31. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GESALATZ

Udal ordenantza, Gesalazko udal-mugartean aurretiazko komunikazioaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren bidez hasitako jarduerak eta obrak ondoren kontrolatzeko prozedura arautzen duena. Behin betiko onespena

Gesalazko Udalak, 2017ko azaroaren 16an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Gesalazko udal-mugartean aurretiazko komunikazioaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren bidez hasitako jarduerak eta obrak ondoren kontrolatzeko prozedura arautzen duen udal ordenantza.

Hasierako onespenaren iragarkia 2017ko 237. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 13an.

Jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu; beraz, behin betiko onetsitzat jo da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, behin betiko testuarekin batean.

Zioen azalpena.

Zerbitzu jardueretarako sarbide libreari eta haietan aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legeak Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2006ko abenduaren 12an barne merkatuko zerbitzuei buruz onetsitako 2006/123/EE Zuzentaraua ekarri du gurera. Bestalde, 25/2009 Legeak zenbait lege xedapen aldatu ditu, halaber, Europako araua sartzearen ondorioz. Aldaketa horien artean, nabarmendu beharra da Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 84. artikuluaren idazketa berria, aurretiazko komunikazioa, erantzukizunpeko adierazpena eta ondorengo kontrola ezarri baititu esku hartzeko baliabide arrunt gisa toki esparruan.

Eta, aldi berean, hizpide dugun arloari dagozkion zenbait arau ere atera dira, hala nola, Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko 15/2009 Foru Legea, Barne merkatuko zerbitzuei buruzko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko xedez zenbait foru lege aldatzen dituen 6/2010 Foru Legea eta 7/2010 Foru Legea Toki Administrazioari buruzko Foru Legea aldatu duena 2006/123/EE Zuzentarauari egokitzeko, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legea aldatzen duen 5/2015 Foru Legea eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Agindua (haren bidez, otsailaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua garatzen duten arauak onetsi ziren, administrazioa bizkortzeko eta prozedurak errazteko arauak sartzeko asmoz; 93/2006 Foru Dekretuak Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen).

Araudi horrek ezarritako ildoari jarraituz, 19/2012 Legegintzako Errege Dekretuak eta Merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legea eman ziren, helburua izanik, zioen azalpenean adierazten zen bezala, aurrera egitea ingurumenaren babesean, segurtasunean edo osasun publikoan oinarritzen ziren aurretiazko udal lizentziaren edo baimenaren kasu guztiak kenduz, merkataritzako establezimenduei lotuta daudenak, bai eta eranskinean jasotzen diren 300 metro koadrora bitarteko beste batzuei ere. Ulertzen da, beharra eta proportzionaltasuna juzgatu ondoren, aurretiazko kontrolak beharrezkoak direla, zeren jarduera horietan, beren izaeragatik, behar dituzten instalazioengatik eta establezimenduaren neurriengatik, ez baitago baimenaren teknikaren bitartez kontrolatzeko moduko eraginik; izan ere, horren ordez, ondorengo kontrol bat ezartzen da, erantzukizunpeko adierazpen batean oinarritua. Malgutasuna, halaber, martxoaren 4ko 2/2011 Legearen erreforma aplikatzeko esparruaz haratago zabaltzen da, eta aurretiazko komunikazioari edo erantzukizunpeko adierazpenari lotutako obra guztiak ere ukitzen ditu. Hori dela eta, obrak eta instalazioak eraikitzeari eta merkataritza eta zerbitzuak egiteari ekiten ahal zaio, erantzukizunpeko adierazpen bat edo aurretiazko komunikazio bat aurkeztuz, kasua zein den, zeinetan enpresak adieraziko baitu indarreko araudiak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituela eta eskatzen diren agiriak dituela, eta kasuan kasuko zerga ordainduta duela dioen frogagiria baduela, hura behar denean.

Erregelamenduzko testu honen helburua da jarduera eta obra horiek ondoren kontrolatzeko prozedura administratiboa zehaztea, Udalaren jardunak estaldura juridikoa izan dezan, eta segurtasun juridikoa eman dakien erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bidez obrak edo jarduera hasi dituzten establezimenduen titularrei.

Azkenik, aipatu beharra da Estatuko eta Nafarroako araudiak ezarriko dituela aurretiazko baimen administratiboa erantzukizunpeko adierazpenarekin ordezteko araubide horri lotutako jarduerak, 12/2012 Legearen azken xedapenetan 9.ak eta 10.ak ahalmena ematen baitiete gobernuari zein autonomia erkidegoei erantzukizunpeko adierazpena, eta, hortaz, ordenantza honek ezartzen duen ondorengo kontrolaren araubidea, aplikagarri izango lituzketen azaleraren atalasea nahiz jardueren eta zerbitzuen katalogoa handitzeko.

Xedapen orokorrak.

1. artikulua. Xedea.

1.–Erregelamenduzko xedapen honek helburu du Gesalazko Udalak egin beharreko ondorengo kontrolaren prozedura erregulatzea, aurretiazko komunikazioaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren prozeduraren bidez hasitako jarduerak legez aurreikusi bezala ezartzeari dagokionez.

Ondorengo kontrolaren araubide hori, halaber, aurretiazko komunikazioari edo erantzukizunpeko adierazpenari lotutako obrei aplikatuko zaie.

2.–Kontrolaren prozedura hori mugatzen da erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bidez hasitako jardueretara, eta ez ditu baztertzen edo ukitzen kontrolaren gainerako prozedurak, Gesalazko Udalak bere eskumenen esparruan horien funtzionamenduari dagokionez egiten dituenak.

2. artikulua. Gaitzen duten tituluak.

1.–Udalak esku hartzen ahal du, jarduera eta obra horiek funtzionamenduan jartzeari dagokionez, baliabide hauen bitartez:

a) Aurretiazko komunikazioaren menpe jartzea.

b) Erantzukizunpeko adierazpenaren menpe jartzea.

2.–Udalak ondorengo kontrolaren ahalmenak baliatuko ditu interesdunak erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bidez jakinarazitako datuak egiaztatzeko, Merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legearen 5. artikuluan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 189. ter artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 71. bis artikuluan xedatutakoaren babesean.

3. artikulua. Aurretiazko komunikazioa.

1.–Aurretiazko komunikazioan, interesdunak Udalari jakinarazten dio jada funtzionamenduan dabiltzan jardueren titulartasuna aldatu dela.

2.–Aurretiazko komunikazioaren agiria ereduari jarraituz aurkezteak bide ematen dio interesdunari bere jardueran hasteko.

4. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena.

1.–Erantzukizunpeko adierazpenean, ageriko jarduera bat martxan jarri gogo duen interesdunak, bere erantzukizunpean eta ereduaren araberako agiri baten bidez, adierazten du indarreko araudian kasuan kasuko enpresa edo lanbide jarduera hasteko ezarritako baldintzak betetzen dituela, hori frogatzeko dokumentazioa daukala eta konpromisoa hartzen duela hori betetzen jarraitzeko jarduerak irauten duen bitartean. Gainera, jarduera egitearren lokala egokitzearekin lotuta dauden obrak egiteko asmoa ager dezake, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 189. ter artikuluan xedatutakoaren arabera. Azkenik, erantzukizunpeko adierazpenaren helburu bakarra izan daiteke aipatu obrak jada funtzionamenduan dabiltzan jardueretan egiteko asmoa adieraztea, ereduaren araberako Udalaren eskabidean jaso bezala.

Erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak bide ematen du jarduera hasteko edo egin gogo diren obrak egiteko.

2.–Erantzukizunpeko adierazpenaren araubidea jarduerak ezartzeko legez aurreikusitako kasuetan aplikatuko da, baita aurretiazko komunikazioari edo erantzukizunpeko adierazpenari lotutako obrak egiteko ere.

Aurretiazko komunikazioaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren bidez jarduerak funtzionamenduan jartzeko prozedura.

5. artikulua. Eskabideen aurkezpena.

1.–Gesalazko Udalaren Erregistro Orokorrean kasu bakoitzerako araututako eskabide bat aurkeztuz egingo da aurretiazko komunikazioa edo erantzukizunpeko adierazpena. Erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, kasuan kasuko ziurtagiri teknikoa aurkeztuko da, Udalaren ereduen araberakoa.

2.–Halaber, kasuan kasuko udal tasa ordaindu izanaren frogagiria aurkeztuko da, eta jarduera ekonomikoen zergaren kasuan kasuko epigrafean edo epigrafeetan alta emanda egotearena ere bai.

3.–Jarduera egiten den tokian, honako hauek egongo dira Udalaren eta gainerako administrazio publikoen eskura, beren eskumenak baliatzeko:

–Aurretiazko komunikazioaren eta/edo erantzukizunpeko adierazpenaren kopia bat, behar bezala eginbidetua Udalaren Erregistro Orokorraren sarrerarekin.

–Aurkeztutako ziurtagiri teknikoaren eta dokumentazio osagarriaren kopia bat, kasua bada.

–Kasuan kasuko dokumentazio gehigarria, Udalaren erantzukizunpeko adierazpenaren eta ziurtagiri teknikoaren ereduetan jaso bezala.

4.–Komunikazioa edo aitorpena gainbegiratuko da, eta, dokumentazioa zuzena edo behar adinakoa ez bada, errekerimendua egingo da 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko da ezen, hala egin ezean, organo eskudunak ebazpena emango duela, non hori jasoko baita, erantzukizunpeko adierazpenak eraginik ez duela adieraziko, eta, kasua bada, jarduera uzteko aginduko.

Aurretiazko komunikazioaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren eragina etenik geldituko da ordenantza honen 7. artikuluan zehaztu bezala eman ez diren datuak eman arte.

6. artikulua. Egiaztapen aldia.

1.–Erantzukizunpeko adierazpenaren egintzaren bidez funtzionamenduan jartzen den jarduera oro Udalaren zerbitzuek ondoren kontrolatzekoa izango da, irekitzeko edo obrak egiteko baldintzei dagokienez, halakorik balego. Bestalde, transmititzen diren eta Udalari jakinarazten zaizkion jarduerak ere ondoren kontrolatzekoak dira.

2.–Aurretiazko komunikazioaren araubidean, kontrolatuko da komunikazioko datuek eta Udalean daudenek bat egiten dutela lokalaren kokapenari, egiten den jarduerari eta aurreko titularrari dagokienez.

3.–Erantzukizunpeko adierazpenaren araubidean, kontrola egingo da egiaztatzeko jarduerak tramite horri heltzen ahal dion eta ziurtagiri teknikoak, hirigintzako erabilerak eta lokalaren oinarrizko baldintzek betetzen duten indarreko araudia (gutxieneko azalera, solairuarteak, eta abar).

4.–Ondorengo kontrolaren prozeduran, Udalak zilegi du bidezkotzat jotzen duen dokumentazio teknikoa eskatzea kasuan kasuko egiaztapenak egiteko.

5.–Lokala bertatik bertara ikuskatuz osa daiteke erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ondorengo kontrol administratiboa. Halakoetan, ikuskatu baino lehen, errekerimendua egingo zaio jardueraren titularrari indarreko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko dokumentazio teknikoa aurkez dezan, egiaztapena egiteko.

Akta jasoko da ikuskapen jarduketez, eta hura agiri publikotzat joko da eta zehapen prozedurei dagokien proba balioa izango du, aparte utzirik kasuan kasuko eskubide edo interesen defentsan aurkez daitezkeen probak.

6.–Dokumentazioa epe barrenean aurkezteko 5.3 artikuluan zehaztutako baldintza ez betetzeak ekarriko du jarduera uztea, hirigintzaren arloan eskudun den organoak emango duen aginduaren bitartez.

7. artikulua. Prozeduraren amaiera.

1.–Udalaren zerbitzuek kontrola egin ondoan, egiaztatzen denean lokalak baldintza egokiak betetzen dituela adierazi jarduera garatzeko, amaitutzat hartuko da kontrol prozedura, hirigintzaren arloan eskudun den organoaren ebazpenaren bitartez, eta horren berri emango zaio interesdunari beharrezko jakinarazpenaren bidez. Jakinarazpen hori lokalean eduki beharko da, Udalaren eta gainerako administrazio publikoen eskura, beren eskumenak balia ditzaten.

2.–Antzematen bada 12/2012 Legearen edo 448/2014 Foru Aginduaren aplikazio eremutik kanpoko jarduera bat hasi dela edo aurretiazko komunikazioaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren prozedurak babesten ez dituen obrak egin direla, eskatuko da 10 eguneko epean alegazioak egiteko edo bidezkotzat jotzen diren agiriak aurkezteko. Horiek ikusita, ebazpena emango da erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren eragina eteteko, epe bat zabalduko da kasuan kasuko lizentzia eskatzeko, eta jarduera uzteko aginduko da. Jarduera ezin bada legeztatu, eskatuko da establezimendua ixteko. Orobat, konpondu ezinezko akats teknikoak atzemanez gero, establezimendua ixteko aginduko da. Horretarako, 10 eguneko epe bat emango da, bere eskubidearen alde komeni zaiena alega dezaten.

3.–Egiaztapenean konpontzeko moduko akatsak atzemanez gero, eskatuko da haiek zuzen daitezela bidezkotzat jotzen den epean. Akatsak funtsezkoak badira, balorazio teknikoa eta juridikoa egin ondoren, erabakiko da jarduera kautelaz etetea, eta epe bat emango horiek zuzentzeko. Epe horretan norberaren eskubidearen alde komeni diren alegazioak egin daitezke, eta horiek baietsi edo ezetsiko dira prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean. Jardueraren etenaren erabakiaren kontra, tramiteko egintza kualifikatua den aldetik, errekurtsoa aurkezten ahalko da administrazio bidean nahiz bide judizialean. Atzemandako akatsak zuzendu ondoan, balioesten denean adierazi jarduera garatzeko baldintza egokiak betetzen dituela lokalak, artikulu honen 1. puntuan ezarritakoari jarraituko zaio.

Bestela, horretarako ezarritako epea iragandakoan, adieraziko da erantzukizunpeko adierazpenak edo aurretiazko komunikazioak ez duela eraginik, eta establezimendua behin betiko ixteko aginduko.

4.–Aurretiazko komunikazioa aurkezten bada eskatutako datuak bildu gabe, konpondu dadila eskatuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Foru Legearen 71. artikuluan xedatutakoarekin bat. Aurretiazko komunikazioaren eragina etenik geldituko da eman gabeko datuak ematen diren arte. Konpontzeko epea iragaten bada halakorik egin gabe, hirigintza arloan eskudun den organoak ebazpena emango du hori jasota geldi dadin eta adieraziko da aurretiazko komunikazioak ez duela eraginik.

5.–Erantzukizunpeko adierazpenari edo aurretiazko komunikazioari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri, funtsean, ez-zuzenak edo faltsuak badira, zerbait falta bada, edo erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa ez bazaio aurkezten eskumena duen administrazioari, ez da segitzen ahalko ukitutako eskubide edo jarduerarekin, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe legokiokeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboa. Halaber, horren berri ematen duen ebazpenak ezar dezake eskubidea erabili edo jardueran hasi aitzineko egoera juridikoa berrezarri beharra, baita erabaki ere aldi jakin batean ezin duela abiarazi beste prozedurarik xede berarekin; hori guztia aplikatu beharreko arau sektorialetan ezarritakoarekin bat etorriz.

6.–Jardueraren badaezpadako edo behin betiko etenaren gaineko ebazpenaren aurreko entzute epetzat hartzen dira neurri zuzentzaileak hartzeko nahiz egiaztapen aldiaren ondoriozko akatsak edo baldintzak zuzentzeko emandako epeak.

7.–Artikulu honetako aurreko ataletako neurriek ez dute ukatzen kasuan kasuko zehapen espedientea tramitatzea, hala behar bada.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko udal xedapen guztiak.

Gesalatzen, 2018ko urtarrilaren 3an.–Alkatea, Mariví Goñi Azanza.

Iragarkiaren kodea: L1800168