26. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

13/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 9koa, Ingurune Naturalaren Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, 2018ko deialdiak onesten dituena Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 13.1 artikuluan ezarrita dago ezen Nafarroako Foru Komunitatean ehiza-lizentzia lehen aldiz eskuratu ahal izateko aurretik gainditu beharko direla gaitasun probak eta ehizarekin lotutako gaiei buruzko azterketak.

Gaitasun proba horien baldintzak eta edukia ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 5. artikuluan garatu ziren, dekretu horren bidez onetsi baitzen Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua. Besteak beste, aipatzen du beharrezkoa dela prestakuntza ikastaro bat egitea, eta ezartzen du nahitaezkoa dela gaitasun probak honako hauei buruzko ezagutzak jasotzea: ehizaren lege arloko alderdiak, basa faunari buruzko ezagutza, ehizari eta segurtasunari buruzko metodoak, eta ehizarako arteak eta bitartekoak eta horien erabilera.

Aipatutako xedapenak betez, behar diren deialdiak eta baldintzak ezarri behar dira, ehizan lehenbizikoz aritu nahi dutenek frogatu ahal izan dezaten badituztela aldez aurretik behar diren ezagutzak, ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko.

Horrenbestez, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren 2016ko urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz (ebazpen horren bidez Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren esku uzten dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak esleituta dituen zenbait eskumen),

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko 2018ko deialdiak onestea.

2. Deialdi horiek arautuko dituzten oinarriak, ebazpen honen eranskinean ageri direnak, onestea.

3. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Foru Komunitateko egunkarietan argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek hilabeteko epean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 9an.–Ingurune Naturalaren Zerbitzuko zuzendaria, Fermín Olave Velasco.

I. ERANSKINA

2018ko deialdien oinarriak, Nafarroako Foru Komunitateko
ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko
beharrezko gaitasun probak egiteko

1.–Xedea.

Deialdi hauen xedea da prestakuntza ikastaroa eta azterketa egitea, ehiza gaietako gaitasun ziurtagiria lortzeko. Ziurtagiri hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak egiten du, eta beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko.

Izangai bakoitzak bi deialdi izanen ditu ehizarako gaitasun azterketa gainditzeko. Azterketara aurkezteko nahitaezkoa da prestakuntza ikastaroa egitea.

2.–Izen-ematea.

2.1. Prestakuntza ikastaroan parte hartzeko eta azterketa egiteko –lehenbiziko edo bigarren deialdian– izena emateko epe bakarra izanen da, eta 2018ko martxoaren 9an bukatuko da.

2.2. Izena emateko aurkeztu behar diren agiriak.

Izena emateko epearen barnean, honako agiri hauek aurkeztuko dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea, 9; 31005, Iruña):

a) Prestakuntza ikastaroan eta azterketan parte hartzeko izena emateko eskabide bakarra, eranskinean ageri den ereduaren arabera.

Lehen deialdian izena eman eta azterketara aurkezten ez direnek eta lehen deialdiko azterketa gainditzen ez dutenek nahikoa izanen dute prestakuntza ikastaroko bertaratze ziurtagiria aurkeztea bigarren deialdian parte hartzeko.

b) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

c) Azterketa egiteko 12 euroko tasa ordaindu dela ziurtatzen duen ordainketa gutuna, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren Erakunde Autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legean ezarritakoa. Ikastarora edo azterketara ez joateak ez du tasa itzultzeko eskubiderik sortuko.

Izena emateko eskabidea eta ordainketa gutuna, interesdunak eskatuta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurune Naturalaren Zerbitzuan eskuratzen ahalko dira (González Tablas kalea, 9; 31005, Iruña). Internet bidez ere eskuratzen ahal dira, Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

3.–Onartuen zerrendak.

2018ko martxoaren 23tik aurrera, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak onartutako izangaien zerrenda argitaratuko du, zehaztuta prestakuntza ikastaroa egiteko tokia, data eta ordua, izangai bakoitzeko, bai eta azterketa lehenbiziko deialdian egiteko tokia, data eta ordua ere.

2018ko maiatzaren 25etik aurrera, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak bigarren deialdiko azterketa egiteko onartutako izangaien zerrenda argitaratuko du, zehaztuta hori egiteko tokia, data eta ordua, izangai bakoitzeko.

Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2; 31002, Iruña) eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko iragarki oholean (González Tablas kalea, 9, Iruña) argitaratuko dira zerrenda horiek. Internet bidez ere kontsultatzen ahal dira, Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

4.–Prestakuntza ikastaroak.

Ikastaroaren xedea da “Nafarroako ehiztarien azterketa prestatzeko eskuliburuak (2013ko bertsioa)” eta “galderen liburuak (2016ko bertsioa)” (eta 2018an webgunean argitara daitezkeen eranskinek) dituzten edukiak lantzea, baita izangaiei eskuliburua ulertzen laguntzea ere, ezagutza handitu eta azterketa gainditu dezaten.

Gaitasun probak gainditu nahi dituzten izangai guztiek nahitaez egin beharko dute ehizari buruzko prestakuntza ikastaroa, bost orduko iraupena duena. Horretarako, aldean eraman beharko dira NANa, papera eta boligrafoa. Onartuen zerrendan zehaztuko da izangai bakoitzak zer tokitan, egunetan eta ordutan agertu behar duen.

2008., 2009., 2010., 2011., 2012., 2013., 2014., 2015., 2016. edo 2017. urteetako prestakuntza ikastaroan parte hartu izanaren ziurtagiria duten izangaiek ez dute prestakuntza ikastaroa berriz egin behar.

Zer toki, egun eta ordutan emanen den prestakuntza ikastaroa:

–Tokia: Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ekitaldi Aretoa (González Tablas kalea, 9; 31005, Iruña).

–Egunak eta orduak:

  • 2018ko apirilaren 13an (ostirala), 16:00etatik 21:00ak arte eta/edo.
  • 2018ko apirilaren 14an (larunbata), 09:00etatik 14:00ak arte.
  • 2018ko apirilaren 27an (ostirala), 16:00etatik 21:00ak arte eta/edo.
  • 2018ko apirilaren 28an (larunbata), 09:00etatik 14:00ak arte.

Izangai bakoitzak saio bakarrera joan beharko du. Ikastaroan parte hartzeko, izena emateko eskabidea bete beharko da, eranskinean ageri den ereduaren arabera. Eskabide horrek ehiztari azterketan parte hartzeko ere balio du.

Bertaratzen diren izangaiek ikastaroan parte hartu izanaren frogagiri bat jasoko dute, azterketa egiteko beharrezkoa dena.

5.–Azterketa.

5.1. Azterketaren edukia.

Azterketan test moduko 30 galdera izanen dira, teorikoak, epaimahai kalifikatzaileak aldez aurretik aukeratuak 500 galderaren artean.

Honako erreferentzia bibliografiko hau duten eskuliburuaren eta galderen liburuaren edukian oinarrituko da gaitasun ziurtagiria lortzeko azterketa : “Nafarroako ehiztarien azterketa prestatzeko eskuliburua (2013ko bertsioa)” eta “galderen liburua (2016ko bertsioa)”, euskarri digitalean soilik argitaratzen direnak, eta, horretaz gain, 2018an webgunean argitara daitezkeen eranskinak.

Agiri horiek Nafarroako Gobernuaren web-orritik (www.navarra.es) deskargatzen ahal dira.

5.2. Balorazioa.

Erantzun zuzeneko galdera bakoitza puntu batekin baloratuko da. Erantzuna okerra baldin bada, zerorekin baloratuko da.

Gutxienez ere 23 puntu lortzen dituzten izangaiek gaindituko dute proba.

5.3. Azterketen egunak:

–Lehendabiziko deialdia: 2018ko maiatzaren 11 eta/edo 12a.

Lehenbiziko deialdiko onartuen zerrendan zehaztuko da izangai bakoitzak zer tokitan, egunetan eta ordutan agertu behar duen.

–Bigarren deialdia: 2018ko ekainaren 15a eta/edo 16a.

Bigarren deialdiko onartuen zerrendan zehaztuko da izangai bakoitzak zer tokitan, egunetan eta ordutan agertu behar duen.

Azterketara, aldean NANa eta boligrafoa dutela agertu beharko dute izangaiek. Prestakuntza ikastaroaren bertaratze ziurtagiria eskuratzen duten izangaiek bakarrik egiten ahal dute azterketa.

6.–Emaitzak jendaurrean jartzea.

Kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak izangaiek lortutako emaitzen zerrenda jarriko du Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2; Iruña) eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea, 9; 31005, Iruña). Internet bidez ere kontsultatzen ahal da Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

7.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Hauexek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Burua: Miguel Guibert, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ehiza Baliabideen Bulegoko burua.

Ordezkoa: Fermín Olabe Velasco, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Natur Ingurunearen Zerbitzuko zuzendaria.

Lehen mahaikidea: M.ª Julia Palacios Ferrer, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ehiza Baliabideen Bulegoko teknikaria.

Ordezkoa: Salomé Hernando Chicote, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Ataleko burua.

Bigarren mahaikidea: César Martínez Eslava, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ehiza Baliabideen Bulegoko teknikaria.

Ordezkoa: M.ª Rosario Erbiti Esparza, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko administraria.

Idazkaria: Luis Angel García Nicolás, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurumenaren eta Uraren Araubide Juridikoaren Ataleko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

Ordezkoa: Ana Isabel Goldáraz Arrondo, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurumenaren eta Uraren Araubide Juridikoaren Ataleko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

7.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengoa bertan ez bada.

7.3. Epaimahaiak gehiengoz argituko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko sor daitezkeen arazo guztiak.

Eskabide-orria (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1800636