31. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

319E/2017 EBAZPENA, abenduaren 13koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Funesko udal-mugartean Arga Behereko hondakin urak garraiatzeko sistema berritu eta garatzeko proiektuaren trazadura aldatzeko proiektuari Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona. Sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak SA da.

2017ko uztailaren 5ean, ebazpen honen idazpuruan aipatutako proiektua aldatzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak otsailaren 11n emandako 33E/2016 Ebazpenaren bidez, Arga Behereko hondakin urak garraiatzeko sistema berritu eta garatzeko proiektuari Ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion. Funesko Udalak jatorrizko proiektuan aldaketa bat egitea eskatu zuen, udalerriak etorkizunean izan dezakeen industria-garapena proiektuarekin bateragarri egiteko. Zehazki, NA-6630 errepidearen ondoan dagoen industrialdea zuen ardatz eskaera horrek.

Asmoa da Faltzesko eta Azkoiengo hodien bulkatze-sistemaren trazadura aldatzea, eroanbide independenteetatik baitoaz. Jatorrizko proiektuaren arabera, eta, gutxi gorabehera, 937 kp-tik 1.420 kp-ra, eroanbideak laborantza lurretatik igarotzen ziren, industrialdeko iparraldetik eta ekialdetik. Proiektuaren aldaketa tarte horren trazadura aldatzean datza. Zehazki, jatorrizko proiektuko 1.420 kp-tik (aldatutako proiektuko garbiketa-kutxatila, 1.394 kp). Trazaduraren hasiera bidetik doa, 1.350 kp-aren eta 1.250 kp-aren artean, laborantza lurretan barrena. Puntu horretatik aurrera, eta errepideraino, trazadura bidetik joaten da berriz ere.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Espedientean aldeko txostenak daude, Funesko Udalak eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandakoak, 2017ko irailaren 4an eta 2017ko azaroaren 30ean, hurrenez hurren.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak aldeko txostena eman du proiektuaren aldaketaren gainean, uste baitu horrek ez dituela aurreko proiektuan (2006an) ebaluatutako ingurumen ukipenez bestelakoak ekarriko.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Arga Behereko hondakin urak garraiatzeko sistema berritu eta garatzeko proiektuaren trazadura aldatzeko proiektuari, Funesko udal-mugartean. Sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak SA da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arloko baldintzak:

–Ingurumen ukipenetarako baimen berriak men eginen die Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak otsailaren 11n emandako 33E/2016 Ebazpenean jasotako ingurumen baldintzei.

Hirigintza arloko baldintzak:

–Baimen honek hondakin uren garraio sistemaren aldaketa baizik ez du babesten, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta ebazpen honetan ezartzen diren determinazioei jarraikiz.

–Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Herri-lurren Atalaren txostenean xedatutakoari jarraituko zaio; honako hau dio: obrak ukitzen dituen lurretara sartu ahal izateko nahitaezko desjabetzeaz baliatzen ahalko da. Kasu honetan, ez dago Herri-lurren Atalari inolako baimenik eskatzeko beharrik.

Horrela ez balitz, NILSA enpresak gauzatu asmo duen jarduketak herrilurrak ukituko dituenez, udalak, obra-lizentzia eman baino lehen, lursail horiek okupatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez. Horretarako, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 215. artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen dugu ezen, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko direla, foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Ildo horretan, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako azpiegitura erabiltzeari utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduera zehatzak hondakin uren garraio sistemara lotzea.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Funesko Udalari, Basozaintzari (Tuterako barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko abenduaren 13an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1714606