34. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren 24an hartua, hasiera ematen diona “Cordovillako suhiltzaile parkearen eta heliportuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala (Galar)” aldatzeko espedienteari. Aldaketa heliportuaren kokapenari eta diseinuari buruzkoa da, eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak sustatu du.

I.–Proposamenaren xedea eta azalpena

Aldaketaren xedea da, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, heliportuaren funtzionaltasuna hobetzea, haren kokapena eta diseinua aldatuz, jarduteko denborak hobetzea lortuko baita horrela.

Arrazoi hauek ematen dira Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren aldaketa justifikatzeko:

–Egungo harri-lubetak ez du bermatzen heliportuaren zelaigunea segurua denik egitura aldetik.

–Nafarroako Gobernuak heliportuaren instalazioen antolaketa aldatu nahi du.

–Garitongo ordokiaren antolamendu aurreikuspena.

Premia horien ondorioz, akordio bat sinatu zuten departamentu sustatzaileak (Barne Zuzendaritzak) eta Nasuvinsak, Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko, zenbait helbururekin, baina betiere suhiltzaileen parkearekin fisikoki lotuta jarraituz, horrek ezinbestean hala izan behar baitu. Hona hemen helburu horiek:

–Esparrua berregokitzea, helikopteroentzako plataformaren oinarria gune egonkorrago batera mugitu ahal izateko, ezpondatik urrunago.

–Barne antolaketa aldatzea espazioak hobeki probesteko eta heliportuak behar dituen eraikuntzak handitu ahal izateko.

–Berrantolatzea, koherentzia izan dezan ordokiaren inguruari dagokionez egin nahi den hirigintza berrantolamenduarekin.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, nahi da bermatu, gainera, heliportua modu independentean egin ahal izanen dela ordokiaren gainerako zatia antolatzen duen Udalez gaindiko Proiektuarekiko.

Testuinguru horretan, 3 kokapen posible aztertzen dira Garitongo ordokiaren barnean:

–Gaur egungo heliportuaren gainean.

–Suhiltzaileen parkeko instalazioen atzean.

–Ezpondatik urrun, egungo heliportutik kanpo.

Analisian honako hau baloratzen da: kokapena ordokiaren barnean, heliportua egiteko urgentzia, lotura fisikoa suhiltzaileen parkearekin, lotura B-5 bidearekin, baldintza funtzionalak eta indarreko araudiko baldintzak, gaur egun dauden garapen urbanistikoak errespetatzea, beste eraikuntza osagarri batzuk egiteko aukera, eta heliportuaren plataforma lurzoru egonkorrean kokatzea.

Kontuan izanda kokapen guztietan erantzuten zaiela baloratutako alderdi guztiei, aipatu txostenaren arabera exekuzio “azkarrena, errazena eta merkeena” egiteko aukera ematen duena aukeratu da, lurzorua jabetza publikokoa izanik.

Aukeratutako esparruak 31.706 m² ditu guztira, eta Garitongo ordokiaren parte bat hartzen du, Zaragozako etorbidearekiko 23 bat metrotik gora dagoen zelaigune batean, zeinetan suhiltzaileen parkea kokatzen baita. Esparru hori bi udal-mugarteri dagokie: Galar Zendeari (30.012 m²), zehazki Cordovillako Kontzejuari, eta Iruñeari (1.694 m²).

Esparruko lurzoruek sailkapen urbanistiko ezberdina dute gaur egun (hiri-lurzoru finkatua, lurzoru urbanizaezina eta lurzoru urbanizagarria), eta ez da proposatzen sailkapen horiek aldatzea.

Deskribatutako esparruan “heliportua kokatzeko balizko eremu bat” zehazten da, eta eremu horren barruan, heliportuaren plataformaren kokapena finkatzen (lur hartzeko eta aireratzeko gunea). 3 helikoptero aparkatzeko tokia aurreikusten da, 25 bat ibilgailurentzako aparkalekuak, hangarrak, garajea, biltokiak, langileentzako instalazioak, eta beharrezko beste gune eta eraikuntza batzuk. Heliportuari lotutako eraikuntzak modu orientagarrian adierazi dira.

Heliportua kokatzeko proposatutako esparrua, Garitongo ordokiaren kotarik altuenean, guztiz baldintzatzen du Zaragozako etorbidea eta B-5 bidea lotzen dituen zeharkako bideak, zeina UPS honetan proposatzen baita: “NUPeko Parke Teknologikoa, Administrazio Zerbitzuen Arloa eta Superser-en instalazio izandakoak berreskuratzea”. UPSA hori aurkeztuta dago tramitatu dadin, eta, gaur egun, sustatzaileak osatzeko zain dago, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak egindako errekerimenduei erantzun behar baitie besteak beste, bide-soluzioa zalantzan jartzen baitu.

Heliportuaren kokapen berriarekin, zortasun aeronautikoko eremu bat ezartzen da, eta, heliportuaren plataforma non kokatzen den “heliportua kokatzeko balizko eremuaren” barruan, zortasun eremua aldatu eginen da.

Aldatu eginen da, baita ere, inguruko finken sarbidearen egungo egoera, nekazaritza bide baten tarte bat gehitzen baita UPSaren esparruan. Bide hori lehengoratzea proposatzen da, gaur egungo jarraitutasunari eusteko.

Zaratari dagokionez, UPS honi zarata azterlan bat gehitzen zaio, “NUPeko Parke Teknologikoa, Administrazio Zerbitzuen Arloa eta Superser-en instalazio izandakoak berreskuratzea” UPSaren esparruarekin batera egina, zaratak eragindako ukipenak deskribatzen dituena. Dokumentu horren arabera, ez da nabarmentzen heliportuaren zarata inguruko ibilgailuek egiten dutenaren aldean, eta ez da neurri zuzentzailerik ezartzen.

II.–Lurraldeari eta hirigintzari buruz kontuan hartu beharrekoak

II.1.–Alternatiben azterlana.

Aurkeztu den “Cordovilla-Iruñeko heliportuaren bideragarritasunaren eta alternatiben azterlanak” helburu du heliportuaren kokapenaren alternatibak aztertzea, ikusteko ea bateragarriak diren, batetik, helikopteroek modu seguru eta eraginkorrean jarduteko beharrezko diren baldintzak eta, bestetik, inguru horren balizko garapen urbanistiko bat; zehazki, bideen balizko antolamendu bat (gaur egun proposatutakoarekin bat ez datorrena) eta ukipenik gabeko eremu bat.

Azterlan horretan, 3 alternatiba aztertu ondoren, lehentasuna eman zaio, kokapena aukeratzeko orduan, denbora aldetik dagoen urgentziari eta lurzatia eskuratzeko hasierako kostuari. Hala ere, ez da objektiboki azaldu aukeraketaren balorazioa: ez da baloratu exekuzio kostua eta gerora izanen duen mantentze kostua, eta ez dira aztertu, orobat, beste alternatiben guztizko epeak. Beste zenbait gai, hala nola ezpondarekiko gertutasuna edo suhiltzaile parkearekin duen funtzionaltasuna, alternatiba guztietan konpondu daitezkeela jotzen da. Beraz, aukeratutako kokapena aukeratzeko orduan hartutako irizpideak ez dira ez teknikoak ez urbanistikoak.

Aipatu behar da ezen, alternatiben azterlanarekin batera igorritako 2014ko txosten teknikoan, ikuspegi aeronautikotik aztertzen direla heliportuaren kokapenaren alternatibak, eta honako hau ondorioztatzen dela: 1. alternatiba (aukeratutakoari dagokio) ordokiko bideen bukaerako trazadurak baldintzatzen du; 2. alternatiba (suhiltzaile parkearen atzean geratzen den espazioari dagokio) aurrekoa baino komenigarriagoa da ikuspegi aeronautikotik; eta 3. alternatiba ez da aztertzen, hasieratik baztertzen delako (txostenean ez da arrazoia esaten).

Beraz, 2014ko txosten teknikoan, alternatiben aukeraketa egiteko hartutako premisak ez zetozen bat gaur egungoekin edo alternatiben azterlaneko premisekin, ondorioztatzen zen 2. alternatiba zela onena ikuspegi aeronautikotik begiratuz gero, eta ez zen ezpondatik urruntzen zen alternatibarik aztertu. Horrenbestez, ez da zuzena alternatiben azterlanaren ondorioa, hau dioena: “2014an kontratatutako kanpo txosten teknikoan azaldutako 3 alternatibetatik abiatuta, 1. alternatibak besterik ez die erantzuten eragileek ezarritako errekerimenduei.”

Aukeraketan, halaber, alde batera utzi dira txostenean adierazitako hasierako helburuak; honako hauek dira:

–Esparrua berregokitzea, helikopteroentzako plataformaren oinarria gune egonkorrago batera mugitu ahal izateko, ezpondatik urrunago.

–Barne antolaketa aldatzea espazioak hobeki probesteko eta heliportuak behar dituen eraikuntzak handitu ahal izateko.

–Berrantolatzea, koherentea izan dadin Cordovillako ordokiaren inguruari dagokionez egin nahi den hirigintza berrantolamenduarekin (UPS gisa tramitatuko litzatekeena).

Aukeratutako kokapenak ezpondan euskarritzen jarraitzen du, eta ez dira konpontzen edo saihesten mendi-mazelaren egonkortasun arazoak eta horrek dakartzan exekuzio eta mantentze kostuak. Heliportuaren kokapena aztertzean ez da kontuan hartu, orobat, ordokiaren azken antolamendu hobea, ez eta tramitatzen ari den eta mugakide den UPSaren antolamenduak edo Superser-enak izandako instalazioak dauden lurzatiaren beste balizko antolamendu batek izanen lituzkeen ondorioak ezpondaren eta harri-lubetaren egonkortasunean, gerta bailiteke ezpondak egin edo berregin behar izatea, eta horrek kostu ekonomikoak izanen lituzke eta heliportuaren jarduerari eraginen lioke.

Alternatiba onenaren aukeraketak ezin ditu alde batera utzi hasierako helburuak. Horiei erantzunez, beste kokapen bat aztertu behar da, heliportuaren plataforma ordokiaren ertzetik urrunduko duena gune egonkorrago batera (gaur egungo harri-lubetetatik eta ezpondetatik urrun, zeinek heliportuaren plataforma erabiltzea eragotzi baitute), eta bermatuko duena jarraitutasuna eta funtzionaltasuna izatea suhiltzaile parkearekin (esparrukoak ez diren tarteko espazioak utzi behar izan gabe, 3. alternatiban bezala), eta ordokiaren azken antolamendua kontuan hartuko duena eta paisaia-inpaktua minimizatuko duena.

Edonola ere, alternatibak baloratu ahal izateko, ezinbestekoa da, ahal den neurrian, baloratutako alderdiak objektibizatzea (kuantifikatzea).

Hori dela eta, heliportua ezartzeko azkartasuna baloratzeko orduan, ez da soilik lurzatia lortzeari dagokiona aztertu behar, baizik eta heliportua prest egoteko behar den epea. Horretarako, aztertzen den alternatiba bakoitzaren guztizko epeak kuantifikatu behar dira: desjabetzeko epeak (kontuan hartuta, hala balegokio, presazko okupazioa, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legean jasoa), eraikitze epeak (kokapenaren araberakoak izanen direnak eta kontuan hartuz harri-lubeta beharko den edo ez)... Guztizko kostuak baloratzeko, desjabetze kostua, eraikitze kostua eta ondorengo mantentze kostua kuantifikatu beharko dira.

Ez da alde batera utzi behar “Cordovillako suhiltzaile parkearen eta heliportuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala (Galar)” UPSaren aldaketak koherentea izan behar duela bere baitan. Hau da, zehaztutako esparruak eta antolamenduak heliportuaren premia guztiei erantzun behar diete, halako moldez non modu independentean exekutatu ahal izanen baita “NUPeko Parke Teknologikoa, Administrazio Zerbitzuen Arloa eta Superser-en instalazio izandakoak berreskuratzea” UPSarekiko, eta bere helburuak bete behar baititu. Ez balitz hala, egokiena biak batera tramitatzea izanen litzateke.

Edonola ere, kontuan hartu behar dira “NUPeko Parke Teknologikoa, Administrazio Zerbitzuen Arloa eta Superser-en instalazio izandakoak berreskuratzea” UPSa onetsiz gero aukeratutako kokapenean sortuko liratekeen ukipenak ere, zehazki Zaragozako etorbidea eta B-5 bidea lotzeko proposatutako bideko ezpondek sortuko lituzketenak. Ez zen horrelako ukipenik sortuko, ordea, heliportua ordokiko beste kokapen batzuetan eginez gero.

II.2.–Esparrua.

Aldaketaren esparruaren definizio grafiko argia aurkeztu behar da.

Indarreko UPSaren esparruan, zeina jatorrizko UPSaren esparrutik kanpo geratzen baita, Galarko Udal Planeko determinazioak aplikatuko dira aurrerantzean; alderdi hori argitu beharra dago aldaketan.

II.3.–Lurralde antolamenduko tresnei egokitzea.

Nafarroako Lurralde Estrategikoko (NLE) determinazioak Lurralde Antolamenduko Planek (LAP) garatu dituzte. LAP esparru bakoitzaren lurralde garapeneko eredua, hain zuzen, NLEko garapen ereduaren garapen bat baino ez da, eta, beraz, LAPak aplikatuz zehazten da lurraldean NLEa. Horregatik, ulertu behar da UPSaren LAP3arekiko koherentzia justifikatzearekin batera justifikatuta geratzen dela NLEarekiko koherentzia ere. Batez ere kontuan hartzen badugu NLEko jarraibideek ez dituztela barne hartzen Iruñeko Metropoli Eremuaren antolamendua bezalako gai zehatzak.

Eremu Zentraleko Lurralde Antolamenduko Planean (LAP3), aurreikusten da, Iruñeko Metropoli Eremuaren Ereduan, Garitongo ordokiak “ekipamendua” izan beharko duela, begiratoki edo parke izaera duen aldetik, haren altitudea eta kokapena direla eta. Proposamenak kontuan hartzen ditu, beraz, LAP3an aurreikusitako erabilerak.

Aldaketa honen esparruaren zati txiki bat, bestalde, Nafarroako Unibertsitate Publikoa ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren parte da. Hartan, lurzoru urbanizagarri gisa dago sailkatuta, eta aurreikusten da haren antolamendua aurrerago egitea, dagokion garapen tresnaren bidez.

Zehaztu beharra dago aldaketa honek zer aldaketa dakarren NUPeko UPSaren esparruan eta, kasua bada, haren determinazioetan.

Esparruari eragiten dio, baita ere, Iruñeko Aireportuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialak, zeina Nafarroako Gobernuaren 2012ko ekainaren 13ko Erabakiaren bidez onetsi baitzen eta 2012ko ekainaren 28az geroztik indarrean baitago (2012ko 125. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 28koa). Horren gainean, beharrezko txostena eskatu da, eta erabaki honen “Txosten sektorialak” izeneko atalean aztertzen da.

II.4.–Hirigintzako udal planeamenduari buruzko aipamenak.

Galar Zendearen esparruan, 2000. urteko maiatzean onetsitako Udal Plana da aplikatzekoa. Ordokiaren eta Zaragozako etorbideko jarduera ekonomikoa kokatzen den zelaigunearen arteko mendi-mazelako lurzatiak, aipatu udal planeko sailkapenaren arabera, lurzoru urbanizaezina dira, nekazaritza edo abeltzaintza produktibitate ertainekoak. Horrela, lurzoru urbanizaezin gisa sailkatutako esparru bat geratzen zen hiri ingurune baten barruan. Aldaketak proposatzen du heliportua esparru horretan kokatzea, lurzoruaren sailkapena aldatu behar izan gabe.

Bestalde, Iruñeko udal-mugartekoa den esparruari dagokionez, esan behar da esparru osoari eragiten diola Nafarroako Unibertsitate Publikoa ezartzeko UPSak, zeina aurreko puntuan aztertu baita.

II.5.–Kanpo ukipenak.

Aurkeztutako dokumentazioan aipatzen da kanpo azpiegiturak desjabetze bidez exekutatuko direla. Kanpo azpiegitura horiek zein diren argitu beharra dago.

Inguruko finken sarbideetan izanen duen eraginari dagokionez, finka horien sarbideen egungo egoera aldatzen da, nekazaritza bide baten tarte bat gehitzen baita UPSaren esparruan. Bide hori lehengoratzeko, zortasuneko hiru metro gehitzen dira UPSaren esparruarekin mugakide den aldean. UPSaren determinazio gisa gehitu behar da heliportuaren plataformaren sustatzaileari dagokiola bidea lehengoratzea, eta kontuan hartu beharko da, kasua bada, “NUPeko Parke Teknologikoa, Administrazio Zerbitzuen Arloa eta Superser-en instalazio izandakoak berreskuratzea” UPSean.

II.6.–Proposatutako araudia.

Aurkeztutako dokumentazioan ezartzen den determinazio egituratzaile bakarra heliportuaren kokapena da (heliportuaren plataformarena eta lotutako eraikuntzena), esparruaren parte garaian, eta gainerakoak determinazio xehatu gisa jasotzen dira.

Kontuan hartuta lurraldearen okupazio ereduan duten eragina, determinazio egituratzaile gisa ezarri beharko lirateke, baita ere, esparrua, ezponden gehieneko maldak eta euspen-lanei dagokienez dauden mugapenak.

Araudian zehaztu beharko lirateke, horrez gain, lurzatiaren antolamendurako beste determinazio urbanistiko batzuk ere, hala nola lerrokadurak eta gehieneko altuerak.

Heliportuaren zortasunak modu orientagarrian ezartzen dira; esaten da, hala ere, “inongo kasutan ezin izanen diotela eragin Superser-en orubeari”, eta hori dispentsa bat da gainerako lurzatiekiko. Beraz, edo justifikatzen da dispentsa bat izan ez dadin, edo aipu hori kendu beharko da. Justifikatuta egon liteke etorkizuneko zortasunek ez eragitea Zaragozako etorbideko lurzati eraikigarriei, edo behintzat haien eragina minimizatzea. Hori kontuan hartu beharra dago kokapena aztertzeko orduan, seguru aski ezpondatik urruntzearekin batera aipatu eraginak ere minimizatu eginen baitira.

II.7.–Programazioa.

Proposatutako programazioa, orientagarria bada ere, eguneratu egin behar da, gainditua baitago.

II.8.–Beste gai batzuk.

Aldaketaren dokumentazioan argi jaso behar da indarreko UPSaren zer determinazio aldatzen, kentzen edo ordezten diren. Unibertsitate Publikoa ezartzeko UPSari ere eragiten dionez, horren kasuan ere beste hainbeste egin beharko da.

III.–Txosten sektorialak

Jarraian, espedientean jasotako txostenen eduki nagusiak laburbiltzen dira, zeinetako batzuk Garitongo ordokiaren antolamenduari buruzkoak baitira; hots, aldaketa honi buruzkoak eta “NUPeko Parke Teknologikoa, Administrazio Zerbitzuen Arloa eta Superser-en instalazio izandakoak berreskuratzea” UPSari buruzkoak:

–Suhiltzaileen Zerbitzua (2017ko maiatzaren 15a). Aipatzen du proposatutako kokapenak eta antolamenduak beren beharrei erantzuten dietela eta areagotu egiten duela suhiltzaile parkearen eta heliportuaren arteko lotura funtzionala.

–Nafarroako Unibertsitate Publikoa (2017ko apirilaren 10a). Txostenak (ordokiaren antolamenduari buruzkoak) aipatzen du, heliportuaren esparruari eragiten dionaz bezainbatean, bide berriaren trazadura, zeina heliportuaren esparruaren muga baita, etorkizuneko bidearekin modu bateratuan egin behar dela, B-5 bidetik Mutiloaraino, ez daitezen erditik banatu NUPen Praktiketako Finkaren lurrak.

–Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia. Garraioetako Estatu Idazkaritza (2017ko otsailaren 17a). Beharrezkoa eta loteslea den txostena igorri zuen aplikatzekoa den legedi sektorialaren arabera; han, honako hau zehazten da:

1) Nahiz eta ez diren eraikuntzen altuerak zehazten, kontuan hartuz lurzoruaren kota 460 m baino beherago dagoela eta zortasun aeronautikoen kotak, berriz, 499 m-tik gora, pentsatzekoa da eraikuntzak eta haien elementu guztiak beherago geratzea.

2) Estatuari dagokio zortasun aeronautikoen araubidea eta antolamendua. Gai hori plangintza dokumentu honetan argi utzi behar dela aipatzen da.

3) Autonomia erkidegoen eskumenei dagokienez, beste mugapen batzuk ezartzen ahalko dira. Hori dela eta, uste dute, ezartzera, “zortasun aeronautiko” terminoa ordeztu egin behar dela eta egokiago bat jarri, Foru Komunitatearen eskumen urbanistikoekin eta lurraldea antolatzeko eskumenekin bat datorrena.

Terminologia aldaketa horren aldeko txostena egin da.

Adierazten da UPSaren aldaketaren gainean egindako txostenak ez dakarrela berekin heliportua instalatuko dela onartzea, legeria aplikagarriak ezartzen dituen beharrezko baimenak behar baitira horretarako.

–Herri Lan Zuzendaritza Nagusia (2017ko otsailaren 16a). Aipatzen da esparruari ez diola eragiten Nafarroako Errepide Sareko inongo azpiegiturak.

Hala ere, “NUPeko Parke Teknologikoa, Administrazio Zerbitzuen Arloa eta Superser-en instalazio izandakoak berreskuratzea” UPSaren gainean egindako txostena gehitzen da, lotuta baitaude. Txostenean, aipatzen da aurkeztutako mugikortasun azterlana ez dela onargarritzat jotzen, eta adierazten da ukipen eremua handitu behar dela eta kontuan hartu behar direla aurreikusitako beste jarduketa batzuk.

–Iruñerriko Mankomunitatea (2016ko abenduaren 23a, Uraren Ziklo Integralari buruzko txostena, eta 2017ko otsailaren 17a, hondakinei buruzko txostena). Hornidura eta saneamendu azpiegiturei buruzko aldeko txostena igorri zuen. Hala ere, “NUPeko Parke Teknologikoa, Administrazio Zerbitzuen Arloa eta Superser-en instalazio izandakoak berreskuratzea” UPSaren gainean egindako txostenean zenbait ohar egiten dira euri-uren hustuketari buruz, zeinak kontuan hartu beharko baitira heliportuarentzat proposatutako plataforma berriaren eraikitze lanei eragiten dieten heinean.

Horrez gain, hondakinei buruzko aldeko txostena igorri zuen, honako ohar honekin: Ibilgailuak heliportura sartzeko, bide berri bat planteatzen da Sadar kalea (Iruña) eta Galaria artean. Heliportu inguruko hondakinak biltzeko zerbitzua eman ahal izateko, bide horrek aukera eman behar du hondakinak biltzeko ibilgailuak sartzeko, zirkulatzeko eta ateratzeko (6 t BGMa izan dezakete eta 2,5 m zabal eta 12 m luze izan daitezke). Ez bada hala, hondakinak biltzeko zerbitzua Zaragozako etorbidean dagoen edukiontzi puntutik emanen da.

–Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala. Ondare Historikoaren Zerbitzua (2017ko otsailaren 15a). Txostenean jasotzen du ezen aurreikusitako jarduketek ez diotela eragiten katalogatutako inongo aztarnategi arkeologikori; edonola ere, aztarna arkeologikorik agertuz gero, Arkeologia Atalari jakinarazi behar zaio, indarreko legeriaren arabera.

–Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zuzendaritza Nagusia. Telekomunikazioetako Estatu Idazkaritza (2017ko urtarrilaren 11). Aldeko txostena igorri du telekomunikazioetako araudi sektorialari dagokionez.

–NASERTIC (2017ko otsailaren 16a). Txostena igorri du “NUPeko Parke Teknologikoa, Administrazio Zerbitzuen Arloa eta Superser-en instalazio izandakoak berreskuratzea” UPSaren gainean, eta han, esparrutik igarotzen diren telekomunikazio sareak aipatzen ditu. Txostenean adierazten da sustatzaileak sare horiek desbideratu eta lehengoratu beharko dituela, hala balegokio, eta hirigintza proiektuen txostena eman behar duela Nasertic-ek.

Gainera, txostena eskatu zaio Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari; ez da txostena jaso gaurdaino.

IV.–Ingurumen arloko ebaluazioa

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak txostena igorri zuen 2016ko abenduaren 29an, eta han, aipatzen zen ezen dokumentazioa, jendaurrean jarri aurretik, osatu egin behar zela martxoko errekerimenduan jasotakoarekin bat.

2017ko azaroaren 27an, dokumentazioa aztertuta, honako hau jaso zen txostenean:

–Balizko hiru alternatibak aztertu dira, denak ere oso gertu eta Garitongo ordokian kokatuak daudenak, irizpide hauek baloratuz: Garitongo ordokian kokatu beharra, heliportua ezartzeko urgentzia, lotura suhiltzaile parkearekin, baldintza teknikoen koherentzia, jada badiren hiri garapenak errespetatzea, aukera egotea beste eraikuntza osagarri batzuk egiteko, lurren egonkortasuna, eta heliportuaren kokapena koherentea izatea UPSaren antolamenduarekin, zein bere aldetik garatzeko aukera eta paisaia tratamenduak modu independentean egiteko aukera. Egindako analisiaren arabera, ondorioztatzen da 1. alternatiba dela bakarra gai dena azaldutako errekerimendu guztiei erantzuteko, zeinak, bestalde, ez baitira ingurumen arlokoak, paisaiari buruzkoa izan ezik.

–Jasotako dokumentazioan bildutako ondorioetatik, aipatu behar da paisaiak garrantzi berezia hartzen duela NUPeko Parkearen UPSean proposatutako bide berriaren eragina dela-eta, Garitongo ordokiaren sestra lerroari nabarmen eragiten baitio. Ez da egia, txostenak dioen bezala, aukera ona dela paisaiari dagokionez orain arte landu ez den soluzio bat emateko. Horri dagokionez, txostenean jasotzen da paisaia lehengoratzeko neurririk onena tokian ez jardutea izan behar duela, horrela lortzen baita inolako paisaia inpakturik ez sortzea, edo jada badauden inpaktuak ez areagotzea, lehengoratzeko neurririk behar ez izateko. Edonola ere, alternatiben azterlanean aipatzen da independentetzat jotzen dela NUPen UPSaren espedientea, tramitean dagoena, eta horretan landu behar dela UPS horren B-5 bidea dela-eta zehaztuko diren ezponden paisaia tratamendua.

–Bestalde, eta ikusizko ukipenarekin jarraituz, heliportuaren plataforma funtzionala atzera eraman da lurzatiaren barruan, eta alboetako zerrendetan espazioak utzi dira, UPSaren paisaia integrazioko lanak egin ahal izateko. Gertatuko balitz UPSa ez garatzea, dokumentuak dio ez litzatekeela beharrezkoa izanen paisaia integrazioko neurriak aplikatzea.

Ingurumen ondorioen azterlana ikusita, zeina orain aurkeztu den alternatiben analisiekin osatu baita, ondorioztatzen da hau jendaurrean jar daitekeela UPSarekin batera, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako; kontuan hartu behar da, hala ere, UPSaren neurri zuzentzaileen kapituluan paisaia integrazioko neurriak gehitu beharko direla, heliportuaren plataformaren alboetako zerrendetan erreserbatutako espazioari dagokionez, eta, horrez gain, egungo harri-lubetetan paisaia lehengoratzeko neurriak ere landu beharko direla, bai eta egin gogo diren eraikuntza berriak bisualki integratzeko edo minimizatzeko neurriak ere. Hori guztia, aparte utzirik jada aurreikusita dauden espazio berdeak lorategiz hornitu behar direla.

V.–Ondorioa

Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, ondorioztatzen da beharrezkoa dela alternatiben azterlana berriz egitea, txosten honetan jasotako oharrak kontuan hartuta, eta, horren arabera, heliportuaren azken kokapena birplanteatzea, hala balegokio.

Behin kokapena aukeratutakoan, dokumentazioa berriz prestatu beharko da, txostenean adierazitako gainerako gaiak kontuan hartuta.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2017ko abenduaren 19ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Hasiera ematea “Cordovillako suhiltzaile parkearen eta heliportuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala (Galar)” aldatzeko espedienteari. Aldaketa heliportuaren kokapenari eta diseinuari buruzkoa da, eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak sustatu du.

2. Sustatzaileak berriz egin beharko du alternatiben azterlana, eta horren arabera, birplanteatu heliportuaren azken kokapena, hala balegokio, bai eta espedientea osatu ere erabaki honetan adierazitakoa kontuan hartuz eta bat etorriz espedientearen tramitazioan emandako txostenetan ezarritakoarekin.

3. Espedientea jendaurrean jartzea berrogeita bost egunez, eta, aldi berean, entzunaldia ematea trazadurak ukitzen dituen udalei.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea, 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Agiria, halaber, web-orri honetan ikusten ahalko da:

http://www.ExposicionpublicaOT.navarra.es.

4. Orobat, espedientea jendaurrean jartzea, epe berean, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Foru Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

6. Erabaki hau igortzea Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Babes Zibilerako Zerbitzuari, Ondare Zerbitzuari, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Hezkuntza Departamentuari, eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuari, eta erabaki hau jakinaraztea Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, Iruñerriko Mankomunitateari, Nafarroako Unibertsitate Publikoari, Galar Zendeako eta Iruñeko udalei, eta NASUVINSAri, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 24an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1801248