1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1093/2018 EBAZPENA, abenduaren 5ekoa, Herri Lanetako zuzendari nagusiak emana, taxien hiriarteko zerbitzuen tarifak onesten dituena.
Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiak azaroaren 21ean emandako 477/2012 Ebazpenaren bidez, gaur egun indarrean dirauten taxien hiriarteko zerbitzuen tarifak onetsi ziren. Ebazpen hori 2012ko 241. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 12koan.
2018Ko irailaren 4an, Francisco José Asín Pérez jaunak, Asociación Independiente de Taxistas Autopatronos de Navarra (AITAN) izeneko elkartea ordezkatuz, eskaera egin du taxien hiriarteko tarifak egunera daitezen 2019rako, urtetik urterako 2018ko abuztuaren KPIaren arabera. Era berean, hiriarteko tarifek eta Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuko B eremukoek berberak izaten jarrai dezaten, honakoa eskatu du: batetik, gaueko tarifaren zerbitzuaren gaur egungo ordutegia aldatzea, halako moduz non bi ordu luzatuko den lanegunetan (21:00etatik 7:00etara), eta bestetik, jaieguntzat hartzea urtarrilaren 5a, abenduaren 24a eta abenduaren 31, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.
Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, taxien hiriarteko zerbitzuei aplikatu beharreko tarifen araubidea onestea garraioen arloko eskumena duen departamentuari dagokio, taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide-elkarteei eta erabiltzaile eta kontsumitzaileen elkarteei entzutea eman ondoren.
Garraio Zerbitzuak egokitzat jo du tarifak 2019rako eguneratzea, eta horretarako urtetik urterako 2018ko abuztuaren KPIaren arabera handitzea; hau da, %2,4. Beraz, ondoko tarifa hauek proposatzen ditu taxien hiriarteko zerbitzuetarako:
–Egindako kilometro bakoitzeko: 0,60 euro.
–Itxaron beharreko ordu bakoitzeko: 16,71 euro.
–Kobratzeko gutxieneko zenbatekoa: 3,29 euro.
Zain egoteko aldiak hamabost minutuko tarteetan kontatuko dira, 4,17 euro denbora-tarte bakoitzeko.
Garraio Zerbitzuak gaueko ordutegia ordu betean handitzea proposatu du, hau da, 6:00etatik 7:00ak arte lanegunetan; xedea da zerbitzu hobea bermatzea unean-unean eskaera handia izaten duen denbora tarte horretan, eta horrez gain, tarifen koordinazioa ziurtatzea hiri barneko eta hiriarteko zerbitzuen artean. Helburu berberekin eta aipatu egunetako ezaugarri bereziak aintzat hartuz, proposatu du jaieguntzat har daitezen, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren ekainaren 19ko 312/2018 Ebazpenean ezarritakoez gain, urtarrilaren 5a, abenduaren 24a eta abenduaren 31, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Aipatu ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2019ko jaiegunen egutegi ofiziala ezarri zen.
Lanegunetan, 22:00etatik 7:00ak bitarteko gaueko zerbitzuetan, eta larunbat eta jaiegunetan 0:00tik 24:00ak bitarte egindakoetan, proposatu da tarifaren zenbatekoa %25 garestitzea, lanegunen eguneko tarifaren gainean.
Garraio Zerbitzuak txosten batean aditzera eman du taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide-elkarteei eta erabiltzaile eta kontsumitzaileen elkarteei entzutea eman zaiela, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Irache kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteak bere desadostasuna adierazi du ordutegien aldaketari eta egun jakin batzuetan jaiegunetako ordutegi zabalagoa ezartzeari dagokionez, ez baitu horretarako inolako arrazoirik ikusten eta uste baitu kaltegarria dela kontsumitzaileentzat. Garraio Zerbitzuaren ustez, neurri horiek justifikatuak daude; izan ere, komeni da zerbitzu hobea bermatzea eta beharrezkoa da hiri barneko eta hiriarteko tarifak koordinatzea.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraio Zerbitzuak proposatutakoarekin bat,
EBATZI DUT:
1. Ezartzea taxien hiriarteko zerbitzuek gehieneko tarifa hauek izanen dituztela:
–Lanegunetan, eguneko ordutegian (07:00etatik 22:00ak arte):
- Egindako kilometro bakoitzeko: 0,60 euro.
- Itxaron beharreko ordu bakoitzeko: 16,71 euro.
- Kobratzeko gutxieneko zenbatekoa: 3,29 euro.
Zain egoteko aldiak hamabost minutuko tarteetan kontatuko dira, 4,17 euro denbora-tarte bakoitzeko.
–Lanegunetan, gaueko ordutegian (22:00etatik 7:00ak bitarte), bai eta larunbat eta jaiegunetan ere (0:00etatik 24:00ak bitarte) tarifen zenbatekoa %25 garestituko da lanegunaren eguneko tarifari dagokionez.
Ondorio horietarako, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren ekainaren 19ko 312/2018 Ebazpenean ezarritako jaiegunez gain, ondoko hauek ere jaieguntzat hartuko dira: urtarrilaren 5a, abenduaren 24a eta abenduaren 31, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Ebazpen horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2019ko jaiegunen egutegi ofiziala ezarri zen.
Tarifa hauen indarraldia datozen urteetan luzatzen bada, jaiegunen egutegia lortzeko, urte bakoitzeko jaiegun ofizialei buruz emandako ebazpena hartuko da aintzat.
2. Tarifa hauek 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko zaizkie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak taxien hiriarteko zerbitzuak egiteko emandako baimenen babesean egiten diren herri arteko taxi zerbitzu guztiei, salbu Iruñerriko Baterako Zerbitzuko eremukoak diren lizentzien titularrak egiten dituzten herri arteko zerbitzuei, horiek onetsita dituzten hiriko tarifak aplikatuko baitituzte, gehigarririk gabe, eremu horren barrenean zirkulatzen dutenean.
3. Ezartzea ebazpen honek ukitzen dituen ibilgailuek tarifa-taula egokiak eraman beharko dituztela, Garraio Zerbitzuak bisa emanda.
Indarreko tarifa-taula ibilgailuaren barruan ikusgai egonen da, erabiltzaileak aise hautemateko moduan.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Garraio Zerbitzuari, Teletaxi-San Fermín elkarteari, Tuterako Taxisten Elkarteari, Asociación Independiente de Taxistas Autopatronos de Navarra (AITAN) elkarteari, Ecotaxi elkarteari eta Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteari.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela ebazpen honen kontra, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu denetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
Iruñean, 2018ko abenduaren 5ean.–Herri Lanetako zuzendari nagusia, Ignacio Nagore Laín.
Iragarkiaren kodea: F1814904