26. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTEKO ETA ESTERIBARKO UDALETAKO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Mankomunitatearen Estatutuak. Behin betiko onespena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legearen 50. artikuluan ezarritakoaren arabera, estatutuen testu osoa ematen da argitara, indarreko araudiarekin bat onetsitako aldaketa egin ondoan.

Uharten, 2018ko urtarrilaren 8an.–Burua, Ana Labiano Ascunce.

I. KAPITULUA

Eraketa, izena eta helbidea

1. artikulua. Uharteko eta Esteribarko udalek Mankomunitatea eratu dute, elkarturik antolatzeko eta egiteko beren eskumeneko zerbitzuak, hala nola oinarrizko gizarte zerbitzu delakoak. Gizarte zerbitzuak gizarte zerbitzuen sistema publikoko oinarrizko unitatea dira, sisteman sartzeko atea eta hartzaileengandik eta esparru familiar eta sozialetik gertuen dagoen maila (Gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 29. artikuluari jarraikiz).

Haren xedeak izanen dira goian aipaturiko Foru Legearen 2. artikuluan aipatzen direnak, oinarrizko gizarte zerbitzuak egiten ahal dituen neurrian.

Kide berriak onartu eta kanporatzeko, estatutuetan horri dagozkion arauei jarraituko zaie.

Mankomunitate honen antolaketarako eta funtzionamendurako estatutu hauei jarraituko zaie, eta aurreikusia ez dagonetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen lehen tituluko II. kapituluko laugarren atalean xedatuari.

2. artikulua. Nortasun juridikoa.–Mankomunitateak gaitasun juridiko osoa izanen du bere xedeak betetzeko, izaera publikoko entitate administratiboa den aldetik, eta une bakoitzean kide dituen toki entitateen mugarteetan erabiliko ditu bere eskumenak.

3. artikulua. Aipatu toki entitatearen izena izanen da: Uharteko eta Esteribarko udaletako zerbitzuen Mankomunitatea.

Uharten izanen du egoitza.

II. KAPITULUA

Xedeak eta egitekoak

4. artikulua. Mankomunitateak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Bere lurralde esparruan premia egoerei antzeman, eta horiek aztertu eta diagnostikatzea, zerbitzu eskudunei jakinaraztea eta erantzunak proposatzea.

b) Gizarte zerbitzuetan eskaerak aurkezten dituzten pertsonak hartzea, lehen erantzuna emateko.

c) Herritarrari gizarte zerbitzuen sistemaren prestazioez eta babes sozialeko gainerako sistemez baliatzen laguntzea.

d) Gizarte premiako egoerak baloratu eta haien diagnostikoa egitea, gizarte arlokoa edo/eta gizarte eta hezkuntza arlokoa, hala eskatzen duenean erabiltzaileak berak, bere familiak edo gizarte inguruneak edo gizarte premiaz arduratzen den sare publikoko beste zerbitzu batzuek.

e) Gizarte premian daudenei sostengu eta akonpainamendu soziala ematea.

f) Prebentzioko eta gizarte sustapeneko jarduketak egitea.

g) Titulu honetan aurreikusitako programak betetzea eta horietan jasotako prestazioak ematea.

h) Larrialdi sozialeko prestazioak kudeatzea.

i) Gizartea sentsibilizatzeko jarduketak egitea.

j) Boluntarioen lana eta elkarrentzako laguntza sustatzea.

k) Gizarte zerbitzu orokorren zorroan esleitzen zaizkien prestazioak kudeatzea.

5. artikulua. Arestian zehaztu eskumenaren barnean, Mankomunitateak ahalmena izanen du aitzineko artikuluan aipatu diren xedeak betetzeko, eta bereziki hauetarako:

1.–Diru-laguntzak, sorospenak eta era guztietako laguntzak eskatzea Estatuari, Nafarroako Gobernuari, eta entitate publiko eta pribatu guztiei.

2.–Mota guztietako hitzarmen edo kontratuak egitea.

3.–Mankomunitatearen zerbitzu guztiak antolatzea.

4.–Mota guztietako kontratuak egitea obra eta instalazioak esleitzeko, horiek mantendu eta zaintzeko, eta aurrerapenak eta maileguak kontratatzeko.

5.–Materiala, lanabesak, tresnak eta mota guztietako ondasunak erostea.

Helburu horiek lortzeko, legeriak toki entitateei esleitzen dizkien eskubide eta ahalmen guztiak izanen ditu.

III. KAPITULUA

Indarraldia

6. artikulua. Mankomunitate honen iraupen edo indarraldia mugagabea izanen da, eta funtzionatzen hasiko da bere estatutuak behin betiko onesten direnetik aitzina, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatuari jarraikiz.

IV. KAPITULUA

Zuzendaritza eta kudeaketa organoak

7. artikulua. Mankomunitatearen gobernua eta administrazioa batzar baten esku geldituko dira.

Batzarra izanen da Mankomunitatearen organo gorena. Estatutu hauetan zehazten diren eskumen eta eskudantziak izanen ditu, baita ordenamendu juridikoak aitortzen dizkionak ere.

8. artikulua. Batzarra osatuko dute Mankomunitateko kide diren udalen ordezkariek; horiek zinegotziak izan behar dute eta Osoko Bilkurak izendatuak.

9. artikulua. Batzarrak zazpi kide izanen ditu, 5 Uharteko Udalaren ordezkariak eta 2 Esteribarko Udalarenak.

10. artikulua. Ordezkarien hautaketa.

Udalbatza bakoitzak nahi bezala izendatu eta berrituko ditu bere ordezkariak. Batzarra udal hauteskundeak izan ondoan berrituko da, gehienez ere bi hilabetean, udabaltzek karguaren jabetza hartzen dutenetik aitzina.

Batzarkide batek kargua uzten duelarik, izanik Udalbatzak erabakita, bere borondatez edo beste edozein arrazoirengatik, ordezko bat izendatu beharko da ahalik eta lasterren.

11. artikulua. Mankomunitateko burua Batzarrak hautatuko du bere kideen artean, bozketa sekretua erabiliz horretarako.

Erabateko gehiengoa beharko da lehen bozketan, eta gehiengo soila bigarrenean.

Buruordea ere hautatuko da, eta Mankomunitateko buruaren lanak eginen ditu, haren eskuordetze berariazkoaren ondotik, kanpoan edo eri delarik, baita kargua hutsik dagoelarik ere, kasuan kasuko Udalak batzarkide berria izendatu arte.

Mankomunitateko burua hautatzeko aipatu den bide bera erabiliko da buruordearen hautapena egiteko ere.

Bi karguak udal desberdinen ordezkarien eskutan egonen dira, eta Batzarra eratzeko bilkuran izendatuko dira, eta hura berritzen den aldiro, baita karguari uko egiteagatik, heriotzagatik eta abarrengatik kargua hutsik gelditzen den aldiro ere.

V. KAPITULUA

Eskumenak

12. artikulua. Batzarrak bere gain hartuko du administrazioaren gobernua eta zerbitzuak kudeatzekoa; horretarako, lan hauek dagozkio:

a) Zerbitzuek garatu behar dituzten jarduketa programak, planak eta proiektuak onestea.

b) Mankomunitatearen urteko aurrekontuak eta kontuak onestea.

c) Bere eskumenen barrenean, bidezkoa erabakitzea Mankomunitatea eratu, berritu eta hedatzeari dagokionez, baita burua, buruordea eta idazkaria izendatu eta aldatzea ere.

d) Zerbitzuei atxikitako langileak zehaztea, eta orobat erabili beharreko kontratazio sistemak nahiz hautapenerako irizpide eta oinarri orokorrak finkatzea.

e) Mankomunitateko udalek zerbitzuei kontzeko egin behar dituzten ekarpenen zenbatekoa finkatzea, biztanleria eskubidedunaren heinean.

f) Mankomunitatearen eskubideen aldeko ekintzak egitea, aurka ateratzea hura auzitaratzen den aferetan, eta baliabideak jartzea edozein mota, maila edo jurisdikziotako aferetan, jarduneko legelariak adostasun txostena eman ondoren.

g) Beharrezko ordenantza eta erregelamendu guztiak onestea, Mankomunitatearen xedeko zerbitzuak ezarri, garatu eta kudeatzeko.

h) Eta xedeak betetzeko Udalak beren osoko bilkuretan legez esleitzen dizkioten eskudantzia eta eskumen guztiak, beheragoko beste organo batzuei ez badagozkie.

13. artikulua. Patronatuko burua.

Mankomunitateko eta Batzarreko buruari eginkizun hauek dagozkio:

1.–Bilkuretarako deiak egitea, haietan buru aritzea, eta erabakiak betetzeko eta betearazteko agintzea.

2.–Bere erantzukizunpean eta Batzarrak emandako jarraibideei loturik, Mankomunitatearen aferek eskatzen dituzten premiazko neurriak hartzea; Batzarrari horren berri ematea bere lehen bilkuran eta kasuak garrantzia handia baldin badu, bilkura berezirako deia egitea.

3.–Idazkariarekin eta kontu-hartzailearekin batera, Mankomunitatearen aurrekontuen proiektua prestatzea.

4.–Mankomunitateak egin behar dituen ordainketetarako agindua ematea, aurrekontuko diru-esleipenen barrenean.

5.–Mankomunitatearen funts eta ondasunak administratzea, eta aurreko ekitaldiko kontuak agertzea urte naturalaren lehen seihilekoan.

6.–Mankomunitatearen ordezkaria izatea hura ukitzen duten egintza eta arazo juridiko guztietan, bai eta ahala ematea prokuradoreei epaiketetara agertzeko edo hortik kanpora, beharrezkoa denean, kasu bakoitzean Batzarrak erabakitzen dituen ahalmenekin.

7.–Entitatearen egintza eta agirien ziurtagiriak bere sinadurarekin ikus-onestea.

8.–Langile guztien goi agintaritza eramatea.

9.–Zerbitzuen funtzionamendu zuzenerako eta Mankomunitatearen xedeen konplimendu egokirako behar diren gainerako eginkizunak, betiere Batzarraren eskutan ez badaude, baita udaletan alkateei dagozkien guztiak ere.

14. artikulua. Buruordea.

Buruordeak Mankomunitateko buruaren lanak eginen ditu, hura kanpoan edo eri delarik, baita kargua hutsik dagoelarik ere, 11. artikuluan adierazten den gisan.

15. artikulua. Idazkaria

Idazkariari aplikatzen ahal zaion araubide juridikoa udaletan enplegu berei ematen zaien bezalakoa da, bere eskudantzia eta eskumenen barnean, salbu eta ordainsariei, enpleguaren eskubideei eta iraunkortasunari dagokienez. Batzarrak ordainsari osagarri bat atxikitzen ahalko dio lanpostuagatik.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 234.2 d) artikuluarekin bat, idazkariaren eginkizunak toki entitate elkartuetako batean eginkizun horietan aritzen direnei esleituko zaizkie, hala eskatuz gero, edo eskaerarik ez bada, nahitaez, txandaka. Txandaketak bi urte iraunen du.

Batzar Orokorrak bere kide bat izendatu du diruzain ari dadin; zerbitzu horren kudeaketa banku edo aurrezki entitate baten esku uzten ahalko da.

Funtzionamendua

16. artikulua. Batzarrak urtean lau aldiz izanen ditu bere bilkura arruntak, eta gainerakoak bereziak izanen dira; haien funtzionamendua udalen bilkuretan bezala arautuko da, indarra duen legeriari jarraikiz.

17. artikulua. Bilkura, deialdi, bozketa eta abarren araubideaz den bezainbatean, Batzarraren funtzionamendurako jarraituko zaio uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen III. tituluaren 1. kapituluaren bigarren atalean eta legeria osagarrian xedatzen denari.

18. artikulua. Toki entitateek erabakiak hartzeko indarra duen araubideari jarraikiz hartuko dira erabakiak. Betiere, erabateko gehiengoa beharko da udaletan horrela behar den erabakietarako, zehatz-mehatz hauetarako:

1.–Ordenantza, erregelamendu eta tarifa orokorrak onesteko, zerbitzuen erabiltzaileei edo Mankomunitatearen funtzionamenduaren araubideari eragiten badiete eta haren eskumenekoak badira.

2.–Mankomunitatean kide berriak onartzeko.

3.–Batzarraren eskumeneko kredituak hitzartzeko, legeriak gehiengo hori eskatzen duelarik.

4.–Estatutu hauek aldatzeko.

19. artikulua. Lanerako batzordeak eratuko dira Mankomunitateak egiten duen zerbitzu bakoitzeko.

VI. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa

20. artikulua. Xedeak betetzeko eta gastuak finantzatzeko, Mankomunitateak bere baliabide ekonomikoak erabiliko ditu, honako hauek alegia:

1.–Mankomunitateak udaletatik, Estatutik, Nafarroako Gobernutik edo bestelako erakunde publiko nahiz pribatuetatik biltzen dituen diru-laguntzak, 4. artikuluan aipatu diren jardueretarako.

2.–Bere jarduerek ekar ditzaketen diru-sarrera arruntak nahiz bereziak.

3.–Bere aldeko dohaintzak, legatuak eta usufruktuak.

4.–Bere ondasun eta eskubideen emaitzak, errentak eta korrituak.

5.–Jaso dezakeen beste edozein baliabide.

21. artikulua. Mankomunitatearen zerbitzuen funtzionamendu gastuak berdinduko dira Mankomunitateko udalerrietako biztanle eskubidedunen kopuruaren heineko ekarpenen bidez.

Horretarako, Mankomunitateko udalek konpromisoa hartzen dute, beren urteko aurrekontuetan Mankomunitateak erabakitzen dituen ekarpenak sartzeko.

Udalek Foru Gobernuari baimena ematen diote dagozkien transferentzietatik kentzeko Mankomunitateari edozein kontzeptu dela-eta zor dizkioten diruak.

22. artikulua. Diru soberan badago zerbitzuen gastu guztiak, obra eta instalazioen kontserbazio arruntetakoak, langileen ordainsarienak eta hitzartutako gainerako betebeharrei dagozkienak egin ondoan, gerakin hori hurrengo ekitaldiko aurrekontura pasatuko da.

23. artikulua. Udal bakoitzak lokal egoki bat jarri beharko du bere udalerrian, zerbitzuetako langileek beren lana egin dezaten.

24. artikulua. Mankomunitatea osatzen duten udal guztiek izanen dute hark hartzen dituen mota guztietako zor eta betebeharren ardura, biztanle eskubidedunen kopuruaren heinean.

VII. KAPITULUA

Langileak

25. artikulua. Mankomunitateak behar diren langileak izanen ditu; Batzarrak onesten duen plantillan zehaztuko dira haien kopurua, kategoria eta eginkizunak.

Mankomunitateak kontratatzen dituen lagunek osatuko dute plantilla.

26. artikulua. Mankomunitateak zuzenean kontratatuko ditu bere zerbitzuetarako behar dituen langileak; lanpostu horiek plantillaren arabera beteko ditu, Batzarrak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen sarrerari buruzko legeriari jarraikiz erabakitzen dituen hautaproben bidez.

VIII. KAPITULUA

Kide gehiago onartzea

27. artikulua. Mankomunitatean udal berriak onartzeko Batzarrak onetsi beharko du, 18. artikuluan aipatu den legezko gehiengoaren aldeko botoaren bidez; onartzeko erabakia hamabost egunean egonen da jendaurrean.

IX. KAPITULUA

Mankomunitateko kideen irteera eta Mankomunitatea desegitea

28. artikulua. Mankomunitateko kide izateari honako arrazoi hauengatik utziko zaio:

1.–Udal eskatzailearen borondatez, Batzarrari sei hilabete lehenago jakinarazita.

2.–Udal bakoitzari dagozkion diru ekarpenak ez ordaintzeagatik, hiru hiruhileko mugaeguna iragandakoan; zorraren kobrantza banaketa kontura pasatuko da.

29. artikulua. 1.–Hona Mankomunitatea osoki desegiteko arrazoiak:

a) Zer xedetarako eta premietarako sortu zen, haiek desagertzea.

b) Baliabide ekonomikoen urritasun frogatua, aurrekontu bakoitzaren %20 baino gehiagoko defizita etengabe eragiten duena.

c) Udalerrietariko batek Mankomunitatea uztea.

2.–Mankomunitatea osoki desegiteko, toki araubideko legerian estatutuak aldatzeko ezarritako tramite berak egin beharko dira.

30. artikulua. Mankomunitatea osoki deseginez gero eta haren betebeharrak kitatuta, gelditzen den ondarea Mankomunitateko kideen artean banatuko da, bakoitzari dagokion heinean.

Partez deseginez gero, bereizten den entitateak, Mankomunitatearekiko betebeharrak kitatu ondoan eta horrek funtzionatzen segitzen badu, ez diru bere ondare eskubideak galduko, baina ez zaio dagokiona itzuliko harik eta Mankomunitatea osoki desegin arte.

31. artikulua. Hala osoki desegiten denean nola kideren batek Mankomunitatea uzten duenean, kide diren udalerri guztiak, osoki deseginez gero, edo Mankomunitatea uzten duen udalerria erantzuleak izanen dira zerbitzua egitearen ondorioz igorri zaizkien baina ordaindu ez dituzten zenbateko guztiena eta desegiteak berak edo uzteak ekartzen dituzten gastu guztiena, biztanle eskubidedunen kopuruaren heinean izan ere.

Udalerri batek edo batzuek Mankomunitatea utzi dutelako haren plantilla organikoan zenbait lanpostu beharrezkoak gertatzen ez badira, kasuan kasuko udalerriak hautara izanen du bere plantilla organikoan sartzea Mankomunitateko langile horiek edo, bestela, Mankomunitateak kontratu horiek iraungitzetik sortzen diren ondorio ekonomikoak bere kontura hartzea.

Osoki deseginez gero, Mankomunitateko kide diren udalerriek hautara izanen dute toki entitate horretako langileak berek bakarrik beren gain hartzea edo, bestela, lan kontratuak iraungitzeagatik heldu diren ondorio ekonomikoen erantzukizuna hartzea biztanle kopuruaren heinean.

32. artikulua. Indarraldia eta desegitea

Mankomunitateak indarraldi mugagabea izanen du.

Azken xedapena.–Mankomunitatearen estatutuen aldaketak indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Mankomunitatea erabat edo partzialki desegiteko arrazoiak Mankomunitateari aplikatu beharreko Toki Araubideko legerian ezarritakoak izanen dira.

Iragarkiaren kodea: L1801263