249. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

764/2018 EBAZPENA, abenduaren 14koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako enpresa txiki eta ertainei diru-laguntzak emateko 2019ko deialdia, kanpo-merkataritzako lan teknikoak eginen dituzten pertsonak kontrata ditzaten. DDBN identifikazioa: 428620.

Nafarroako 2017-2020 III. Nazioarteko Planak bere erronka nagusien artean dauka Nafarroako enpresa txiki eta ertainak gehiago nazioartekotzea. Kanpo-merkataritzako lan teknikoak eginen dituzten pertsonak kontratatzeko diru-laguntzen helburua da Nafarroako enpresa txiki eta ertainen esportazioen tamaina handitzea eta esportatu ohi duten enpresa txiki eta ertainen kopurua handitzea, eta, horretarako, nazioartekotzeko lanak profesionalizatzea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako enpresa txiki eta ertainei diru-laguntzak emateko 2019ko deialdia onestea, kanpo-merkataritzako lan teknikoak eginen dituzten pertsonak kontrata ditzaten.

2. Diru-laguntza horiek emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 204.000 euroko gastua baimentzea: 81.600 euro 2019ko gastuen aurrekontuan gaitzen den partidaren kargura, eta 122.400 euro 2020ko gastuen aurrekontuan gaitzen den partidaren kargura, betiere 2018ko gastuen aurrekontuko “Kanpo sustapenerako ekintzak enpresetarako” izeneko 81003-81430-4709-431300 partidaren baliokide diren horien kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa baldin badago ekitaldi horietan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2018ko abenduaren 14an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

1. oinarria.–Xedea.

Diru-laguntzaren xedea da kanpo-merkataritzako lan teknikoak eginen dituzten pertsonak kontratatzea, horrela Nafarroako enpresa txiki eta ertainak nazioartekotzeko gaitasuna garatzeko, eta, horrela, haien esportazioak handitzeko eta esportatu ohi duten Nafarroako enpresa txiki eta ertainen kopurua ere handitzeko.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten enpresak izan daitezke onuradunak:

a) Enpresa txiki edo ertain baten izaera izatea, Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioko definizioari jarraikiz.

b) Helbide fiskala Nafarroan izatea.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretan ez egotea.

Helbide fiskala eta enpresek zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzeko, diru-laguntza eskatzeak berekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko.

2. Oinarri honen 1. baldintza betetzen dela frogatzeko, eskabide-orrian jasotzen den erantzukizunpeko adierazpena eginen da, baita diru-laguntza honen 4. oinarriaren 4. atalean eskatutakoa ere.

Oinarri honen 1.b eta 1.c baldintzak betetzen direla frogatzeko, eskabide-orrian jasotzen den erantzukizunpeko adierazpena eginen da.

3. Lehenago azaldu diren baldintzak eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dira, eta diruz lagundutako kontratuaren indarraldia bitartean mantendu beharko dira.

3. oinarria.–Kontratu diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Diru-laguntzaren xedea izanen da enpresaren nazioartekotze plana eginen edo betearaziko duten pertsonak kontratatzea, betiere kontratazio unean baldintza hauek betetzen dituztenak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa.

b) Diruz laguntzen den kontratua formalizatu aurreko urtean enpresa eskatzailean lan egin ez izana, salbu enpresarekin sinatutako kontratua ez bazen praktiketan aritzeko edo prestakuntza eta ikaskuntzarako.

c) Ez izatea enpresaren jabetza edo kontrola dutenen, zuzendaritzako karguak dituztenen edo, sozietatearen forma juridikoa duten entitateen edo enpresen kasuan, haietako administrazio organoetako kideen ezkontideak, aurreko ahaideak, ondorengoak edo ezkontza nahiz odol bidezko bigarren mailara bitarteko ahaideak.

2. Kontratuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gutxienez 12 hilabete irautea eta lanaldi osokoa izatea.

b) Kontratua mugagabea edo aldi baterako izan daiteke; ez, ordea, praktiketarako edo ikaskuntza eta prestakuntzarako. Ez dira baliozkoak izanen autonomo direnekin egindako kontratuak.

c) Kontratuak adieraziko du ezen kontratatutako pertsona ariko dela kanpo-merkataritzako lan teknikoetan, eta lan horiei dagokien talde profesionala esleituko dio.

d) Deialdi hau argitaratzen den egunetik hasita diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabete igaro bitarte sinatzea.

3. Kontratatutako pertsonari Gizarte Segurantzako 1., 2. edo 3. kotizazio taldeetan emanen zaio alta, duen kategoria profesionalaren arabera.

4. Diruz laguntzen den kontratazioak berekin ekarri beharko du kanpo-merkataritzako lan teknikoak egiten dituzten pertsonak gehiago izatea deialdia argitaratzen denean daudenak baino.

5. Enpresa diru-laguntza honen onuraduna izan bada 2018ko, 2017ko edo 2016ko deialdietan, frogatu beharko du diru-laguntzaren xedeko kontratazioak ahalbidetzen duela kanpo-merkataritzarako pertsona teknikoen kopurua handitzea, aipatutako ekitaldien aldean.

6. Lan kontratuaren kostua izanen da laguntzaren zenbatekoa (soldata gehi Gizarte Segurantzako kotizazioa), hamabi hilabetez, 12.000 euro gehienez.

4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da epea, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean amaituko da.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

3. Eskabideari honako dokumentu hauek erantsi beharko zaizkio, fitxan eskura dauden ereduen arabera, eta agiri bereizietan eskaneatuta eta izenaren bidez behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira:

a) Eskabide telematikoa, 2. oinarrian aipatzen diren alderdiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen batekin.

b) Nazioartekotze plana. Hura ezartzen parte hartuko du kontratatuko den pertsonak.

c) Kontratazio plana: kontratatu beharra justifikatzea, kontuan izanik planteatutako nazioartekotze estrategia eta kontratazio horrek konpontzen lagunduko lituzkeen zailtasunak, eta kontratatu nahi den pertsonak egin beharreko lanak.

d) Eskabidea 3., 4. eta 5. irizpideen arabera (6. oinarria) baloratzeko bidea ematen duen dokumentazioa (3. irizpidea: “Kalitatezko enplegua sortzeko eragina”; 4. irizpidea: “Enpresak NNPren talentuaren ardatzarekin duen konpromisoa”, eta 5. irizpidea: “Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin enpresak duen konpromisoa”).

e) Enpresa diru-laguntza honen onuraduna izan bada 2018ko, 2017ko edo 2016ko deialdietan, “kotizazio kontuko kode bateko lan-bizitzari buruzko txostena” aurkeztu beharko du, diruz lagundutako kontratuaren hasiera-dataren eta eskaera aurkezten den hilabetearen arteko aldiari dagokiona. Halaber, nazioartekotzeko lanez arduratzen diren langile kopuruaren bilakaerari buruzko azalpen laburra aurkeztuko du, langile talde horretan aldaketarik egon bada, 3. oinarriaren 5. atalean eskatzen dena justifikatze aldera.

4. Enpresa eskatzaileak hari lotutako edo elkartutako enpresarik badu, itxitako azken bi ekitaldietako kontuak aurkeztu beharko ditu, bai eskatzailearenak, bai hari lotutako edo elkartutako enpresenak, egiaztatzearren enpresa txikia edo ertaina dela.

5. Baldin eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluan aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Oinarri honen 3. ataleko b, c eta d apartatuetan eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, hori ezin izanen da inondik inora konpondu.

5. oinarria.–Norgehiagoka.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira haien artean lehentasuna ezartzeko, hurrengo oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 3.6 oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Enpresa batek diru-laguntzarako bi eskaera edo gehiago aurkezten baditu eta horietako batean 6. oinarriaren bigarren puntuan adierazitako puntuazioa baino handiagoa eskuratzen badu, diru-laguntza baten baino gehiagoren onuraduna izaten ahalko da baldin eta kreditu nahikoa badago gutxieneko puntuaziotik gorakoa eskuratzen duten gainerako eskatzaileei erantzuteko.

6. oinarria.–Balorazio irizpideak.

1. Eskabideak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira, eta, horiei esker, gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira:

1. irizpidea: Nazioartekotze Planaren kalitatea xedeko merkatuan 2019. urterako, gehienez 65 puntu.

Honako alderdi hauek hartuko dira kontuan proposamenaren kalitatea aztertzeko irizpide honetan:

ATALA

BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

1.1. Barne analisi estrategikoa

Ondoko alderdien analisi zehatza, honako hauei dagokienez: xedeko merkatua, enpresa nazioartekotzeko proiektua eta enpresaren barne baliabideak. Alderdi hauek baloratuko dira:

12

–Langileak: baloratuko da nola aztertu den zer neurritan dauden enpresako langileak motibaturik nazioartekotze proiektuarekin, nola egokitzen diren esportazioan inplikatutako langileen profilak egin beharreko eginkizunetara, tamaina egokia, langileen antolakuntza (1 puntu).

–Esportatu behar den produktu edo zerbitzua: baloratuko da behar bezala deskriba daitezela haren ezaugarriak eta lehiakortasun faktoreak (teknologia, diseinua, marka, prezioa, etab.) (3 puntu).

–Nazioartekotze planaren bideragarritasunaren azterketa (5 puntu).

–Enpresak bere prozesuetan duen digitalizazio maila (3 puntu).

1.2. Kanpoko analisi estrategikoa

Baloratuko da honako alderdi hauen analisia, kontuan izanik sakontasuna eta enpresa nazioartekotzeko proiektuarekin duen lotura:

13

–Ingurune politikoa (1 puntu).

–Ingurune legala (2 puntu).

–Ingurune sozioekonomikoa (2 puntu).

–Sektorearen egoera xedeko merkatuan (2 puntu).

–Xedeko publikoaren profila (3 puntu).

–Lehiakideen analisia (zer enpresa diren, zer estrategia duten, zer produktu edo zerbitzurekin lehiatzen diren) (3 puntu).

1.3. AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak)

Barneko eta kanpoko analisia oinarritzat harturik, baloratuko da zer analisi egin den xedeko merkatuan nazioartekotzeko enpresak dituen indarrez eta ahuleziez, baita mehatxuez eta aukerez ere.

12

1.4. Planifikazioa

Helburuak. Baloratuko da zer neurritan diren berariazkoak, neurgarriak, errealistak, garrantzitsuak eta diruz lagundutako kontratazioaren bukaera-epera mugatuak (10 puntu).

Xedeko merkaturako ekintza plana, diruz lagundutako ekintzaren aldirako. Baloratuko da behar bezala garatzea, egutegia, balorazio ekonomikoa (aurrekontua) eta, batez ere, justifikazioa, aurreko atalean planteatutako helburuak lortzeko (10 puntu).

20

1.5. Orokorra

Planaren koherentzia.

8

2. irizpidea: kontratazio planaren justifikazioa eta koherentzia, gehienez ere 20 puntu.

2.1. Kontratazioaren justifikazioa, aurreko puntuetan planteatutako nazioartekotze estrategiarekin loturik, eta, orobat, azalduko da zer zailtasun konpontzen lagunduko lukeen kontratazioak.

10

2.2. Kontratatutako pertsonak bete beharreko eginkizunak. Baloratuko da zer neurritan egokitzen zaizkion proposatutako eginkizunak kanpo merkataritzako profil tekniko bati.

10

3. irizpidea: Nafarroan kalitateko enplegua (kontratu mugagabeak) sortzeko duen eragina, gehienez 6 puntu*.

PLANTILLAKO LANGILE KOPURUA
(2017-2018 konparazio taula, abenduaren 31ko datuekin)

PUNTUAK

Enpleguari eustea

1

Plantilla gehienez %10 handitzea

1+ (½ x handitzearen portzentaje-puntuak)

%10 baino gehiago handitzea

6

(*) Esaterako, enpresa baten langile kopurua %5 handitu bada, kontratu mugagabeekin, orduan 3,5 puntu dagozkio irizpide honetan.

4. irizpidea: enpresak NNPren (Nafarroako Nazioarteko Plana) talentuaren ardatzarekin duen konpromisoa, gehienez 4 puntu.

Gehienez 4 punturekin baloratuko dira honako inguruabar hauek:

4.1. Kanpo-merkataritzako lan teknikoak egiteko kontratatuko den pertsona, eskatzen den diru-laguntzaren xede dena, Talentuaren NNP bankuan inskribatuta egotea diru-laguntzaren eskabidea aurkezteko epea amaitzen den eguna baino 3 hilabete lehenago gutxienez. Kasu horretan, aukeratuaren izena adierazi beharko da diru-laguntzaren eskabidean.

4.2. Deialdiaren aurreko bi urtean, Talentuaren NNP bankuan sartutako pertsonak (www.blogpin.navarra.es) kontratatu izana.

4.3. Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko diru-laguntzen deialdietako pertsona onuradunak hartu izana Nafarroako enpresak atzerrian duen filial edo sukurtsal batean aritzeko.

Irizpide hori baloratzeko, Talentuaren NNP bankuan sartutako pertsonak kontratatuz gero, kontratua aurkeztu beharko da laguntzaren eskabidearekin batera.

PRAKTIKETAKO EDO KONTRATATUTAKO PERTSONA KOPURUA

PUNTUAK

Pertsona bat

2

Bi pertsona edo gehiago

4

5. irizpidea: enpresak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin duen konpromisoa, gehienez 5 puntu.

Honako honen bidez frogatuko da enpresak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin duen konpromisoa:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatu eta aplikatzea.

b) Eskuduna den entitate batek emandako aitortza edo bereizgarria eskuratzea (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarri ofiziala edo NEEZEren “Reconcilia zigilua”, eta abar).

c) “Enpresaren ekintzak berdintasunaren alde” izeneko agirian jasotako praktikaren bat gauzatzea, behar bezala frogatzeko moduan. Aipatutako agiria laguntzen fitxan dago eskura.

ENPRESAK BERDINTASUNAREKIN DUEN KONPROMISOA

PUNTUAK

Berdintasunaren aldeko praktikak (puntu bat emanen da praktika bakoitzeko)

3 arte

Berdintasun plana, edo bereizgarriak eta aintzatespenak

5

2. Enpresek ez dute diru-laguntzarik jasoko baldin aurkezten dituzten nazioartekotze proiektuek eta kontratazio planek ez badituzte lortzen, 1. eta 2. irizpideak batuta, gutxienez ere 40 puntu.

7. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

1. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere 4 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

2. Ebazpenean azalduko dira, gutxienez ere, diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta onartutako zenbatekoa. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

3. Onuradun batek laguntzei uko egiten badie edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, eta aurrekontuan nahikoa diru badago, laguntza ematen ahalko zaie kreditu eskasiagatik baztertuta gelditu diren eskaerei. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraituko zaio.

8. oinarria.–Kontratazioaren justifikazioa.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Elektronikoaren bitartez, ondoren azaltzen diren epeetan:

1.1. Laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta gehienez hilabetera, honako hau aurkeztu beharko da:

a) Kontratuaren kopia bat.

b) Ordainsariak hitzarmenaren araberakoak badira, hitzarmenaren kopia.

c) Zinpeko aitorpena, ziurtatzeko betetzen direla 3. oinarriko 1.b) eta c) atalean eskatutako baldintzak.

d) Kontratatutako pertsonaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

e) Nafarroako enpresaren kotizazio kontuaren kode bateko lan-bizitzaren txostena, deialdia argitaratzen den hilabeteari dagokiona.

f) Nafarroako enpresaren “kotizazio kontuaren kode bateko lan-bizitzaren txostena”, kontratazioa gauzatzen den hilabeteari dagokiona.

1.2. Abenduaren 5ean, beranduenez, enpresak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Nominak eta ordainketen frogagiriak, langileen zerrenda izenduna eta kotizazioen likidazio erreziboak, eta Gizarte Segurantzari egindako ordainketen frogagiriak, kontratuaren hasiera egunetik 2019ko urrira bitarteko hilabeteetakoak.

b) Diru-laguntza honen 10. oinarriaren d) atalean jasotako publizitate betebeharra betetzen dela erakusteko froga bat, dokumentu bidezkoa.

1.3. Kontrataziotik hamabi hilabete igarota, eta diruz lagundutako aldia amaitzen denetik gehienez ere bi hilabeteko epean, honako hau aurkeztu beharko da:

a) Nominak eta ordainketen frogagiriak, langileen zerrenda izenduna eta kotizazioen likidazio erreziboak, eta Gizarte Segurantzari egindako ordainketen frogagiriak, 2019ko azarotik kontratua amaitu bitartekoak.

b) Azken memoria, gutxienez honako informazio hau jasoko duena:

–Aurkeztutako Nazioartekotze Planaren barrenean kontratatuak egindako ekintzen azalpena, eta egindako lanarekin enpresak duen gogobetetasun maila.

–Zer mailatan bete diren nazioartekotze planeko helburuak (laguntzaren eskaeran adierazitakoaren arabera), eta, nolanahi ere, enpresaren esportazioen gehikuntzari buruzko informazio orokorra eta diruz lagundutako nazioartekotze planaren xedeko merkaturako esportazioei buruzkoa ere bai.

–Eraginkortasun eta ebaluazio inkesta (laguntzen fitxan dago eskura, edo www.planinternacional.navarra.es webgunean).

–Diruz lagundutako kontratazioa finantzatzen ahal izan duten bestelako diru-laguntzen edo diru-sarreren zerrenda zehatza, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita. Horrelakorik ez badago, hala adierazi beharko da.

9. oinarria.–Diru-laguntza ordaintzea.

1. Diru-laguntza bi unetan ordainduko da:

a) Diru-laguntzaren kontura egindako lehenbiziko ordainketa diru-laguntzaren %40koa izanen da, eta 2019ko abenduan eginen da, aipatutako epeetan 8. oinarriaren 1.1 eta 1.2 ataletan eskatutako justifikazioa aurkeztu ondoren.

b) Gainerako %60 2020an ordainduko da, behin aurkezturik 8. oinarriaren 1.3 atalean adierazitako justifikazioa.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako diru-laguntza.

b) Kontratatutako pertsona urtebetez mantentzea behinik behin, salbu ezinbesteko kasuetan edo borondatezko bajen kasuetan edo bidezko kaleratzeen kasuetan. Hala gertatuz gero, oinarri honen 3. atalari jarraikiko zaio.

c) Diruz lagundutako kontratazioa frogatzea 8. oinarrian adierazten den moduan.

d) Beren webgunean edo, horrelakorik ez badute, eskura duten beste baliabide bat erabiliz, adieraztea diru-laguntza baten onuradun direla, eta horretarako Nafarroako Nazioarteko Planaren (NNP) logoa ikusgai jartzea. www.planinternacional.navarra.es helbidean deskarga daiteke.

e) Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egiaztatze lanak onartzea.

f) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

g) Laguntzen fitxan eskura dagoen eraginkortasun adierazleen galdetegia aurkeztea, diruz lagundutako kontratazioa amaitzen den ekitaldiaren ondoko 2 ekitaldietako bakoitza amaitu ondoren.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, diru-laguntza kobratzeko eskubidea gal daiteke, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Zehazki, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, proportzionaltasunez, baldin kontratua bukatzen bada ezinbesteko kasuetan, borondatezko bajen kasuetan edo bidezko kaleratzeen kasuetan, 3.2.a) oinarrian eskatutako urtebeteko epea bete aurretik. Ondorio horietarako, ezinbesteko kasuak izanen dira Langileen Estatutuaren 49.1 artikuluko e), f), g), h) eta i) ataletan ezarritakoak.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ez da aplikatzekoa izanen baldin enpresak beste pertsona bat kontratatzen badu, 3. oinarriko baldintzak betetzen dituena, gehienez ere hamabost egun naturaleko epean, eta horren berri ematen badio Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari, kontratu berria egin eta hilabeteko epean.

11. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko modua.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Ondorio horietarako, onuradunek aitortuko dituzte, laguntzen eskaerarekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, laguntza zerga ekitaldi horretan eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak.

12. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Ogasun Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

13. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

1. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bakarrik bateragarriak dira lan merkatua berritzeko presako neurriei buruzko otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege Dekretuan aurreikusitakoekin eta, kontratazioa dela-eta, onuradunek lor ditzaketen zerga arloko kenkariekin eta Gizarte Segurantzako bestelako hobariekin.

2. Diru-laguntzak ez ditu inola ere gaindituko, ez bakarrik ez beste batzuekin batean, lehenbiziko kontratazio-urteko lan kostuak eta Gizarte Segurantzakoak.

Diru-laguntzarako eskabidearen bidez hitzematen da ezen, aipatutako diru muga gaindituz gero, horren berri emanen dela, gertatzen den unean berean.

14. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Ogasun Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/es/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (http://www.nafarroa.eus).

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1815233