33. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

34/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 8koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez zehazten da zer lanpostutarako den beharrezkoa Espainiako nazionalitatea izatea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2017ko enplegu publikoaren eskaintzari dagokionez.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluak ezartzen du Europar Batasuneko beste estatuetako kide diren herritarrak espainiarren baldintza berberetan sartzen ahalko direla lanpostu publiko guztietan, salbu eta aginte publikoan zuzenean edo zeharka parte-hartzea eratxikita dutenetan eta Estatuaren edo administrazio publikoen interesak gordetzeko helburua duten funtzionarioen kasuan. Nafarroako administrazio publikoek finkatuko dute, nork bere eskumenen esparruan, zer lanpostutan ezin izanen diren sartu Europar Batasuneko beste estatuetako kide diren herritarrak.

Ildo horretan, abenduaren 20ko 116/2017 Foru Dekretuak, zeinaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2017ko enplegu publikoaren eskaintza onetsi baitzen, bere 3. artikuluan ahalmena ematen dio Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari ebazpen bidez zehaztu dezan, sartzeko kasuan kasuko hautapen probak egiteko deialdiak onetsi aurretik, zein lanpostuk duten atxikia ahal publikoak betetzea edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen interesak zaintzeko erantzukizuna, lanpostu horietan sartu ahal izateko Espainiako nazionalitatea izatea exijitzeko.

Adierazitakoarekin bat, bidezkoa da zehaztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2017ko enplegu publikoaren eskaintzari dagokionez, zer lanpostutan sartzeko eskatzen den Espainiako nazionalitatea, kontuan harturik aginte publikoan zuzenean edo zeharka parte-hartzea eratxikita dutela eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren interesak gordetzeko helburua duten eginkizunak direla.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Zehaztea jarraian adierazitako lanpostutarako beharrezkoa izanen dela Espainiako nazionalitatea izatea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2017ko enplegu publikoaren eskaintzari dagokionez:

–Suhiltzaileak.

–Foruzainak.

–Administrazio Publikoko teknikariak (arlo ekonomikoa).

–Administrazio Publikoko teknikariak (arlo juridikoa).

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 8an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

Iragarkiaren kodea: F1801041