28. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

845E/2017 EBAZPENA, abenduaren 15ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, hasiera batean onesten duena “Nafarroako Unibertsitatearen Campusa” Udalez gaindiko Plan Sektorialeko Z.1 jarduketa-unitateari dagokion xehetasun azterlana. Sustatzailea Asistencia Clínica Universitaria de Navarra SA da.

Espedientearen helburua da Iruñeko UI XXI unitate integratuko Z-1 unitaterako ezarritako hirigintzako antolamenduko determinazioak definitzea, ACUNSA bulego eraikina handitzeko eta Nafarroako Klinika Unibertsitarioko aparkalekura sartzeko gune bat egiteko.

Indarrean dago Nafarroako Unibertsitateko Campusaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Nafarroako Gobernuak 1990eko uztailaren 31n hartutako Erabakiaren bidez onetsia (1990eko abuztuaren 29ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), baita haren aldaketak ere, Nafarroako Gobernuak 2002ko uztailaren 22an eta 2003ko abenduaren 15eko erabakien bidez onetsiak.

Eremu horretako azaleraren neurketari eta okupazioari dagokienez, espedientean eragina dute, orobat, Udalez gaindiko Plan Sektoriala garatzeko asmoz tramitatutako xehetasun azterlanek, zeinak onetsi baitziren, hurrenez hurren, 2001eko apirilaren 5eko eta 2002ko ekainaren 6ko udal erabakien bidez.

Hirigintza antolamendurako tresna honek “Nafarroako Unibertsitateko Campusa” Udalez gaindiko Plan Sektorialaren antolamendu xehatuaren gaineko determinazio batzuk aldatzen ditu. Tramitazioari eta xedeari dagokienez, hirigintzako arloko legedian ezarritakoa betetzen du, hots, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginaren 63. artikulua eta Udalez gaindiko Plan Sektorialaren hirigintza-araudiaren 7. atala.

Xehetasun azterlan hau tramitatu eta onestea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagokio, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 43.1.d) artikulua aplikatuz, udalez gaindiko plan sektorial bat garatzen duen tresna delako.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak espedientea azterturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hasiera batean onestea “Nafarroako Unibertsitatearen Campusa” Udalez gaindiko Plan Sektorialeko Z-1 jarduketa-unitateari dagokion xehetasun azterlana. Sustatzailea Asistencia Clínica Universitaria de Navarra SA da.

2. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalari entzutea ematea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta 20 egun iraunen dute.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea, 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Gainera, dokumentua Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, bai eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren web-orriko “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez ere: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Iruñeko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko abenduaren 15ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1714768