29. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

8/2018 FORU AGINDUA, urtarrilaren 23koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntzako kontseilariak apirilaren 19an emandako 50/2017 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez, Batxilergoan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko modua arautzen da.

Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 19ko 50/2017 Foru Aginduaren bidez, Batxilergoan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko modua arautu zen. Haren 6. artikuluko 8. apartatuan ezartzen da irakasgai guztietan beste tresna batzuk izanen direla errekuperazioa egiteko, azken ebaluazio arruntaz eta bereziaz gain.

Azken ebaluazio bereziaren deialdiko probak ekainera aurreratu izanak berekin ekarri du hilabete horretan azterketa gehiago egin beharra.

Hirugarren ebaluazioko errekuperazioak bukatzeko eguna eta azken ebaluazio arrunta egitekoa oso hurbil daudela kontuan harturik, hauxe da ebaluazioari buruzko foru agindua aldatzeko proposamen honen xedea: ikastetxeei aukera ematea azken ebaluazio arrunta hirugarren ebaluazioa errekuperatzeko tresna gisa erabiltzeko, curriculuma emateko prozesua optimizatzearren.

Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du foru agindu hau onets dadin, zeinaren bidez aldatuko baita Hezkuntzako kontseilariak apirilaren 19an emandako 50/2017 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko modua arautu zuena.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.–50/2017 Foru Legearen 6. artikuluko 8. apartatua aldatzea.

Hezkuntzako kontseilariak apirilaren 19an emandako 50/2017 Foru Aginduaren 6. artikuluaren 8. apartatua aldatzen da. Hemendik aurrera, honela idatzita geldituko da:

“8. Irakasgai guztiek hiruhileko errekuperazioa egiteko tresnak izanen dituzte, azken ebaluazio arruntaz eta bereziaz gain, salbu eta hirugarren ebaluazioaren errekuperazioetan, izan ere, kasu horretan, ikastetxeek azken ebaluazio arruntarekin batera egiten ahalko dituzte errekuperazio horiek. Horretarako, irakasleek, koordinazio didaktikoaren departamentuko buruak koordinatuta, programazio didaktikoetan jaso beharko dute nola errekuperatu behar diren hiru hilabetean behingo ebaluazio bakoitzean gainditu gabe gelditzen diren curriculumeko elementu ebaluagarriak. Hiru hilabetean behingo ebaluazioetan aurreikusitako helburuak, gaitasunak, edukiak eta ikaskuntzaren estandarrak ebaluatzearen ondorioz ikasleak kalifikazio negatibo bat eskuratzen duenean eginen da errekuperazio prozesua.”

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 23an.–Hezkuntzako kontseilaria, María Solana Arana.

Iragarkiaren kodea: F1801180