32. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ZANGOZA

Deialdia, garbiketa/zerbitzu orokorretako sei lanpostu oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko, Zangozako Udalaren San Vicente de Paúl Zahar Etxea erakunde autonomoan jarduteko

Zangozako Udalak, 2018ko urtarrilaren 12ko gobernu batzarrean, deialdi publikoa onetsi zuen garbiketa/zerbitzu orokorretako sei lanpostu, lan-kontratu finkoarekin, oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko, Zangozako Udalaren Zahar Etxean jarduteko.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da garbiketa/zerbitzu orokorretako sei lanpostu oposizio-lehiaketaren bidez eta lan-kontratu finkoarekin betetzea, Zangozako Udalaren San Vicente de Paúl Zahar Etxean jarduteko.

1.2. Lanpostuak E mailari dagozkion oinarrizko lansariak izango ditu, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuari jarraikiz. Langileek maila horri dagozkion dagozkion oinarrizko lansariak eta Zangozako Udalaren Zahar Etxeko plantilla organikoan garbiketa/zerbitzu orokorretako lanpostuetarako finkatzen diren osagarriak izango dituzte.

1.3. Deialdiko lanpostuen lanaldia honako hau da:

Lanaldia: astelehenetik igandera, lanaldiaren %100.

Txandak: goizez eta arratsaldez.

1.4. Kontratatutakoen eginkizun nagusiak jarraian aipatzen dira, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:

–Jantokian janaria banatzea eta zerbitzatzea.

–Oheak egitea eta aldatzea.

–Logelak garbitzea.

–Altzariak, korridoreak, pasabideak, komunak, jantokia, botikina, etab. garbitzea.

–Arropa garbitzeko lanak, garbitzeko, lehortzeko eta lisatzeko makinak erabiltzea.

–Eremu komunak behar bezala garbitzea eta desinfektatzea, haien higienizazioa eta kontserbazioa bermatzeko teknika, lanabes eta produktuak erabiliz.

–Kontrolatzea eta ardura duen langileari jakinaraztea garbiketarako behar den materiala, lanaldiko garbiketa jarduerak erregistratzea ezarritako protokoloari dagokionez, eta lana egitean izandako gorabeherak, esaterako matxurak edo kalteak, jakinaraztea ardura duen langileari.

–E mailakoa izan daitekeen beste edozein.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko deialdiaren 7.2 atalean adierazten den epea bukatzen den unetik eta lanpostuen jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen eta haien familiakoen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarri den bezala.

b) Adin nagusikoa izatea eta erretiroko gehieneko adina ez izatea.

c) Eskola-ziurtagiria edo horren baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren Estatuko administrazio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

2.2. Aipatu baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko dira, eta haiei eutsiko zaie hautapen prozedurak iraun bitartean, kontratua egin arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Zangozako Udaleko erregistro orokorrean (Kale Nagusia, 35 behea, Zangoza), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusiriko edozein baliabideren bidez, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epearen azken eguna jaieguna bada, Udalaren bulegoak jendearentzat irekita dauden hurrengo eguna arte luzatuko da. Eskabideak deialdi honetako eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako.

3.2. Desgaitasunen bat aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izango dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera elbarriak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari, behar bezala bete ondotik, agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri ofizial baliokideren batena.

b) Izangaiek alegatzen dituzten merezimenduak frogatzeko agiriak.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Patronatuko buruak ebazpena emango du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangaiek hamar egun balioduneko epea izango dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta haiek ebatzi ondoan, Patronatuko buruak ebazpena emango du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan, oposizioa noiz, non eta zer ordutan hasiko den adieraziko da.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Mahaiburua: Zangozako Udaleko alkate eta Erakunde Autonomoko Batzarreko burua, Angel Navallas Etxarte.

Ordezkoa: Zangozako Udaleko lehen alkateordea.

–1. mahaikidea: Erakunde Autonomoaren Gobernu Batzordearen ordezkaria, Jone Usoz Ortiz.

Ordezkoa: Erakunde Autonomoaren Batzordeko kide den zinegotzia, izendatu beharrekoa.

–2. mahaikidea: Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea, Amaya González Ara.

Ordezkoa: Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea, izendatu beharrekoa.

–3. mahaikidea: Zangozako Udaleko administrari-ofiziala, M.ª Concepción Semberoiz Cano.

Ordezkoa: Zangozako Udaleko administrari-ofiziala, izendatu beharrekoa.

–Mahaikide-idazkaria: Zangozako Udaleko idazkaria, José Gabriel Ayesa Aristu.

Ordezkoa: Ledeako Udaleko idazkaria, Raquel García Areso.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

5.3. Epaimahaia ezin izango da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada. Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emango diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek laguntza emango diete epaimahaikoei, nork bere espezialitate teknikoan.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan egingo da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean, oposizioko ariketak hasteko eguna, tokia eta ordua zehaztuko dira.

6.3. Bi aldietako puntuazioak hiru hamarrenekin islatuko dira.

6.4. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldian 20 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izango.

Lehiaketaldian merezimenduak frogatzeko agiriak oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztuko dira. Jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak behar dute izan, eta baloratzeko moduko informazio argi eta zehatza eduki beharko dute. Bestenaz, aurkeztu ez balira bezala jokatuko da.

Alegatutako merezimenduak honela puntuatu eta frogatuko dira:

a) Esperientzia profesionala.

Garbiketa/zerbitzu orokorretako kategoria profesionaleko edo antzeko kontratuengatik zahar-etxe publiko edo pribatuetan, deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizunetan, urtebete oso bakoitzetik, 3 punturekin baloratuko da eta gehienez ere 12 puntu emango dira. Zerbitzu egin bada osoa baino lanaldi laburragoetan eta urtebete baino gutxiago iraun badu, hainbanaketa egingo da dagokion heinean.

Laneko eskarmentua enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagiriak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren lan bizitza eguneratua aurkeztuz frogatuko da.

Enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagirietan hauek jaso beharko dira: kategoria profesionala, lanaldi mota (portzentajea zehaztuta) eta lan egindako denboraren hasiera eta amaiera data zehatzak.

b) Prestakuntza.

Lanpostuarekin ikustekorik duten ikastaroengatik, gehienez ere 6 puntu.

–20 eta 50 ordu artean: puntu bat.

–51 eta 100 ordu artean: 2 puntu.

–101 ordu edo gehiago: 3 puntu.

c) Hizkuntzak jakitea.

Euskarako titulu ofizial bat izatea, 2 puntu. Hizkuntza Eskola Ofizialeko 5. maila gainditu dela erakusten duen ziurtagiria edo EGA titulua aurkeztuko dira. Erdi mailako tituluek mailari dagokion puntuazioa izango dute.

Lehiaketaldia bururatutakoan, Zangozako Udaleko iragarki oholean argitara emango da izangai bakoitzak lortutako puntuazioa. Oposizio-lehiaketako puntuazio osoa, lehiaketaldian lortutako puntuazioaren eta oposizioaldian lortutakoaren batura izango da.

6.5. Oposizioaldia.

6.5.1. Oposizioak ariketa hauek izango ditu:

a) Proba teorikoa.

Deialdi honen II. eranskinean dauden gaiei buruzko galdetegi bat erantzun beharko da, idatziz. Test moduko galderak izango dira: erantzun bat baino gehiago emango dira aukeran, baina bat bakarra izango da egokia.

Gehienez ere 100 puntu lor daitezke eta baztertuak izango dira, gutxienez ere, 50 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

b) Proba psikoteknikoa.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuko teknikariek prestatutako hainbat proba psikotekniko egingo dira, izangaiak lanpostuen profil profesiografikoaren eskakizunetara zein neurritan egokitzen diren zehazteko. Oposizioko epaimahaiak onartu egin beharko du zerbitzu horrek izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa.

Ariketa honetan gehienez ere 20 puntu emango dira, eta ariketa ez da baztertzailea, gutxieneko punturik ez baita erdietsi behar.

6.5.2. Proba bakoitzerako dei bakarra egingo da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute, behar bezala identifikatuak izateko, eta boligrafoa.

Azterketan azaltzen ez direnak edo haien identitatea egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

Proba hauek egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahal, ez eta kalkulagailurik ere.

6.5.3. Ariketa bakoitza kalifikatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Zangozako Udalaren iragarki oholean eta web-orrian (www.sanguesa.es), gainditzen duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda, kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak Zangozako Udalaren iragarki oholean argitaratuko du hura gainditzen dutenen zerrenda, lortutako kalifikazioak barne, eta espediente osoa igorriko dio Zangozako Udaleko alkate udalburuari, baita oposizioa gainditzen dutenen zerrenda eta puntuazio handieneko izangaiak izendatzeko proposamena ere.

Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.2. Izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturalen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiriok aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua.

b) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.

c) Izangaiak nazionalitate espainiarra ez badu, agiri bat aurkeztu beharko du, bere estatuko administrazio publikoan sartzea eragozten dion diziplina zehapenik edo zigor penalik ez duela adierazteko.

d) Izangaiari dagokion osasun etxeak luzaturiko txostena, lanpostuari dagozkion eginkizunetan aritzeko inolako eritasun edo akats fisikorik zein psikikorik ez duela adierazten duena.

Izangaiak desgaitasunen bat alegatu badu, gainera, aurkeztu beharko du desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

7.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiek ez badituzte dokumentu horiek aurkezten, ezin izango dira izendatu, eta haien ekintza guztiak baliogabetuko dira, eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaien erantzukizuna aparte utzirik.

7.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, erakunde autonomoko batzarrak oposizioa gainditu dutenen zerrendan, 7.1 apartatuan aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta horrekin aurreko apartatuetan adierazi bezala jokatuko du.

8.–Izendapena, esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Aurreko oinarrietan ezarritakoa beterik, epaimahaiak proposaturiko izangaiak garbiketa/zerbitzu orokorretako lanpostuan aritzeko izendatuko ditu erakunde autonomoko batzarrak, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie.

8.2. Izendapenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

8.3. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik aitzina.

8.4. Epe horretan jabetza hartzen ez badu, ezinbesteko kasuetan izan ezik, deialdiaren xede den lanpostuari loturiko eskubide guztiak galduko ditu.

Hala gertatuz gero, erakunde autonomoko batzarrak oposizioa gainditzen dutenen zerrendan, 7.1 atalekoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du hutsunea.

9.–Aldi baterako kontratazioen zerrenda.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuko 42.2 artikuluan xedatuari jarraikiz, gainditu bai baina lanpostua eskuratzen ez duten izangaiak zerrenda batean sartuko dira; zerrenda hori erabiliko da garbiketa/zerbitzu orokorretako lanpostuan aritzeko aldi baterako kontratuak egiteko, Udalen Zahar Etxean sortzen diren kontratazio beharrak asetzeko. Zerrenda horiek honela antolatuko dira:

a) Prozesua gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Prozesuan parte hartu arren probak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.

Bigarren zerrenda soilik aktibatuko da lehen zerrendako izangaiekin betetzen ez diren kontratuetarako.

Lortutako puntuazioak zehaztuko du zerrenda bakoitzeko lehentasuna.

9.2. Aurreko apartatuko zerrendetako izangaiei kontratu bat egiteko dei egiten zaienean, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua.

b) Erakunde autonomoak eskatzen dizkien agiri osagarriak.

10.–Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Legearekin bat, izangaiek, deialdira aurkeztu hutsez, baimena emango dute beren datu pertsonalen tratamendurako, eta jakinaren gainean geldituko dira “langileen kudeaketa” izeneko fitxategia dagoela, besteak beste, langileak hautatzeko prozesuak egiteko.

Orobat ematen zaie aditzera izangaiei bildutako datuak hirugarrenei laga ahal zaizkiela legean berariaz adierazten denetan, edo lagapena beste administrazio publiko batzuei egiten zaienean, bakoitza bere eskumenetan ari dadin.

Erakunde autonomoa da fitxategiaren arduraduna eta udal egoitzan baliatzen ahalko dira fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, erakunde autonomoaren buruari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten edo argitaratzen denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Zangozan, 2018ko otsailaren 1ean.–Zangozako Udalaren San Vicente de Paúl Zahar Etxea erakunde autonomoko burua, Ángel Navallas Etxarte.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDF).

II. ERANSKINA

Oposizioaren gai-zerrenda

1. gaia.–Instalazio eta lokal publikoak, eskailerak, gela komunak, kristalak eta leihoak garbitzea; garbiketarako produktuak, tresnak eta materialak, eta horiek erabiltzeko modua.

2. gaia.–Logelen garbiketa, oheak egitea, komunen eta bainugelen garbiketa. Garbitze lanetan erabil daitezkeen tresna egokiak.

3. gaia.–Jantokiko zerbitzua. Kontuan hartu beharreko alderdiak.

4. gaia.–Arropa garbitu eta zaintzea. Ehun motak, garbiketa produktuak eta makineria.

5. gaia–Desinfekzioa eta intsektuak hiltzea. Intsektuek eta bizkarroiek dakartzaten osasun arriskuak. Desagerrarazteko modua.

6. gaia.–Elikagai motak. Elikagaien manipulazioa.

7. gaia.–Laneko segurtasuna eta osasuna.

8. gaia.–Ortografia eta aritmetika: oinarrizko kontzeptuak.

9. gaia.–Zangozako Udalaren Zahar Etxearen administrazioaren antolaketa. Erakunde autonomoaren estatutuak.

Iragarkiaren kodea: L1801522