30. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORKOIEN

Musika Eskolaren titulartasuna lagatzea

Iragarki honen bidez aditzera ematen da Oltza Zendeako eta Orkoiengo udalbatzen osoko bilkuretan hartutako erabakia, Lankidetzarako administrazioarteko hitzarmena onesteari dagokionez, musika eskolaren titulartasuna lagatzekoSektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkourriaren 1eko 40/2015 Legearen aurreikuspenei egokituz.

Orkoienen, 2017ko abenduaren 20an.–Alkatea, Carlos Arroniz Loyola.

OLTZA ZENDEAKO ETA ORKOIENGO UDALEN ARTEKO
ADMINISTRAZIOARTEKO HITZARMENA, MUSIKA ESKOLAREN TITULARTASUNA LAGATZEKO

BILDU DIRA:

Alde batetik, Moisés Garjón Villanueva, Oltza Zendeako Udaleko alkate udalburua; egintza horretarako ahalmena espresuki jasoa du 2017ko azaroaren 30eko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez.

Beste aldetik, Carlos Arróniz Loyola, Orkoiengo Udaleko alkate udalburua; egintza horretarako ahalmena espresuki jasoa du 2017ko azaroaren 16ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez.

Bi alderdiek Oltza Zendeako Udalaren eta Orkoiengo Udalaren arteko hitzarmen hau izenpetzeko lege ahalmen nahikoa aitortzen diote elkarri, eta horretarako,

ADIERAZI DUTE:

1. Oltza Zendeako udal musika eskolaren zerbitzua zuzenean kudeatzen du “Oltza Zendeako eta Orkoiengo Musika Eskolako Patronatua” tokiko erakunde autonomoak; patronatuaren estatutuak 2000. urteko 122. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, urriaren 9an.

2. 2002ko abuztuaren 31n Oltza Zendeako Udalaren eta Orkoiengo Udalaren arteko lankidetza hitzarmena izenpetu zen, musika eskola ibiltariaren zerbitzua elkarrekin emateko, tokiko erakunde autonomoaren bidez. Hori guztia Estatutuen 2. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Hitzarmenaren 4. artikulua, aurrekontu defizitaren udal ekarpenari buruzkoa, aldatu egin zen Oltza Zendeako Udalaren 2006ko azaroaren 20ko osoko bilkuran eta Orkoiengo Udalaren 2006ko urriaren 25eko osoko bilkuran hartutako erabakien bidez (behin-behinekoa).

3. Orkoiengo Udalak 2017ko apirilaren 20ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, erabaki da:

(...) Lehena.–Bukatutzat ematea egun indarrean den Oltza Zendeako Udalarekiko lankidetza hitzarmena musika eskolaren zerbitzua emateko, ulertzen baita Orkoiengo Udalak zuzenean kudeatzen badu, eraginkorragoa, kalitate handiagokoa eta ekonomikoki bideragarriagoa izango dela”.

Bigarrena.–Oltza Zendeako eta Orkoiengo Musika Eskolako Patronatuari eta Oltza Zendeako Udalari jakinaraztea erabaki hau, orain arte indarrean izan den Hitzarmenaren likidaziotik eratortzen diren gaiei buruzko negoziazioetan has dadin”.

4. 2017ko maiatzaren 15ean Orkoiengo Udalak idazki bat aurkeztu zuen, egungo musika eskolaren titulartasuna Orkoiengo Udalaren alde lagatzeko eskatuz.

“Udal honek 2017ko apirilaren 20ko osoko bilkuran hartutako erabakiarekin bat, eta Oltza-Orkoiengo egungo Musika Eskolaren jarraipena bermatzeko xedez, Nafarroako Musika Eskolak arautzen dituen abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuaren 29. artikuluan xedatutakoa ikusirik, Oltzako Udalak daukan egungo eskolaren titulartasuna Orkoiengo Udalaren alde laga dezan erabakitzeko aukera planteatzen dizut.

Horrela, Orkoiengo Udala izango litzateke Eskolaren titularra, baldintza guztien jarraipena mantenduz, egungo langileak eta Zendeako ikasleak barne, hala nahi badute. (...)”

5. Patronatuko Zuzendaritza Batzordeak, 2017ko maiatzaren 31n egin bilkuran, erabaki hau hartu zuen:

1.–“Oltza Zendeako - Orkoiengo Musika Eskolako Patronatutik eskaera egiten diegu Oltza Zendeako eta Orkoiengo udalei presta dezaten hitzarmen bat zehaztu beharreko erabaki guztiak jasotzen dituena, Orkoiengo Udalak eskaturiko Musika eskolaren titulartasuna aldatzea ahalbidetzeko, 7 eguneko epean”.

2.–Erabaki hau jakinaraztea Oltza Zendeako Udalari eta Orkoiengo Udalari.”

Azaldutako guztiarekin ados, alderdiek erabaki dute hitzarmena formalizatzea ondokoarekin bat,

KLAUSULAK

Lehena.–Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da “Oltza Zendeako eta Orkoiengo Musika Eskola” izeneko Udal musika eskolaren titulartasuna lagatzea”.

–Titular lagatzailea: Oltza Zendeako - Orkoiengo Musika Eskolako Patronatua, Oltza Zendeako Udalaren mendeko erakunde autonomoa.

–Titular lagapen-hartzailea: Orkoiengo Udala.

Hori guztia (Nafarroako) musika eta dantza eskolen sorrerari eta funtzionamenduari buruzko oinarrizko arauak ezartzen dituen abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuaren 29. artikuluak xedatutakoarekin bat.

Bigarrena.–Musika Eskolaren izena eta helbideak.

Musika Eskolaren izen zehatza honako hau izango da: “Orkoiengo Udal Musika Eskola” eta helbide ofiziala: Iturgain plaza, z.g., Orkoien.

Eskolak emateko baimendutako helbidea honako hauek izango dira: Orkoiengo Angel Gutierrez gizarte-etxea.

Era berean, baimendutako helbidetzat hartuko dira Oltza Zendeako Udalak horretarako egokitzen dituen helbideak, Hirugarren Klausulan ezarritakoarekin bat. 7. “Musika egoitzak”.

Irakaskuntzak Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak egun baimentzen dituenak edo, bihar edo etzi baimentzen ahalko dituenak izango dira.

Hirugarrena.–Onuradunen betebeharrak.

Hitzarmen hau izenpetzen duten udalek honako konpromiso hauek hartzen ditute:

1. Ikasleak.

Orkoiengo eta Oltza Zendeako udalek hitzarmen honen indarraldian eskubidea izango dute erabateko berdintasunean, beren bizilagunek matrikula egin dezaten musika eskolak euskaraz zein gaztelaniaz ematen dituen ikastaroetan.

2. Langileak.

Orkoiengo Udalak egun Oltza Zendeako - Orkoiengo Musika Eskolako Patronatuaren plantilla organikoan azaltzen diren irakasle guztien subrogazioa egingo du, eta Orkoiengo Udalak aurrekoaren lan arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko eskubideak eta betebeharrak subrogatuko ditu.

Hala ere, Oltza Zendeako Udalak bihar edo etzi bere musika eskola propioa sortzeko asmoa balu, aukera egongo da aurreko apartatuan aipatu langileen alderantzizko subrogazioa egiteko, Orkoienen lanaldi partzialeko kontratua badute beren zerbitzuak eman ditzaten Oltza Zendean, betiere lanaldi osoa gainditu gabe.

3. Tasak eta prezio publikoak.

Musika Eskolan ematen diren ikastaroetan izena emateko eta parte hartzeko tasa eta prezio publikoak, bai eta musika eskolaren barne funtzionamendurako arauak ez dira batere aldatuko hitzarmen hau indarraldian dagoen lehen bi ikasturteetan (2017/2018 eta 2018/2019).

4. Pedagogia proiektua, prestakuntza eskaintza eta metodologia.

Hitzarmen hau indarraldian egongo den 2017/2018 eta 2018/2019 ikasturteetan mantendu egingo dira egungo prestakuntza eskaintza, metodologia, antolaketa eta pedagogia proiektua.

5. Hizkuntza eredua.

Hitzarmen honen indarraldian mantendu egingo da egungo euskarazko eta gaztelaniazko irakaskuntza-eredua.

6. Aurrekontu defizita.

Hitzarmen hau sinatu duten udalek betebeharra hartzen dute Musika Eskolako aurrekontuaren defizitaren ekarpena egiteko urtero eta toki entitate bakoitzaren urteko aurrekontuan betebehar horri erantzuteko behar besteko kopurua sartzeko.

Defizita kalkulatzeko kostu hauei dagozkienak sartuko dira:

–Musika Eskolako irakasleen eta zuzendariaren kostua (Gizarte Segurantzako enpresa kuotak barne).

–Langileen prestakuntza ikastaroak.

–Laneko arriskuen prebentzioa.

–Langileen kilometrajea.

–Bulegoko materiala.

–Ekipamenduaren, bulego materialaren eta/edo informatikoaren mantentze-lanak.

–Tresnak konpontzea eta haien mantentze-lanak.

–Liburuak eta bestelako material didaktikoa.

–Telefonoa.

–Musika eskolako jaiak.

–Lan aholkularitza.

–Laguntzako gainerako langileen kostuak, Nafarroako Gobernuaren Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak 2017ko uztailean idatzitako egungo musika eskolaren kostuei buruzko azterlanean oinarrituz kalkulatua, honako dedikazio portzentajeak aplikatuz:

–Administrazioa/kontabilitatea: pertsona 1. %50, (C mailakoa).

–Koordinazio/idazkaritza lanak: pertsona 1. %15, (B mailakoa).

–Garbiketa: pertsona 1. %24, (E mailakoa).

–Etxezaintza: pertsona 1. %24, (D mailakoa).

Aurreko portzentajeak aplikatzeko oinarria kalkulatzeko, kontuan hartuko dira kostu guztiak, Gizarte Segurantzako enpresa kuotak barne, bai eta Musika Eskolako irakasleen eta zuzendariaren kostua ere.

Defizita banatu egingo da Musika Eskolak guztira ematen dituen eskola orduen arabera. Ateratzen den kopurua udal bakoitzari jasanaraziko zaio, udal bakoitzean erroldaturiko ikasleek ematen duten eskola-ordu kopuruaren proportzioan.

6. Ondarea.

Material didaktiko eta administratibo guztiaren hondar-balioa baloratu ondoren, Orkoiengo Udalak hartuko du osorik edo parte batean hala ezartzen bada, materialei eman zaien balioespen kostua ordainduz, material horiek eskola berrian erabiltzeko.

Eskualdatu behar diren ondasunen kostua finkatuko da peritazioa egin ondoren.

Egungo Oltza Zendeako eta Orkoiengo Musika Eskolaren erakunde autonomoa iraungitzen denean, ateratzen den diruzaintzako gerakina, halakorik bada, bi udalen artean likidatuko da, ateratzen den defizita banatzeko formularen proportzio berean.

7. Musika egoitzak.

Eskolak emateko 2. klausulan ezartzen diren baimendutako helbide horiez gain, egoitza bat ezartzen ahalko da Oltza Zendean.

Oltza Zendeako zentroan ikasgaiak eman ahal izateko irizpidea hezkuntza arlokoa izango da, Eskolako Zuzendaritza eta irakasleen klaustroak balioetsia eta adostua.

Oltza Zendeako Udalean egoitza bat ezartzen bada, defizitaren kalkuluan egotziko dira erabilitako lokalen garbiketari dagozkion kostuak, aipatu kostuen azterketan ezarritako portzentajean, hau da, pertsona bat, %15 (E mailakoa). Pertsona horren kostua eta Musika Eskolako gainerako langileen kostua kalkulatzeko, kontuan hartuko dira kostu guztiak, Gizarte Segurantzako enpresa kuotak barne.

8. Kudeatzeko modua.

Hitzarmen hau indarrean den artean Musika Eskolaren kudeaketa zerbitzua egin beharko da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeari dagokionez ezarritako zerbitzu publikoko kudeaketa zuzeneko moduetako batean.

Laugarrena.–Hitzarmenaren eta alderdietako konpromisoak betetzearen jarraipen, zaintza eta kontrol mekanismoak.

Hitzarmena eta izenpetzaileek hartutako konpromisoak betetzearen jarraipen, zaintza eta kontrola egiteko, izenpetu dutenen ordezkaritza parekidea izango duen batzorde bat eratuko da.

Kide hauek osatuko dute batzordea:

–Oltza Zendeako Udaleko bi ordezkari.

–Orkoiengo Udaleko bi ordezkari.

Batzorde horretan parte hartu ahalko dute, era berean, bi udaletako lege aholkulariek, ekonomikoek edo teknikoek, bai eta Eskolako Zuzendaritzak ere, ahotsarekin baina botorik gabe.

Batzordeak musika eskolaren zerbitzuarekin zuzenean loturiko proposamenak egin ahalko dizkio Orkoiengo Udalari, hark onets ditzan.

Batzordeko burutza Orkoiengo Udalari dagokio eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19.2 artikuluan ezarritako eginkizunak beteko ditu, bere botoarekin berdinketak ebaztea izan ezik.

Jarraipen batzordea, oro har, hiru hilean behin bilduko da eta ezohiko bileran, edozein alderdik eskatzen duen aldiro.

Jarraipen batzordeak ebatziko ditu hitzarmen hau interpretatu eta betetzeko moduari buruz sortzen ahal diren eztabaidak.

Bosgarrena.–Hitzarmenaren aldaketa.

Hitzarmen honetan aurreikusitako edozein klausula aldatu ahal izateko, Oltza Zendeako Udalaren eta Orkoiengo Udalaren osoko bilkuren adostasuna beharko da aurretik.

Seigarrena.–Hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen honen iraupena bi ikasturtekoa da: 2017/2018 eta 2018/2019, irailetik abuztura bitartean ulerturik; ikasturtez-ikasturte luzatu ahalko da, gehienez ere lau ikasturtetan, 2017/2018 eta 2018/2019 barne hartuta. Ikasturtea luzatzea aho batez adostuko dute bi alderdiek, noiznahi eta ezarritako epea bukatu aurretik.

Zazpigarrena.–Hitzarmena desegitea.

Hitzarmen hau deuseztatu egingo da xede dituen jarduketak betetzean edo desegiteko arrazoietako bat gertatzen denean.

Honako hauek dira desegiteko arrazoiak:

a) Hitzarmenaren indarraldia igarotzea haren luzapena adostua izan gabe.

b) Sinatzaile guztiek hala adostea.

c) Sinatzaileetako batek hartutako betebehar eta konpromisoak ez betetzea.

Betetzen ez badira, alderdi batek errekerimendu bat jakinarazten ahalko dio bete ez duenari, ez-betetzat jotzen dituen betebeharrak edo konpromisoak epe jakin batean bete ditzan. Errekerimendu hori jakinaraziko zaio hitzarmenaren konpromisoak betetzearen jarraipen, zaintza eta kontrol mekanismoaren arduradunari eta izenpetu duten gainerako alderdiei.

Errekerimenduan adierazitako epea igaro ondoren jarraitzen badu bete gabe, zuzendu zuen aldeak alderdi sinatzaileei jakinaraziko die desegiteko arrazoia bere horretan dagoela eta hitzarmena ebatzitzat joko da. Hitzarmena arrazoi horregatik desegiteak sorrarazitako kalteen kalte-ordaina eragin ahalko du.

d) Hitzarmenaren deuseztasuna aitortzen duen epai judiziala.

e) Aurreko horietatik desberdina den legeetan ezarritako beste edozein.

Hitzarmena desegiten bada c) apartatuan aurreikusitako arrazoiagatik, musika eskolaren titulartasuna Oltza Zendeako - Orkoiengo Musika Eskolako Patronatuaren mendeko erakunde autonomora itzuliko da edo, bestela, Oltza Zendeako Udalera, hura desegin bada.

Zortzigarrena.–Hitzarmenaren izaera.

Hitzarmen honek administrazio izaera du eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluan ezarritakoaren babesean izenpetzen da.

Hitzarmenaren aplikazioaren ondoriozko jarduketek alderdien artean sortzen dituzten auziak, Jarraipen batzordean konpondu ezin direnak, administrazioarekiko auzien gaineko jurisdikzioak ebatziko ditu, jurisdikzio hori arautzen duen Legean xedatutakoari jarraikiz.

Hori guztia, ezertan ukatu gabe Nafarroako toki entitateen egintza eta erabakien inpugnazioari dagokionez indarreko legedian ezartzen diren berezitasunak.

Iragarkiaren kodea: L1714912