28. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALLIN

Ordenantza, Jaiotza-tasa handitzeko eta erroldatzea sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Allingo Udalak, 2017ko azaroaren 6an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Jaiotza-tasa handitzeko eta erroldatzea sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza. 2017ko 223. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 20an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta aipatu iragarkiaren azken paragrafoan adierazitakoarekin bat, jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iragan denez, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Amillaon, 2017ko abenduaren 29an.–Alkate udalburua, Eduardo Martinicorena Mortal.

ORDENANTZA, JAIOTZA-TASA HANDITZEKO ETA ERROLDATZEA SUSTATZEKO DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Allingo Udalak jaiotza-tasa handitzeko emanen dituen diru-laguntzen baldintzak eta araubide juridikoa arautzea.

2. artikulua. Onuradunak.

Allinen erroldatu eta bertan benetan bizi diren gurasoek jasotzen ahalko dituzte ordenantza honek araututako laguntzak, betiere haurra jaio baino 12 hilabete lehenagotik betetzen badira bi baldintza horiek.

Onartutako diru-laguntza oro guraso biei emanen zaie, batera.

3. artikulua. Jaiotza.

Jaiotza bakoitzak dagokion diru-laguntza hartzeko eskubidea dakar.

Erditze anizkoitzen kasuan, laguntzen eskala aplikatuko da haurrak jaiotzen diren ordenaren arabera.

Umeren bat adoptatzen denean, ordenantza honetako laguntzak jasotzeko eskubidea sortuko da baldin eta umearen bizitzako lehen urtearen barnean egiten bada adopzioa.

4. artikulua. Erroldatzea.

Ordenantza honetan agertzen diren laguntzak onartzeko, ezinbesteko baldintza izanen da guraso biak Allingo udalerrian erroldaturik egotea eta bertan benetan bizitzea, gutxienez ere 12 hilabete lehenagotik. Halaber, erroldaturik eta bizilagun gisa inskribaturik agertu beharko dute laguntzak ordaintzen direnean.

Hala ere, guraso bakarreko familien kasuan, jaioberriarekin batera familia osatzen duen guraso bakarrari baizik ez zaio eskatuko erroldaturik egotea eta udalerrian benetan bizitzea.

Diru-laguntzaren arrazoi diren haur jaioberriak Allinen erroldatu beharko dira lehenbiziko aldiz.

5. artikulua. Zenbatekoak.

Hauek izanen dira diru-laguntzaren zenbatekoak:

Lehenbiziko haurrarengatik: 600 euro.

Ordenantza hau aplikatzearen ondorioz Udalak aurrekontuko ekitaldi bakoitzean gehienez ere har ditzakeen obligazioek badute muga; aurrekontuan horretarako dagoen diru esleipena, alegia.

Eskaeren kopuru handia dela eta, xede horretarako gaitutako aurrekontuaren partida nahikoa ez bada, laguntzak halako proportzio batean murriztuko dira harik eta eskaera guztietarako iritsi arte. Nolanahi ere, Udalak partidak handitzeko erabakia har dezake, egoki iritziz gero.

6. artikulua. Baldintza ekonomikoak betetzea.

Hala gurasoek nola jaioberriek Allingo Udalaren Toki Ogasunarekin izan ditzaketen betebehar ekonomiko guztiak eguneraturik izan beharko dituzte diru-laguntza ordaintzen den unean.

7. artikulua. Diru-laguntza ordaintzeko prozedura.

Bi gurasoek sinatu beharko dute diru-laguntzaren eskaera. Guraso bakarreko familietan aski izanen da jaioberriarekin batera familia osatzen duen gurasoak sinaturik egotea.

Eskaerarekin batera diru-laguntzaren arrazoi den seme-alabaren edo seme-alaben jaiotza agiria aurkeztuko da.

Udalaren administrazio zerbitzuek ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak ofizioz erantsiko dizkiote espedienteari:

a) Gurasoak Allinen erroldaturik eta bertan benetan bizi direla, erroldatzearen alta data eta guzti.

b) Diru-laguntzaren arrazoi diren seme-alabak Allinen erroldaturik eta beran benetan bizi direla.

c) Bai gurasoek bai jaioberriek Allingo Udalarekin zerga arloko betebehar guztiak eguneratuak dituztela egiaztatzen duen agiria edo, edozein arrazoi tarteko, toki ogasunarekiko betebeharren bat bete gabe dutela egiaztatzen duena.

Espedientea bete ondoan eta behar diren txostenak eginda, osoko bilkuran horren gaineko txostena eman beharko da.

Udalbatzak osoko bilkuran onartu beharko du diru-laguntza. Diru-laguntza ordaindu aitzin, gurasoek nahiz jaioberriek Udalaren Toki Ogasunarekiko betebehar guztiak eguneraturik izatea baldintza izan daiteke laguntza onartzeko. Orobat, ordaindu aitzin, ordenantza honetan ezarri baldintzak betetzen direla bermatzeko balio duen beste edozein beharkizun ere ezar daiteke, diru-laguntza onartzeko eta edozein iruzur edo gehiegikeri saihesteko.

Udalak ordainketa zatitu edo atzeratu dezake, laguntza onartu eta gehienez ere hamabi hilabetetan.

8. artikulua. Araubide juridikoa.

Ordenantza honetan espresuki arautzen ez den orotan toki araubidearen gaineko legeria aplikatuko da, baita administrazio prozeduraren gainekoa ere, toki entitateei aplikatzen ahal zaien neurrian.

1. XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honen xede diren laguntzen onuradunek gutxienez ere 2 urtez egon beharko dute erroldaturik Allingo udalerrian, laguntza eskatzen dutenetik hasita. Halaber, horretarako eskubidea ematen duten gainerako baldintzak ere bete beharko dituzte bitarte horretan. Nolanahi ere, printzipio orokor horrek salbuespena izan dezake, aparteko egoerak gertatuz gero, hala nola lana eta familia bateragarri egin beharra (adibidez, hezkuntza premiak etab.), gurasoen banantzea, utzarazpenak eta gisakoak, baldin eta horien ondorioz onuradunak erroldatzea eten edo herritik kanpora bizitzera joan behar badu.

Bestela, onuradun izateko baldintzak 2 urtez mantentzen ez badira, behar ez bezala jasotako dirua itzuli beharko da, laguntza baliogabe deklaratzean indarra duen legezko interesa gehituta.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betikoz onetsitakoan, ordenantza honek indarra hartuko du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua osorik argitara emandakoan. Atzera eragina izanen du, hala ere, 2018ko urtarrilaren 1etik aitzina.

Iragarkiaren kodea: L1800078