Iragarkia
27. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 7a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
BERRIOZAR
Deialdia, Udaleko garbiketarako zerbitzu anitzetako peoia izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
Gobernu Batzarrak 2018ko urtarrilaren 24an hartu zuen erabakiaren bidez, Berriozarko Udaleko garbiketarako zerbitzu anitzetako peoia izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi da.
Hautaketa prozesua hauetan xedatutakoari jarraituta egingo da: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, estatutu hori garatu eta gauzatzeko Sarrera Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honen oinarriak.
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da garbiketarako zerbitzu anitzetako peoia izateko bi lanpostu, funtzionario araubidekoak, oposizio-lehiaketa bidez betetzea, txanda hauetan banatuta:
–Lanpostu bat txanda irekian.
–Lanpostu bat igoera txandan.
1.2. Hauek dira eskaintzen diren lanpostu hutsak: plantilla organikoan 79 eta 80 zenbakia dutenak, biak ala biak Zerbitzu Anitzei atxikiak.
1.3. Hautaprobak gainditu eta gero, deialdi honetako lanpostuak betetzeko izendatzen diren langileak D maila edo taldean sartuko dira, eta uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onartutako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Berriozarko Udalean aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezarritako lansariak jasoko dituzte.
1.4. Lana lanaldi osoan egingo da. Lanaldiaren eta ordutegiaren araubidea une oro egokituko zaie Zerbitzuaren beharrei, eta edozein unetan aldatu ahal izango dute eskumena duten organoek, zerbitzuaren beharrek hala egitea eskatzen dutenean.
1.5. Lanpostua lortzen duten izangaiak funtzionario bihurtuko dira, eta Berriozarko Udaleko langileentzako egungo xedapenetan zehazten diren eskubide eta betebehar guztiak edukiko dituzte.
1.6. Izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako igoera txandako lanpostua bete gabe gelditzen bada, txanda irekikoari gehituko zaio.
Bestalde, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izango dute txanda irekiko lanpostu hutsa eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.
Era berean, txanda irekiko lanpostua eskuratzeko aukera izango dute, aurreko paragrafoan adierazitako moduan, deialdiko 7.2 oinarrian agiriak aurkezteko ezartzen den epea bukatzen denean deialdiko 2.1.2 oinarriko eskakizun berariazkoak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiek.
1.7. Halaber, deialdi honen bidez hautaketa prozesuan lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hauek osatu nahi dira, 9. oinarrian xedaturikoarekin bat:
a) Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.
b) Lehen ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.
1.8. Hautaprobak gainditu eta deialdi honetako lanpostuetan aritzeko izendatu eta gero, izangaiak Berriozarko Udalean sartuko dira eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean afiliatuko, eta alta emango zaie, araubide horretan aurreikusitako babesean.
1.9. Lanpostua betetzeari dagozkion eginkizunak deialdiaren kategoriari dagozkionak izango dira. Hauek hartuko dituzte: bide publikoak, udal eraikinak eta ondasunak garbitu eta mantentzea, eta Lanen eta Lorategien sailei (Zerbitzu Anitzen mendekoak) dagozkien egitekoak ere agindu ahal izango zaizkie.
Edozein motatako udal zerbitzuak ematea eta beste edozein lan egitea, alkateak edo ordezko organoek agintzen dizkiotenak, denak ere bere eskumenen esparrukoak eta bere maila eta kategoriaren barnekoak.
2.–Betebeharrak.
2.1. Oposizioan onartuak izateko, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea amaitzen denetik (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) lanpostuaren jabetza hartu arte, izangaiek betebehar hauek bete beharko dituzte:
2.1.1. Izangai guztien betebeharrak.
a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.
Halaber, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu diren nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; eta bai haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) DBHko gradudun titulua, Eskola gradudun titulua, lehen mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.
Izangaiek alegatzen badute eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak dituztela, baliokidetasun hori onartzen duen legezko edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute, edo, bestela, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak hori egiaztatzeko emandako ziurtagiria aurkeztu.
d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
f) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.
2.1.2. Igoera txandako izangaiek bete beharreko berariazko betebeharrak.
Igoera txandako izangaiek, aurreko atalean adierazitako betebeharrez gain, hauek ere bete beharko dituzte:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.
b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.
c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea.
2.2. Betebehar horiek, deialdiaren 7.2 atalean ezarritako epean eta moduan egiaztatu beharko ditu izendatua izateko proposatzen den izangaiak, salbu eta 3. oinarrian ezarritakoari jarraituta, eskabidearekin batera egiaztatu behar direnak.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Berriozarko Udaleko erregistroan (Euskal Herria plaza, 1), 08:00etatik 14:00etarako ordutegian, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, 30 egun naturaleko epea izango da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Azken kasu horretan, eta eskaerak aurkezteko ezarritako epearen barnean, oac@berriozar.es helbidera deialdian parte hartzeko eskaera bidaliko da posta elektronikoz eta dokumentu osagarriak zein erregistrotan aurkeztu diren adieraziko da.
Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.
Eskabideak deialdi honen I. eranskinean dagoen ereduari egokitu behar zaizkio. Hartan izangaiek adierazi beharko dute hautaketa prozesuan parte hartzeko eskatutako baldintza guztiak eta bakoitza betetzen dituztela. Eskabide eredua Berriozarko Udalaren erregistro orokorrean emango da, edo, Internet bidez, www.berriozar.es helbidean ere eskuratu ahal izango da.
Eskabideak aurkezteko adierazitako epea ezin izango da luzatu.
Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskatuta zuzendu ahal izango dira, noiznahi.
3.2. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.
Behar bezala bete ondotik, eskabideari dokumentu hauek gehituko zaizkio:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.
b) 2.1.1 oinarriko c) atalean eskatutako titulu akademikoa, jatorrizkoa edo kopia.
c) Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako tasa gisa 10,00 euro ordaindu izanaren frogagiria, La Caixa banketxeko ES84 2100 5184 5422 0009 8217 kontu zenbakian dirua sartuta. Dirua sartzen denean, azalpenean, “garbiketako langileen probak” eta izangaiaren NANa idatzi beharko dira. Ez bada tasa ordaintzen, izangaia baztertuta geldituko da.
Azterketa eskubideetarako tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean (23. ordenantza) ezarritakoarekin bat, honako hauek tasak ordaintzetik salbuetsita egongo dira:
–%33ko edo handik gorako desgaitasun maila aitortua dutenak.
–Hautaproben deialdia egin aurretik hilabete batez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa izena emanda egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izango da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den diru-sarrerarik ez izatea hilabete oro.
Lan-eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa izena eman zueneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da izena emanda egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.
Behar den tasa ez ordaintzea nahiko arrazoi izango da izangaia hautaketa prozeduratik baztertzeko.
Ez da azterketa eskubideen itzulketarik egingo, baldin eta izangaia baztertzen bada interesdunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, esate baterako, betebeharrak ez betetzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkezteagatik.
d) Deialdian igoera txandan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, Berriozarko Udala ez den beste Nafarroako Administrazio Publiko bateko langile finkoak badira, lehengoaz gainera, igo nahi duten maila eta lanpostua eta hartan duten antzinatasuna frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskabideari, beren administrazioan eginkizun hori egotzia edo hartua duen organoak jaulkitakoa.
e) Euskara dakiela egiaztatzen duen dokumentua, bere kasuan, merezimendu gisa baloratzeko.
f) 9. oinarrian xedaturikoari dagokionez eta, halaber, denboren eta baliabideen egokitzapena eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori agiri hauetako baten kopiaren bidez frogatu beharko dute:
–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
Desgaitasuna duten izangaiek epeak eta moduak egokitzeko eskatu ahal izango dute ariketak egiterakoan, hala behar izanez gero. Kasu horietan eskabidean, beste orri batean, adierazi beharko dute zer-nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Berriozarko Udaleko alkateak ebazpena emango du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Helburu horretarako, bi zerrenda egingo dira, izangai hauei dagozkienak:
1. Txanda irekiko izangaiak.
2. Igoerako txandako izangaiak.
4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, Berriozarko Udaleko alkateak ebazpena emango du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan bertan, probak hasteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko dira.
4.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.
5.–Kalifikazio epaimahaia.
5.1. Kide hauek eratuko dute kalifikazio epaimahaia:
1.–Mahaiburua: Raúl Maiza González, Berriozarko Udaleko alkatea.
–Ordezkoa: M.ª Carmen Nadales, Berriozarko Udaleko lehen alkateordea.
2.–Mahaikide-idazkaria: Natalia Rodríguez Aguado, Berriozarko Udaleko idazkaria.
–Ordezkoa: José M.ª Gainza Ordoqui, Berriozarko Udaleko kontu-hartzailea.
3.–Mahaikidea: Ricardo Pascual Uztarroz, udal arkitektoa.
–Ordezkoa: Udalen bateko zerbitzu anitzetako arduradun bat.
4.–Mahaikidea: Roberto Pascal Garces, Orkoiengo Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna.
–Ordezkoa: Udalen bateko zerbitzu anitzetako arduradun bat.
5.–Mahaikidea: Jacobo Valdés, Berriozarko Udaleko langile funtzionarioen ordezkaria.
–Ordezkoa: Monika Bidegain, Berriozarko Udaleko langileen ordezkaria.
Kalifikazio epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.
5.2. Epaimahaia ezin izango da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balioa izateko, osatzen duten pertsonen gehiengo osoa bertan izatea beharrezkoa izango da.
5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emango diote, baldin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude.
Era berean, izangaiek mahaikideak errefusatu ahal izango dituzte, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eska dezake proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.
6.–Oposizio-lehiaketaren garapena.
Oposizio-lehiaketa bi fasetan egingo da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den moduan.
6.1. Lehiaketaldia.
Izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, merezimenduen baremo honi jarraituta. Izangaiek merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatu beharko dituzte, hautaprobetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabilita horretarako. Hala ez badute egiten, ez dira kontuan hartuko.
Izangaiek alegatutako merezimenduak baremo honen arabera kalifikatu eta puntuatuko dira:
a) Europako Erreferentzia Esparruak finkatutako euskarazko A1 mailari dagokion ziurtagiri edo titulu ofiziala izateagatik: 2,00 puntu.
b) Europako Erreferentzia Esparruak finkatutako euskarazko A2 mailari dagokion ziurtagiri edo titulu ofiziala izateagatik: 3,00 puntu.
c) Europako Erreferentzia Esparruak finkatutako euskarazko B1 mailari dagokion ziurtagiri edo titulu ofiziala izateagatik: 4,00 puntu.
d) Europako Erreferentzia Esparruak finkatutako euskarazko ahozko B2 mailari eta idatzizko B1 mailari edo goragokoari dagokion ziurtagiri edo titulu ofiziala izateagatik: 5,00 puntu.
Titulu edo ziurtagiri bat baino gehiago aurkeztuz gero, epaimahaiak maila gorena duena besterik ez du baloratuko.
Euskararen ezagutza maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak ezartzeko, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen 210/2010 Ebazpena.
Epaimahaiak edozein unetan eskatu ahal izango ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak.
Euskararen ezagutza agiri bidez frogatu ez dutenei, eta eskabidean horrela eskatu dutenei, dei egingo zaie hizkuntza maila frogatzeko proba egin dezaten. Proba hori proba teoriko eta praktikoak gainditu ondoren egingo da, eta gainditzen dituztenek soilik egingo dute, merezimendu horri dagokion puntuazioa emateko aurreko paragrafoko baremoaren arabera.
6.2. Oposizioaldia.
Oposizioa 2018ko apirilean hasiko da gutxi gorabehera. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean bertan zehaztuko da lehen ariketa non, noiz eta zer ordutan hasiko den.
Hautaketa faseko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki oholean eta webgunean, eta bost eguneko epea emango du izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere iragarki oholean eta Udalaren webgunean argitaratuko ditu; kasuen arabera, proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak azalduko dira, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.
Hautaketa prozesua hiru probaren bidez egingo da. Bat teorikoa izango da, beste bat praktikoa eta hirugarrena psikoteknikoa, eta hirurak ere baztergarriak izango dira. Proba horien puntu kopurua, gehienez ere, 95ekoa izango da.
6.2.1. Proba teorikoa: proba teorikoan, deialdi honen II. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko 70 galdera erantzun beharko dira, idatziz, gehienez ere 90 minutuan. Galdera bakoitzak hiru edo lau erantzun izango ditu aukeran, baina bakarra izango da zuzena. 70 galdera horiek gehienez ere 35 punturekin baloratuko dira, eta oker erantzundako galdera bakoitzari 0,17 puntuko zigorra ezarriko zaio. Gutxienez, 17,50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak baztertuta geldituko dira, hau da, proban lor daitekeen puntu kopuru handienaren erdia lortzen ez dutenak.
Proba hau egiteko ez da inolako testurik erabili ahal izango, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, bolaluma urdina edo beltza ez bada.
6.2.2. Proba praktikoa: garbiketako makineria erabiltzeari dagokion proba praktiko bat edo zenbait egin beharko dira, eta bai lanpostuaren eginkizunekin lotutako eta Epaimahaiak erabakitako beste proba batzuk ere. Gehienez ere 40 punturekin baloratuko da. Gutxienez, 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak baztertuta geldituko dira, hau da, proban lor daitekeen puntu kopuru handienaren erdia lortzen ez dutenak.
6.2.3. Gaitasun psikoteknikoko proba: proba psikoteknikoak egingo dira, izangaiak lanpostuaren profil profesionalaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehazteko. Proba horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatuko ditu, edo hark izendatzen dituen langileek, eta haren balorazioak bete beharrekoak izango dira epaimahaiarentzat. 0 eta 20 puntu arteko kalifikazioa izango du proba psikoteknikoak, eta, gutxienez, 10 puntu eskuratzen dituzten izangaiek gaindituko dute proba.
Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra egingo da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertu beharko dute. Azterketara agertzen ez direnak edo aipatutako agirietako baten bidez haien nortasuna egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak egingo dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.
6.3. Lanpostuak aukeratzea.
Izendapena egin aurretik egingo da hautaketa, hartara, zehazki jakingo baita nor sartuko den bete beharreko lanpostuetan.
Egintza horren helburua da azkenik dauden lanpostuak betetzea, oposizio-lehiaketan lortutako puntuazio handienaren arabera.
Epaimahaiak bi zerrenda egingo ditu horretarako, guztirako puntuazio handienetik txikienera ordenatuta; bat igoera txandako lanposturako izangaiena eta beste bat izangai guztiena. Dei egiten hasiko da, ordenaren arabera, lehenik igoera txandako zerrendan agertzen direnei, txanda horretako lanpostu hutsak esleitzeko. Lanpostu horiek bete ondoren, gauza bera egingo da izangai guztiak jasotzen dituen zerrendarekin, salbu eta igoera txandan hautaketa egin dutenak, txanda irekiko lanpostuak betetzeko.
Ekitaldi honetan lanpostua lortzen duten izangaien zerrendan agertzen direnak behin-behinekoz proposatuak izango dira izendapenerako. Proposatutakoen kopurua ez da inolaz ere izango deitutako lanpostu kopura baino handiagoa. Epaimahaiak argitara emango du zerrenda Udalaren iragarki oholean eta webgunean, bakoitzaren kalifikazio orokorrak zehaztuta.
7.–Agiriak aurkeztea.
7.1. 30 egun naturaleko epea emango da proposatutako izangaiek, izendapena egin aurretik, agiri hauek aurkezteko Berriozarko Udalari:
a) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuko Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak jaulkitako txostena edo, hala behar bada, behar bezala onetsitako kanpoko erakunde batek jaulkitakoa. Zehazki, txostenean egiaztatuko da lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzea eragozten duen gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela izangaiak.
Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela adierazten duen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek egina.
b) Zinpeko edo zinezko deklarazio bat, adierazteko ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, zinpeko deklarazioa aurkeztu beharko dute, beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela adierazteko.
c) Nafarroako Foru Araubidea errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zina edo agindua.
d) Bizileku-baimena eta lan egiteko baimena, Europar Batasunezkoak ez diren beste herrialde batzuetakoak diren pertsonen kasuan, legez ezarritako kasuetan.
e) B motako gidabaimenaren kopia konpultsatua.
f) Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, hau da, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarri buruzkoa.
7.2. Aipatutako epearen barnean, eta nahiko justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izango dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, alde batera utzirik beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
7.3. Aurreko atalean azaldutakoa gertatzen bada, gaindituen zerrendan ondo-ondoan dagoen izangaiarekin beteko da hutsunea, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.
8.–Izendapena eta jabetza hartzea.
8.1. Izendapena.
Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, Tokiko Gobernu Batzarrak hartutako erabakiaren bidez, garbiketarako zerbitzu anitzetako peoi izendatuko dira oposizioa gainditzen duten izangaiak, txanden hurrenkeraren eta lortutako azken puntuazioaren arabera.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.2. Jabetza hartzea.
Izangaiek izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.
Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek –ezinbesteko kasuetan izan ezik– Berriozarko Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, deialdi honen 7.3 atalean jasotakoari jarraitu beharko zaio.
Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede diren lanpostuetarako izendatuak izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emango zaie araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badaude edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emanda badaude; orduan, eta izendatu aurretik, babes araubide horretan segitzea aukeratu ahal izango dute edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.
Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik aurrerako eraginarekin, egun horretan beste administrazio publiko batean ari delako zerbitzu finkoak ematen, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 7.3 atalak agintzen duen moduan beteko da.
Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aurretik hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.
9.–Aldi baterako kontratazioetarako izangai zerrendak.
9.1. Nafarroako Administrazio Publikoan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituta, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hauek sortuko dira, betiere hautaketa prozesuan parte hartu ondoren lanpostua lortu ez duten izangaiekin:
a) Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.
b) Lehen ariketa gainditu dutenen zerrenda.
9.2. Probak gainditu arren lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta Berriozarko Udalean kontratatua izateko izangaien zerrenda.
Hautaketa Epaimahaiak espedientea bidali ondoren, Berriozarko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emango du eta bertan onetsiko ditu lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta lehen ariketa gainditu dutenena, hori guztia unean-unean indarra duten kudeaketa arauei jarraituta. Zerrenda horiek Berriozarko Udalaren iragarki oholean emango dira argitara.
Hau izango da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: oposizioa gainditu bai, baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautaketa prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den bezala frogatu beharko dituzte.
Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, hauetan xedatutakoari jarraituta jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b) artikulua eta hurrengoak, Udalaren akordio edo hitzarmen indarduna eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte aurkeztu beharko 2. oinarrian eskatzen den titulazioaren gaineko baldintzak betetzen direla adierazten duten ziurtagiriak, kontratua gauzatzen denean eraman ere, jatorrizkoak edo kopia behar bezala konpultsatuak aurkeztuz.
Nahiko justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskatzen diren agiriak aipatutako epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek deialdian parte hartzeagatik legozkiekeen eskubide guztiak galduko dituzte, alde batera utzirik parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.
Zerrenden indarraldia: sartzeko hurrengo deialdi publikoa egin arte.
9.3. Sarrera prozesuko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.
Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.
1.–Deietarako arau orokorrak.
Langileak kontratatzeko beharrei erantzuteko izangaiei deitzea bakarkako deiaren bidez egingo da, dagokion zerrendan izangaiak dauden lehentasun ordenaren arabera.
Deia egiteko, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren Zazpigarren Xedapen Gehigarrian, 4. atalean, ezarrita dagoena hartuko da aintzat.
Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat behintzat eman beharko dute, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektronikoa ere ematea alde batera utzirik. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.
Izangaiak emandako zenbakira egingo dira kontratua eskaintzeko deiak, zerrendaren ordenari jarraituta. Deiaren emaitza idatziz jasoko da (interesatzen zaio, ez zaio interesatzen, ez du erantzuten).
Edonola ere, bakarkako dei horiek arin egingo dira, kontratatzeko beharrari ahalik eta azkarrena erantzuteko modua izateko. Kontratua eskaini behar zaion izangai bakoitzaren kasuan, gutxienez, aurkitzeko hiru saiakera egingo dira harremanetarako telefonora, bi egunean.
Lehenbiziko komunikazioan ez bada lortzen izangaiarekin harremanetan jartzea, informazioa emateko SMS bat bidaliko zaio.
Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari edo direnei deituko zaie, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.
Sei hilabeteko aldian harremanetan jartzerik izan ez den izangaiak dagokien zerrendan “ez deitzeko moduan” egotera igaroko dira.
Kontratazioa urgentziazkoa bada –halakotzat hartuko da lanpostuan hastea gehienez ere 24 orduko epean egin behar denean eta hasiera batean aurreikusita dagoen iraupena hiru hilabetekoa edo laburragoa denean– harremanetan jartzea lortzen den eta lanpostuan berehala hastea onartzen duen lehen izangai libreari eskainiko zaizkio, gorago xedatutakoa bete behar izan gabe.
2.–Araubide orokorraren salbuespenak.
a) Ordezkapen kontratu baten arabera lanpostu bat bete duenean izangai batek eta kontratua amaitu denetik 20 egun igaro baino lehen lanpostu hori bera aldi baterako betetzeko premia sortzen bada, kontratua izangai berberari eskainiko zaio, baldin eta dei berriaren unean baldintza hauek betetzen badira:
–Deia egiten den unean indarra duen zerrenda batean egotea izangaia.
–Kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea hari uko egin izana.
–Kontratua amaitu ez izana zerrendetatik kanpo uztea dakarren arrazoietakoren batengatik.
b) Izangai batek lanaldi partzialeko kontratu bat duenean, lantokian sortzen bada berak gauzatu dezakeen premia bat, izangai horri eskainiko zaio premia hori, kontratazio berriaren ondorioz onartu behar duen ordutegi osoa bateragarria baldin bada une hori bitartean izendatuta zuenarekin, lanaldiaren %100a osatu arte. Zenbait langilek lanaldi partzialeko kontratua badute, une horretan indarrean dagoen aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan duten postuaren ordena zorrotzari jarraituta dagokion pertsonari eskainiko zaio.
3.–Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.
Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren azken tokian geldituko da, ondoko egoera hauetakoren baten dagoela frogatu ezean. Hartara, egoera horietakoren batean dagoela frogatzen badu, zerrendan duen tokian geldituko da:
–Amatasun, aitatasun, adopzio edo harrerarengatik lizentzia izatea.
–Aldi baterako ezintasun egoeran izatea.
–Indarrean dagoen lan kontratu bat izatea.
–6 urte baino gutxiagoko semea edo alaba zaindu beharrean egotea. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egongo, harik eta kontratuari uko egin ziotenetik gutxienez hilabete bat igaro arte.
–Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-eta bere burua ezin gobernatu duena. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egongo, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat igaro arte.
–Norberaren ezkontza edo Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera parekatutako egoera, baldin eta eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalean bada.
Kasu horietan, izangaia aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan “ez deitzeko moduan” egotera igaroko da, izangaiak berak eskatu arte “deitzeko moduan” egotea, alegatutako inguruabarra amaitu delako. Deitzeko moduan dagoela jakinarazten duen unean, dokumentuen bidez eta dudarik gabe egiaztatu beharko du kontratua eskaini zitzaion unean alegatutako egoera batera gertatu izana.
4.–Zerrendaren azken tokira igarotzea.
Zerrendaren azken postura igaroko dira ondoko egoera hauetakoren batean dauden izangaiak:
a) Deia egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egotzi beharreko arrazoiengatik.
b) Sinatutako kontratuari uko egitea.
5.–Zerrendatik baztertzea.
Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira ondoko egoera hauetako batean dauden izangaiak:
a) Udalak kontratua deuseztatzea probaldian, Zerbitzuaren Burutzak txosten arrazoitua egin eta gero.
b) Lanpostua bertan behera uztea, justifikatutako arrazoirik gabe eta inolako komunikaziorik ezarri gabe Zerbitzuaren Burutzarekin.
c) Kontratua amaitzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, hain zuzen, kontratatzen den langilea lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, horrek lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazten duen errendimendu eskasa bada, edo lanpostuaren edukia aldatu delako, interesatuari entzunaldia eman eta Langileen Batzordeak edo Langileen Ordezkariek txostena egin ondoren.
Aldian behin, Alkatetzaren Xedapenaren bidez, artikulu honetan ezarritako kasuetakoren batean egoteagatik baztertutako izangaien zerrenda onartuko da. Ebazpen hori, zehazki, Berriozarko Udalaren webgunean argitaratuko da.
10.–Helegiteak.
10.1. Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko helegitea aurkez daiteke –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean, 112. artikuluan, aipamena egindakoak–, alkateari zuzenduta, hilabeteko epean, hel egindako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
10.2. Deialdi honen oinarrien kontra edo hura aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, helegite hauetakoren bat aurkeztu ahal izango da, hautara:
a) Berraztertzeko helegitea, egintza egin duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hel egindako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
b) Administrazioarekiko auzi-helegitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatuari jarraituta, bi hilabeteko epean, hel egindako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko helegitea, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, hel egindako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.
10.3. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Berriozarren, 2018ko urtarrilaren 25ean.–Berriozarko Udaleko alkate udalburua, Raúl Maiza González.
I. ERANSKINA
Eskabidea (PDFa).
II. ERANSKINA
Gai zerrenda
1.–Nafarroako toki erakundeen legezko araubidea: udalerriak. Tokiko eskumenak. Antolaketa eta administrazioa.
2.–Berriozarko Udala. Osaera. Kideak hautatzea. Osoko bilkura, alkatea eta Gobernu Batzordea. Informazio batzordeak. Udal sozietateak.
3.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Ezagutza orokorra. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina-araubidea.
4.–Garbiketa zerbitzuaren antolamendua eta kontrola. Lantaldeak. Garbiketako langileen eginkizunak. Garbiketari buruzko kontzeptu orokorrak. Garbiketako materialaren zainketa.
5.–Garbiketa sistemak, tresnak eta makinak.
6.–Produktu kimikoak garbiketan. Produktu bakoitzaren ezaugarriak. Produktu horien gaineko arau orokorrak. Garbiketak eragindako desinfekzioa. Arriskuak identifikatzea produktu horiek erabiltzerakoan. Produktuen etiketak.
7.–Erratza pasatzeko sistemak: antolaketa, bitartekoak eta motak.
8.–Bideen garbiketa mekanizatua eta mekanizatu gabea.
9.–Hondakin eta zaborren gaikako bilketa: hondakin mota desberdinak bereizi eta botatzea.
10.–Garbiketa lanaren antolamendua. Eginkizunak, denbora eta espazioa.
11.–Laneko segurtasun eta osasunari buruzko ezagutzak: arrisku motak eta horiei aurrea hartzea; norbera babesteko ekipoak.
12.–Komunikazio ireki eraginkorra. Entzute aktiboa. Feedbacka.
13.–Gatazkak kudeatzea, aurrea hartzea, gatazketan bitartekotza egitea, jarrerak.
14.–Berriozar. Udala: udal antolaketa eta eskumenak. Biztanleria eta geografia. Kale izendegia, auzoak eta udal bideak. Zerbitzu publikoak. Udal instalazioak eta ekipamenduak.
15.–Berriozarko Udalaren Eremu publikoaren ordenantza.
16.–Berriozarko udal barrutian tabernen eta kafetegien terrazak kokatzeko denboraldietan lurzoru publikoaren erabilera pribatiboa arautzen duen ordenantza.
17.–Etxeko animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza.
18.–Hiri hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantza, Iruñerriko Mankomunitatea (1-58 artikuluak).
Iragarkiaren kodea: L1801440
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
