1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
362E/2017 EBAZPENA, abenduaren 20koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, eskatutako aldaketa onartzen duena Murillo el Frutoko udal-mugartean Nfu’s hondakinak balorizatu eta birziklatzeko dagoen instalazio baten Ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetan. Instalazioaren titularra Indugarbi Nfu’s SL da.
Ekainaren 24ko 7/2004 Foru Legearen bidez Murillo el Frutoko Udalaren 159.224 metro koadroko herrilurraren onura publikoa deklaratu eta haren desafektazioa onetsi zen, gero Indugarbi SL enpresari saltzeko, hondakinak balorizatuko dituen industria multzoa jartzeko. Foru lege horren lehenengo xedapen gehigarrian ezartzen da ezen, legearen edukiak eraginkortasuna izan dezan, Ingurumen baimen integratua lortu behar dela eta udalez gaindiko proiektu sektoriala onetsi. Hortaz, instalazio hori Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.
Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak apirilaren 26ko 209/2007 Foru Aginduaren bidez emana; foru agindu hori, gerora, martxoaren 17ko 516/2010 Ebazpenak aldatu zuen, eta uztailaren 2ko 287E/2014 Ebazpenak, abuztuaren 10eko 244E/2016 Ebazpenak eta ekainaren 23ko 812/2016 Ebazpenak ere bai, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiarenak.
2017ko abuztuaren 17an, titularrak eskatu zuen Ingurumen baimen integratuan sartutako baldintzak aldatzeko, zehazki, Ingurumen baimen integratuaren III. eranskineko sortutako hondakinen zerrendan LER 191212 kodeko hondakin berri bat sartzea, nabeak eta zelaiak garbitzeko lanetan sortzen diren hondakinei dagokiena, zeinak nagusiki pneumatikoen tratamenduarekin lotutako hondakinak baitira. Bestalde, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak ikusi du LER koderik egokiena 200301 kodea dela kasu honetan, hiri hondakintzat har daitezkeen hondakinak izanik, eta ez, aitzitik, Ingurumen baimen integratuan jasotzen dena, hots, 200199 kodea.
Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta eskura dauden teknika onenen aplikazioarekin.
Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.
Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehendabizikoa.–Eskatutako aldaketa onartzea Murillo el Frutoko udal-mugartean Nfu’s hondakinak balorizatu eta birziklatzeko dagoen instalazio baten Ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari eman zaion Ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Indugarbi Nfu’s SL da.
Bigarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, deusetan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Indugarbi Nfu’s SLri eta Murillo el Frutoko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko abenduaren 20an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/
Iragarkiaren kodea: F1715030