31. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

334E/2017 EBAZPENA, abenduaren 28koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Ingurumen ukipenetarako baimena ematen baitzaio Iratin, Bettattu alderdian, aparkalekua handitzeko proiektuari. Sustatzailea Zaraitzuko Ibaxaren Batzordea da.

2017ko maiatzaren 9an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko P) epigrafean sartzen da: “erregelamendu honen eranskinetan sartu ez diren obra, lan edo aprobetxamenduen proiektu guztiak, Nafarroako Gobernuak onetsitako babes bereziko eremuetan edo Natura 2000 Sarearen barreneko lekuetan egiten direnak, eta, betiere, tokian tokiko erabili eta kudeatzeko plan gidarietan jaso ez badira, plan sektorial batetik eratorri edo ez”. Foru dekretu horren bidez, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zen.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuaren xedea da Bettattuko egungo aparkalekua handitzea. Iratiko Etxeak izeneko lekuaren ondoan dago, Otsagabiko udal-mugarteko 15. poligonoko 4B eta 6. lurzatietan. Proposatutako handitzeak heliportu baten inguruko azalera ukituko du. Tokiak badu sarbide bat jada, NA-2012 errepideko 23. kilometro puntutik.

Ingurune horretan autoetarako aparkatoki gehiagoren beharrarekin justifikatzen da proiektua. Iratik erakarpen handia du, eta horrek gero eta bisitari gehiago ekartzen ditu. Erabilera publiko antolatu eta jasangarrirako bermea da aparkatzeko modua arautzea eta baso-pistetarako sarbidea debekatzea.

Honako hauek izanen dira lanak:

–Bi zelai egitea aparkatzeko, 390,25 m²-ko bat eta 1.546 m²-ko beste bat, hurrenez hurren, 2.035 m³-ko lur erauzketa eginez.

–Erauzketako soberako lurrak eramatea, hedatzea eta forma ematea, Zabaletan dagoen zelaian, Cuboko pistaren ondoan, 1,8 kilometrora (Otsagabiko 12. poligonoko 1. eta 4. lurzatiak).

–Urtxuria errekako ibilgua dragatzea, 210 m²-ko eta 670,05 m²-ko bi bankutan, hurrenez hurren, 70 zentimetroko lodiera batez beste, 105 m³ eta 496,59 m³ legar atereaz, hurrenez hurren.

–Legarrak aparkalekurako izanen den zelaira eramatea eta hedatzea, 30 bat zentimetroko lodierarekin.

–Legarrak birrintzea eta errodadura-geruza finkatzea.

Proiektuaren gaineko ingurumen ukipenen azterlana egin da; bertan, izan daitezkeen eraginak identifikatu eta baloratzeaz gainera, prebentziorako eta eragina zuzentzeko neurriak ere ezartzen dira.

Natura 2000 sarean dago proiektuaren jarduketa eremua, “Orreaga Iratiko Oihana” izeneko ES0000126 Kontserbazio Bereziko Eremuan, zehazki Irati izeneko 173. onura publikoko mendian, Iratiko oihanean.

Oihan hori da Europako pagadi-izeidietako hego-mendebaldeko muga, eta Europako zabalenetakoa gainera. Oihan heldua da, ongi kontserbaturik dagoena, eta balio ekologiko handia duena, baita fauna aberastasun handia ere. Espezie mehatxatuak ditu, esaterako okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos) eta okil beltza (Dryocopus martius), bai eta endemiko batzuk ere, esaterako muturluze piriniotarra (Galemys pyrenaicus), errekastoen ur ingurunearekin lotua.

Oihanaren barrenean jaiotzen da Irati ibaia, Urbeltza eta Urtxuria ibaiek bat eginda. Proiektuak azken hori ukituko du. Bi ibaiek osatzen dute Urbeltza ibaiaren Natura Erreserba; erreserba hori Estatuaren eskumenekoa da, eta Ebroko Ur Konfederazioaren bidez gauzatzen du.

Intereseko landaredian izan daitezkeen ukipenei dagokienez, adierazi beharrekoa da aparkalekuaren handitzeak batez ere landare belarkarak ukituko dituela, eta, bestalde, honako hauek bakarrik ukituko dituela, heliportuaren ondoko eremuan: lau elorri (Crataegus monogyna), isats arrunten bat (Cytisus scoparius) eta laharren bat (Rubus ulmifolius).

Erauzketako soberako lurrak Zabaleta alderdiko zelai batean botako dira, eta jadanik beste betelan batzuk ere egin dira bertan. Landare belarkara erruderalez estalia dago gaur egun. Zelaiaren inguruan badira gereziondoak (Prunus avium), otsalizarrak (Sorbus aucuparia), hostazuria (Sorbus aria) eta gorostia (Ilex aquifolium). Errespetatu eginen dira, ez dira ukituko.

Proiektuaren arabera ibaian dragatuko diren bi bankuak ez dute kasik landarerik.

Proiektuak ez du ukituko ez abelbiderik ez bide historikorik (esaterako Donejakue bidea).

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, baina ebazpen honen ebazpen zatian biltzen diren prebentzioko eta zuzenketako neurri guztiak bete beharko dira.

Irailaren 14an, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak aldeko txostena egin zuen aparkalekua handitzeko, ez baitira aldatuko kontserbazio bereziko eremuan zehaztutako balioak eta bateragarria izanen baita mendiaren onura publikoaren izaerarekin. Urtxuria ibaia dragatzeari dagokionez, jarduketaren aldeko txostena eman du, zenbait mugarekin, hala bete daitezen kontserbazio bereziko eremuan identifikatutako balioei eusteko helburuak, jarraibideak eta araudia. Halaber, 2017ko ekainaren 22an, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak jarduketaren aldeko txostena egin zuen, ebazpen honen baldintzetan jasotako mugekin.

Bi txostenak errekerimendu moduan bidali zitzaizkion sustatzaileari, 2017ko azaroaren 8an. 2017ko abenduaren 13an, dokumentazio berria sartu zen, proiektua aldatu zuena: zelaietako legarren lodiera 30 zentimetro izatetik 20 zentimetro izatera igaro zen. Gainean, zabor artifizialeko 10 zentimetroko errodadura-geruza izanen da. Hala, banku bat bakarrik dragatuko da, eta erauzketa bolumena 496,59 m³ izanen da guztira.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak, 2017ko maiatzaren 23ko txostenean, adierazi zuen ezen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 111.2 artikuluarekin bat, proposatutako jarduketa jarduera baimendutzat hartzen dela, aipatutako artikuluaren a) eta e) kasuen barnean baitago, eta, beraz, ez duela behar lurzoru urbanizaezinerako baimenik, 117. artikuluarekin bat.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Iratin, Bettattu alderdian, aparkalekua handitzeko proiektuari. Sustatzailea Zaraitzuko Ibaxaren Batzordea da.

2. Baimen honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik (bereziki, Ebroko Ur Konfederazioarenak). Eskaerako jarduketak Ur Jabari Publikoan daude kokaturik, eta hori Estatuaren eskumena da, Uren Legearen arabera (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretua; haren bidez onetsi zen Uren 29/85 Legearen testu bategina), eta Ebroko Ur Konfederazioaren bidez gauzatzen du.

3. Gainera, baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Obrak hasi baino 48 ordu lehenago, Erronkari-Zaraitzu aldeko Basozaintzari abisatuko zaio (948890518 edo 699307698; ogforosa3@cavarra.es), obren zuinketa gainbegiratzeko.

–Aparkalekua handitzeari dagokionez:

  • Zelai handienean erauzketa hasi aurretik, toki mugakideetan, babestu eta balizatu egin beharko da Urtxuria ibaiarekin lotutako ibai bazterreko landaredia.
  • Ahal den neurrian, bi zelaietako kaxaren sakonera murriztu eginen da, ahalik eta gehien gutxitzeko erauzketako soberako lurrak.
  • Erauzketan, lurzoruaren azaleko geruza emankorra kendu, eta bereiz gordeko da, eta, bukaeran, azalera lehengoratzeko erabiliko da, soberako lurren betelanean eta obrak kaltetutako eremuetan.

–Zabaleta alderdiko zelaia soberako lurrekin bete edo horiek hedatzeari dagokionez:

  • Landaredi belarkara duen azalera ukituko da bakarrik, eta inguruko baso zerrenda errespetatu eginen da, eta hura ez da ukituko.
  • Debekaturik dago lurrak botatzea Urbeltza ibaiko alubioi lautadako edo ibai korridoreko mugako ezpondan.
  • Betelana metro bat garai izanen da gehienez; sortzen diren ezpondak etzanak geldituko dira, eta elkarguneetako ertzak biribildurik, eta ingurunean integraturik.
  • Betelanaren bukaerako topografiak ezin izanen du funtsean aldatu inguruneko azaleko ur-isurien sarea.
  • Erreserbatzen den landare-lurra azaleretan eta betelaneko ezpondetan hedatuko da, eta horiek osoki ongi landareztatuta utzi behar dira, etorkizunean ez dadin lurrak lerratzeko arriskurik izan. Berezko landareztatzea arrakastatsua edo nahikoa ez bada, sustatzailea beharturik egonen da inguruneko berezko belar-haziak ereitera.

–Dragatzeari dagokionez, eta Ebroko Ur Konfederazioaren baimena lortzen den kasurako, kontuan hartu beharko dira muga hauek:

  • Eskaerako bi bankuetatik, goiko bankutik bakarrik ateratzen ahalko dira legarrak (UTM koordenatuak: X=654.908, Y=4.761.217 –ETRS 89–); izan ere, ikusirik zer landaredi eskasa dagoen bertan, ikusirik belarrak eta sahats txikiak bakarrik daudela, susmatzeko modukoa da aldian behin egin direla erauzketak bertan.
  • Erauzketarik kanpo geldituko da beheko bankua, proiektuko “Profilak” izeneko 4. planoan “FF profila” izenarekin identifikatua.
  • Erauzketaren bolumena ez du zehaztuko proposatutako kubikazioak, baizik bankuan dagoen materialak, eta Basozaintzak tokian bertan birplanteatuko du. Inola ere ezin izanen da atera 500 m³-tik gorako legar bolumenik.
  • Dragatzeko lanetan, makinek ez dute ura zapalduko, eta ibai bazterreko landaredia ez da ukituko.
  • Erauzketa bukaturik, eremua lehengoratu eginen da.
  • Ur-ibilgua eta ingurua ukitzen dituzten lanak ekainaren 1etik azaroaren 15era bitartean eginen dira, salmonidoen edo espezie babestuen ugaltze aldia ez oztopatzeko.
  • Espresuki debekatuta dago ibai-ibilguan edonolako isurpenak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa edo olioak.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Ingurune Naturalaren Zerbitzuari, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Otsagabiko Udalari, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeari eta Erronkari-Zaraitzu aldeko Basozaintzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko abenduaren 28an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1800147