31. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

4609/2017 EBAZPENA, abenduaren 27koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko zenbait kualifikaziori lotuta dauden lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko iragartzen diren prozedurak arautzeko oinarriak.

Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalaren baliabide eta ekintzetako bat lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzea da, hala ezarrita baitago Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 4.1.b) artikuluan.

Prozedura hori uztailaren 17ko 1224/2009 Foru Dekretuaren bidez arautu zen, baita abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuaren bidez ere, horretan finkatu baitziren, batetik, pertsonek lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza bide ez-formaletan lortutako lanbide gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura Nafarroako Foru Komunitatean ezartzeko arauak, eta bestetik, horretaz arduratuko den antolaketa egitura.

Prozedura horren ondorioz lortu beharreko egiaztapenei dagokienez, urtarrilaren 18ko 34/2009 Errege Dekretua da aplikatzekoa, profesionaltasun ziurtagiriak arautu zituena.

Indarrean dagoen 2017ko deialdi honen aurretik egindako beste deialdi batzuetatik hartutako esperientzia kontuan harturik, behar adina parte-hartzaile inskribatu ez baitziren egiaztatzeko prozeduretan, ondorioztatu zen, deialdiak denbora mugatu batean eginda, zaila izaten dela hura hedatzea interesa izan dezaketen pertsonen artean eta, gainera, halako prozesuetan behar baino azkarrago egin behar izaten direla prozeduraren faseak.

Hori dela eta, 2017. urtean, egokitzat jo zen beste deialdi mota bat egitea, izena emateko epe iraunkorra duena (prozedura irekita izaten da harik eta hartarako ezarritako baliabide ekonomikoak agortu arte). Horri esker, deialdia hobeki zabaltzen da, eta interesdunen inskripzioa errazten da. Halaber, prozedurek epe zabalagoak izanen dituzte, eta, gisa horretan, arreta pertsonalizatuagoa ematen zaie hautagaien beharrei.

Egiaztapenen Batzordeak, abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuaren 24. artikuluan jasotakoari jarraikiz, honako proposamen hau egin du, aintzat hartu dena: lanbide gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura arautzeko oinarri batzuk onestea deitzen diren prozeduretan modu iraunkorrean aplikatzeko.

Azaldutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko zenbait kualifikaziori lotuta dauden lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko iragartzen diren prozedurak arautzeko oinarriak onestea, ebazpen honen 1., 2. eta 3. eranskinetan jasotzen direnak.

2. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari eta Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zerbitzuari igortzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko abenduaren 27an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

1. ERANSKINA

Jarraibide orokorrak

I.–Egiaztapen prozeduren deialdiak.

Urtero-urtero deialdi bat onetsiko da, urte horretan eta hurrengo urteko zati batean indarra izanen duena. Deialdian, Nafarroako Foru Komunitatearentzat lehentasunezkotzat jotzen diren kualifikazioak finkatuko dira, eta behar den gastua baimenduko da.

Aurrekontu-zuzkidura hori, ahal dela, urte anitzekoa izanen da, eskaerak urte osoan zehar aurkeztu ahal izateko, eta prozedura hurrengo urtean bukatu ahal izanen da.

II.–Prozedurara iristeko bideak.

Nafarroako Foru Komunitatean lanbide gaitasuna ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurak egiteko onesten diren deialdiak bi aukerabide hauetako baten ondorio izanen dira:

A aukera:

Egiaztapenen Batzordeak Nafarroarentzat lehentasunezkotzat jotzen dituen lanbide kualifikazioei lotuak.

B aukera:

Gizatalde, enpresa-erakunde edo gizarte entitateek egindako eta oinarritutako eskaera aztertu ondoren, Egiaztapenen Batzordeak Foru Komunitateko lanbide sektore jakin batzuentzat lehentasunezkotzat jo eta onesten dituen kualifikazioei lotuak.

III.–Prozedurari laguntzea.

Egiaztapenen Batzordeak koordinatuko ditu prozeduraren estrategia- eta antolakuntza-alderdiak.

Prozeduraren planifikazioari, antolaketari eta kudeaketari dagokienez, abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuan xedatua bete beharko da.

IV.–Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, parte-hartzaileek inprimakien bidez ematen dituzten datuak Nafarroako Gobernuko fitxategietan sartuko dira, prozedura honen ondorioz sor daitezkeen aitorpen agiriak kudeatzeko eta haien lanketa estatistikoa egiteko.

Berariaz horrela adierazten duten pertsonak beren datuen tratamenduaren aurka ager daitezke, beren egoera pertsonal zehatz bati lotutako arrazoi sendorik eta bidezkorik badago.

2. ERANSKINA

A aukeraren bidez deitutako kualifikazioetarako jarraibideak

I.–Informazioa.

Deialdiari buruzko informazio guztia, komunikazioak, emaitzak eta segimendua Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da (Tramiteak): http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

II.–Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan finkatutako prozeduran parte hartu nahi duten pertsonek uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 11. artikuluan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko herritartasunaren erregistro-ziurtagiria nahiz Europar Batasuneko herritar baten ahaide txartela lortu izana edo baimen indarduna izatea Espainian bizitzeko, edo Espainian bizi eta lan egiteko, atzerritarrei eta immigrazioari buruzko Espainiako araudian ezarritako moduan.

b) Izena emateko azken eguna baino lehen 20 urte beteak izatea, II. eta III. mailetako kualifikazioei dagozkien gaitasun unitateen kasuan, eta 18 urte, I. mailakoen kasuan.

c) Egiaztatu beharreko lanbide gaitasunekin zerikusia duen lan esperientzia eta/edo prestakuntza ez-formala izatea:

–Lan esperientziaren kasuan, II. eta III. mailetako kualifikazio bakoitzerako, frogatu beharko da azken 10 urtean gutxienez 3 urtez lan egin dela, eta guztira 2.000 lanordu edo gehiago, eta I. mailako kualifikazioetarako, berriz, gutxienez 2 urtez eta 1.200 lanordu edo gehiago, betiere egiaztatu nahi den gaitasun unitateari lotuta dagoen kualifikazioan zehaztutako ingurune profesional eta funtzionalean.

–Prestakuntza ez-formalari dagokionez, justifikatu beharko da, II. eta III. mailetako kualifikazioen kasuan, azken 10 urtean gutxienez 300 prestakuntza-ordu egin direla egiaztatu nahi den kualifikazioari lotuak, eta I. mailako kualifikazioen kasuan, berriz, 200 ordu.

–Egiaztatu nahi diren gaitasun unitateek ez badute kualifikazio guztia osatzen, gaitasun unitate bakoitzerako gutxieneko prestakuntza ordu kopuru bat frogatu beharko da, kasuan kasuko gaitasun unitateari lotutako prestakuntza modulurako ezarritako ordu kopurua adinakoa.

d) Ebaluazio fasean behin betiko inskribatzeko unean ez egotea matrikulatua lortu nahi den egiaztapenari lotutako prestakuntza bera biltzen duen hezkuntza edo enplegu arloko prestakuntza ekintza batean, eta ez egotea inskribatua eskatu den ebaluazioaren xedeko gaitasun unitateak egiaztatzea ahalbidetzen duten moduluak lortzeko probaren batean.

e) Gaitasun unitate bera egiaztatzeko beste deialdi batean onartua ez egotea.

f) Azken bi urtean parte hartu ez izana gaitasun unitate berak hein batean edo osorik egiaztatzeko prozesu batean, non ez duen eransten lanbide esperientzia edo prestakuntza ez-formal berririk.

III.–Baldintzak justifikatzea.

Lan esperientziari buruzko baldintzak, aurreko puntuan aipatutakoak, agiri hauen bidez frogatuko dira:

a) Soldatapeko langileentzat, langile autonomoentzat eta norberaren kontura ari direnentzat:

–Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren, Itsasoko Gizarte Institutuaren edo afiliatuta dauden lan mutualitatearen ziurtagiria. Ziurtagiri horretan enpresa, lan kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio aldia jaso beharko dira. Hala badagokio, Europar Batasuneko herrialderen bateko ziurtagiri baliokideak.

–Lan esperientzia zein enpresatan hartu duen, hark egindako ziurtagiria, bertan datu hauek ageri direla: kontratuaren iraupen aldiak, egindako lanak eta zenbat denbora egin duen lan horietan, lehen aipatutako webgunean eskura dagoen 3.c eranskineko ereduari jarraikiz. Agiri horiek lortu ezin badira enpresarik ez egoteagatik edo langilea autonomoa izateagatik, izangaiak lan kontratua aurkezten ahalko du (baldin eta lortu nahi duen kualifikazioaren izena lanpostuan agertzen bada), edo zinpeko aitorpen bat, egindako jardueren tipologiari buruzkoa, lehen aipatutako webgunean eskura dagoen 3.d eranskineko ereduari jarraikiz.

b) Langile boluntarioen edo bekadunen kasuan:

–Zerbitzuak zer erakundetan eman diren, hark luzatutako ziurtagiria, honako hauek berariaz adierazita: egindako jarduerak eta eginkizunak, zer urtetan egin diren eta lanaldi osoan aritutako egunen kopuru zehatza, edo, hala badagokio, eginkizun horietan emandako ordu kopuru zehatza, lehen aipatutako webgunean eskura dagoen 3.e eranskineko ereduari jarraikiz.

Prestakuntza ez-formalari buruz II. jarraibidearen c) atalean aipatzen diren baldintzak frogatzeko, agiri bat aurkeztuko da. Bertan adieraziko da eskatzaileak baduela egiaztatu asmo diren gaitasun unitateekin zerikusia duen prestakuntza, eta datu hauek jasoko dira gutxienez:

–Prestakuntzaz arduratu den zentroaren, entitatearen edo administrazioaren datuak.

–Prestakuntza noiz jaso den.

–Ikaslearen datu pertsonalak.

–Ikastaroaren edukia eta prestakuntza orduen kopurua.

–Zentroko edo entitateko arduradunaren sinadura eta zigilua.

II. jarraibidearen d), e) eta f) ataletan aipatzen diren baldintzak frogatzeko, zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko da prozeduran onartzen den unean.

Prozeduran parte hartzeko baldintzak betetzen direla justifikatzeko behar den dokumentazioa baloratzearen ondorioetarako, gastua baimentzen duen deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna izanen da baloratuko den azkeneko eguna.

Nafarroako Foru Komunitatean ofiziala ez den hizkuntza batean aurkezten diren agiriekin batera, itzulpen ofiziala edo zinpekoa ere aurkeztu beharko da.

IV.–Onartzeko irizpideak.

Eskatzaileen kopurua dela-eta posible ez bada denak onartzea prozeduran, lehentasun irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Lehentasunezko talde bat eginen da kasuko gaitasun unitateen arloan lan esperientzia egiaztatua duten langileekin, III. jarraibidean ezarritakoari jarraikiz, hau da, deialdi honen aurreko hamar urtean gutxienez bi urtez lanean aritu direnekin Nafarroan erroldatutako enpresetan.

Bigarren lehentasun taldean, Nafarroatik kanpoko enpresetan kasuan kasuko gaitasun unitateen arloan lan esperientzia egiaztatua duten langileak sartuko dira.

Hirugarren lehentasun talde batean, nahikoa lan esperientzia frogatu gabe ere boluntario edo bekadun gisako esperientzia aurkezten dutenak sartuko dira.

Azkenik, laugarren lehentasun taldean, prozedura honetan sartzeko prestakuntza baldintza baizik betetzen ez duten eskatzaileak sartuko dira.

b) Lehenbiziko, bigarren eta hirugarren lehentasun taldeetako izangaiak ordenatzeko, izangai bakoitzari puntu bat emanen zaio lan egindako edo, boluntario nahiz bekadun gisa, zerbitzuan aritutako urte bakoitzeko, eta zatiki laburragoak, egun bat bitartekoak, modu proportzionalean kontatuko dira. Lanean edo zerbitzuan aritutako aldia orduka adierazten bada, urtetan edo urteko zatikitan dagokion baliokidea kalkulatuko da, lanbide sektore bakoitzeko hitzarmenetan indarra duen urteko lanaldia aplikatuz. Halaber, 0,2 puntu emanen dira egiaztatu nahi den esparruko lanbide sektorearekin lotutako arloetan egindako 100 prestakuntza orduko, gehienez ere puntu bat egin arte.

c) Prestakuntza baldintzak betetzeagatik onartuak izan daitezela eskatzen duten izangaiak ordenatzeari begira, 0,2 puntu emanen zaie 100 prestakuntza orduko, eta aldi horren zatikiak, ordu bat artekoak, modu proportzionalean kontatuko dira.

d) Halaber, boluntario/bekadun gisako esperientzia izateagatik aurreinskripzioa eskatzen duten pertsonei langile gisa duten lanbide esperientzia hartuko zaie aintzat. Prestakuntza arloko baldintza betetzeagatik aurreinskripzioa eskatzen duten pertsonei langile edo boluntario gisa duten lanbide esperientzia hartuko zaie aintzat, halakorik badute. Kasu bietan, jarraibide honen c) atalean ezarritako irizpide berak aplikatuko dira.

e) Izangaien arteko berdinketarik bada, irizpide hauek aplikatuko dira, bata bestearen atzetik:

–Egiaztapen prozeduraren xedeko gaitasun unitateen esparruan, azken hamar urteetan, esperientzia egiaztatu handiena izatea.

–Izangai adinez helduena izatea.

–Zozketa.

f) Izangairen batek justifikatutako arrazoirik gabe uko egiten badio ebazpen honetan araututakoaren antzekoa den egiaztapen deialdi bateko plaza bati, baja emanen zaio automatikoki izangaien zerrendatik.

V.–Prozeduraren faseak eta jarduketak.

Lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko deitzen diren prozeduretan honako jarduketa eta fase hauek eginen dira, Lan esperientziaren bidez lortutako lanbide gaitasunak onartzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoarekin bat.

1. Aurreinskripzioa, informazioa eta orientazioa: prozedura honetan parte hartu nahi dutenek deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera egiten ahalko dute aurreinskripzioa.

Aurreinskripzioa Nafarroako Gobernuaren webgunean adierazi bezala egin beharko da, Tramiteak izeneko ataletik, hain zuzen: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/

Aurreinskripzioa egitean, telefono mugikor bat edo helbide elektroniko bat adierazi beharko da (bietako bat nahitaez), harremanetan jarri ahal izateko (SMS bidez edo e-mail bidez) prozeduran beharrezkoak izan daitezkeen zitazioak eta jakinarazpenak egiteko. Datu horiek ematen ez badira, harremanetarako bideak ez badabiltza edo kasu egiten ez bazaie, eskatzaileak aurreinskripzioa egiteagatik zituen eskubide guztiak galduko ditu.

Aurreinskripzioa egiteko informazioa eta laguntza: informazioa eta orientazioa ematen duten entitateen eta erakundeen zerrenda bat argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren webgunean, deialdi bakoitzari dagokion fitxan, haietara jo ahal izateko.

Aurreinskripzioak ez du bermatzen prozeduran parte hartuko dela.

Onarpen Batzordeak irizten duenean behar adina aurreinskripzio egin direla, izangai talde bat sortuko da, aurreinskripzioaren hurrenkerari eta lehentasunerako ezarritako irizpideei jarraituz, eta haiekin hasiko da onartu aurreko informazio prozedura.

Aurreinskripzioa egin duten pertsonei dei eginen zaie nahitaezko asistentzia duen saio baterako. Han, informazioa emanen zaie prozedurari buruz, sartzeko baldintzei buruz eta egiaztapenaren ondorioei buruz, eta berariaz adieraziko zaie zer agiri aurkeztu behar duten inskripzio eskaerarekin batera, sartzeko baldintzak betetzen dituztela frogatzearren.

2. Inskripzioa eta onarpena: norberaren ustez baldintzak betetzen dituztela uste duten izangaiek, aurreko paragrafoko bilkurara joan direla frogatuz gero eta prozeduran aurrera egin nahi izanez gero, inskripzioa egiteko, behar diren frogagiriak aurkeztu beharko dituzte http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ helbidean (Tramiteak) zehaztutako eta zerrendatutako tokietan edo egoitzetan.

Inskripzioa formalizatzeko, interesdunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Inskripzio egiteko eskabide-orria (lehenago aipatutako webgunean eskura dagoena).

–Nahitaezko informazio saiora joan izanaren frogagiria.

–NANaren, AIZren edo, hala behar denean, pasaportearen edo indarreko bizileku-txartelaren fotokopia.

–Lan esperientzia, boluntario lanak eta prestakuntza frogatzeko agiriak, III. jarraibidean adierazitakoari jarraikiz

Talde bakoitza sortuta, onarpen prozesua eginen da. Prozesu horretan, baldintzak betetzen direla egiaztatuko da, eta baremoa eta lehentasun irizpideak aplikatuko dira. Behin-behineko emaitza lehenago aipatutako webgunean argitaratuko da eta interesdunei jakinaraziko zaie.

Onarpen Batzordea arduratuko da prozesuaz. Haren ezaugarri eta eginkizunak abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuaren 14. artikuluan ezartzen dira.

Behin-behineko zerrenden kontrako erreklamazio bat egin nahi dutenek 3 egun balioduneko epea izanen dute, argitaratu eta biharamunetik hasita, Onarpen Batzordeari alegazioak aurkezteko.

Onarpen Batzordeak erreklamazio horiek ebatzi, eta onartuen behin betiko zerrenda lehen aipatutako webgunean argitaratuko du erreklamazioak egiteko epea bukatzen denetik bost egun balioduneko epean.

Egintza horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean behin betiko zerrenda argitaratzen denetik aurrera.

Baldintzak bete arren prozesuan onartzen ez diren izangai inskribatuak deialdi berean sortzen den hurrengo taldearen onarpen prozesuan hartuko dira kontuan.

3. Aholkularitza fasea: behar bezalako gaikuntza duten aholkulariek eginen dute, abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuaren 15. artikulutik 18.era ezarri bezala.

Inskripzioa egiteko egunak eta tokia Nafarroako Gobernuaren webgunean jakinaraziko dira. Inskripzioa egitearekin batera, kontzeptu horri dagozkion tasak ordainduko dira.

Bidezko arrazoirik gabe inskripzioa egiten ez duten izangai onartuek prozeduran parte hartzeko eskubidea galduko dute, eta, automatikoki, onartuen zerrendatik aterako dira.

4. Talde berri bat sortzea: sortutako taldeari aholku emateko fasea bukatu ondoren, edo behar adina eskaera bildu badira, eta, betiere, behar den oreka baldin badago eskaeraren eta prozedura kalitatez aurrera eramateko behar den azpiegituraren artean, onarpen prozesu berri bat hasiko da hurrengo taldearekin. Horrela eginen da deialdiaren epea bukatu arte edo baliabideak agortu arte.

5. Ebaluazio fasea: behar bezalako gaikuntza duten ealuatzaileek eginen dute, abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuaren 15. artikulutik 18.era ezarri bezala.

Inskripzioa egiteko egunak eta tokia Nafarroako Gobernuaren webgunean jakinaraziko dira. Inskripzioa egitearekin batera, kontzeptu horri dagozkion tasak ordainduko dira.

Bidezko arrazoirik gabe inskripzioa egiten ez duten izangai onartuek prozeduran parte hartzeko eskubidea galduko dute, eta, automatikoki, onartuen zerrendatik aterako dira.

Ebaluazio Batzordeak, ebaluazio tresnak eta ebaluatzaileek egindako jarduketak oinarri hartuta, gaitasunaren balorazioa eginen du izangai bakoitzak erakutsitako frogen gainean. Gaitasunaren balorazioa modu dikotomikoan adieraziko da: gaitasun egiaztatua edo gaitasun egiaztatugabea.

Aurreko puntuan azaldutako prozesurako ebaluazio erreferenteak ebaluatu beharreko gaitasun unitateak izanen dira, bakoitzari dagozkion lanbide errealizazioekin, errealizazio irizpideekin eta lanbide inguruneekin.

Gaitasunaren balorazioa adierazten duen agiria izangaiari helaraziko zaio, emaitzen konfidentzialtasuna bermatuko duen prozedura bat erabiliz betiere.

Lan esperientziaren bidez edo prestakuntza bide ez-formaletatik eskuratutako lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura osoa bukatutakoan, prozedura horretan parte hartu duten pertsona guztiei idazki bana bidaliko zaie, aurrera begira prestakuntzarako dituzten aukeren berri eta egiaztapen prozeduraren amaieraren berri emateko.

Ebaluazio Batzordeak hartutako erabakien kontrako erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira, hasiera batez batzordeari berari zuzenduak, lehen aipatutako webgunean eskura dagoen ereduari jarraikiz. Erreklamazio hori erreferentziako zentro ofizialean aurkeztuko da, izangaiari ebaluazioaren emaitza jakinarazi ondoko hiru egun balioduneko epean. Ebaluazio Batzordeak hamar egun balioduneko epean ebatziko du errekurtsoaren gainean, erreklamazioa aurkeztu eta biharamunetik hasita.

Ebaluazio Batzordearen erabakiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Egiaztapen fasea eta gaitasunaren erregistroa: ebaluazio positiboa lortzen duten pertsonei kasuan kasuko gaitasun unitatearen edo unitateen egiaztapena emanen zaie. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari dagozkio egiaztapenak ematea eta erregistratzea, abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuaren 19. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ebazpen honetan berariaz aurreikusten ez den orotan, honako hau da aplikatzekoa: uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretua, lan esperientziaren bidez eskuratutako lanbide gaitasunak aitortzeko prozedura arautzen duena, eta abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretua, pertsonek lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza bide ez-formaletan lortutako lanbide gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura Nafarroako Foru Komunitatean ezartzeko arauak eta horretaz arduratuko den antolaketa egitura finkatu zituena.

3. ERANSKINA

B aukeraren bidez deitutako kualifikazioetarako jarraibideak

Gizarte edo enpresa entitateren batek uste badu kualifikazioren bat egiaztatu beharra dagoela lanbide sektoreren batean, eta horren deialdia egin dadila proposatu nahi badu, eskaera bat aurkeztu beharko dio Egiaztapen Batzordeari, eta honako dokumentazio hau erantsi:

–Kualifikazio hori egiaztatzeko beharra edo garrantzia arrazoitzen duen idazkia.

–Egiaztapen prozeduran parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten pertsonen zerrenda (NANa/AIZ, izen-deiturak, telefono mugikorra eta posta elektronikoa).

–Lan bizitzaren ziurtagiria eta zinpeko aitorpena, zerrenda horretako pertsona guztiena.

Egiaztapenen Batzordeak proposamena aztertuko du, eta, onartuz gero, eskaintzen den kualifikazio berria Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da (Tramiteak, http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Epea etenik gabe egonen da irekita (prozedura irekia, horretarako baliabide ekonomikoak agortu arte). Kasu horretan, “A” aukerako arauei jarraikiz deitzen diren kualifikazioetarako 2. eranskinean ezarritako jarraibideak beteko dira.

Iragarkiaren kodea: F1715200