33. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BASABURUA

Ordenantza, Bide publikoan establezimenduen seinaleak
paratzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Basaburuko Udalak, 2017ko abenduaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Bide publikoan establezimenduen seinaleak paratzea arautzen duen ordenantza.

Basaburuan, 2018ko urtarrilaren 8an.–Alkatea, Esther Lakasta Perez Ilzarbe.

BASABURUKO BIDE PUBLIKOAN ESTABLEZIMENDUEN
SEINALEAK PARATZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Udalean jaso diren hainbat eskabidek, bide publikoan establezimenduen seinaleak paratzekoak, agerian utzi dute gutxieneko irizpideak behar direla seinale horiek paratzea arautzeko.

Bestalde, Basaburua marka ezagutzera eman nahian, beharrezkoa egiten da seinaleen irudia bateratzea, lurraldeari nortasun baten itxura emateko.

Hau dela eta, beren establezimenduen seinaleak paratu behar dituenari emandako irizpide erraz batzuen bitartez, hiri lurzoruan jartzen diren seinaleen irudia bateratu eta arautu nahi da.

Ordenantza honetan honako hauek arautzen dira: seinalearen mota, letra, koloreak, “Basaburua” logoa sartzea, bai eta seinalea jartzeko prozedura ere.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Basaburuko bide publikoko establezimenduen seinaleak arautzea eta bateratzea.

2. artikulua. Hartzaileak.

Basaburuan egoitza duen establezimendu edo jarduera oro, eta establezimenduaren seinalea Basaburuko mugarteko bide publikoan jarri nahi duena.

3. artikulua. Betebehar teknikoak.

–Tamaina: seinaleak horizontalak izanen dira, 120-145 cm luze eta 30 cm zabal.

–Forma: errektagularrak izanen dira, eta nahi izanez gero norabidezkoak (gezi formarekin), eskuinera zein ezkerrera.

–Materiala: xafla edo sendotasun eta itxura berdina duen beste materiala.

–Kolorea: hondoa txuria, islatzailea ala ez, eta ertza beltza. Testua berdea/berde iluna.

–Ikonoak: jarduera irudikatzeko ikono ofizialak berdeak edo beltzak izanen dira.

–Letra: “Euskal Letra” mota.

–Ikonoak: ereduzkoak edo zerbitzuetarako erantsitakoen antzekoak izanen dira. Basaburuko logoa jarriko da beti.

–Hizkuntza: iragartzeko izen berezia erabili ordez, egiten den jarduera aipatzen bada, euskara erabiliko da. (Adibidez: “Gartzarongo ostatua” jarriko da, “posada de Gartzaron” jarri ordez).

–Ordena: edukiaren ordena honela izanen da: norabidezko gezia (eskuinera ala ezkerrera), testua, eta norabidezko geziaren aurkako muturrean zerbitzuen logoak, eta azkenik, Basaburukoa.

–Norabidezko gezia ez badago: testua, zerbitzuen logoak, eta azkenik, Basaburukoa.

Adibidea:

L1800278_0.pdf

4. artikulua. Baimena eskatzeko prozedura.

Interesdunak eskabidea aurkeztuz jakinaraziko dio Udalari zer seinale eta non jarri nahi dituen.

Eskabidean eskatzailearen datuez gain, honako hauek ere jarriko ditu:

Iragarri nahi den establezimenduaren izena edo jarduera.

Jarri nahi duen seinale kopurua eta horien kokalekua.

Jarri nahi duen seinalearen zirriborroa.

Eskabidea jaso ostean, Udalak bitarteko lana eginen du interesduna eta dagokion kontzejuaren artean, kokaleku egokiena aukeratzeko.

Udalak, ordenantza honen betearazpena bultzatzeko, seinaleak jartzeko lanetan lagunduko du, eta euskarriak utziko ditu, baldin eta biltegian horretarako material egokia badu.

5. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Eskatzailearen kontura izanen dira seinalearen edo seinaleen diseinua, eskaera eta ordainketa. Euskarriak ere bere kontura izanen dira, Udalak ez baditu.

Eskatzailearen ardura izanen da seinaleak baldintza egokietan mantentzea.

Behin jarduera bukatua, eskatzailearen ardura izanen da dagozkion seinaleak kentzea.

6. artikulua. Ez-betetzeak.

Bide publikoan jarritako seinaleek ez badute ordenantza honetan xedatua betetzen, Udalak eskatuko dio interesdunari seinale horiek ken ditzan.

15 eguneko epean ez bada errekerimendua betetzen, Udalak ofizioz ken ditzake seinaleak, seinalearen jabeak inolako kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik gabe.

Udalak seinalearen jabeari ordainaraziko dio jarduketa horren kostua.

Azken xedapena.–Ordenantza honek, 6 artikulu baititu, indarra hartuko du behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L1800278