30. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

12/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Tokiko Agenda 21 egiteko diru-laguntzen deialdia, toki entitateentzat, 2018. eta 2019. urteetarako.

Tokiko Agenda 21 da udalerri baten edo udalerri batasun baten plangintza estrategikoaren prozesu bat, haren garapena bideratu nahi duena jasangarritasun ekonomikora, sozialera eta ingurumenekora, helburuak udal agintarien eta herritarren arteko akordioaren bitartez zehaztuta.

Nazio Batuek Ingurumenari eta Garapenari buruz egindako Konferentzian (Lurraren Gailurra) du jatorria. Rio de Janeiron egin zen, 1992an. Gero, Hiri Jasangarrien gaineko Europako 1. Konferentzian (Aalborg 1994) garatu zen, Europako Hirien Jasangarritasunerako Gutuna sinatuta, baita Aalborgko Konpromisoa (2004) izenekoak sinatuta ere. Hona hemen zer arlori heldu zioten:

1. Gobernu moduak.

2. Udal kudeaketa jasangarritasunaren aldera.

3. Baliabide natural amankomunak.

4. Kontsumo eta bizimodu arduratsuak.

5. Hirigintzaren planeamendu eta diseinua.

6. Mugikortasun hobea eta trafikoa murriztea.

7. Osasunaren aldeko tokiko ekintza.

8. Tokiko ekonomia bizi eta jasangarria.

9. Berdintasuna eta justizia soziala.

10. Tokikotik globalera.

Tokiko Agenda 21 izenekoak ezartzeko erabilitako erreferentziazko metodologia hau izan da: Jasangarritasunerako Toki Entitateen tokiko agenda 21 planifikatzeko Europako gida.

Agenda 21 prestatzeak denbora luzeko lana eskatzen du, baita inplikatutako toki entitateekin eta populazioekin elkarlanean aritzea ere. Horregatik, hainbat urtetako aurrekontuak behar ditu gauzatu ahal izateko; horrenbestez, egokia da Tokiko Agenda 21 egiteko diru-laguntzak urte anitzekoak izatea.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Tokiko Agenda 21 osoki egiteko diru-laguntzen deialdia onestea, toki entitateentzat, 2018. eta 2019. urteetarako.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinetan jasotzen direnak, onestea.

3. 100.000 euroko gastua baimentzea, 2017ko gastuen aurrekontuetako partida honen kargura: “Toki Entitateentzako diru-laguntza, Nels sareko ingurumen proiektuetarako” izeneko 740007 74700 4609 45620 partida. Edo, bestela, 2018. urtean ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoei erantzuteko sortzen den antzeko partidaren kargura izanen da. Betiere, kreditu nahikoa eta egokia izan beharko da gastu honetarako.

4. 50.000 euroko gastua baimentzea, 2017ko gastuen aurrekontuetako partida honen kargura: “Toki Entitateentzako diru-laguntza, Nels sareko ingurumen proiektuetarako” izeneko 740007 74700 4609 45620 partida. Edo, bestela, 2019. urtean ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoei erantzuteko sortzen den antzeko partidaren kargura izanen da. Betiere, kreditu nahikoa eta egokia izan beharko da gastu honetarako.

5. Deialdi hauek Diru-laguntzen Datu Base Nazionalera bidaltzea, Diru-Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.

6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek hilabeteko epean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 23an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

TOKIKO AGENDA 21 EGITEKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA,
TOKI ENTITATEENTZAT, 2018. ETA 2019. URTEETARAKO
OINARRI ARAUTZAILEAK

1. ERANSKINA

Xedapen amankomunak

Lehena.–Xedea eta helburua.

Ebazpen honen xedea da diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, laguntzen helburua izanik 2018. eta 2019. urteetan Tokiko Agenda 21 egin dadila sustatzea, garapen jasangarria tokian-tokian bultzatzeko.

Bigarrena.–Jarduketa diruz lagungarriak eta baldintzak.

1. Diru-laguntzaren xede izanen da Nafarroako Toki Entitateek Tokiko Agenda 21 egiteak ekarritako gastua.

2. Jarduketa diruz lagungarriek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Tokiko Agenda 21 baten esparruaren barnean egotea. Haren garapena 4. eranskinean zehazten da.

b) Agenda osoki egitea, eranskin horretan berean zehaztu bezala.

c) Toki entitate batek egitea: udal batek, zerbitzuen mankomunitate batek edo entitateen batasun batek.

Hirugarrena.–Onuradunak.

Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak.

Laugarrena.–Eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Bigarren oinarrian ezarritako baldintzak frogatzeko, eskaerak, eskabide orokor bat beteta, dokumentazio hau eraman beharko du:

1. 2. eranskina. Erantzukizunpeko adierazpena, agertzen duena betetzen direla Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak. Orobat, entitate eskatzailearen guztirako populazioa adieraziko du, baita diru-laguntzaren xede diren entitateenak ere. Eskaera entitate bat baino gehiagorako eginez gero, zehaztuko da zer entitate diren. Halaber, zehaztuko da ea noizbait Tokiko Agenda 21 egin den, eta noiz.

2. Zenbait entitaterako eskaera eginez gero, delegatutako entitate bakoitzerako 3. eranskina osorik beterik gehituko da: Erantzukizunpeko adierazpena, agertzen duena betetzen direla Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak. Orobat, adieraziko da entitate eskatzaileari delegazioa egiten zaiola, baita Tokiko Agenda 21 egiteko eta gasturako konpromisoa ere.

Jadanik Foru Komunitateko Administrazioaren esku dauden dokumentuak badaude, interesdunak hala azaldu beharko du eskabidean, adieraziz zer dokumentu den eta zer espedientetan dagoen, eta datu babesturik bada, baimena emanen zaio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari haietan sartzeko.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Alkateak edo toki-korporazioko lehendakariak sinatu beharko du eskaera, eta ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko da. Proiektu mankomunatuen kasuan, proiektuaren koordinatzaile ofizialak sinatuko du eskaera. Agendak zenbait udalerritan baldin badu eragina, eta udalerri horiek ez badaude mankomunitate batean elkarturik, agenda egiteko delegazio-agiria erantsiko da.

Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalari eginen zaio eskaera, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkezten ahalko da (González Tablas kalea, 9, Iruña). Orobat, aurkezten ahalko da Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azalak irekita egon beharko du, lehen orriko goiko aldean agerrarazteko bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti); datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Balorazio Batzorde Teknikoak ebaluatuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

–Batzordeburua: Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen teknikaria.

–Idazkaria: Toki Agenden eta Lankidetzaren Bulegoko burua, edo hark eskuordetzen duen teknikaria.

–Batzordekidea: Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duen teknikaria.

Beharrezkotzat joz gero, Balorazio Batzorde Teknikoak aurkeztutako eskaeren xedeko gaietako teknikari adituen parte-hartzea eskatzen ahalko du.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera jasota, Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalak egiaztatuko du ea oinarri hauetan aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu diren. Eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita bost egun balioduneko epean, eta adieraziko zaio ezen zuzentzen ez badu eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Balorazio Batzorde Teknikoak txosten arrazoitua eginen du eskaerei buruz.

3. Aurreko oinarrian aurreikusitako batzorde teknikoak oinarri arautzaile hauetan adierazitako irizpide, modu eta lehentasunen araberako ebaluazioa egin ondoren, Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalak ebazpen proposamena eginen du eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Horrez gainera, zerrenda bat ere prestatuko du, baldintza guztiak bete arren aurrekontuetako mugak direla kausa deialditik kanpora gelditzen direnekin.

4. Diru-laguntzak Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ebazpen arrazoituaren bidez eman edo ukatuko dira. Aurrekontuko kreditu eskasiagatik diru-laguntzarik jasotzen ez duten onuradunen zerrenda berariaz agertuko da ebazpenean.

5. Prozeduraren gainean ebazteko epea 21 egunekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Diru-laguntza hartzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Proiektua aurrera eramatean edukiaren edo kostuaren aldaketaren bat dakarren edozein gorabeheraren berri ematea, gertatzen den unean, idatziz, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari. Aldaketa horrek ez dio konpromisorik ekarriko Foru Komunitateko Administrazioari, berariaz bere gain hartzen ez badu. Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuak idatziz onetsi beharko du proiektua egitean haren edukian edo forman egiten den edozein aldaketa.

2. Proiektuak edo ekintzak 2018ko eta 2019ko ekitaldien barrenean egiteko konpromisoa, Nafarroako Gobernuak 2018ko eta 2019ko ekitaldietan eman dezan toki entitatearen aldeko ordainketa agindua, ekitaldi bakoitzean toki entitateak onetsitako ziurtagiriak aurkeztu ondoren.

3. Diru-laguntza jasotzen duten proiektuen edo ekintzak kontratatzeko prozeduraren tramitazioa fase guztietan egiteko konpromisoa, bai eta proiektu edo ekintza horiek zuzen eta osorik egiteko behar diren tramite eta baimen guztiak ere; hori guztia, lanak hasten direnetik haiek onartzen diren arte. Orobat, lizitazioaren ondoriozko betebeharren erantzukizuna hartuko du, eta ez beste inork, obren edo ekintzen adjudikaziodunen aurrean.

4. Hala ere, toki entitateak diruz lagundutako inbertsioen %100 bitarte azpikontrata dezake.

5. Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta Estatuko nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

6. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea laguntza emateko ebazpen proposamena ematen denean.

7. Jasotako diru-laguntzaren kobrantza kontabilitate edo erregistro liburuetan erregistratzea eta diru horren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

8. Tokiko Batzorde Exekutiboa sortzeko konpromisoa. Hartan hartuko dute parte agenda gauzatzen duten toki entitateen ordezkariek, agendarako kontratatutako enpresen ordezkariek eta Nafarroako Gobernuaren ordezkariek, izendatuko baititu Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuak.

Bederatzigarrena.–Ordainketa egiteko modua eta epea.

Hamabigarren oinarrian eskatutako dokumentazioa aztertu ondoren, onetsitako diru-laguntza ordainduko da. Lanak onetsitako proiektuaren arabera egin direla frogatu ezean, diru-laguntza gutxitu eginen da, burututako proiektuaren proportzioan.

Hiru epetan ordainduko da; lehenbiziko ordainketa da Jasangarritasunaren Auditoretzaren Hasiera egitearen ondoriozko gastuetarako, eta 2018ko uztailaren 31 baino lehen ordainduko da, 2017ko gastuen aurrekontuetako partida honen kargura: “Toki Entitateentzako diru-laguntza, Nels sareko ingurumen proiektuetarako” izeneko 740007 74700 4609 45620 partida. Edo, bestela, 2018. urtean gastu hauei erantzuteko sortzen den antzeko partidaren kargura ordainduko da.

Bigarrena, Jasangarritasunaren Diagnostikoa egitearen ondoriozko gastuei dagokie; 2018ko abenduaren 30a baino lehen ordainduko da, partida beraren kargura.

Tokiko Ekintza Plana eta Jarraipen Plana egitearen ondoriozko gastuei dagokie hirugarrena; 2019ko ekainaren 30 baino lehen ordainduko da, 2019ko gastuen aurrekontuan egoki den partidaren kargura. Azkenekoa den hirugarren ordainketa egiteko, beharrezkoa izanen da Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalak aldeko txostena egitea, hots, Tokiko Agenda 21 osoki zuzen egin dela ziurtatzea. Bestela, Tokiko Agenda 21en entitate arduradunari eskatuko zaio hutsak edo okerrak zuzen ditzala.

Hamargarrena.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Ofizialki onartutako aurrekontuaren %70 izanen da gehienez proiektu bakoitzaren diru-laguntzaren zenbatekoa, eta hamaikagarren oinarrian ezarritako irizpidearen arabera emanen da, erabilgarri dagoen aurrekontua bukatu arte.

Entitate batek edo Tokiko Agenda 21 egiteko batutako entitateek 15.000 biztanle baino gehiago izanez gero, edo 150 kilometro koadro baino gehiago, gehienez ere 8.000 euro emanen zaizkie 2018rako, eta 4.000 euro 2019rako.

Gainerako kasuetan, entitate bati edo Tokiko Agenda 21 egiteko batutako entitateei gehienez ere 7.000 euro emanen zaizkie 2018rako, eta 3.500 euro 2019rako.

Aurrekontuetan kreditu erabilgarririk ez badago, diru-laguntzaren zenbatekoa, urtero, araberan murriztuko da.

Hamaikagarrena.–Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpideak.

1. Deialdi honen xede diren laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Balorazio irizpideak.

Honako irizpide hauen arabera baloratuko dira proiektuak edo ekintzak:

a) Lehenik, Tokiko Agenda 21 egin gabe duten udalei emanen zaie diru-laguntza. Talde horren barnean, lehentasuna izanen dute populazio handiena duten entitateen edo entitate multzoen proiektuek.

b) Gero, Tokiko Ekintza eta Jarraipen Plan zaharrenak dituzten entitateei emanen zaie diru-laguntza. Antzinatasunean berdintasunik izanez gero, lehentasuna izanen dute populazio handiena duten entitateen edo entitate multzoen proiektuek.

Hamabigarrena.–Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

1. 2018ko ekainaren 30a arte, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalean:

a) Agenda egiteko ardura duen enpresa kontratatzeko agiria.

b) Gastuen eta ordainketen zerrenda, toki entitateko idazkariak edo, bidezkoa bada, kontu-hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastua frogatzen duten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak.

c) Jasangarritasunaren Auditoretzaren Hasieraren ondoriozko agiria, 4. eranskinean zehaztu bezalakoa.

2. 2018ko azaroaren 15a arte, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalean:

a) Gastuen eta ordainketen zerrenda, toki entitateko idazkariak edo, bidezkoa bada, kontu-hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastua eta ordainketa frogatzen duten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak.

b) Jasangarritasunaren Diagnostikoaren ondoriozko agiria, 4. eranskinean zehaztu bezalakoa.

3. 2018ko maiatzaren 31 arte, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalean:

c) Gastuen eta ordainketen zerrenda, toki entitateko idazkariak edo, bidezkoa bada, kontu-hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastua frogatzen duten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak.

d) Tokiko Ekintza eta Jarraipen Planaren Hasieraren ondoriozko agiria, 4. eranskinean zehaztu bezalakoa.

Gastuaren eta ordainketaren zenbatekoa hasierako aurrekontua edo adjudikazioa baino txikiagoa bada, diru-laguntza zati proportzionalean gutxituko da.

Epe hori betetzen ez bada, emandako diru-laguntza ez da pagatuko.

Hamahirugarrena.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna

Deialdi honen diru-laguntzak ez dira bateragarriak Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

Hamalaugarrena.–Efizientzia eta ekonomia hornitzaileen kontratazioan.

Entitate publikoak direnez, ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea (Kontratu publikoei buruzkoa) bete beharko dute lanen kontratazioan.

Hamabosgarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, ez da diru-laguntza ordainduko edo itzuli egin beharko da, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Hamaseigarrena.–Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen aplikazioa.

Oinarri hauetan aurreikusita ez dauden gaietan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Hamazazpigarrena.–Oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Hemezortzigarrena.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.navarra.es) argitaratuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Hemeretzigarrena.–Onuradunen eginbeharrak publizitateari dagokionez.

Proiektuan edo ekintzan agerian egon beharko du Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatzen den proiektua dela.

2. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, Tokiko Agenda 21 egiteko diru-laguntza eskatu duen entitatearena (PDFa).

3. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, Tokiko Agenda 21 egiteko delegazioa egiten duten entitateena (PDFa).

4. ERANSKINA

Tokiko Agenda 21 baten edukia

Tokiko Agenda 21 bat ezartzeak esan nahi du honako hau egitea:

Jasangarritasunaren Auditoretzaren Hasiera.

1) Nafarroako Tokiko Jasangarritasunaren Adierazleak ezartzea prozesuaren hasieran. Adierazle horien emaitzak jakinda, 2) atalean azaldutako Jasangarritasunaren Diagnostikoa eginen da, soilik beharrezko den alderdietarako, Tokiko Batzorde Exekutiboan adostu beharrekoak, prozesua gauzatzen duen enpresak proposatuta.

2) Prozesua udaleko langile guztiei aurkeztea, eta Tokiko Batzorde Exekutiboa eratzea.

3) “21eko” Herritarren Parte-hartze Organoak ezartzea (batzordeak, foroak, lantegiak, etab.). Zabalkundea, bideoa, logotipoa... Herritarrei aurkeztuko zaie hastera doan Tokiko Agenda 21en prozesua.

4) Tokiko liderren elkarrizketa mamitsuak.

5) Eztabaida taldeak ezartzea hainbat gairi buruz: ingurumenaren arloko gogobetetasuna, zerbitzuen irisgarritasuna, mugikortasuna, kontsumoa, etab.

6) Egiteko errazak diren inkesta masiboak, esaterako gazteei egitekoak, ikastetxeen bidez, edo jada egituratuak dauden hainbat kolektibori egitekoak.

Jasangarritasunaren diagnostikoa.

Aurreko 1) atalean adierazi bezala, diagnostiko sakona eginen da beharrezko jotzen diren alderdiei buruz, adierazleen emaitzen arabera. Tokiko Batzorde Exekutiboak erabakiko du horren gainean. Gainerako gaiei buruz deskribapen laburra eginen da.

Hauxe egiten da Jasangarritasunaren Diagnostiko Integratu batean: indarguneen eta hobetzeko guneen azterketa, kontrastatzea, lehentasunak jartzea, eztabaidatzea, adostea, eta balidatzea, honako gai hauen gainean:

1) Ingurune fisikoa eta biotikoa

2) Ingurune sozial eta ekonomikoa

3) Ingurune eraikia eta planeamendua

4) Jasangarritasunean gako diren jarduera ekonomikoen kokapena, bideragarritasuna eta ingurumen eta gizarte eraginak.

5) Baliabide endogeno eta exogenoen kontsumoa (materiaren eta energiaren balantzeak, oinarrizko bektoreen zikloak, etab.). Energia auditoretzak.

6) Aztarna Ekologikoa kalkulatzea eta hura murrizteko proposamenak

7) Ingurumeneko arriskua

8) Mugikortasuna eta garraioa

9) Zerbitzuak ematea

10) Genero ikuspegia

11) Herritarren sentsibilizazioa eta partaidetza

12) Udal kudeaketa, kudeaketa finantzarioa, pertsonala, sektoriala eta ingurumenekoa, sektoreartean integratua, udal ordenantzen eta jardunbide egokien proposamenekin

Tokiko Ekintza Plana eta Jarraipen Plana egitea.

1) Tokiko Ekintza Plan bat egitea, eduki honekin:

a) Foro 21ean aurkezpenak egitea, lehenik Ildo Estrategikoaren proposamenarena, Ekintza Programekin, inkesta bat egiteko, eta, hura egin ondoren, lortutako emaitzen aurkezpena. Bi saioetan, behar diren lantegiak eginen dira haiek aztertzeko, kontrastatzeko, lehentasunak jartzeko, eztabaidatzeko, adosteko, eta balidatzeko.

b) Inkestak egitea ingurumeneko eragileei, eragile sozialei, kulturalei eta ekonomikoei, haien parte-hartzearekin prestatzeko ildo estrategikoak –jasangarritasun irizpideekin–, horiek garatzeko programak eta gauzatu beharreko proiektuak.

c) Partaidetzako organo guztietan eztabaidak egitea eta adostasunak lortzea, Ekintza Plana zehazteko.

2) Jarraipen Plan bat egitea, honako eduki honekin:

a) Inkestak egitea agintariei eta udaletako teknikariei, eta partaidetza organoetan eztabaidatzea eta adostasunak lortzea, proiektuak aukeratu eta lehenetsi ahal izateko, hori oinarri izanen baita bukaerako Tokiko Agenda 21 egiteko.

b) Proiektuak xehaturik eta lehentasunen arabera ordenaturik, ingurumeneko profila –aukeratutako joeren bukaerako adierazleekin–, tokiko jasangarritasunerako adierazle berariazkoen sistema, antolaketarako egiturak eta kontrol osagarrien sistema, datuen eranskinak eta euskarri digitaleko informazio guztia (georreferentziaturik eta automatikoki egunera daitekeena).

3) Sintesi agiri bat, georreferentziatua, egitea.

4) Jasangarritasuneko Udal Adierazpen bat egitea.

5) Foro 21ean aurkezpenak egitea, lehenik aurreko agirien proposamenenak, azter daitezen, eta kontrastatu, lehentasunak ezarri, eztabaidatu, adostu eta balidatu, eta, gero, azkenik egindako produktuenak.

6) Triptiko soil bat egitea (Tokiko Agenda 21). Hartan argi eta garbi jasoko dira proiektuak eta ekintzak, adostasunez lehenetsiak, esaterako agintarien, eragile ekonomiko eta sozialen eta herritarren konpromisoak, erraztuko dutenak informazioa zabaltzea eta eskuragarri egotea komunitatearentzat eta hedabideentzat.

Teknikari arduradunek edo kontratatutako enpresak (aholkularitza teknikoa), halakorik badago, aukera izanen dute planteatutakoez bestelako tresnak edo lanabesak proposatzeko, aurrekoen ordezkoak edo osagarriak. Nafarroako Gobernuak onetsi beharko ditu, eta Tokiko Batzorde Exekutiboan adostu beharko dira.

Iragarkiaren kodea: F1801115