31. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren 24an hartua, hasiera ematen diona Iruñerriko Ibai Parkearen Udalez gaindiko Plan Sektoriala 6. tartean (Arga Beherea) aldatzeko espedientearen tramitazioari. Espedienteak Ororbian ibai parkearen eremua eta trazadura aldatzea du xede, Iruñerriko Mankomunitateak sustaturik.

I.–Proposamenaren xedea eta azalpena

Proposamenaren xedea da ibai pasealekua aldatzea Ororbiako herrigunetik doan tartean, Etxamurko errotako bidea aprobetxatuz. Horrela, Ororbiako herrigunea erdiko aldetik gurutzatzea saihestuko da. Aldaketa horren ondorioz, UPSaren eremua aldatuko da, iparraldean San Julián kaletik igaro beharrik ez baita izanen.

Proposatutako aldaketaren ondorioz, aldaketa hauek egin beharko dira:

–Aizgañako igoera kentzea, errazagoa izan dadin Ororbiako ureztalurretako presaren ezkerreko aldera zuzenean igarotzea.

–Ibai pasealekua Ororbiako herrigunearen barneko aldetik ez igarotzea.

–Pasealekua gehiago txertatzea ibai ingurunean; izan ere, aldaketaren ondorioz, Arga ibaia gurutzatu beharko da, presa eta Baratzetako ureztalurrak goitik begiztatuko dira eta Etxamurko errotatik hurbil igaroko da, zeina, ondare historikoaz gainera, ibaiaren aprobetxamendu hidraulikoaren lekuko baita.

–Ororbiako herrigunera beste zaldain batetik iristea, ibaiaren eskuinaldetik ikuztegiraino.

Horren ondorioz:

–Juslapeña ibaia gainditzeko P-19 zaldaina kenduko da (18 metro luze), eta, horren ordez, 65 metroko beste bat jarriko da Arga gainditzeko.

–Zaldain berri bat egitea proposatzen da Etxamurko errotaren eta Ororbiako herrigunera iristeko dagoen zubiaren artean, ikuztegiaren aldean pasealekuarekin bat egiteko.

–NA-7010 errepideko zubiaren azpiko pasabidea kentzen da (UPSan PBP-17).

–AR-21 aisialdiko eremua kentzen da, eta ez da beste toki batera eramanen; izan ere, Ororbian bada aisialdiko eremu bat, ederki zaindua, ikuztegiaren ondoan.

Ez da aurreikusi Etxamurko errotan inolako ekipamendurik jartzea, gaur egun jabetza pribatukoa baita.

Trazadura berri honen punturik eztabaidagarriena da proposatu diren bi zaildainen kokagune egokiena aukeratzea. Horretarako, alternatiba hauek baloratu dira:

–Juslapeña ibaia gurutzatzeko (eskuineko bazterretik ezkerreko bazterrera Ororbialdean), 3 alternatiba baloratu dira. Azkenean, honako hau aukeratu da: 70 bat metro luze izanen den zaldain bat egitea Ororbiako presa txikitik behera, izan ere, aukerabide horrekin, dauden egiturei eraginik sortuko ez zaielako eta landareen eta faunaren gaineko ukipena txiki-txikia izanen delako.

–Ibaia gurutzatu eta Ororbiako herrigune aldera jotzeko (ezkerreko bazterra-eskuineko bazterra), Baratzetako bidetik ateratzen den puntutik aurrera, oinezkoentzako zaldain berri bat eraikitzea proposatzen da. Orain dagoen zubia aprobetxatzeko aukera aztertu zen, baina baztertu egin zen segurtasun eta irisgarritasun arrazoiengatik, zerbitzu honek aldaketa proposamen horri buruz 2017ko ekainean egindako txostenari jarraikiz. Zaldain berria Etxamurko errotatik NA-7010 errepideko zubiraino joanen da, Baratzetako bidea eta Ororbiako ikuztegia lotuz.

Indarreko UPSak proposatzen zuen beste pasabide bat egitea NA-7010 errepideko zubiaren azpitik. Horren ordez, ibilbide alternatibo irisgarri bat egitea proposatzen da, herrirantz igoz (gaur egungo eskailera erabili gabe) eta zubira bueltatuz espaloi berri batetik, helburu horretarako eraikiko baita. Espaloi horrek jarraipena emanen lioke orain zubian dagoenari, harik eta indarreko UPSaren trazadurarekin lotzeko aukera emanen duen oinezkoentzako pasabide berria egin arte.

Aldaketa honetan proposatzen den trazadura berria 1.005 metro luze da, eta ordezten den trazadura, berriz, 1.120 metro luze.

Pasealekua 4 metro zabal izanen da, oinezkoen eta txirrindularien trafikoa bateragarria izan dadin. Gehieneko aldapa %8koa izanen da, eta gehieneko aldapa puntuala %12koa. Obra proiektuan parametro horiek aldatzea justifikatzen ahalko da, salbuespen kasuetan; konparazio batera, zabalera 2,5 metrora murrizten ahalko da, mehargune orografikoetan, zaldainetan, egun dauden bideetan, aisialdi eremuetan eta abarretan.

Trazadura berria lurzoru urbanizaezinetan eta hiri lurzoruetan barna doa (bizitegi-lurzorua, hots, Ororbiako herrigunea, eta industria lurzorua).

Ibai parkea handitzeko indarra duen UPSan ezarritako araubidea ez da aldatuko, eta udal planeamenduak ezarritakoari gaina hartuko dio. Jarduketa-sistema ere ez da aldatuko: lurzoru urbanizaezinean desjabetzea erabiliko da. Beste kontu batzuk ere bere horretan gelditzen dira, konparazio batera, erabilera edo jarduera bateragarriak edo baldintza morfologikoak.

Aldaketan ez da berariazko zortasunik ezarri. Hortaz, 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikulura joko da.

Azkenik, ibai parkea handitzeko indarreko UPSaren araudiaren 5. artikuluan ezartzen zen bezala: “Udalez gaindiko plan sektorialetan biltzen diren determinazioak lotesleak izanen dira kasuko toki entitatearentzat edo entitateentzat”. Kasu honetan, aldaketa honetan biltzen diren determinazioak lotesleak izanen dira Oltza Zendeako hirigintzako planeamenduarentzat.

II.–Lurraldeari eta hirigintzari buruz kontuan hartu beharrekoak

Aldaketak ibai pasealekuaren trazadurari eragiten dio, eta Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko UPSaren eremua aldatzen du. Horri aplikatu beharreko araubidea ez da aldatzen, ez eta jarduketa sistema ere. Jatorrizko UPSaren eremua aldatzen denez, egiturazko aldaketa bat da.

Aurkeztutako aldaketan jasotako atal batean justifikatu egiten da bat datorrela Eremu Zentraleko Lurralde Antolamenduko Planarekin (LAP3), eremu hori gobernatzen duen lurralde antolamenduko tresnarekin, alegia. Ildo horretan, Lurralde Antolamenduko Plan horretan adierazten da eremu honetako lurzoru urbanizaezinari babesa eman behar zaiola behar den UPSaren bidez, hau da, Iruñerriko Ibai Parkearen UPSaren bidez, eta adierazten da babestu beharreko balioa dela oinezko eta bizikleta bidezko konektibitatea.

Lurralde Antolamenduko Planak identifikatzen dituen babes bereziko eremuei erreparatuta, xedeko handitzearen eremua ibai aldean kokatzen da (ibilguen eta bazterren sistema), eta ibai parkea eta, zehazki, pasealekua bateragarriak dira hura erabiltzeko irizpide orokorrekin eta haren babes araubidearekin.

Arga ibaiaren arriskuei buruzko azterlanak ere badira, non adierazten baita ibai pasealekurako proposatzen den trazadura arrisku handiko zona batean dagoela. Lurralde Antolamenduko Planaren arabera urak hartzen ahal dituen eremuak erabiltzeko irizpide orokorrei eta hango araubideari jarraikiz, ibai parkea ezar liteke, urpean gelditzeko arrisku horrekin bateragarria delako. Nolanahi ere, horren gaineko txosten sektorialei jarraikiko zaie.

Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko UPSaren araubideak gaina hartzen dio Oltza Zendeako udal planeamenduan ezarritakoari, baina aldaketa honetan ez da hura aldatzeko proposamen bat ere egiten.

NA-7010 errepideko zubiaren azpiko pasabidea kendu eta, horren ordez, ibilbide alternatibo irisgarri bat egiteko proposamenari dagokionez (herrirantz igo ondoren –gaur eguneko eskailera erabili gabe– zubirantz itzuliko da eraikiko den espaloi berri batetik, harik eta oinezkoentzako pasabide berri bat egin arte), aldaketaren dokumentazioan justifikatu egin beharko dira horretarako dauden arrazoiak, eta justifikatuko da, orobat, proposatzen den ibilbide berriak bete eginen dituela UPSak ibai pasealekuari ezartzen dizkion baldintzak (20. artikulua, 24. artikulua,...). Nolanahi ere, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak horren gainean eginen duen txostenari jarraikiz jokatuko da.

Dokumentazioan argi eta garbi adierazi beharko da aldaketa honen ondorioz indarreko UPSaren zein plano, fitxa edo determinazio aldatuko diren.

III.–Txosten sektorialak

Espedientean beherago laburbilduko diren txostenak jaso dira. Txostena eskatu zaie, orobat, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Heri Lan Zuzendaritza Nagusiari eta Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atalari. Horien ondorioak espedientearen ebazpenean aintzat hartuko dira, bidezkoa bada.

–Herri-lurren Atala. 2017ko azaroaren 21ean egin zuen txostena. Bertan adierazten da aldaketak Arazuriko Kontzejuko 2. poligonoko 91. herri-lurretako lurzatia ukitzen duela, baita Ororbiako Kontzejuko 3. poligonoko 181., 516. (hasiera batean ez zen ukitzen) eta 545. herri-lurretako lurzatiak ere. Jarduteko orduan desjabetze sistema erabiliko denez, gogorarazten du ezen, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onetsi zuen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 151. artikuluaren arabera, herri ondasunak nahitaez desjabetzen direnean arlo horretan indarra duen legediaren arabera jokatu behar dela. Adierazten du, horregatik, ez dela beharrezkoa Nafarroako Gobernuaren baimena lur horiek okupatzeko edo desafektatzeko.

–Babes Zibilerako Zerbitzua. 2017ko urriaren 17an, aldaketaren aldeko txostena egin zuen. Adierazi du ibilbidearen ondoan dagoen enpresa ez dagoela irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren menpe (horren bidez, istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi ziren, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako). Hortaz, ez da aurreikusten instalazioaren kanpoko aldean eraginik izanen duen istripu larririk gertatzea, eta ez da beharrezkoa lurraldearen plangintzaren arloan prebentzio neurririk hartzea. Zaldainak egiteko proiektuetan, behar diren baldintzak ezarriko dira uholdeek eragindako ukipenak handiagoak izan ez daitezen, baita oinezkoak pasatzeko segurtasun baldintzak ere.

–Ondare Historikoaren Atala. 2017ko urriaren 23ko txostenean adierazi du bat datorrela proposamenarekin.

IV.–Ingurumen arloko ebaluazioa

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak 2017ko azaroaren 28an egindako txostenean adierazi du aldaketaren ondorioz, jadanik onetsita dagoen UPSarekin alderatuta, bi zaldain handi berri eraiki beharko direla Arga gainean (70 bat metro luze), urpean gelditzen ahal diren lurretan (2,33 urteko errepikatze-denbora), eta horrek inbertsio ekonomiko handia dakarrela exekuzio fasean eta ustiapen fasean (uholdeengatiko afekzioak), baita paisaiaren artifizializazioa ere. Kontuan hartu beharra dago ibai-tarte labur batean (650 metro inguru) 3 zubi egonen liratekeela, errepidekoa barne.

Dokumentazioa azterturik, adierazten da jendaurrean jar daitekeela gutxienez 45 egun balioduneko epean, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren ondorioetarako eta UPSaren aldaketari ekiteko tramiteen ondorioetarako.

Sustatzaileak, ingurumen eraginaren adierazpena egin baino lehen, honako alderdi hauek aztertu eta justifikatu beharko ditu:

–P-20 zaldainerainoko tartea aztertzea: onetsitako UPSaren arabera, tarte hori Ororbiako eskuineko bazterretik eramaten da, eta, horren ondorioz, ibaian behera, handik 1.600 bat metrora, zaldain bat diseinatu beharko da (P-20 zaldaina) ezkerreko bazterrera itzultzeko. Orain proposatu den UPSaren aldaketaren ondorioz, 1. zaldaina erabiliko da ezkerreko bazterrera igarotzeko. Horrenbestez, aztertu eta justifikatu beharko da ea pasealekuak alde horretatik segitzen ahal duen; izan ere, hasiera batean behinik behin, lurpean gelditzeko arriskua dexente txikiagoa da alde horretan, eta, gainera, 2. zaldaina eta 3. zaldaina (hots, P-20 delakoa) ez lirateke eraiki beharko. Konponbide hori aukeratuz gero, eskuineko bazterra, desjabetu dena, ibaiaren habitata hobetzeko erabil liteke, ibarbasoa handituz; izan ere, tarte horretan ibai bazterreko landaredia hobetzeko modukoa da (zuhaitz zerrenda bakarra, 8-10 metro zabal).

–1. zaldainaren kokapena zuzentzea edo justifikatzea. Ororbian jarri beharreko zaldain berriari buruzko Ingurumen ukipenen azterlanean (2017ko martxokoa), landareei eta faunari eragindako kaltea aztertu zen, eta proposatu zen zaldaina ahalik eta gehien urruntzea Juslapeña ibaiaren bokaletik, alternatibarik onena zelakoan. Horrek ekarriko luke zaldaina 20 metro haratago eramatea ibai gora (azterketan ibai behera esaten da, baina okertuta daude), LKSren txostenean adierazitakoarekin alderatuta; beraz, Juslapeña ibaia zaldainetik 65-70 metrora geldituko litzateke, ukipenen azterlanean jasotzen den bezala.

–UPSaren aldaketaren planoetan kokagune hori jaso ez denez, zaldainaren kokagunea zuzendu beharko da, edo justifikatu, hala badagokio.

–UPSaren aldaketak landareei eta faunari eraginen dizkien ukipenak zehaztea, batez ere Arga ibaia gurutzatzeko proposatzen den toki berrian.

–Paisaiari buruzko azterlana eta paisaian integratzeko neurriak.

–Urpean gelditzeko arriskuen azterketa eta mapa, proiektutako azpiegiturei dagokienez.

–Aldaketaren ingurumen arloko neurri zuzentzaileak hartzea eta planoetan jasotzea. Aurkeztu den 3.6 planoan, onetsitako UPSaren neurri zuzentzaileak jaso dira, baina, aldaketa onetsiz gero, eguneratu beharko dira (8. eta 9. neurriak desagertuko lirateke, eta Arga ibaia bitan gurutzatzeko planteatu diren proposamenei buruzko neurri berri bat gutxienez sartu beharko litzateke). Obren egutegia, espezie katalogatuen ugalketarako aldi kritikoarekin bateragarria izanen dena.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2017ko abenduaren 19ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Hasiera ematea Iruñerriko Ibai Parkearen Udalez gaindiko Plan Sektoriala 6. tartean (Arga Beherea) aldatzeko espedientearen tramitazioari. Espedienteak Ororbian ibai parkearen eremua eta trazadura aldatzea du xede, Iruñerriko Mankomunitateak sustaturik.

2. Adieraztea espedientea ebazten denean erabaki honetan eta eskatutako txosten sektorialetan xedatutakoa bete beharko dela.

3. Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea jendaurrean jartzea berrogeita bost egunez, eta, aldi berean, entzunaldia ematea trazadurak ukitzen dituen udalei.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea, 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Agiria, halaber, web-orri honetan ikusten ahalko da: http://www.ExposicionpublicaOT.navarra.es.

4. Orobat, espedientea jendaurrean jartzea, epe berean, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Foru Legearen 21. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

6. Erabaki hau igortzea Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Babes Zibilerako Zerbitzuari, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Herri-lurren Atalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari.

7. Erabaki hau jakinaraztea Oltza Zendeako Udalari, Ororbiako Kontzejuari eta Iruñerriko Mankomunitateari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 24an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1801250