26. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

14E/2018 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, ikertzaileak eta langile teknologikoak kontratatzeko laguntzen 2018ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (RIS3an), identifikatutako sektore estrategikoak hauek dira: automozioa eta mekatronika, elikakatea, energia berriztagarriak eta baliabideak, osasuna, turismo integrala eta sorkuntza industriak eta industria digitalak. Hori guztia, beste jarduera sektore batzuetatik etor litekeen edozein ekimen gutxietsi gabe.

Halaber, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren 2016-2020 Planak, Nafarroako Gobernuaren 2017ko uztailaren 19ko Erabakiaren bidez onetsi zenak, ikerketarako talentuari bultzada irmoa eman beharraren gaineko aipamen batzuk jasotzen ditu; ulertzen da pertsonak direla I+G+Baren oinarri eta, beraz, beharrezkoa dela talentu hori prestatu, mantendu eta erakartzeko aukera eskaintzea. Hori horrela, deialdi hau interes handiko tresna bilakatu da, ikertzaileak ikerketako enpresa eta erakundeetan sartzeko bultzada ematen baitu.

Aurreko deialdietan, prestakuntzako tituludunak enpresetako eta zentro teknologikoetako I+G+Bko lanetan has daitezen emandako laguntzan emaitza onak lortu dira, eta horregatik beharrezkoa da jarduketa ildo hori mantentzea.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak 2017ko azaroaren 22an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, deialdi hau aurretiaz onesteko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ikertzaileak eta langile teknologikoak kontratatzeko laguntzen 2018ko deialdia onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820005-82110-4701-467302: Ikertzaileak eta langile teknologikoak kontratatzeko laguntzak; industriako doktoregoak; ikertzaileen mugigarritasuna

2019

700.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 17an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da tituludunen prestakuntza hobetzea, enpresek, zentro teknologikoek, ikerketa erakundeek, unibertsitateek eta sozietate publikoek garatutako I+G+B proiektuetan ikertzaile eta langile teknologiko gisa arituz.

2. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Onuradun izateko, enpresek, zentro teknologikoek, ikerketa erakundeek, unibertsitateek eta sozietate publikoek 3. oinarrian agertzen diren pertsonak kontratatu eta baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Lantokia Nafarroan izatea eta I+G+B proiektu bat egitea bertan.

b) Kontratazioaren xedeko lanpostuan enplegurik deuseztatu ez izana deialdia argitaratzen denetik kontratua sinatzen denera bitarte.

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

Entitate eskatzaileek zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar Garapen Ekonomikorako Departamentuari baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

2. Laguntzen eskaerarekin batera, entitate eskatzaileek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dute baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzeko.

3. oinarria.–Diru-laguntzaren xede diren kontratazioak.

1. Diru-laguntzaren xedea izanen da kontratazio unean ondoko baldintzak betetzen dituztenak kontratatzea, ikertzaile eta langile teknologiko gisa parte hartzeko I+G+B proiektuetan:

a) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribaturik egotea enplegu eskatzaile gisa.

b) Honako titulu hauetariko bat edukitzea:

I) Unibertsitateko tituluak: doktoretza, lizentzia, ingeniaritza, arkitektura, gradua, unibertsitateko masterra, diploma, ingeniaritza teknikoa edo arkitektura teknikoa.

II) Goi mailako Lanbide Heziketa.

c) Entitate onuradunarekin kontratu harremanik eduki ez izana, ez eta haren kide diren enpresekin edo hari lotutako enpresekin ere (Batzordearen maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan termino horientzat ematen diren definizioen arabera), deialdia argitaratzen denetik kontratua sinatu bitarte.

2. Kontratuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honen 2. oinarrian onuradun gisa ezartzen diren entitateek eta kontratudunek sinatu behar dituzte.

b) Idatziz formalizatuko dira, eta hauxe adieraziko da berariaz:

I) Kontratatuaren titulazioa.

II) Hasierako eguna (ezin da 2018ko irailaren 30aren ondorengoa izan), eta bukaerakoa (salbu kontratua mugagabea bada). Ez dira onartuko “proiektuen datak”, “obraren bukaera” eta horrelako aipamenak.

III) Beteko den lanpostua.

IV) Urteko soldata gordinaren zenbatekoa eurotan; ez dira onartuko “hitzarmenaren arabera” eta horrelako aipamenak.

c) Gutxienez 12 hilabete irautea eta lanaldi osokoa izatea.

d) Kontratatutakoek Nafarroako lantokietan jardunen dute eta 5.3.c) oinarrian aipatutako kontratazio planeko titulu akademikoarekin bat heldu diren lanpostuetan arituko dira.

e) Honako hauek izanen dira Gizarte Segurantzako kotizazio taldeak, kontratatutakoaren titulazioaren arabera: 1. edo 2. taldea unibertsitateko tituluen kasuan eta 3. taldetik 7.era goi mailako Lanbide Heziketaren kasuan.

f) Kontratuek Langileen Estatutuan eta hura garatzen duen araudian xedatutakoa beteko dute.

g) Dagokien lan hitzarmenean ezarritakoan oinarrituko dira ordainsariak, eta urteko soldata gordina 18.000 eurokoa izanen da gutxienez.

3. Eskaera bakoitzean pertsona bakar baten kontratazioa aipatuko da, eta I+G+B proiektu bererako kontratazioetarako laguntza eskatzen ahalko da, diruz lagundu beharreko kontratazioen kopurua gehienez ere bikoa izanik entitate bakoitzeko. Nolanahi ere, eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk badago, diruz lagundu daitezkeen kontratuen kopurua handitzen ahalko da, gehienez ere bost onuradun bakoitzeko.

4. Ez dute diru-laguntza hartuko enpresaburuen edo entitatea kontrolatzen dutenen, zuzendaritzako karguak betetzen dituztenen edo haren administrazio organoetako parte direnen ezkontideei, ondorengoei eta ezkontza edo odol bidezko bigarren mailara bitarteko beste ahaideei eragiten dieten kontratazioek.

Ondorio horietarako, diru-laguntza eskatzen duten entitateek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko dute, baldintza hori betetzearen gainekoa.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen zenbatekoa.

1. Gastu diruz lagungarria kontratatutakoaren soldata kostuen portzentaje bat izanen da (Gizarte Segurantzarako ekarpenak barne), ondoko taulan adierazten diren gehieneko kopuruekin:

ONURADUNA

LAGUNTZA (%)

GEHIENEKOA

(1. TALDEA)

GEHIENEKOA (2. TALDEA)

GEHIENEKOA (3. TALDETIK 7.ERA)

Enpresa handiak

50

15.000

12.000

10.000

Gainerako entitateak

70

19.000

16.000

14.000

Ondorio horietarako, hara zer adierazten duten:

a) 1. eta 2. taldeak: Gizarte Segurantzako kotizazio taldeak, unibertsitateko tituluei dagozkienak (doktoretza, lizentzia, ingeniaritza, arkitektura, gradua, unibertsitateko masterra, diploma, ingeniaritza teknikoa edo arkitektura teknikoa).

b) 3. taldetik 7.era: Gizarte Segurantzako kotizazio taldea, goi mailako Lanbide Heziketari dagokiona.

c) Enpresa handiak: Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan enpresa txiki eta ertainerako emandako definizioarekin bat heldu ez direnak.

d) Gainerako entitateak: zentro teknologikoak, ikerketa erakundeak, unibertsitateak, sozietate publikoak eta enpresa txiki eta ertainak, aurreko letrako definizioaren arabera.

2. Entitate eskatzaileek 1.000 euroko laguntza gehigarria jaso dezakete kontratazio bakoitzeko; halakoetan, aurreko ataleko gehienekoak gainditzen ahalko dira, baldintza hauetakoren bat betetzen dutenean:

a) Emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat hartzea:

I) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatzea eta aplikatzea, non ez dauden hartara behartuak Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluaren arabera, hau da, 250 langile baino gutxiago dituztenean.

II) Beren langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politiken aplikazioan nabarmentzeagatik aitortza edo bereizgarriren bat lortu izatea (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo Amedna-ren “Reconcilia zigilua”, eta abar).

III) Bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko neurriak edo enpresaren erantzukizun sozialarenak aplikatzea.

b) 50 langile edo gehiago dituen entitate batean, desgaitasunen bat dutenen portzentajea %4 baino handiagoa izatea. Gainerako entitateen kasuan, portzentaje hori langile guztien %2 edo handik gorakoa denean.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da epea, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean amaituko da.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da, zeina 15. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

3. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

4. Diru-laguntza eskatzeko, agiri hauek aurkeztu behar dira, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen arabera, eta agiri bereizietan eta izenaren bidez behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira:

a) Eskaera telematikoa, 2., 3.4 eta 14. oinarrietan aipatzen diren alderdiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen batekin.

b) Kontratatu beharreko pertsonaren partaidetza izanen duen I+G+B proiektua deskribatzen duen memoria.

c) Kontratazio plana.

d) ETEen kasuan, enpresaren tamaina kalkulatzeko inprimakia eta azken 3 ekitaldietan itxitako kontuak, bai eskatzailearenak, bai haren kide diren enpresenak eta hari lotutako enpresenak. Hala egin ezean, enpresa handientzako gehienekoak aplikatuko dira, 4.1 oinarrian ageri direnak, alegia.

Eskatzaileek ez dute dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin aurkeztua badute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan 2018an. Kasu horretan, eskaeran azalduko dute hori, baita zer deialditara aurkeztu diren eta zer dokumentazio eraman duten ere.

e) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko neurriak frogatzen dituen dokumentazioa, 4.2.a) oinarriko laguntza gehigarria justifikatzeko.

f) Alta egoeran dauden langileen txostena (ITA), Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emana, laguntzak eskatzeko epearen aurreko hilabetean zehar, 4.2.b) oinarriko laguntza gehigarria justifikatzeko.

5. Eskaerak oinarri honetan aipatu baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu.

6. oinarria.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

1. Diru-laguntza hau norgehiagokako araubidea erabiliz emanen da eta, horrela, oinarri honen 2. ataleko irizpideen arabera baloratutako eskaerak konparatu eginen dira, horien arteko lehentasuna ezartzeko.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, Elikakatearen arloko I+G+B Atalak, baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak, irizpide hauen arabera:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO PUNTUAZIOA

a) Proiektuaren irismen teknologikoa

30

15

b) Proiektuaren berritasun maila

20

10

c) Aurrekontuaren justifikazioa

15

8

d) Memoriaren kalitatea

10

5

e) Kontratazio plana

15

10

f) Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiako (RIS3) sektore estrategikoen artean kokatzea

5

0

g) Plantillan sartzea ikertzaileak eta langile teknologikoak kontratatzeko aurreko deialdietatik (2014, 2015 eta 2016) heldu diren pertsonak (%60 edo gehiago)

5

0

GUZTIRA

100

50

a) Proiektuaren irismen teknologikoa, gai hauei dagokienez:

–Proposatutako helburuak lortzeko erronka teknologikoa, zailtasun teknikoa. gehienez 10 puntu.

–Egungo konponbideen gabeziak eta proposatutako konponbidearen balorazio teknologikoa, beste batzuen aldean. gehienez 10 puntu.

–Ebatzi beharreko problema eta merkatu aukerak. gehienez 10 puntu.

b) Proiektuaren berritasun maila Alderdi hauek baloratuko dira:

–Berritasuna nazioartean, Espainian edo eskualdean. gehienez 10 puntu.

–Berritasun maila sektorean eta lehiakideekin alderatuta. gehienez 10 puntu.

c) Proposamena gauzatzeko aurrekontuaren justifikazioa giza baliabideei eta baliabide materialei dagokienez, dedikazioaren eta kostuaren ikuspegitik.

Gastuaren beharra eta proiektuko partiden zenbatespena justifikatu beharko dira.

d) Aurkeztutako memoriaren eta aurrekontuaren kalitatea, arlo hauei dagokienez:

–Argitasuna, helburuen deskripzioa eta metodologia (haiek lortzeko planifikatzen diren ekintzak). gehienez 5 puntu.

–Zereginen definizioa, kronograma, esleitzen diren baliabideak. gehienez 5 puntu.

e) Kontratazio plana:

–Eskatutako profila nola egokitzen den proiektuaren helburuetara. Gehienez 8 puntu.

–Kontratatuak egin beharreko lanen deskripzioa. Gehienez 7 puntu.

f) Proiektua Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (RIS3) identifikatutako sektore estrategiko hauetako batean edo gehiagotan sailkatzea:

–Automobila eta mekatronika.

–Elikakatea.

–Energia berriztagarriak eta baliabideak.

–Osasuna.

–Turismo integrala.

–Sorkuntza industriak eta industria digitalak.

g) Plantillan sartzea aurreko deialdietatik (2014, 2015 eta 2016) heldu diren pertsonak: 5 puntu emanen dira, deialdi honen bidez diruz lagundutako kontratua izan dutenen %60 gutxienez sartu bada plantillan.

3. a), b), c) edo d) letretako irizpideetako batean gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten proiektuak ez dira beste irizpideen arabera baloratuko, eta haien laguntza eskaera baztertu eginen da. Baztertu eginen dira, orobat, gutxieneko puntuazio horiek lortuta ere, balorazio irizpide guztien multzoan 50 puntutara iristen ez diren eskaerak.

7. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak eskaerak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek diru-laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenak ondokoa edukiko du, gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, laguntzen zenbatekoa adierazita.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda. Haien artean, aurrekontuko baliabideak mugatzeagatik baztertu direnak agertu beharko dira.

2. Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia da organo eskuduna diru-laguntza nori eman ebazteko. Ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan eskatzaileari ebazpen espresik jakinarazi ezean, eskaerak ezetsitzat joko dira. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

3. Onuradun batek laguntzei uko egiten badie edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, eta aurrekontuan nahikoa diru badago, laguntza ematen ahalko zaie kreditu eskasiagatik baztertuta gelditu diren eskaerei. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraituko zaio. Kontzesio berri horiek noiz egiten diren kontuan hartuta, epe berriak finkatzen ahalko dira kontratazioa egiteko eta hura justifikatzeko.

8. oinarria.–Kontratatuak hautatzeko prozedura.

1. Onuradunek lan eskaintza bat eginen dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan, eta bertan profil akademikoa, prestakuntzakoa eta lanekoa zehaztuko dituzte, eskaerarekin batera aurkeztutako kontratazio planean ezarritakoari jarraituz.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak hautaketa bat eginen du, aldez aurretik, zehaztutako profila bete eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren datu basean enplegu eskatzaile gisa inskribaturik daudenen artean.

2. Entitate onuradunak, Nafar-Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aldez aurretik egindako hautaketatik soilik abiatuta, hautatuko du horien artean nor kontratatu, lanposturako egokitzapena neurtzeko proba egokiak egin ondoren, hala bada.

3. Pertsona bat baino gehiago kontratatzen duten onuradunen kasuan, orekari eutsi beharko zaio kontratatzen diren emakumeen eta gizonen kopuruan, bereizkeriarik egin ez dadin hautatzen diren emakumeen kopuruari dagokionez.

4. Kontratazioak bat egin behar du kontratazio planean zehaztutako tituluarekin eta kotizazio taldearekin. Plan horretan zehaztutakoan aldaketarik eginez gero, laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinarazi beharko zaio hura onets dezan kontratua sinatu baino lehenago.

9. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

Hauek izanen dira laguntzen fitxak baliatuz telematikoki aurkeztu beharreko frogagiriak:

1. Behin kontratua sinatutakoan eta 2018ko irailaren 30a baino lehen, hori barne:

a) Sinaturiko kontratuaren kopia.

b) Lan eskaintza edo eskaintzaren identifikazioa Nafar-Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuan.

c) Idc (Kotizaziorako datuen txostena-Besteren kontura ari diren langileak, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusia).

2. Eta 2019ko urriaren 31 baino lehen, hori barne:

a) Pertsona kontratatuaren partaidetza izan duen I+G+B proiektuko jardueren memoria, laguntzen fitxan dagoen ereduaren araberakoa.

b) Nominen kopia eta haien ordainketen frogagiriena, bai eta langileak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari dagokionez dituen guztizko kalkuluak ere (SLD-Kalkuluen Kontsulta Zerbitzua).

3. Diruz lagundutako jarduera justifikatzeko betebehar hau bete ezik, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

10. oinarria.–Diru-laguntza ordaintzea.

1. Aurkeztutako frogagiriak aztertuko ditu laguntzak kudeatzen dituen organoak, eta ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela adieraziko da proposamen horretan.

2. I+G+B Zerbitzuko zuzendariak diru-laguntza ordaintzeko ebazpena emanen du, eta frogagiriak aurkezten direnetik bi hilabeteko epean jakinaraziko da. Epe hori etenen da onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

3. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, betiere onuradunek frogatzen badute funtsak jaso behar dituztela diru-laguntzaren helburuak betetzeko, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusitako bermeekin.

11. oinarria.–Kontratuaren amaiera eta kontratatutako pertsonak ordeztea.

1. Onuradunek kontratatu den pertsona ordezten ahalko dute kontratua arrazoi hauetakoren batengatik amaitzen denean: probaldia ez gainditzea, lanpostua borondatez uztea, heriotza edo baliaezintasuna.

15 egun naturaleko epean, gehienez ere, kontratu hori bukatzen denetik aurrera, onuradunek horren frogagiriak aurkeztu beharko dituzte.

2. Aurreko atalean aurreikusi ez diren kasuetan, onuradunek jakinaraziko dute, aurreko atalean zehaztutako epearen barruan, zehazki zer egoerak ekarri duen kontratuaren amaiera, eta laguntzak kudeatzen dituen organoak baimena emanen du edo ez, kontratatua ordezteko.

3. Bidezko denean ordezkapena egitea aurreko atalei jarraituz, 8. oinarrian aurreikusitako prozedurarekin bat eginen da kontratazio berria, eta kontratuak 3. oinarriko baldintzak bete beharko ditu, salbu eta hasiera datari dagokionez.

Hasieran kontratatutakoa ordezten bada, ez da inola ere emandako diru-laguntzaren zenbatekoa handituko.

4. Ordezkapen kontratua aurreko kontratua iraungi eta hilabeteko epean hasi beharko da gehienez, eta ezin izanen da epe hori luzatu.

5. Ordezkapen bakarra egin ahal izanen da diruz lagundutako kontratu bakoitzeko.

6. Kontratua bukatzen denean ordezkapena bidezkoa izan gabe edo baimendu gabe, 1. eta 2. ataletan xedatutakoari jarraituz:

a) Diru-laguntza guztia kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da, iraupenaren lehenbiziko seihilabetekoan amaitzen denean kontratua.

b) Diru-laguntzaren zati proportzionala kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da, nahitaezko iraupenaren bigarren seihilabetekoa osatu gabe amaitzen denean kontratua.

12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematika bidez, laguntzen fitxa baliatuz aurkeztu beharko dute gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, aipatutako fitxan eskura dagoen ereduari jarraituz. Gardentasun betebeharra irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan dago araututa.

Onuradunak informazioa emateko betebehar hori urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Kontratatu beharreko pertsonak 8. oinarriko prozeduraren arabera hautatzea.

c) Diruz lagundutako kontratazioa frogatzea, 9. oinarrian adierazten den moduan.

d) Jasotako diru-laguntza bereiz kontabilizatzea.

e) Kontratuaren amaiera eta, hala denean, ordezkapena egiaztatzea, 11. oinarrian adierazitako moduan eta epean.

f) Pertsona kontratatuek parte hartzen duten I+G+B proiektuaren garapenean eragina izan dezakeen edozein gorabeheraren berri ematea laguntzak kudeatzen dituen organoari.

g) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat onuradunek bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, aipatu foru legearen 35. artikuluan xedatuarekin bat.

Ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak honako hauek izanen dira:

a) Frogagiriak azterturik ondorioztatzen bada laguntzaren xedeak nabarmen eta erabat bete gabe gelditu direla, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

Halaber, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da 9.2.a) oinarrian eskatutako memoriak kontrako balorazioa badu.

b) Helburuak edo jarduera zehatz batzuk hein batean ez betetzeak berarekin ekarriko du jarduera horien irismenaren arabera galtzea diru-laguntza kobratzeko eskubidea.

3. Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kasuren bat baldin bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak proposatzen ahalko du ez dadila deklaratu laguntza kobratzeko eskubidearen galera.

13. oinarria.–Emaitzen publizitatea eta zabalkundea.

1. Laguntzen onuradunek, diruz lagundutako kontratazioaren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, adierazi behar dute Nafarroako Gobernuak finantzatua dela.

2. Kontratatutakoaren partaidetza izan duten I+G+B jardueraren ondoriozko hedapen materialetan ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, ahalegina eginen da hizkera inklusiboa eta ez sexista erabiltzeko diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

14. oinarria.–’’De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Ondorio horietarako, onuradunek aitortuko dituzte, laguntza eskaerarekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, laguntza zerga ekitaldi horretan eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak.

15. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntza-eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.navarra.es/home_eu/) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Gaitutako helbide elektronikoa Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbide honetan lor daiteke: http://notificaciones.060.es Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, entitate eskatzaileen helbide elektroniko gaitua lortzen den helbide berean.

16. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

1. Deialdi honetan ezarritako laguntzak ez dira bateragarriak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste administrazio edo entitate batek (publikoa nahiz pribatua izan) xede bererako ematen duen beste edozein diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerarekin.

2. Entitate onuradunek laguntzaren eskaeran eman beharko diote aditzera Elikakatearen arloko I+G+B Atalari proiektuari lotutako beste laguntza batzuk lortu dituztela, edo haiek jaso bezain laster eta, betiere, 9. oinarrian ezarritako frogagiriak aurkezterakoan.

17. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Organo kudeatzaileak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Era berean, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, organo kudeatzaileak jendaurrean jarriko ditu onetsitako diru-laguntzak, laguntzen fitxan, honako hauek zehaztuta: laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzen helburua.

18. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik zenbatuta.

Iragarkiaren kodea: F1801051