3. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1181/2017 EBAZPENA, abenduaren 21ekoa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, 2017-2018 ikasturteko eskola garraioaren zerbitzua antolatzeko eta haren funtzionamendurako jarraibideak onesten dituena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 6/2006 Lege Organikoaren 4. artikuluak ezartzen duenez, “lege honen 3.3 artikuluan aipatutako oinarrizko irakaskuntza nahitaezkoa eta doakoa da pertsona guztientzat”. Lehen hezkuntzak eta derrigorrezko bigarren hezkuntzak osatzen dute oinarrizko hezkuntza (LOEren 3.3 artikulua).

Eskola garraioaren zerbitzua gero eta handiagoa eta konplexuagoa denez, beharrezkoa izan da azaroaren 13ko 102/2017 Foru Agindua onestea, eskola garraioaren antolaketa eta funtzionamendua eta jantokirako banakako laguntzak arautzen dituena Nafarroako Foru Komunitatean, non zerbitzu horren ildo nagusiak eta jarduketa-irizpideak finkatzen baitira. Foru agindu horretan ezartzen da, orobat, beste alderdi koiunturalago batzuk ebazpen baten bidez zehaztuko direla, zeinak ikasturte bakoitzeko beharren araberako jarraibideak onetsiko baititu.

Hori horrela, ebazpen honen helburua da foru agindu hartan adierazitako alderdiak finkatzea 2017-2018 ikasturterako.

Banakako laguntzak deitutakoei dagokienez, Ogasuneko eta Finantza Politikarako Departamentuko Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuak eskatutakoari jarraituz, 2017-2018 ikasturteko kostu ekonomikoaren aurreikuspena egin da, gutxi gorabehera.

Gainera, ebazpen honetan aurreikusten da derrigorrezkoak ez diren irakaskuntzetako ikasleen garraio zerbitzua guraso elkarteekin eta bestelako entitate sustatzaileekin batera antolatzeko aukera, hutsik gelditzen diren eserlekuekin zer egin, eta eskola garraioaren, aurreikuspenaren, antolaketaren, kudeaketaren eta gainbegiraketaren inguruko hainbat alderdi ere lantzen ditu, besteak beste.

Horiek horrela, Estatuak irakaskuntza ez-unibertsitarioko eginkizun eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzea onesten duen abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuak eskola garraioaren ezarpenaren eta kudeaketaren arloan ezartzen dituen eginkizunak betez.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2017-2018 ikasturteko eskola garraioa antolatzeko eta haren funtzionamendurako jarraibideak onestea, ebazpen honi erantsita daudenak.

2. Ebazpen honetan aipatzen diren banakako laguntzen kostua onestea 2017-2018 ikasturteko 2017ko irailaren 1etik 2018ko abuztuaren 31ra arteko eperako: 350.000 euro; horietatik 140.000 euro, 2017ko iraila-abendua tarteari dagozkio, eta Departamentuko Gastuen Aurrekontu indarduneko “Eskola garraiorako banakako laguntzak” izeneko 410004 41830 4800 324100 partidaren kargura finantzatuko dira, eta gainerakoa, hots, 210.000 euro, 2018ko urtarrila-abuztua aldiari dagozkionak, 2018an horretarako sortuko den partidaren kargura finantzatuko da.

3. Ebazpen honetan xedatutakoa eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunean hasita.

5. Ebazpen hau eta eranskinak interesa duten ikastetxe publiko guztietara, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Sustapen Departamentuko Garraio Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Kontratazioaren, Zerbitzu Osagarrien eta Koordinazio Administratiboaren Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2017ko abenduaren 21ean.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.

I. ERANSKINA

1.–Eskola garraioaren eta haren ibilbideen aurreikuspena hurrengo ikasturterako.

Eskola garraioaren antolaketa, kudeaketa eta finantzaketa Hezkuntza Departamentuaren ardura da, azaroaren 13ko 102/2017 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera, horren bidez arautzen baitira eskola garraioaren antolaketa eta funtzionamendua eta jantokirako banakako laguntzak Nafarroako Foru Komunitatean. Zerbitzu horiek kudeatzeko, beharrezkoa da ikastetxeek eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak ikastetxe bakoitzari dagozkion datuak ematea Hezkuntza Departamentuan eskola garraioaren arloko eskumena duen administrazio unitateari, dela hemengo eranskinak erabiliz (V. eranskina, Garraioaren aurreikuspena; VI. eranskina, Ibilbideen laburpena; VII. eranskina, Bete gabeko lekuen aurreikuspena; eta VIII. eraskina, Jangelarako aurreikuspena), dela Hezkuntza Departamentuak horretarako jartzen dituen baliabide elektronikoak erabiliz. Datuak aurkezteko epea ezartzean kontuan hartuko da Haur Hezkuntzako bigarreko zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasleak onartzeko ebazpenean eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak onartzeko ebazpenean finkatzen den egutegia.

2.–Eskola garraiorako banakako laguntzak ematea.

2.1.–2017-2018 ikasturterako laguntza motak eta horien zenbatekoak honakoak izanen dira:

a) Bidaiarien garraio erregularra erabil dezaketen ikasleak: txartelaren prezioa.

b) Garraio erregularra erabil ez dezaketen ikasleak: familia edo herri berekoak badira edo, eskualde jakin batzuetan, bizitegi bakanduak dituzten eremu berberetan bizi badira (baserrietan), beren artean antolatu beharko dira halabeharrez ibilgailu bera partekatzeko (baimendutako eserlekuak bete arte). Ikaslearen etxetik ikastetxeraino edo hurbilen duen ikasleen autubus geralekuraino dauden kilometroen arabera finkatuko da laguntzaren zenbatekoa, ibilgailua nahitaez partekatu beharko dutela kontuan harturik, eta honako kilometro eskala honi jarraikiz:

10 KM
BITARTE

10 KM BAINO GEHIAGO ETA
20 KM BITARTE

20 KM BAINO GEHIAGO ETA
30 KM BITARTE

30 KM BAINO GEHIAGO

Ikasle bat

482,56

676,34

949,80

1.328,93

Bi ikasle

375,33

524,67

726,47

1.011,47

Hiru ikasle edo gehiago

280,20

387,67

532,03

741,93

Diru kopuru horiek ikasturte eta ikasleko dira.

Distantzia, laguntza hauek emateari begira, ikaslearen helbideari dagokion hirigunetik ikastetxeraino edo hurbilen dagoen ikasleen autobus geralekuraino neurtuko da, hurrenez hurren. Populazio barreiatuaren kasuan (baserriak), distantzia ikaslearen etxetik bertatik kontatuko da.

c) Hezkuntza Departamentuak, aldez aurretik Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak edo Nafarroako Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentroak txostena emanda, banakako laguntzen zenbatekoa handitzen ahalko du, baldin eta egoera bereziak badaude minusbaliotasun fisiko edo psikikoak dituzten ikasleen eskolatze prozesuan.

2.2.–Eskola garraiorako banakako laguntzak eskatzeko data. Justificación de abono a la familia y de asistencia al centro.

Ikasleak eskolatuak dauden ikastetxe publikoen bidez eskatuko dira laguntzak. Horretarako, ebazpen honen eranskinean dagoenΙΙ eskabide eredua erabiliko da. Laguntza horiek har ditzaketen ikasleentzako laguntza eskabideak eta horretarako eskubidea dutela frogatzeko agiriak Hezkuntza Departamentuan eskola garraioaren arloko eskumena duen administrazio unitatera bidali beharko dituzte, 2017ko abenduaren 23a baino lehen, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuek. Nahitaezko betebeharra da eskaerarekin batera ikaslearen bizileku-ziurtagiria aurkeztea, herriko udalak luzatua.

Ikastetxeek bidalitako dokumentazioa aztertu ondoren, Hezkuntza Departamentuan eskola garraioaren arloko eskumena duen administrazio unitateak ordainduko ditu onartutako diru-laguntzak.

Ordainketa ikastetxeetara igorri ondoren, ikastetxe horiek ikasleen familiei ordainduko diete, eta Hezkuntza Departamentuan eskola garraioaren arloko eskumena duen administrazio unitateari justifikatuko beharko diote ordainketa hori egin dutela eta ikaslea ikastetxera joan dela.

3.–Laguntzailearen eginkizunak.

Ikasleak garraiatu bitartean zaintzeak eginbehar hauek dakartza:

a) Ikasleak ikastetxearen esparruaren barrutik hartzea eta haraino lagun egitea. Lan horretan, ikastetxeko Zerbitzu Osagarrien Planean eginkizun horretarako ezarritako irakasleen laguntza izanen du, Haur Hezkuntzako eskola publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoa garatzen duen uztailaren 16ko 257/1998 Foru Aginduaren 7. artikuluan eta Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa garatzen duen uztailaren 16ko 258/1998 Foru Aginduaren 10. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

b) Ikasleak finkaturiko geralekuetan igo eta jaisten direla kontrolatzea, ikastetxeak emanen dion zerrendaren arabera.

c) Zerbitzua zerrendan ageri diren ikasleek bakarrik erabiltzen dutela kontrolatzea.

d) Mugikortasun murriztua duten ikasleei laguntzea autobusera igotzen eta autobusetik jaisten.

e) Ikasleei eserlekuak banatzea, kontuan harturik haien adina, nongoak diren edo bidezkotzat jotzen diren bestelako irizpideak.

f) Autobusa abiatu baino lehen ikasle guztiak eserita daudela egiaztatzea.

g) Eskolako materialak (bizkar-zorroak, karterak, karpetak) dagozkien lekuetan daudela eta ibilbidean ez dutela haurrentzako arriskurik sortuko egiaztatzea.

h) Ikasleak ongi portatzen direla begiratzea, borrokarik, eztabaidarik eta jokabide txarrik gabe.

i) Ikastetxeko zuzendaritzari ikasleen diziplinako hutsegiteen berri ematea, horrelakorik badago.

j) Eramaten diren ikasleen kopuruari, atzerapenei edo zerbitzuaren beste edozein alderdiri dagokionez aldaketarik baldin badago, haren berri ematea ikastetxeko zuzendaritzari.

k) Garraioaren arduradunei laguntzea zerbitzua hobetzeko datuak hartzen eta kontrolatzen.

l) Zuzendaritzak aginduta, segurtasuna hobetzen laguntzen duen beste edozein.

4.–Garraioaren plangintza bateratua.

Eskola garraioa beste entitate batzuekin koordinaturik planifikatzen ahalko da, konparazio batera, udalekin eta ikastetxe publikoetako guraso elkarteekin, azaroaren 13ko 102/2017 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera, horren bidez arautzen baitira eskola garraioaren antolaketa eta funtzionamendua eta jantokirako banakako laguntzak Nafarroako Foru Komunitatean.

Derrigorrezko irakaskuntzaren ondoko maila ez-unibertsitarioetako ikasleentzako garraio kolektiboa sustatzen duten entitateek eskatu beharko dute ikasleen eskola garraiorako antolaketa bateratua, ikasturte bakoitzerako. Entitate horiek kasuan kasuko zerbitzua hasi baino gutxienez 30 egun baliodun lehenago aurkeztu beharko dute eskaera, Hezkuntza Departamentuari zuzendutako eskabide-orria erabiliz, azaroaren 13ko 102/2017 Foru Aginduan aipatzen den dokumentazioa eta IX. eranskina erantsita. Hezkuntza Departamentuak horretarako eskaintzen dituen bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira eskaerak.

5.–Eserleku hutsak erabiltzea.

5.1.–Eserleku hutsak erabiltzeko eskaerak egiteko epea eta horretarako baimenen zerrenda.

Hutsik gelditzen diren eserlekuak erabiltzeko eskaerak, ebazpen honen ΙΙΙ eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoak, garraio zerbitzuaren xedeko ikastetxe publikoan aurkeztuko dira, 2017ko abenduaren 23a baino lehen, garraio zerbitzua Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek baizik erabiltzen ez duten kasuetan, eta 2017ko abenduaren 30a baino lehen, gainerako zerbitzuetan.

5.2.–Epe horietatik kanpo aurkezten diren eskaerak onartuak izanen dira baldin eta ezarritako epearen barruan aurkeztutakoak ebatzi ondoren eserleku hutsik gelditzen bada. Kasu horretan, ez dira lehentasun irizpideak aplikatuko, eskaerak aurkezteko hurrenkera baizik.

5.3.–2018ko urtarrilaren 20a baino lehen, ikastetxe publikoko zuzendariak Hezkuntza Departamentuan eskola garraioaren arloko eskumena duen administrazio unitateari igorriko dio eserleku hutsak erabiltzeko emandako baimenen behin betiko zerrenda izenduna, azaroaren 13ko 102/2017 Foru Aginduan adierazitako lehentasun irizpideak aplikaturik ateratzen den hurrenkeraren arabera ordenatua. Garraio zerbitzuaren xedeko ikastetxearen datuez gainera, eserleku hutsak erabiltzen dituzten ikasleen datu hauek ere adierazi beharko dira: izen-deiturak, bizilekua non duten, ikasketa maila eta kurtsoa, matrikulatuak dauden ikastetxea, Hezkuntza Ministerioko bekadunak izan diren ala ez 2016/2017 ikasturtean eta egiten duten ibilbidea, IV. eranskinean ageri den ereduari jarraikiz.

II. ERANSKINA

Eskola garraiorako banakako laguntza.

III. ERANSKINA

Eserleku hutsa eskola garraioan.

IV. ERANSKINA

Eserleku hutsen erabiltzaileen zerrenda.

V. ERANSKINA

Eskola garraioaren aurreikuspena.

VI. ERANSKINA

Eskola garraioaren ibilbideen aurreikuspena, laburpena.

VII. ERANSKINA

Garraioko eserleku hutsen aurreikuspena.

VIII. ERANSKINA

Jangelako aurreikuspenak.

IX. ERANSKINA

Garraioaren plangintza bateratua egiteko eskaera.

Behera kargatu beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1715061