26. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ULTZAMAKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, hautaproben bitartez izangai zerrenda bat osatzeko, Etxeko Laguntza Zerbitzuan aldi baterako kontratazioaren bitartez familia-langile lanpostuan aritzeko

Ultzamako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Bazkideen Batzarrak, 2017ko azaroaren 22an erabakia hartuta, deialdia onetsi du hautaproben bitartez izangai zerrenda bat osatzeko, Ultzamako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Etxeko Laguntza Zerbitzuan aldi baterako kontratazioaren bitartez familia-langile lanpostuan aritzeko.

Deialdi hau egin da Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 42. artikuluko 2. puntuaren c) apartatuaren edukiaren eta harekin bat heldu den gainerako legeriaren babespean.

Hautapen prozesua ondoko hauetan xedatuari jarraikiz egingo da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, hura garatzeko eta betearazteko eman baitzen, aplikatu beharreko gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdiaren xedea da hautaproben bitartez izangai zerrenda bat osatzea, Ultzamako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Etxeko Laguntza Zerbitzuan aldi baterako kontratazioaren bitartez familia-langile lanpostuan aritzeko.

Lanpostua etxeko laguntza zerbitzua ematean datza Mankomunitatearen esparruan dauden herri edo lekuetako etxe partikularretan. Horretarako, Mankomunitatearen egoitzatik lana egiteko leku zehatzetarainoko joan-etorriak egin beharko dira, eta langile bakoitzak bere kabuz egin beharko du, Mankomunitatea ez baita joan-etorriez arduratuko.

Lanpostua Nafarroako Administrazio Publikoetako D mailakoa da, eta Mankomunitatearen plantilla organikoan horretarako onetsitako lansaria izanen du.

Deialdian parte hartzeko, nahitaezkoa izango da izangaiek euskaraz mintzatzen dakitela frogatzea, B2 mailaren edo titulazio baliokidearen heinean; horretarako, hizkuntza eskola ofizial batek edo beste erakunde eskudun batek luzaturiko gaitasun agiria izan beharko dute, edo bestela proba bat gainditu, izangaiek behar bezainbateko hizkuntza maila dutela frogatzeko.

Mankomunitateak, behar besteko aurrerapenaz jakinaraziko die izangaiei proba hori non, zein egun eta ordutan egingo den.

Deialdia ebatzi eta izangaien behin betiko zerrenda onetsi ondoren, horrek lehentasuna izango du Mankomunitatean gaur egun diren bestelako zerrenda guztien gainetik.

Mankomunitatearen eskumena izango da aldi baterako bete beharreko lanpostuen ezaugarriak zehaztea (lanaldi mota, iraupena etab.), haien jatorrizko lanpostu hutsak gorabehera; orobat izango da haren eskumena izangaien behin betiko zerrendaren funtzionamendu araubide edo sistema onestea.

Lanpostu honetarako aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda hau subsidiarioa izango da apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatuaren babespean enplegatu finkoekin etorkizunean eratzen ahal den beste edozein zerrendaren aldean.

Hartara, zerrenda honek indarrean segituko du, baldin eta beste deialdirik egiten ez bada Ultzamako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Etxeko Laguntza Zerbitzurako familia-langilearen lanpostua modu mugagabean betetzeko. Halakoetan, ezarritako hautaprobak gainditu dituzten langileen artean lanposturik eskuratu ez dutenek zerrenda bat osatuko dute, lehentasuna izango duena, arauak baitio ebatzitako azken deialdi publikoa gainditu bai baina lanposturik eskuratu ez dutenek lehentasunezko eskubidea izango dutela lanpostuak aldi baterako betetzeko.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteta izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea, betiere eskatzen diren baldintzak betez gero.

c) Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako Lehen Mailako titulua edo horien baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Teknikari “Sozio-sanitarioaren”, Mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteko teknikariaren edo Erizaintzako laguntzailearen titulua edukitzea, edo pertsonei etxean laguntza sozio-sanitarioa emateko lanbide ziurtagiria edo horien baliokidea edukitzea.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea. Zinpeko aitorpena erantsi da oinarri hauen eranskinari dagokionez.

f) Eginkizun publikoak betetzeko gabetua edo desgaitua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

Zinpeko aitorpena erantsi da oinarri hauen eranskinari dagokionez.

g) B1 motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea.

h) Hizkuntza Eskolaren batek emandako gaitasun agiria izatea, edo ofizialki horren baliokidetzat jotzen den beste titulazio bat; bestela, izangaiak hizkuntza maila aski baduela zehaztuko duen proba gainditzea. Mintzamenean B2 ezagutza maila edo horren parekoa eskatuko da.

Izangaiek deialdi honetan parte hartzeko eskaerak onartzeko epearen barrenean frogatu behar dituzte baldintza horiek guztiak, agiri bidez frogatu ere.

Deialdi honetatik bazterturik geldituko dira agiri horiek aurkezten ez dituztenak.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3.–Eskabideak.

Deialdi honi dagokion iragarkia argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Ultzamako, Basaburuko, Odietako, Atezko, Anueko eta Lanzko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistro orokorrean (San Pedro karrika, 8 bis, 31797, Larraintzar, Ultzama), edo Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/15 Legean ezarritako bideetako bat erabiliz, 4. oinarrian adierazitako epean.

Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea akitzen den egunerako. Nolanahi, eskabide eredua Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen bulegoetan ere eskuratzen ahalko da. (948 305353).

Parte hartzeko eskabidearekin batera ondoko dokumentazioa ere ekarri beharko dute izangaiek:

–Telefono mugikor zenbaki bat eta posta elektronikoko helbide bat ematea, jakinarazpenak egin ahal izateko.

–NANaren, AIZren edo haien baliokidearen fotokopia.

–Deialdiaren 2. oinarrian eskatutako tituluen fotokopia konpultsatuak.

–Euskararen ezagutza frogatzen duen ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua.

–B-1 motako gidabaimenaren fotokopia.

–Lehiaketaldian merezimenduen balorazioa egiteko tituluen eta ziurtagirien fotokopia konpultsatuak, halakorik bada.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izango da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

5.–Behin-behineko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik bost egun baliodun igarota, jendaurrean paratuko da izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki oholean. Era berean, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea osatzen duten udaletako web-orrietan, halakorik daukatenetan, argitaratuko da.

Egun horretatik aurrera eta ondoko bost egun baliodunetan, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

6.–Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoren, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Burutzaren ebazpen baten bidez, “Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda” onetsi eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki oholean edukiko da jendaurrean, deialdi honetako zortzigarren oinarrian aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita. Era berean, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea osatzen duten udaletako web-orrietan, halakorik daukatenetan, argitaratuko da.

Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortu zaienik deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Izangaiek kontratatuak izateko deia jasotzen dutenean aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan, eskatutako baldintzaren bat betetzen ez dutela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

7.–Kalifikazio-epaimahaia.

7.1. Hauexek izango dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: M.ª Aránzazu Martínez Urionabarrenechea, Ultzamako, Basaburuko, Odietako, Atezko, Anueko eta Lanzko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko batzarkidea, Mankomunitateko buruak horretarako eskuordetzen duena.

–Epaimahaikidea: Txaro Castañares Larrea, Ultzamako, Basaburuko, Odietako, Atezko, Anueko eta Lanzko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.

Ordezkoa: beste gizarte-langile bat, Nafarroako gizarte zerbitzuen beste mankomunitate batekoa.

–Epaimahaikidea: Carmen Erice Esáin, Ultzamako, Basaburuko, Odietako, Atezko, Anueko eta Lanzko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko familia-langilea eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko langileen ordezkari bat, beraiek hautatua.

–Epaimahaikidea: Nafarroako gizarte zerbitzuen beste mankomunitate bateko langilea.

Ordezkoa: Nafarroako gizarte zerbitzuen beste mankomunitate bateko langilea.

–Batzordekide-idazkaria: Alfonso Araujo Guardamino, Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: Ultzamako, Basaburuko, Odietako, Atezko, Anueko eta Lanzko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean sarturiko udalerrietariko bateko beste edozein idazkari.

7.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta buruari horren berri emango diote, baldin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, aditzera emango da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izango da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Nolanahi ere, modu baliozkoan eratua izateko eta jarduteko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bestela, haien ordezkoek.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz argituko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko sor daitezkeen arazo guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emango diote laguntza epaimahaiari.

8.–Hautaproben nondik-norakoak eta balorazioa.

Mankomunitateko buruaren ebazpen bidez onetsiko da probak egiteko egutegia, eta oholetan argitaratuko da.

Oposizio-lehiaketan gehienez ere 100 puntu lor daitezke.

8.1. Lehiaketaldia: Merezimenduen balorazioa.

Hartan izangai bakoitzaren merezimenduak baloratuko dira. Betiere lanpostuko eginkizunekin zuzenean ikusteko dutenak hartuko dira kontuan.

Epaimahaiak II. eranskineko baremoarekin bat baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo behar bezala egiaztatuak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

Merezimenduek, gehienez ere, 10 puntuko balorazioa izango dute.

Epaimahaiak merezimenduak baloratu ondoren, horien emaitza jakinaraziko zaie izangaiei, probak egin baino lehen.

8.2. Euskara proba.

Deialdi honetan eskatzen den euskararen gaitasun agiririk ez duten izangaiek euskaraz badakitela frogatu beharko dute. Horretarako, beharrezko probak egin beharko dituzte eta hartan gai edo ez-gai kalifikazioa emango zaie. Mintzamenean B2 ezagutza maila edo horren baliokidea eskatuko da.

Probak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Euskarabidea/Euskara Zerbitzuak egingo ditu. Proba hori egin nahi duten izangaiek hautaprobetan onartuak izateko eskabidean adierazi beharko dute.

Proba hori burututakoan, gai kalifikazioa lortu dutenek edo gaitasun agiria nahiz baliokidea dutenek oposizio-lehiaketan parte hartzen ahalko dute.

8.3. Oposizioaldia. Hautaprobak:

Hautapena ondotik ematen den probaren bidez egingo da; haren balorazioa 90 puntu izango da, guztira.

–Ariketa bakarra: idatzizko proba teoriko-praktikoa egin beharko da; lanpostuan egin beharreko zereginekin ikusteko duten gaiei buruzko kasu praktikoak idatziz argitu beharko dira (III. eranskineko gaiak).

Arrazoituz eta gai honi buruzko eduki teorikoak aplikatuz erantzun beharko da.

Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, haren gehieneko iraupena finkatuko du.

0tik 90 puntura bitarte emango dira. Gainditzeko gutxienez 45 puntu beharko dira.

Plika sistemaren bidez emango da ariketaren balorazioa.

8.4. Probetarako deialdi bakarra egingo da; hartara, izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azaldu beharko dira. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

9.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

9.1. Probaren kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko iragarki-taulan argitara emango du probaren balorazioa.

Probaren balorazioari alegaturiko merezimenduen balorazioa gehitu ondoren, gainditutako izangaien zerrenda bat egingo da guztira erdietsitako puntuazioaren hurrenkerari jarraikiz, eta ondoren buruari igorriko zaio hark onets dezan, hautapen prozesu osoaren espedientearekin batera.

Berdinketarik izanez gero, oposizioaldian puntu gehien lortzen dutenek izango dute lehentasuna. Hondarrean berriz ere berdinketarik bada, zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

Zerrenda horren izena izango da “Izangaien behin betiko zerrenda.”

9.2. Behin betiko zerrendan agertzen diren izangaiei dei egiten ahalko zaie Ultzamako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean gertatzen diren beharren arabera, betiere deialdi honen oinarrian ezartzen denari, ondoriozko zerrendaren funtzionamendu arauei eta aplikatzeko diren gainerako arauei jarraikiz.

9.3. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izango dira dagokien kuota eta PFEZaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

9.4. Hautaproben ondotik eratzen den izangaien zerrendak bost urteko indarraldia izango du gehienez, behin betiko onesten denetik aurrera.

9.5. Probaldia:

Behin betiko zerrenda osatzen duten lagunek 5 eguneko probaldia izango dute, ordezkapenen bat betetzera deitzen dituztelarik.

Epe hori iraganik, probaldia ez dela gainditu erabaki daiteke, eta horrek kontratuaren amaiera ekarriko, baldin eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko zerbitzu teknikoei iruditzen bazaie horretarako arrazoi aski badirela, gaitasun faltagatik, ardura faltagatik edo lanpostura ez egokitzeagatik, eta horrek sorrarazten badu errendimendu falta eta/edo egin beharrekoak ez egitea, eta horren ondorioz egindako zerbitzuaren kalitateari modu txar-txarrean eragiten.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Larraintzarren, 2017ko azaroaren 22an.–Ultzamako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua, M.ª Aránzazu Martínez Urionabarrenechea.

I. ERANSKINA

Onartua izateko eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

Izangaiek aurkeztutako merezimenduak, epaimahaiak baloratuko ditu, baremo honi jarraikiz:

A.–Prestakuntza (gehienez ere 5 puntu).

A1. Lanpostuarekin eta haren eginkizunekin ikusteko edukia duen ikastaro bakoitzeko, 8 eta 20 ordu bitarteko iraupena badu: 0,25 puntu.

A2. Lanpostuarekin eta haren eginkizunekin ikusteko edukia duen ikastaro bakoitzeko, 20 eta 40 ordu bitarteko iraupena badu: 0,50 puntu.

A3. Lanpostuarekin eta haren eginkizunekin ikusteko edukia duen ikastaro bakoitzeko, 40 ordutik goitiko iraupena badu: 0,75 puntu.

8 ordutik beheiti irauten duten ikastaroek ez dute puntuaziorik eskuratuko.

B.–Laneko eskarmentua (5 puntu gehienez)

Familia-langile gisa toki entitateen etxeko laguntza zerbitzuetan lanaldi osoan lanean egindako urte oso bakoitzagatik: 1,5 puntu.

Zaharrendako eta/edo desgaitasuna dutenendako zuzeneko laguntzan, beste administrazio publiko, enpresa publiko, laguntzako entitate, fundazio edo enpresa pribatu batean, lanaldi osoan lanean egiazki egindako urte oso bakoitzagatik: 0,75 puntu.

Oharrak:

1. Eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik gauzatu diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

2. Aitzineko bi ataletako merezimenduak frogatzeko, lehiatzaileek lan egindako administrazio publiko edo entitate pribatuen ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte; merezimendu horiek kontatzeko, berriz, kontuan hartuko dira bai lan-kontratu finko nahiz aldi baterakoarekin, bai administrazio-kontratudun, bitarteko nahiz jabetzako lanpostuetan egindako zerbitzuak.

3. Eskarmentuari dagozkion puntuetan xedatuari dagokionez, aldi baterako kontratuak beren iraupenaren proportzioan kontatuko dira.

4. Frogaturiko esperientzia aldiak ez badu urteko osorik hartzen, dagokion proportzioa aterako da hileko osoak kontuan hartuta. Kontratu bakoitzeko, hileko oso bat gutxienez beharko da.

5. Lanbideko eskarmentua frogatuko da kontratua egin duen enpresa edo administrazioaren ziurtagiriekin edo lan bizitzaren ziurtagiriarekin; haietan hauek agertu beharko dira: lanpostua, kontratuen hasiera eta bukaera datak (halakorik bada) eta bakoitzaren lanaldia. Alderdi horietakoren bat behar bezalako zehaztasunez eman ezean, merezimendu horiek ez dira baloratuko.

6. Ez da lanbideko eskarmenturik baloratuko, pertsona partikularrendako etxeetan egina bada.

III. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.–Ultzamako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Etxeko Laguntza Zerbitzua arautzen duen ordenantza, indarra duen testuaren arabera (2002ko 63. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 24koa, eta jatorrizko testuari egindako aldaketak).

2.–Beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten pertsonei laguntzeko programa, oinarrizko gizarte zerbitzuen ingurumarian. Etxeko laguntza zerbitzua. Definizioa. Hartzaileak. Etxeko laguntza zerbitzua zer egoeratan behar den.

3. gaia.–Familia langileak etxeko laguntza zerbitzuan. Lanaren egitekoak eta ezaugarriak. Talde lana gizarte zerbitzuen barrenean, negoziazioa. Etika profesionala, gizarte zerbitzu oinarrizkoen barruan eta ELZn aplikatzea.

4. gaia.–Hirugarren adina. Ezaugarriak eta aldaketa garrantzitsuenak, fisikoki, psikikoki eta sozialki. Eritasun arruntenak. Sindrome geriatriko handiak: dementzia eta depresioa. Sostengu eta laguntza pertsonaleko beharrak. Etxeko laguntza zerbitzuaren ardurapeko egoerak.

IV. ERANSKINA

Zinpeko aitorpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1714207