28. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

839E/2017 EBAZPENA, abenduaren 15ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko BF1 lurzatiaren xehetasun azterlanaren aldaketa, Navarra de Suelo y Vivienda SAk sustatua, hasiera batean onesten duena.

Espedientearen helburua da berrantolatzea udalez gaindiko ekipamenduetarako BF1 lurzatian (Erripagañako eremuan kokatua, Iruñeko udal-mugarteko 5. poligonoko 2544. katastroko lurzatian) eraikiko diren bolumenak. Era berean, finka hiru azpilurzatitan zatitzen du. BF1-1, BF1-2 eta BF1-3 eta 4.

Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialari aldaketa bat egin zitzaion Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak Hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen lehen xedapen iragankorraren 1. atalean ezarritakoaren babesean, Udalez gaindiko Plan Sektorialeko I. banaketa eremuko konpentsazio batzordeak sustaturik, eta indarrean jarraitzen du gaur egun. Aldaketa hori Nafarroako Gobernuak 2010eko maiatzaren 17an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen (2010eko 68. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 4koa), eta haren araudia 2010eko 114. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 20an, testu bategin gisa.

Zehatzago, lurzati honi dagokionez, Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren BF1 eta BF2 lurzatien xehetasun azterlana indarrean dago eta hein batean aldatzen da. Xehetasun azterlan hori Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak urriaren 10ean emandako 1516/2008 Ebazpenaren bidez onetsi zen (2008ko 131. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urriaren 27an).

Edukiari eta eskumenari dagokienez, hirigintzako arloko legedian ezarritakoa betetzen du, hots, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginaren 63. artikulua.

Tramitazioa eta onespena Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagokio, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 43.1.d) artikulua aplikatuz, udalez gaindiko plan sektorial bat garatzen duen tresna delako.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak espedientea azterturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hasiera batean onestea Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko BF1 lurzatiaren xehetasun azterlanaren aldaketa, Navarra de Suelo y Vivienda SAk sustatua.

2. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzutea ematea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta 20 egun iraunen dute.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea, 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Gainera, dokumentua Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, bai eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren web-orriko “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez ere: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es.

3. Ebazpen hau Udalez gaindiko Plan Sektorialaren eraginpeko lau udalei, AR-1eko Konpentsazio Batzordeari, Iruñerriko Mankomunitateari eta espedientearen sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko abenduaren 15ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1714761