1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluak 2017ko abenduaren 1ean hartua, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an hartutako Erabakia aldatzen duena. Erabaki horren bidez, erakunde horrek zuzenean edo zeharka ematen dituen zerbitzuen prezio publikoen araubidea eta zenbatekoak ezarri ziren.
Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak apustu egiten du mendekotasuna duten pertsonak etxean bizi daitezen, interes publikoko arrazoietan oinarrituz; horrela, bermatzen zaie mendekotasuna duten pertsonei eta haien familiei hurbileko zerbitzu batzuk emanen zaizkiela, ordutegi malguarekin eman ere, eta horri esker lortzen da, epe luzera kostu txikiagoarekin, mendekotasuna duten pertsonek okerrera ez egitea, zaintzaileei laguntzea eta egoitzetan ez sartzea. Azken hori, hain zuzen, askoz garestiagoa da, nola alderdi ekonomikotik hala pertsona hartzaileen lehentasunei dagokienez.
Lortu nahi da, halaber, pertsonek zerbitzuak baliatzea, eta ez hainbeste prestazio ekonomikoak, zerbitzuek eragin handiagoa baitute pertsonen bizi kalitatean. Gaur egun, pertsonak familia eremuan zaintzeko laguntzaren araudia dela-eta, laguntza hori handiagoa da zerbitzuari lotutako prestazioaren baitan eguneko zentroetarako jasotzen dena baino.
Gaur arte ezarritako tarifa publikoa oso altua da, kontuan hartuta eguneko arretako zerbitzuen erabiltzaile diren adinekoek etxeko gastuak eta mantenua ere ordaindu behar dituztela, eta, askotan, laguntza osagarriak ere behar dituztela.
Eguneko zentroetarako tarifa publikoen proposamen berriak tarifa murriztea planteatzen du, 463,89 eurotik 315,5 eurora hilean, eguneko zentrora jardunaldi osorako joaten diren mendeko adinekoentzat. Berritasun gisa, jardunaldi erdiko tarifa proposatzen da, orain arte ez zegoena, eguneko arreta-baliabide batera astean 15 eta 25 ordu bitarte joaten diren mendeko adinekoentzat; tarifa hori hilean 160 eurokoa da. Zenbatekoaren beherapen horren ondorioz, erabiltzaileek zerbitzuaren kostuaren %30 ordainduko dute gehienez ere (Administrazioarentzat kostu hori hilean 1.045 eurokoa da). Mendeko ez diren adinekoentzako eguneko arretaren zenbatekoa ere aldatu egiten da, hilean 215,5 eurokoa izanen baita, bai eta mendekotasuna dutenentzako psikogeriatriako eguneko arretaren zenbatekoa ere, hilean 315,5 eurokoa izanen baita.
Horrenbestez, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuek emandako eskudantziak erabiliz, Gobernu Kontseiluak,
ERABAKI DU:
Lehena.–Aldatzea Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an hartutako Erabakiaren eranskina. Erabaki horren bidez, erakunde horrek zuzenean edo zeharka ematen dituen zerbitzuen prezio publikoen araubidea eta zenbatekoak ezarri ziren.
1. 4.1.1.b) artikulua honela gelditzen da idatzita:
“b) Eguneko eta gaueko arreta.
–Mendekotasunik ez duten pertsonak: 215,50 euro hilean.
–Mendekotasun mailaren bat aitortua duten pertsonak: hilean 315,50 euro jardunaldi osoa bada, eta hilean 160,00 euro jardunaldi erdia bada.
Jardunaldi erditzat hartuko da astean 15 eta 25 ordu bitarteko erabilera egiten bada. Astean 25 ordutik gorako erabilera eginez gero, jardunaldi osoa izanen da.”
2. 4.1.2.b) artikulua honela gelditzen da idatzita:
“b) Psikogeriatriako eguneko eta gaueko arreta: hilean 315,50 euro jardunaldi osoa bada, eta hilean 160,00 euro jardunaldi erdia bada.
Jardunaldi erditzat hartuko da astean 15 eta 25 ordu bitarteko erabilera egiten bada. Astean 25 ordutik gorako erabilera eginez gero, jardunaldi osoa izanen da.”
Bigarrena.–Erabaki hau Gizarte Politiketako Departamentuari eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
Hirugarrena.–Erabaki honek 2018ko urtarrilaren 1etik aitzina izanen du indarra.
Iruñean, 2017ko abenduaren 1ean.–Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluko idazkaria, Javier Piquer Lapuerta.
Iragarkiaren kodea: F1801065