31. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Euskara ikasteko diru-laguntzak emateko oinarriak

TAFALLAKO UDALAK, EUSKARA BATZORDEAREN BIDEZ, DIRU-LAGUNTZAK EMANEN DITU. HONA HEMEN OINARRIAK

1. Xedea.

Oinarri hauen xedea da tafallar helduak euskara ikastera bultzatzea.

2. Laguntzak emateko prozedura.

Diru-laguntza emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Horretarako, behar den denboran eta moduan aurkeztutako eskaerak aztertu eta emanen dira laguntzak, 3. oinarrian ezarritako betekizunak aplikatzearen bidez.

Horretarako gaitutako aurrekontuko partidaren kargura ordainduko da.

3. Onuradunek diru-laguntza eskuratzeko bete behar dituzten baldintzak.

3.1. Eskatzaileak:

Euskara ikasteko beka hau eska dezakete baldintza hauek biltzen dituzten pertsonek:

a) 16 urtetik gorakoa izatea.

b) Tafallan erroldatuak egotea. Onuradunak erroldaturik segitu behar du ikasturtea amaitzen den egunean, laguntza osoa eskuratuko badu. Hala ez bada, kalkulu proportzionala eginen da bajaren egunaren arabera.

c) Deialdi honetatik kanpo daude administrazio publikoren edo enpresa pribaturen bateko langileak izanik, euskalduntze plan bereziren batean sartuak dauden Tafallako pertsonak. Euskalduntze plan horietan ez egotearen zinpeko aitorpena aurkeztuko da.

3.2. Ikastaroak:

a) Diruz lagunduko dira ikastaro homologatu estentsiboak (120 ordu baino gehiago), intentsiboak (70 ordu baino gehiago) eta barnetegiak (gutxienez 7 egunekoak). Aurreko ikasturtea lagunduko da diruz, ez orain egiten ari dena.

b) Maila bereko kurtso batengatik jaso dezakete laguntza eskatzaileek, salbuespenezko kasuetan izan ezik. Horiek behar bezala baloratuko ditu organo eskudunak eta eskatutako gutxieneko asistentzia egiaztatu beharko da (klase orduetatik %80).

4. Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak izanen dira bestelako erakunde publiko nahiz pribatuek xede bererako ematen dituzten gainerako guztiekin, baina inoiz ez da gainfinantzaketarik izanen. Horrelakorik gertatuz gero, horren berri emanen zaio Udalaren Euskara Zerbitzuari, diru-laguntzaren zenbatekoa behar den gehieneko diru-mugaraino gutxitzeko.

5. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Eskaerak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 15 egun baliodunean aurkeztuko dira Tafallako Udaleko erregistro orokorrean. Epe hori luzaezina izanen da, eta ez da eskaerarik onartuko epetik kanpo.

6. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

6.1. Eskabide orokorrari erantsita, ondoko hauek aurkeztuko dira:

–Ikastaroa antolatzen duen entitatearen ziurtagiria. Horrek ikastaroaren ezaugarriak azalduko ditu: iraupenaren datak, maila, ordu kopurua, asistentzia eta kostua. Asistentziak %80tik gorakoa izan beharko du, laguntza kobratu nahi bada.

–Matrikula ordaindu izanaren frogagiria, banku entitateak edo ikastaroa antolatu duen erakundeak egina.

–Diru-sarrera zer banku-libretatan jaso nahi duen, libreta haren lehenbiziko orrialdearen fotokopia.

–Gizarte Segurantzaren eta Nafarroako Foru Ogasunaren ziurtagiria, tributu betebeharrak eguneratuak izatea egiaztatuko duena.

7. Laguntzen zenbatekoa.

7.1. Laguntza matrikularen kosturaren %50 izanen da. Ikasleak ez du jasoko 250 euro baino gehiagoko laguntzarik.

7.2. Nolanahi ere, eta aurrekontuan horretarako den diruaren arabera, eskabide kopurua deialdian den izendapen ekonomikoa baino handiagoa bada, ezarritako betekizunak betetzen dituzten pertsonen artean hainbanatuko da.

8. Ebazpena eta jakinarazteko epea.

8.1. Diru-laguntza emateko prozedura agindu, ireki eta ebazteko eskumena duen organoa tokiko gobernu batzarra izanen da.

8.2. Emateko prozedura ebazteko epea hilabete batekoa izanen da eta jakinarazpena 10 eguneko epean eginen da.

8.3. Ordainketa behin eginen da banku transferentzia bidez eta emandako kontu korrontearen zenbakira, diru-laguntza emateko ebazpenaren datatik hilabete bateko epean.

9. Diru-laguntzaren publizitatea.

Emandako diru-laguntzaren publizitatea Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren eta Udalaren webguneko gardentasunaren atariaren bidez eginen da.

10. Diru-laguntza ematen duen organoaren aldeko berme neurriak.

Ez da neurririk eskatzen gai honi buruz.

11. Jarduera azpikontratatzeko aukera.

Oinarri hauen xedeko jarduera ezin da azpikontratatu.

12. Onuradunaren betebeharrak publizitateari dagokionez.

Onuradunak ez du betebeharrik diru-laguntzaren xedeko jardueraren finantzaketaren publizitateari buruz.

13. Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunaren betebeharrak dira:

a) Diru-laguntza emateko oinarri den helburua lortzea.

b) Emandako diru-laguntza diru-laguntzaren xede diren gastuak finantzatzeko baizik ez erabiltzea.

c) Organo emaileari erakustea beharkizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea diru-laguntza emateko edo diru-laguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla. Justifikazioa bete dela ulertuko da 6. puntuan eskatu dokumentazioa aurkezten denean.

d) Organo emailearen egiaztapenak onartzea, baita organo eskudunek egin dezaketen beste edozein egiaztapen eta kontrol finantzario ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako bestelako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

f) Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egiten denean, betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak izatea Nafarroako Foru Ogasunarekin, Udalarekin eta haren erakunde autonomoekin, ofizioz eginen baitira egiaztapena, baita Gizarte Segurantzarekin ere.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Ebaluatzaileei lana erraztea.

i) Ez da beharrezkoa aurkeztea diru-laguntzaren justifikazio egokia bermatzeko kontabilitateko liburu eta erregistrorik.

j) Udalaren Kontu-hartzailetza Orokorrari dagokion dokumentazioa aztertzeko sarbidea izatea.

k) Ematearen ondorioz ezarri diren betebehar partikularrak betetzea.

l) Diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, jasotako funts publikoak itzultzea. Orobat egindako ikastaroaren kostuaren gainetik lortutako soberakina.

14. Diru-laguntza itzuli beharra.

14.1. Diru-laguntza emateko ebazpenari dagokionez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. artikuluan aurreikusitako deuseztasun edo deuseztagarritasun kasuez gainera, honako kasu hauetan ere bidezkoa izanen da jasotako zenbatekoak itzuli behar izatea eta berandutze-interesak eskatzea (diru-laguntza ordaintzen denetik itzuli beharra erabakitzen den egunera artekoak):

a) Diru-laguntza lortu izana horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b) Proiektuaren xedea osorik nahiz hein batean ez betetzea edo diru-laguntza ematea oinarritzen duen jokabiderik ez hartzea edo diru-laguntza ematearen ondorioz ezarritako baldintzak.

c) Justifikazioaren betebeharra ez betetzea edo eskatzen dena behar bezala ez justifikatzea.

14.2. Itzuli beharreko kopuruak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat joko dira; premiamendu-bidea erabiliko da baldin diru-sarrera ez bada egiten ezarritako epeetan.

14.3. Jasotako zenbatekoak osorik edo hein batean itzultzen badira, itzuli beharko dira, behar bada, dagozkien berandutze-interesak. Inguruabar horretatik aparte, eska litezkeen zehapenak ezarri ahalko dira. Itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko (jasotako zenbatekoak osorik edo hein batean) proportzionaltasun irizpideari jarraituko zaio.

15. Itzultzeko prozedura.

Emandako diru-laguntza itzultzeko prozedura, Tafallako Udalaren Diru-laguntzak arautzen dituen ordenantzari lotuko zaio.

16. Ez-betetzeak.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen edozein aldaketak laguntza emateko ebazpena aldatzea edo deuseztatzea ekarriko du berarekin.

17. Interpretazioa.

Deialdi honetan plantea daitezkeen arazoak ebazteko eskumena Tafallako Udalak du, ez beste inork. Oinarri hauetan aurreikusi ez den orotan Diru-laguntzei buruzko Udal

Ordenantza aplikatuko da, baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako haren erregelamendua ere, eta harekin bat heldu den gainerako araudia, aplikatzekoa dena.

18. Errekurtsoak.

Ebazpen horrek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta haren kontra, hautara, errekurtso hauetakoren bat para daiteke:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroan administrazioarekiko auzietan eskumena duen organoari zuzendua, bi hilabeteko epean ebazpena jakinarazi eta biharamunetik.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

–Berraztertzeko errekurtsoa, ebazpen hau eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Tafallan, 2017ko abenduaren 20an.–Alkatea, Arturo Goldaracena Asa.

Iragarkiaren kodea: L1800684