Debekaturik egonen da edozein eraikuntza mota altxatzea –baita behin-behinekoak edo aldi baterakoak izanik ere–, obrak egitea eta edozein jarduketa, baldin eta kaltetzen edo galarazten ahal badu kanalizazioaren eta haren instalazio lagungarrien funtzionamendua, zainketa, mantentzea, konponketa eta ordezkapena, behar izanez gero, haize-sorgailuaren ardatzetik hasita 65 metro baino gutxiagoko distantzian.

–Langileak eta behar diren elementuak sartzeko aukera izan behar da, instalazioak mantentzeko, konpontzeko edo berritzeko; baina kalterik eginez gero, ordaindu egin beharko da.

3. artikulua. Ukipen sektorialak.

Proiektu sektorial bat (barnean direla kontserbazioa, mantentze-lanak eta zerbitzuak) garatzeko egiten den edozein eraikuntza-proiektutan, baita haize-parkearen edozein osagairi dagozkion obren exekuzioan ere, Ingurumen ondorioen adierazpenean eta UPSarekin lotutako txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta kontuan hartuko dira lehendik dauden eta egitekoak diren azpiegitura guztiak, azpiegitura horiekin burutu beharreko jarduketak koordinatzeko, baita balizko beste zortasun batzuk ere; adibidez, ondare historiko eta arkeologikoari dagozkionak, aeronautikoak, halakorik balitz, eta bestelakoak. Horretarako, obrak hasi baino lehen, arloaren arabera eskumena duten organoei behar diren baimen guztiak eskatu beharko zaizkie.

4. artikulua. Zortasun aeronautikoak

2011-2016rako Plan Eolikoari buruzko txostenaren (2012ko abenduaren 20koa) arabera, Cabanillasko, Ablitasko, Cascanteko, Fustiñanako eta Zarrakazteluko udal-mugarteak (esp.: 120248) ez daude sarturik legezko zortasun aeronautikoen eremuetan, interes orokorreko aireportuei dagozkienetan, eta Sustapen Ministerioaren eskumeneko aireko nabigaziorako instalazio erradioelektriko aeronautiko bakar batek ere ez ditu ukitzen.

584/72 Dekretuaren 8. artikuluaren gaur egungo testuaren arabera, edozein eraikuntza edo egitura (zutabeak, antenak, haize-sorgailuak –palak barne– eta abar) jartzeko eta haiek eraikitzeko beharrezko baliabideak (eraikuntzako garabiak eta antzekoak barne) instalatzeko, baldin lurretik gora (edo itsas mailatik gora, ur jurisdikzionalen barrenean) 100 metro baino gehiago altxatzen bada, Aire Segurtasunerako Estatuko Agentziak (AESA) aldez aurretik hartu beharko du erabakia aireko eragiketetako segurtasunean duten eraginari buruz.

Bost haize-parkeak ezartzeko, eskuratu dira Aire Segurtasunerako Estatuko Agentziaren baimenak, arlo honetarako: objektuak > 100 m:

–Fustiñana HP: AESAren baimena. P14-0057 2014/10/14.

–Cabanillas HP: AESAren baimena. P14-0056 2014/09/09.

–Cascante HP: AESAren baimena. P14-0058 2015/03/02.

–Carcastillo HP: AESAren baimena. P14-0059 2015/10/16.

–Ablitas HP: AESAren baimena. P12-0108 2012/09/24.

5. artikulua. Aldaketak.

UPSa aldatzeko espedientea tramitatu beharko da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean ezarritako prozedurari jarraituz, kasuan kasuko parkerako, baldin eta aldaketak egin nahi badira haize-sorgailuen kokapenean eta/edo haize-sorgailuen kopuruan, proposatutako sarbide eta argindar lineen trazaduran edo proiekturako ezarritako araudian.

Iragarkiaren kodea: F1801249