30. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren 24an hartua, hasiera ematen diona Nafarroako Unibertsitate Publikoko Campusaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea ren tramitazioari. Aldaketa Mutiloako 1. poligonoko 438. lurzatia kanpo uzteari buruzkoa da eta Arangurengo Udalak sustatu du.

I.–Xedea

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Campusaren Udalez gaindiko Plan Sektorialaren (NUPeko UPSa) aldaketa honen xedea da Mutiloako 1. poligonoko 438. lurzatia kanpo uztea. Plan hori Nafarroako Gobernuak 1990eko uztailaren 31n hartutako Erabakiaren bidez behin betiko onetsi zen.

Aldaketa justifikatzeko honako inguruabar hauek azaltzen dira:

–Nafarroako Unibertsitate Publikoak ez du Mutiloako 1. poligonoko 438. lurzatian eragiten duen eta hura desjabetzeko edo beste bide batzuen bidez eskuratzeko eskatu duen jarduketa planik. Hori dela eta, kokapenagatik eta UPSa onetsi zenetik iragan den denboragatik, NUPeko Gobernu Kontseiluak uste du lurzatia UPSaren eremutik kanpo utz daitekeela, eta hezkuntza ez unibertsitariora bideratu; horrela adierazten du 2017ko irailaren 19ko Erabakian.

–Hezkuntza Departamentuak eta Arangurengo Udalak hezkuntzarako zuzkidura zentro publiko berri bat garatzeko beharra ikusten dute, eta Udalak ez du Hezkuntza Departamentuaren arabera horretarako baldintza egokiak dituen lurzatirik (lurzati urbanizatua, kargetatik salbuetsia eta gutxienez 5.012 m²-ko azalera duena, Departamentuak 2017ko irailaren 29an egindako txostenaren arabera).

II.–Lurraldeari eta hirigintzari buruz kontuan hartu beharrekoak

A.–Eremua.

Aldaketaren eremua bat dator Mutiloako 1. poligonoko 438. lurzatiarekin. 17.317,38 m²-ko azalera du lurzatiak. Dokumentazioan adierazten da etorkizunean 8.000 m² inguruko institutu berri bat kokatzen ahalko dela eremuan. Honela, eremuaren azalera osoa hezkuntzarako izanen da, NUPeko Gobernu Kontseiluaren akordioarekin bat.

Iparraldetik muga topografiko bat ezarri nahi bada, aurkeztutako dokumentazioak dioen bezala, aldaketaren eremuan 445. lurzatia ere sartu beharko litzateke, aldaketaren xede den lurzatiarekin iparraldean muga egiten baitu eta ia-ia haren kota berean baitago. Lurralde eremu koherenteagoa izateaz gain, horrek aukera emanen luke eremua etorkizuneko zuzkiduretarako lurzatiaren aurrean geratzeko, Lezkairu etorbidetik. Horri dagokionez, NUPi txostena eskatu zaio.

Aldaketaren eremuan ez da sartu titulartasun publikoko katastroan agertzen den bide bat, hegoaldetik inguratzen duen bidetik aldaketaren xedeko lurzatiaren erdialdera doana baina errealitatean joan-etorrietarako itxita geratu dena. Esan beharra dago ez dela bidezkoa aipatu bidea NUPeko UPSaren eremuan geratzea, kanpoan utzi nahi den lurzatiarekin batera antolatu beharko bailitzateke. Horregatik, aldaketaren eremuan sartu beharko litzateke.

B.–Lurraldearen antolamendurako tresnei egokitzapena.

Proposatutako aldaketaren izaera kontuan hartuta (NUPeko UPSaren azalera osoaren %1,19ko murrizketa dakar garatutako eremutik urrun dagoen gune batean) ez du eragin aipagarririk UPSaren helburuan, alegia, unibertsitatearen udalez gaindiko zuzkiduraren garapenean.

LAP3ari dagokionez, tresna horrek proposatzen du ibai korridore bat eta ibai bazterreko parke bat egitea eremuaren hegoaldean. Gainera, Metropoli eremua antolatzeko estrategian, intereseko ibilbidetzat jotzen du hura. Gaur egun lurzatiaren mendebaldean eta hegoaldean bide bat dago. Ertz-ertzean ez dagoen arren, Sadar ibaiaren trazadurari jarraitzen dio eta Mutiloaren eta NUPeko eraikinen arteko ibilbide bat osatzen du, Arrosadiko parke berritik jarraituz Nafarroako Unibertsitateko campuserantz doana. Lurzatian eragiten ez duen baina hura mugatzen duen bide hau POT 3an proposatutako ibilbidea izanen litzateke. Kontu honek ez du galarazten lurzatia NUPeko UPSaren eremutik kanpo uztea, baina kontuan hartu beharko da Udal Planak lurzati horretarako planteatuko duen etorkizuneko antolaketan.

Lezkairu etorbidea jardun zibikoaren eta garraio publikoaren ardatz bat dela jasotzen da LAP3an, eta horrek indartzen du lurzatiak ekipamendu publiko bat –nahi den bezala– hartzeko duen zentzua.

Uholde arrisku txikiko zona batek arinki eragiten dio lurzatiari hegoaldetik; beraz, etorkizuneko antolaketan hori kontuan hartu beharko da, sektorean aplikatu behar den legediari eta LAPetan alde hauetarako ezarrita dagoenari errreparatuz.

Lurraldearen antolamenduko esparrua (memoriaren 5.1 puntua) aztertzeko unean gai hauek sartuta osatu behar da aurkeztutako dokumentazioa.

C.–Indarreko planeamenduari buruzko aipamena.

Aldaketaren xedeko eremuan dagoen indarreko planeamendua
NUPeko UPSa da. Zehazki, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Campusaren Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa da determinazio indardunak sartu zituena. Aldaketa, ikasleentzako egoitza eremu berri bat eta kirol instalazioen ondoko aparkaleku publiko bat definitzeari buruzkoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoak sustatu eta Gobernuak onetsi zuen 2005eko ekainaren 6ko Erabakiaren bidez.

Eremua ia osorik U-8 unitatean dago, zeinaren erabilera berdegunea/ibai parkea baita eta ez du eraikigarritasunik. Arauzko determinazioetan zehazten da bideak onartzen dituela, eta dokumentazio grafikoan bi adierazten dira.

Bideei dagokienez, esan beharra dago Arangurengo Udalak 2007an “Entremutilvas” Sektorearen Plan Partziala onetsi zuela eta haren eremua NUPeko UPSarekin mugakide dela. Egina zegoen plan partzial horretan definitu zen bide sistemak ez du jarraitzen UPSaren dokumentazio grafikoan adierazitakoa, baina horrek ez zuen arau mailarik.

Logikoa da, beraz, “Entremutilvas”-en egindako bide sistemari erreparatzea. Horren arabera, etorkizuneko bideek ez dute eraginik izanen aldaketa honen eremuan.

Halere, nahasmenik sor ez dadin eta dokumentua NUPeko UPSaren aldaketa dela kontuan hartuta, aldaketan adierazi beharko litzateke bide sistema aldatu dela onetsitako dokumentazio grafikoarekin alderatuta.

Azkenik, eta lehen aipatu bezala, NUPeko UPSean aipatzen den Sadar ibaiko parkearen jarraipena bermatu behar da, eta hirigintzako udal planeamenduak eremu osorako proposatuko duen etorkizuneko antolaketan aintzat hartuko da.

III.–Txosten sektorialak

Aurkeztutako dokumentazioak txosten hauek ditu, eranskin gisa:

–NUPeko Gobernu Kontseiluaren baimen-txostena, 2017ko irailaren 19koa, Arangurengo 1. poligonoko 438. lurzatia kanpo uztearen aldekoa, baldin eta hezkuntza erabilera mantentzen bada.

–Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren txostena: 2017Ko irailaren 29ko txostena, zeinean Mutiloan Haur eta Lehen Hezkuntzako 2 lerro hartzen ahal dituen ikastetxe berri bat berehala eraikitzea planteatzen baitu; horrenbestez, gutxienez 5.012 m²-ko azalerako lurzati bat erabiltzeko lagapena eskatu du. Mutiloako 1. poligonoko 438. lurzatiari dagokionez, Hezkuntza Departamentuak dio haren kokapena egokia dela eta hartzen duen azalerak (17.317,38 m², eskatzen dena baino askoz handiagoa) beharrak betetzen dituela, betiere azkenean utziko diren dimentsioak eta proportzioak egokiak badira hezkuntzarako eraikin bat egiteko, dagozkion patioa eta kirol pistak barne.

Bestalde, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak txostena eman du 2017ko abenduaren 11n, eta ondorio hauek jaso ditu: “Ukipen akustikoei dagokienez, esan beharra dago lurzatia Hotsari buruzko mapa estrategikoen esparruaren barrenean dagoela. Zonifikazio akustikoa dauka dagoeneko, irailaren 3ko 1328/2010 Ebazpenaren bidez onetsia. Aldaketak zonifikazio akustiko hori aldatzen du, industria erabilerako eremu akustiko izatetik hezkuntzako erabilera duen eremu akustiko izatera. Beraz, bete beharreko helburu akustikoak 50 dezibelekoak (gauerako) eta 60 dezibelekoak (egunerako) dira. Erabilgarri dagoen informazioa abiapuntutzat hartuta (Hotsari buruzko mapa estrategikoen 2. berrikuspena), eta zarata eragiten duen iturri nagusia trafikoa dela kontuan izanik, aurreikusitako erabilerarako kalitate akustikoko helburuak betetzen dira.”

Azkenik, txostena eskatu zaio Iruñerriko Mankomunitateari -txosten horren ondorioak kontuan hartuko dira espedientearen ebazpenean- eta baita NUPi ere, eremu handiago eta, lurraldeari dagokionez, koherenteago bat kanpoan uzteko aukerari buruz, aurretik azaldu den moduan.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2017ko abenduaren 19ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Hasiera ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Campusaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala (NUPeko UPSa) aldatzeko espedientearen tramitazioari. Aldaketaren xedea Mutiloako 1. poligonoko 438. lurzatia kanpo uztea da, eta Arangurengo Udalak sustatu du.

2. Sustatzaileak espedientea osatu beharko du II. atalean adierazitakoaren arabera (Lurraldeari eta hirigintzari buruz kontuan hartu beharrekoak).

3. Adieraztea espedientea ebazten denean erabaki honetan eta eskatutako txosten sektorialetan xedatutakoa bete beharko dela.

4. Espedientea jendaurrean jartzea berrogeita bost egunez, eta, aldi berean, entzunaldia ematea trazadurak ukitzen duen udalari.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea, 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Agiria, halaber, web-orri honetan ikusten ahalko da:

http://www.ExposicionpublicaOT.navarra.es.

5. Orobat, espedientea jendaurrean jartzea, epe berean, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Foru Legearen 21. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat.

6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

7. Erabaki hau Hezkuntza Departamentura eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzura igortzea, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoari, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari, Iruñerriko Mankomunitateari, Arangurengo Udalari eta Nasuvinsari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 24an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1801247