31. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUNBERRI

Bijuestxirringua SL Merkataritza sozietatea eratzeko justifikazio txostena eta estatutuak. Behin betiko onespena

Irunberriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Batzar Orokorrak, 2017ko abenduaren 14an egin bilkuran, kideen legez ezarritako gehiengoa izanik, besteak beste, erabaki hau hartu zuen. Hona hemen testu osoa:

Irunberriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Batzar Orokorrak, 2017ko urriaren 26an egin bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batean onestea Merkataritza sozietate bat eratzeko memoria eta estatutuak, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak kudeatzen dituen instalazioetan garbiketa eta arropa garbitzeko zerbitzuak, bai eta zerbitzu eta lan osagarriak ere (esaterako, kontrol zerbitzuak edo logistika zerbitzuak) kudeatzeko xedez.

Espedientea jendaurrean egon zen 30 egun naturaleko epean, iragarkia 2017ko 217. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 10ean, argitaratu ondoren. Epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

Legez ezarritako tramitazioa eginik, beharrezko txostenak ikusirik,

ERABAKI DA:

1. Behin betiko onestea justifikazio txostena merkataritza sozietate bat eratzeko, Mankomunitatearen kudeaketa zuzena eta kapital osoa izan dadin, zerbitzuak edo laguntza lanak kudeatzeko (esaterako, kontrol zerbitzuak edo logistika zerbitzuak), Gizarte Zerbitzuen Mankomunitate honek kudeatzen dituen instalazioetan.

2. Behin betiko onestea kudeaketa zuzena egitea merkataritza-sozietate mugatua eratuz, kapital osoa Mankomunitatearena duena, instalazioak eta arropa garbitzeko zerbitzuak kudeatzeko, bai eta laguntza lanak edo zerbitzuak ere (esaterako, kontrol zerbitzuak edo logistika zerbitzuak), Gizarte Zerbitzuen Mankomunitate honek kudeatzen dituen instalazioetan.

3. Behin betiko onestea erantzukizun mugatuko merkataritza sozietatearen estatutuak.

4. Behin betiko onestea Bijuestxirringua Sozietate Mugatua izeneko merkataritza sozietatearen eraketa.

5. Erabaki hau eta Estatutuen testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Bijuestxirringua Sozietate Mugatuaren eraketa eskritura publiko bihurtzea eta merkataritza-erregistroan izena ematea, erabaki hau eraginkorra izan dadin Mankomunitateko buruari baimena emanez beharrezko agiriak sina ditzan notarioaren aurrean edo merkataritza-erregistroaren aurrean, Sozietatearen eraketa erregistroan izena emateari dagokionez beharrezkoa dena argitzeko, zuzentzeko edo informazio osagarria aurkezteko, halakorik bada.

7. Bijuestxirringua Sozietate Mugatua sozietatearen Administrazio Kontseiluko kideak izendatzea, estatutuen 9. artikuluan xedatutakoa aplikatuta. Hurrengo hauek dira kideak:

–Mauro Gogorcena Aoiz, Irunberriko Udalaren ordezkaria Irunberriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Batzar Orokorrean.

–Luis Guindano Ochoa, Irunberriko Udalaren ordezkaria Irunberriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Batzar Orokorrean.

–Ignacio Juan Ustárroz Córdoba, Irunberriko Udalaren ordezkaria Irunberriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Batzar Orokorrean.

–Andrés Nicuesa Goyeneche, Irunberriko Udalaren ordezkaria Irunberriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Batzar Orokorrean.

–Cruz Moriones Úriz, Nabaskozeko Udalaren ordezkaria Irunberriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Batzar Orokorrean.

–Juan Francisco Iriguíbel Iturri, Urraulgoitiko Udalaren ordezkaria Irunberriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Batzar Orokorrean.

–Xabier San José Domínguez, Itzaltzuko Udalaren ordezkaria Irunberriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Batzar Orokorrean.

Irunberrin, 2018ko urtarrilaren 3an.–Mankomunitateko burua, Mauro Gogorcena Aoiz.

BIJUESTXIRRINGUA SL MERKATARITZA-SOZIETATE
PUBLIKOAREN ESTATUTUAK

1. artikulua. Izena.

Bijuestxirringua SL izeneko merkataritza sozietatea eratu da, erantzukizun mugatuko sozietate gisa. Estatutu hauek eta aplikatzeko modukoak diren lege-xedapenek arautuko dute sozietatea.

2. artikulua. Batasunaren helburu soziala.

Sozietatearen xedea da honako jarduera hauek gauzatzea:

a) Instalazioak eta arropa garbitzeko zerbitzuak ematea gizarte zerbitzuak ematen diren instalazioetan;

b) Zerbitzu edo lan osagarriak, esaterako kontrol zerbitzuak edo logistika zerbitzuak, ematea gizarte zerbitzuak ematen diren instalazioetan.

3. artikulua. Iraupena.

Sozietateak mugarik gabeko iraupena izango du, eta eraketaren eskritura egiten den egunean hasiko da jardunean.

4. artikulua. Egoitza soziala.

Egoitza soziala Irunberrin, Bijues etorb. z.g. helbidean egongo da.

Administrazio organoak erabakiz gero helbidea lekualdatu ahalko da udal-mugarte barnean.

5. artikulua. Kapital soziala.

Kapital soziala 3.000 (HIRU MILA) eurokoa izango da, sozietateko 1.500 partaidetza banaezinetan zatitua. Partaidetza bakoitzak 2 (bi) euroko balio izendatua du eta elkarren segidako zenbaki bana dute, 1etik 1.500era bitartekoak, biak barne. Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak izenpetuak eta ordainduak dira osorik.

Kapital soziala handitu edo txikitzen ahalko da, Batzar Orokorrak hala erabakitzen badu. Aitzinetik Administrazio Kontseiluak idatzizko txostena eginen du horrelako aldaketa justifikatzeko.

6. artikulua. Elkartearen kudeaketa eta ordezkaritza.

Sozietatea zuzendu eta administratzeko organoak honakoak izango dira:

–Batzar Orokorra;

–Administrazio Kontseilua;

–Kudeatzailetza.

7. artikulua. Batzar Orokorra.

Batzar Orokorra sozietatearen organo gorena da, eta Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea denez kide bakarra, honek beteko ditu Batzar Orokorraren eskumenak, Kapitaleko Sozietateei buruzko Legearen 15. artikuluarekin bat, Mankomunitateak horretarako deitzen dituen Batzarraren bilkuretan bere borondatea adierazita. Barne jardunean toki araubidearen gaineko legeei lotuko zaio, Kapitaleko Sozietateei buruzko Legean eta aplikagarria den zuzenbide pribatuko araudi osagarrian xedatutakoa ukatu gabe, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 85. ter artikuluak hara igortzen baitu.

Batzar Orokorreko burua izango da Mankomunitateko burua edo hark eskuordetzen duen batzarreko kidea.

Mankomunitatearen erabakiak, bazkide bakarra bera izanik, Mankomunitateko batzarraren aktan jasoko dira, behar den moduan, eta Mankomunitateak berak edo administrazio kontseiluak betearazi eta formalizatzen ahalko ditu. Akta horiek Sozietateko Batzar Orokorraren Akten Liburuan jasoko dira, buruak eta idazkariak sinatuta, eta idazkariak zainduko ditu.

8. artikulua. Batzar Orokorraren eskumenak.

Batzar Orokorraren eskumenen artean, honako hauek daude:

–Administrazio Kontseiluko kideak izendatu, berritu edo berrestea, estatutu hauetan ezarritakoari jarraituz.

–Estatutuak aldatzea.

–Kapitala handitu edo txikitzea.

–Inbentarioa, balantzeak, emaitzen kontua, memoria eta kudeaketari buruzko urteko txostena onestea.

–Auditoreak izendatzea.

–Kapitaleko Sozietateei buruzko Legeak Batzar Orokorrari ezartzen dizkion gainerako eginkizunak.

9. artikulua. Administrazio Kontseilua.

Administrazio Kontseiluak zuzenduko du sozietatea. Batzar Orokorrak Mankomunitateko Batzarreko kideen artetik izendatutako 7 lagunek osatuko dute.

Aplikatzekoa den araudian eta gainerako xedapen indardunetan ezarritako bateraezintasun edo debekuak dauzkatenek ezin izango dute administrazio kargurik bete.

Kontseilukideak lau urterako izendatuko dira, baina Mankomunitateko Batzarreko kide diren aldetik izendatuak izan direnek izaera hori galduz gero, kontseilukide izateari utziko diote besterik gabe, kide berriek ordezten dituzten unean bertan.

10. artikulua. Karguak kontseiluan.

Kontseiluak bere kideen artetik izendatuko ditu Kontseiluko burua (Mankomunitateko burua izango da, kontseilaria bada), buruordea (buruaren eskudantzia guztiak izango ditu, eta haren lekuan arituko da hura kanpoan, gaixorik edo karguan aritzeko ezindurik dagoenean) eta kontseilukideak.

Era berean, Administrazio Kontseiluak izendatuko du bere idazkaria. Kontseiluko kidea nahiz Kontseilutik kanpokoa izan daiteke eta, hala denean, hizpidea bai baina botorik ez du izango bilkuretan.

Kontseilari kargua dohainik da.

11. artikulua. Kontseiluaren bilkuretarako deialdia eta quoruma.

Kontseilua bilduko da sozietatearen interesak eskatzen duen aldiro eta hiruhilekoan behin, gutxienez. Gutxienez bi kidek eskatzen dutenean ere bildu beharko da.

Kontseiluko buruari dagokio, edo hura ordezten duenari, deialdiak egitea idatzizko eta banakako jakinarazpen bidez, modu frogagarrian edo “burofax” bidez edo jaso izana frogatzen duen bide telematiko batez, Administrazio Kontseiluko kide bakoitzaren etxera igorrita, eta deialdiaren eguna, lekua eta ordua adierazteaz gainera, eguneko aztergaiak ere azaldu beharko dira. Deialdiak kontseilukideei banan-banan jakinarazi beharko zaizkie bilkurarako ezarritako eguna baino bi egun lehenago gutxienez, jakinarazpena egiten denetik hasita.

Kontseilua modu baliozkoan eratuko da kontseilukideen edo haien ordezkarien erdiak gehi bat bilduz gero. Edozein kontseilukidek beste edozeini eskuordetu ahalko dio bere ordezkaritza, Kontseiluko buruari zuzendutako gutun baten bidez.

12. artikulua. Erabakiak nola hartu.

Kontseiluko buruak zuzenduko ditu eztabaidak eta hura ez dagoenean edo gainerako kasuetan, buruordea arituko da. Erabakiak bertaratzen diren edo ordezkatuta dauden kideen gehiengo osoz hartuko dira.

Kontseiluaren erabakiak akta liburu batean jasoko dira eta buruak eta idazkariak sinatuko dituzte edo, bestela, buruordeak. Idazkariak akta liburuko edukiaren gaineko ziurtagiriak, osoak edo partzialak, egin ahalko ditu, entitateko buruak ikus-onetsita.

13. artikulua. Administrazio kontseiluaren ahalmenak.

Kontseiluak sozietatearen negozioak kudeatuko ditu, igorpen eta trafiko eragiketak egingo ditu eta sozietatea ordezkatuko du, hala epaiketan nola epaiketatik kanpo. Bereziki, jarduera horiei dagokienez, legeak eta estatutuek Batzar Orokorrerako gordetzen ez dituzten ahalmenak eman zaizkio Kontseiluari. Gainera, ondotik aipatzen diren ahalmenak izango ditu, besteak beste:

1.–Ondasun higigarriak eta higiezinak, landa-lurrekoak nahiz hiri-lurrekoak, eskubide gorpuzgabeak, kontzesioak, lizentziak, patenteak, hornidurak eta errentamenduak administratu, eskuratu, baliatu eta, oro har, besterendu eta kargatzeko egintza guztiak, eta horiei dagokienez, mota horretako guztiak eratu, geroratu, aldatu, subrogatu eta azkentzen ahalko ditu; era berean, hipotekak eta oro har eskubide errealak eratu, aldatu eta azkentzen ahalko ditu.

2.–Elkarketak, eransketak, zatiketak, bereizketak, hondarren eta obra berrien deklarazioak egitea, horiek jabetza horizontalaren araubidean eratuz, kuotak edo elementu komun eta gastuen partaidetzak esleituz, sortzen diren elkarteak arautzea egokitzat jotzen dituen arau edo estatutuen bidez, deskripzioen zabalkuntzak, azaleren zuzenketak eta beste kontzeptu batzuenak egitea, zortasunak eta gainerako eskubide errealak eratu eta iraungitzea.

3.–Sozietateko langileak izendatzea eta bereiztea, haien soldatak eta ordainsariak finkatzea, behar diren zuzenketak egitea eta langileak kaleratzea; arrisku mota guztietarako aseguratzea, istripuak barne; hauteskunde sindikaletan edo lan hauteskundeetan parte hartzea eta ematen zaizkion karguak onartzea.

4.–Sozietatearen afera eta negozio guztien barne eta kanpo kudeaketan aritzea; kontabilitatearen ardura izatea eta legeak eskatzen dituen kontabilitate liburuak erabiltzea; kontuak, kanbio-letrak, igorpen eta trafikoko gainerako agiriak eta erresaka kontuak formalizatu eta aurkeztea.

5.–Kontu korronteak eta kreditu kontuak irekitzea aurrezki kutxetan eta edozein bankutan, edo sozietate eta entitate pribatu nahiz publikoetan, eta haiek baliatzea, txekeak, ordainketa aginduak eta gainerako agiriak emanez.

6.–Era guztietako zorrak, libramenduak eta ordainketa aginduak kobratu eta ordaintzea, horien gainean ordainagiriak eta ordain gutunak ematea eta bermeak kitatzea, hipoteka-bermeak eta pignoraziozkoak barne; zorren ordainketa gisa edozein motatako ondasunen lagapenak onartzea, higigarrien eta eskubide errealen lagapenak barne, eta eskubideak eta aukerak onartzea; lurreko, itsasoko eta aireko garraioak kontratatzea; salgaiak, gutunak, ziurtagiriak, igorpenak, telegramak eta gutuneria orokorra jasotzea aduana, aireportu, tren geltoki, biltegi edo gordailuetatik, baita administrazioetatik eta telegrafo zerbitzuetatik ere.

7.–Zenbatekoak eskudirutan maileguz hartzea edozein entitateri eta beste edozein establezimenduri, komeni diren interes eta baldintzekin, adibidez, eta nolanahiko bermeak onartu eta ematea, baita hipoteka-bermeak ere.

8.–Sozietatearen memoria, inbentarioa eta balantzea idatzi eta prestatzea, galera eta irabazien kontuan, eta funts berezien ezarpenari buruz erabakitzea.

9.–Sozietatea ordezkatzea epaiketan eta epaiketatik kanpo, agintari, entitate eta norbanakoen aurrean, estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako eta udalerrietako erakunde eta bulegoen aitzinean, maila, mota eta jurisdikzio guztietako magistratura, epaitegi eta auzitegien, Etxebizitzako ordezkaritzen edo haien eskumenak bere gain dituen erakundearen, Ogasun, Industria eta Lan ordezkaritzen, Trafiko, Herri Lan eta Hirigintza burutzen eta Estatuko Administrazioko beste edozeinen aitzinean, espedienteetan, ekintzen eta salbuespenen erabilpenean, sustatzaile, jardule, laguntzaile edo demandatu gisa, edozein dela ere espedientea, epaiketa edo jurisdikzioa, eta haietan probak proposatzea, lekukoak errefusatzea, funtzionarioak ezestea, errekurtsoak paratzea, prozeduretan etsi eta amore ematea, fidantzak eta gordailuak eratu eta garaiz kentzea, posizioei erantzutea eta epaiketan aitortzea.

10.–Sozietatearen xedeak betetzea eta horretarako aurretik egin behar diren urrats guztiak egitea.

11.–Enkanteetan, lehiaketetan eta zuzeneko lehiaketetan parte hartzea, zerbitzuak, obrak eta produktu, material edo manufaktura-gaien hornidurak kontratatzeko; agiriak, aitorpen edo dokumentuak aurkeztea; behin-behineko eta behin betiko adjudikazioak onartzea.

12.–Ahalorde orokor edo bereziak ematea, bere eginkizun guztiak edo batzuk besteren esku uzteko; auzitegietako prokuradoreak eta legelariak izendatzea, epaiketan ordezkari aritzeko behar diren ahalmenak emanez; emandako ahalordeak ezeztatzea eta ordezpenak baimentzea; mota guztietako notario-aktak eskatzea; jakinarazpen eta errekerimenduak egin, jaso eta erantzutea; agiri publiko eta pribatuak formalizatzea eta, oro har, bere jarduera berezia garatzeko behar den guztia egitea.

13.–Sozietateko kudeatzailea izendatzea.

14.–Ekitaldi ekonomiko bakoitzaren amaieran, sozietateak aurreko ekitaldian egindako kudeaketari buruzko memoria aurkeztea Mankomunitateko Batzarrari.

14. artikulua.Kontseiluburuari dagokio ordezkaritza ahalordea, estatutuetan zehaztutako xede sozialean sartzen diren egintza guztietan, eta horiek betetzean Administrazio Kontseiluak hartzen dituen erabakiei lotuko zaie.

15. artikulua. Kudeatzailea.

Administrazio Kontseiluak kudeatzaile bat izendatzen ahalko du, ahalordetze erabakian eta idazkian esleitzen zaizkion zuzendaritza, kudeaketa eta betearazpen arloetako ahalmenak izango dituena.

16. artikulua. Ondarea eta baliabideak.

Sozietatearen ondareak biltzen ditu sozietatearen kapitala eta haren jabetzako era guztietako ondasun eta eskubideak, erosketetan, zuzeneko sustapenetan eta sozietatearen funtsekin egindako eragiketetan eskuratuak edo lagapen eta dohaintza bidez lortuak, eta Irunberriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen, Mankomunitateko udalen, Nafarroako Gobernuaren, beste autonomia erkidego, probintzia edo udalerrien, Estatuaren edo partikularren diru-laguntzen bidez lortuak.

Sozietatearen ogasunak ondoko baliabideak biltzen ditu:

–Sozietatearen kapitala, ondasunen, kredituen eta eskubideen errentak, emaitzak edo interesak.

–OGZBMek ematen dizkion diru-laguntzak.

–Mankomunitateko udalek, Nafarroako Gobernuak, beste autonomia erkidego, probintzia eta udalerriek, Estatuak eta partikularrek ematen ahal dizkioten diru-laguntzak, laguntzak eta dohaintzak.

–Ondasunak besterenduz eskuratzen dituen baliabideak.

–Kontratatzen dituen mailegu edo kreditu eragiketetatik datozenak.

–Entitate edo norbanakoek ematen dizkioten aurrerakinak eta sozietateak lortzen ahal dituen legezko diru-sarrera guztiak.

17. artikulua. Sozietatearen ekitaldia eta urteko kontuak.

Sozietatearen ekitaldia urte naturala bera izango da.

Administrazio Kontseiluak urteko kontuak, kudeaketaren gaineko txostena, emaitza aplikatzeko proposamena eta, hala badagokio, bateratutako kontuak eta kudeaketaren gaineko txostena egingo ditu. Sozietatearen ekitaldia itxi eta hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko ditu denak. Urteko kontuetan bilduko dira balantzea, galera eta irabazien kontua eta txostena. Kontseiluko kide guztiek sinatu behar dituzte agiri horiek eta sinadura bat ez dagoenean azaldu beharko da zergatik ez dagoen sinatua.

Agiri hauek unitate bat osatzen dute, argi idatzi behar dira, eta sozietatearen ondarearen, finantza-egoeraren eta emaitzen irudi zehatza islatu behar dute, Kapital-sozietateei buruzko Legearen Testu Bateginean eta Merkataritza Kodean ezarritakoarekin bat.

Agiri horiek legezko epearen barnean Mankomunitatearen Batzarrari aurkeztuko dizkio, Batzar Orokor gisa onets dezan. Horrekin batera, egindako jardueraren eta lortutako emaitzen gaineko memoria aurkeztuko dio. Mankomunitatearen Batzarrak zentsura eginkizunak beteko ditu, zer zuzendu behar den adieraziz, eta, behar denean, erantzukizuna eskatuz.

18. artikulua. Desegitea.

Toki araubideari buruzko legerian eta Kapitaleko Sozietateei buruzko Legean aurreikusitako kasuetan sozietatea desegin egingo da, Batzar Orokorraren erabakiaren bidez.

Sozietatea likidatu behar izanez gero, Batzar Orokorrak likidazio batzordea izendatuko du. Batzordeko kideen kopurua bakoitia izango da. Likidazio batzordea izendatzeak Administrazio Kontseiluaren ahalmenen amaiera ekarriko du.

Likidazio aldia burutu arte, Batzar Orokorrak urteko bilkura arruntak eta deitu behar diren bilkura berezi guztiak egiten jarraituko du, indarra duten xedapenen arabera.

Iragarkiaren kodea: L1800198