249. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

476/2018 FORU AGINDUA, abenduaren 19koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditzeko diru-laguntzak arautuko dituena, zerbitzu bat kontratatzeko: zaintzaile profesional bat eta/edo zerbitzu enpresa bat.

ZIOEN AZALPENA

Abenduaren 14ko 39/2006 Legeak, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoak, Mendekotasuna dutenen Autonomiarako eta Arretarako Sistemaren prestazioak eta arreta zerbitzuen katalogoa arautzen ditu.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. Horren bidez ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoan aplikatzekoak diren gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak. Dekretu horrek, I. eranskineko B letraren 24 zenbakian, mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditu eta haien zaintzaileei laguntzeko prestazio ekonomikoak arautzen ditu prestazio bermatu gisa. Laguntza honek bi mota ditu: bata, familia inguruan, ahaideek edo ingurukoek ematen dituzten zainketarako, zaintzaile nagusi baten izendapena behar duena, eta urtarrilaren 18ko 62/2013 Foru Aginduak berak arautzen duena. Bestea, zerbitzu bat, pertsona bat edo zerbitzu enpresa bat kontratatzeko, erregelamenduzko xedapen baten bidezko garapena behar duena aplikatu ahal izateko.

Foru agindu berri honen bidez, aipatu modalitatea arautu, onuradunen kopurua zabaldu eta zehatzago finkatzen dira jarraitu beharreko baldintzak, bai mendekotasuna duen pertsonaren aldetik bai zaintzaile profesionalaren aldetik.

Zainketa profesionalen gaineko laguntza berri bat arautzea helburu estrategiko bat da, zeina mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditzea errazteko eta ahalbidetzeko politika multzo baten ezarpenarekin eta garapenarekin lotuta baitago. Hartara, errespetatu egiten dira pertsonen lehentasunak eta herritar askoren bizitzaren parte handi bat iragan den inguruan geratu ahal izateko asmo komunitarioa.

Horregatik, beharrezkoa da etxean bizi ahal izateko alternatiba bideragarriak artikulatzea kalitatezko zerbitzuen eskaintzaren eta hornikuntzaren bidez. Zerbitzu hauek izan behar dute familiaren laguntzarekin osagarriak, diru aldetik jasangarriak eta mendekotasuna duten pertsonek eta beren familiek nahi dutenari erantzuteko egokiak.

Mendekotasuna duten pertsonendako laguntza profesionala sustatzeak –zaintzaile edo enpresa baten kontratazioarekin lotutako prestazio ekonomiko baten bidez– askotariko abantailak eta aukerak eskaintzen ditu beste alternatiba batzuen aldean. Izan ere, erabiltzaileen aukeratzeko gaitasuna handitu, eskaintza eskaerara egokitu, gaitasun profesionala bultzatu eta emandako laguntzaren kalitatea hobetzen da.

Halaber, laguntza ekonomikoen ordez zerbitzu profesionalak sustatzen dira, prestazio berri honen bidez mendekotasuna duten pertsonei zerbitzu profesionalak eskuratzeko behar adinako erosteko ahalmena bermatzen zaielako, laguntzen zenbatekoak handituz.

Betebeharra da mendekotasuna duen pertsonak hilean hartzen dituen laguntza-orduak 80 edo gehiago izatea mendekotasun handia edo mendekotasun larria aitorturik dutenentzat, eta hilean 60 ordu edo gehiago mendekotasun moderatua aitorturik dutenentzat. Beste betekizun batzuk ere beharrezkoak dira: lan kontratua edo merkataritzakoa, alta Gizarte Segurantzan, zaintzailearen lanbide kualifikazioa, inskripzioa Eskubide Sozialetako Departamentuko baimenen erregistroan (enpresa kontratatzen bada) eta araudi berrian zehazten diren beste batzuk.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da arautzea etxean eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko beharrezkoak diren zainketak eskuratzeko zerbitzu bat, pertsona bat edo zerbitzu enpresa bat kontratatzeko diru-laguntzak Nafarroan aplikagarri izanen duen araubide juridiko eta ekonomikoa.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Laguntza honen lurralde eremua Nafarroako Foru Komunitatea da, eta hura hartzen ahalko dutenak mendekotasun egoera bat aitortua duten eta Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zuen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuan eta foru agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonak dira.

3. artikulua. Xedea.

Xedea da mendekotasun egoeran dauden pertsonei zaintzaile profesionalek eta/edo etxeko laguntzako enpresek ematen dieten laguntzaren ondoriozko gastuak berdintzea, hilean 80 ordukoa edo handiagoa denean mendekotasun handia edo mendekotasun larria aitorturik duten pertsonendako, edo hilean 60 ordukoa edo handiagoa denean mendekotasun moderatua aitorturik duten pertsonendako.

4. artikulua. Ezaugarriak.

Xededuna da, foru agindu honetan esleitutako helburuarekin loturiko gastuak berdintzeko aplikatu behar baita, eta aldian behingoa da.

5. artikulua. Sartzeko baldintzak.

5.1. Onuradunak bete beharrekoak.

Foru agindu honetan ezarritako laguntzak eskuratzeko, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zuen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuan aipatutakoez gain, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Mendekotasun egoera aitortua izatea, edozein gradutakoa dela ere.

b) Egoitza-zentro batean etengabe ez egotea. Egoitza-zentroan aldi baterako sartzeko zerbitzuak salbuesten dira, zaintzaile nagusiaren aldi baterako egoerei (eritasunak, ospitaleratzea edo beste beharrizan edo betebehar pertsonal batzuk) zein erabiltzailearen egoerei erantzuteko sortutako zerbitzuak.

c) Laguntza profesionaleko zainketak hartzea etxean, eguneroko jarduera oinarrizkoak eta/edo instrumentalak egiteko.

d) Honelako kontratu bat badela egiaztatzea: hilean 80 ordukoa gutxienez, mendekotasun handia edo mendekotasun larria dutenen kasuan, eta 60 ordukoa mendekotasun moderatua dutenen kasuan. Kontratu hori modalitate hauetako edozeinetan egin behar da:

–Merkataritzako kontratu baten bidez, mendekotasuna duen pertsonaren eta etxeko laguntza zerbitzuak ematen dituen enpresa baten (horretarako behar bezala erregistratua) edo profesional autonomo baten artean.

–Lan kontratu baten bidez, mendekotasuna duen pertsonaren eta zaintzaile profesionalaren artean.

5.2. Zainketak ematen dituen pertsonak edo enpresak bete beharrekoak.

5.2.1. Zainketa profesionalak ematen dituzten pertsonak edo pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–18 urte edo gehiago izatea.

–Prestazio ekonomikoaren titularrarekin ahaidetasun lotura hauetako bat bera ere ez izatea:

  • ezkontidea edo indarra duen zuzenbide zibilaren arloko legeriaren babesean eratutako izatezko bikotekide izatea;
  • hirugarren mailara arteko odol, ezkontza edo adopzio bidezko ahaide izatea;
  • mendekotasuna duenaren legezko tutore izatea;
  • mendekotasuna duenaren familiako harrera egile izatea, hura adingabekoa bada, edo mendekotasuna duen pertsonarekin adin-nagusitasunera iristearekin batera bukatu zen harrera bidezko lotura izan badu.

–Gizarte Segurantzarekiko afiliazioaren, altaren eta kotizazioaren baldintzak betetzea, indarra duen legeriarekin bat.

–Langileek etxez etxeko laguntzako laguntzaileei eskatzen zaien kualifikazio profesional bera izatea, bat etorriz Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako Lurralde Kontseiluaren 2017ko azaroaren 27ko Erabakiak (2017ko urriaren 19ko Erabakiak aldatua) zehazten duenarekin.

5.2.2. Etxeko laguntzako enpresek bete beharrekoak:

Gizarte Zerbitzuen Erregistroan inskribatuta egotea, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

Langileek etxez etxeko laguntzako laguntzaileei eskatzen zaien kualifikazio profesional bera izatea, bat etorriz Mendekotasunaren Arretarako Sistemako Lurraldearteko Kontseiluaren 2017ko urriaren 19ko Erabakiak (2017ko urriaren 19ko Erabakiak aldatua) zehazten duenarekin.

6. artikulua. Gehieneko eta gutxieneko zenbatekoak.

Gehieneko eta gutxieneko zenbateko hauek ezartzen dira, mendekotasun mailaren arabera:

MENDEKOTASUN HANDIA

MENDEKOTASUN LARRIA

MENDEKOTASUN MODERATUA

Gehieneko zenbatekoa

786,00

622,00

312

Gutxieneko zenbatekoa

361,16

274,92

144

7. artikulua. Gaitasun ekonomikoa zehazteko arau orokorrak.

1. Laguntza ekonomiko honen onuradunen gaitasun ekonomikoa zehazteko, errentari eta ondareari erreparatuko zaie.

2. Gaitasun ekonomiko pertsonala zehazteko, familia kargak barne, pertsona fisikoen errentari eta ondareari buruzko zergen araudia aplikatuko da, foru agindu honetan adierazten dena nahikoa ez bada.

3. Errentaren eta ondarearen zehaztapenean konputatu behar den aldia izanen da eskaera aurkezten den egunean aitorpena aurkezteko epemuga pasatu den azken ekitaldi fiskala edo, halakorik ezean, azken pentsio aitortua.

4. Halaber, errentaren eta ondarearen zehaztapenean konputatuko dira Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren prestazioetarako eskaera aurkeztu aurreko lau urteetan onuradunak egindako ondare erabilpenak.

5.–Familia unitatea da:

a) Ezkontideek eta adingabeko seme-alabek osatua, salbu eta gurasoek baimendurik, haiengandik bereizirik bizi direnak.

b) Bikote iraunkor batek (berariazko legeriaren arabera) eta adingabeko seme-alabek osatua, salbu eta gurasoek baimendurik, haiengandik bereizirik bizi direnak.

c) Legezko banantzeetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik nahiz bikote egonkorrik ez dagoenean, amak edo aitak eta harekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko ataletan aipatu baldintzak betetzen badituzte.

d) Hala hautatuz gero, familia unitateko 18tik 25 urte bitarteko seme-alabak sartuko dira, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata baino diru-sarrera txikiagoak badituzte eta haiengandik bereizirik bizi ez badira.

8. artikulua. Errentaren zehaztapena.

1. Laguntza hauen ondorioetarako, errentatzat hartuko dira familia unitateak honako hauetatik eskuratzen dituen sarrera guztiak:

a) Besteren konturako lanaren etekinak, aplikatzekoa den zerga araudian ezarritakoari jarraikiz, barne direla gizarte aurreikuspeneko prestazioak eta pentsioak, horien araubidea edozein izanik ere.

b) Ondasun higigarrien nahiz higiezinen kapitalaren etekinak.

c) Enpresa edo lanbide jardueretako etekin garbiak, edo nekazaritza eta abeltzaintza jardueretakoena.

2. Onuradunen diru-sarreretan ez da errenta gisa hartuko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 31. artikuluan agertu eta antzeko ezaugarriak eta xedeak dituzten prestazioen zenbatekoa.

3. Onuradunen errentaren zehaztapenean kontuan hartuko dira urtean ohiko etxebizitza erosteko maileguagatik edo ohiko bizilekua den etxebizitza alokatzeko kontratuagatik kengarriak diren kantitateak, araudi fiskal indardunaren baldintza berberetan.

9. artikulua. Ondarearen zehaztapena.

1. Onuradunaren ondaretzat jotzen da norberaren titulartasunpeko eduki ekonomikoko ondasun eta eskubideen multzoa, horren balioa murrizten duten kargak eta zamak zein bere gain hartu beharreko zor eta betekizun pertsonalak kenduz, hala badagokio, aplikatzekoak izan daitezken zerga arauei jarraikiz.

2. Kontuan hartu beharreko ondarean sartzen dira kapital higigarria eta higiezina.

Kapital higiezintzat hartuko dira landa nahiz hiri ondasunak.

Kapital higigarriak honako hauek biltzen ditu: kontu korronteko eta eperako gordailuak, inbertsio funtsak eta pentsio funtsak, higigarrien baloreak, bizi-aseguruak erreskate kasuetan eta aldi baterako edo biziarteko errentak, arte-lanak, antzinako gauzak, bitxiak eta bestelako gauzaki baliotsuak.

3. Ondarearen balioa kalkulatzeko, Ondarearen gaineko Zergarako ezarritako arauak hartuko dira kontuan.

Ondarearen balioa kalkulatzeko, ez da kontuan hartuko onuradunaren ohiko etxebizitza.

Titularkideren bat bada, onuradunaren jabetzari dagokion portzentajea bakarrik hartuko da kontuan.

4. Ondarea zehazteko, ez dira kontuan hartuko Desgaitasuna duten pertsonen ondarea babesteko eta, xede berarekin, Kode Zibila, Prozedura Zibilari buruzko Legea eta tributu arloko araudia aldatzeko azaroaren 18ko 41/2003 Legean araututako ondare babestu batera ekarritako ondasun eta eskubideak, haren titularra onuraduna denean, lotura horrek irauten duen artean. Ondare horretatik sortutako errentak, aldiz, kontuan hartuko dira, ondarean sartu ezean.

5. Ondareari dagokionez, onuradunaren adina kontuan hartuko da.

10. artikulua. Gaitasun ekonomiko pertsonalaren zehaztapena.

1. Onuradunaren gaitasun ekonomikoa zehazteko, per capita errentari eta ondareari erreparatuko zaie.

2. Onuradunaren per capita errenta lortzeko, eragiketa hau eginen da: familia unitatearen errenta zati kideen kopurua.

3. Onuradunaren gaitasun ekonomikoa haren per capita errentari dagokiona izanen da, gehi ondare garbiaren %5, onuraduna 65 urtetik gorakoa bada, %3, onuraduna 35 urtetik 65 urte bitartekoa bada, edo %1, onuraduna 35 urtetik beherakoa bada.

4. Hileko gaitasun ekonomikoa lortzeko, eragiketa hau eginen da: aurreko atalen arabera ezarritako gaitasun ekonomikoa zati 12 hilabete.

11. artikulua. Laguntza ekonomikoaren zenbatekoa zehaztea.

1. Laguntzaren zenbatekoa zehaztuko da eskatzailearen familia unitatearen hileko per capita errenta (PCE) Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoaren (IPREM) arabera kontuan hartuz. Honako taula hauei jarraituko zaie:

PCE TARTEAK

MURRIZTAPENAREN EHUNEKOA

Mendekotasun handia

Mendekotasun larria

Mendekotasun moderatua

IPREM halako 1 baino gutxiago

%00,00

%00,00

%00,00

IPREM halako 1etik 1,35era

%13,85

%13,85

%13,85

IPREM halako 1,35etik 1,50era

%22,50

%19,00

%23,45

IPREM halako 1,50etik 1,80ra

%31,20

%23,00

%32,00

IPREM halako 1,80tik 2ra

%40,50

%25,60

%40,50

IPREM halako 2tik 3ra

%45,60

%32,40

%46,45

IPREM halako 3tik 3,5era

%49,00

%39,20

%52,40

IPREM halako 3,5etik 4ra

%52,40

%46,00

%57,50

IPREM halako 4tik 4,5era

%54,05

%52,80

%62,60

IPREM halako 4,5 baino gehiago

%54,05

%55,80

%66,67

2. Aurreko atalean aurreikusitakoaren ondoriozko zenbatekoari kendu behar zaizkio antzeko ezaugarri eta helburuak dituzten beste prestazio batzuen arabera gizarte babeseko edozein araubide publikotatik (PAN) jasotako hileko zenbatekoak, halakorik bada.

Ateratzen den kantitatea ez da inola ere izanen Nafarroako Gobernuak prestazio honetarako zehaztutako gutxieneko zenbatekoak baino txikiagoa.

3. Zenbatekoak Kontsumorako Prezioen Indizearen arabera handituz eguneratuko dira urtero.

12. artikulua. Aitorpena eta laguntzaren ordainketa.

Foru agindu honetan aurreikusitako laguntza eskuratzeko prozedura otsailaren 5eko 1/2011 Foru Legean ezarritakoa izanen da; haren bidez, mendetasun-egoera aitortzeko prozedura ezarri zen, eta Nafarroan mendetasun-egoera balioesteko ekipamenduak eta organoa osatuko dituzten langileen antolamendua, eginkizunak eta araubidea ezarri ziren.

Prestazioa jasotzeko eskubidearen aitorpenak ondorioak izanen ditu laguntza hori aitortzen duen ebazpena ematen den egunetik aurrera.

Dena dela, prestazioa hilero ordainduko da, onuradunak aukeratutako kontu korrontean edo aurrezki libretan sartuz.

13. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

1.–Ahalmen ekonomikoa frogatzen duen dokumentazioa.

2.–Zaintzaile profesionalaren kasuan:

–Zaintzailearen adinaren frogagiria.

–Kontratua dagoela frogatzen duen agiria, zeinetan agertuko den kontratatutako ordu kopurua.

–Zaintzaileak Gizarte Segurantzaren gaineko araudia betetzen duela adierazten duen frogagiria.

–Zaintzaileari eskatutako kualifikazio profesionalaren frogagiria.

3.–Enpresen kasuan, zerbitzua emateko kontratu bat dagoela frogatzen duen agiria, zeinetan agertuko den kontratatutako ordu kopurua.

14. artikulua. Onuradunen eginbeharrak.

–Eman zen horretarako bakar-bakarrik erabiltzea laguntza ekonomikoaren zenbatekoa.

–Sartzeko baldintzak mantentzea sartu ondoren eta laguntzaren titularrak diren denbora guzti-guztian ere.

–Informazioa ematea eta eskatzen zaien dokumentazioa aurkeztea, menpekotasunerako laguntza ekonomikoak kudeatzeko egoki den orotan, bai eta beren burua eskaintzea egoeraren segimendua egiteko antola daitezkeen gizarte zerbitzuekiko elkarrizketetarako ere.

–Urteko lehen hiru hilabetean, aurreko urtean egindako eta ordaindutako gastua justifikatzea, lan kontratudun langileei ordaindutako nominak aurkeztuta; edo bankuko transferentzien edo ordaindutako fakturen agiriak aurkeztuta, zerbitzua merkataritzako kontratu bidez ematen bada.

–Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari edozein aldaketaren berri ematea hura gertatzen denetik hilabeteko epean, baldin eta aldaketak prestazioa aldatzea, etetea edo iraungitea badakar. Era berean jokatuko da helbidea, zaintzaile profesionala edo enpresa zerbitzu-emailea aldatzen badira.

–Hala badagokio, bidegabeki edo kopuruari dagokionez oker jasotako laguntzen zenbatekoa itzultzea, okerreko kobrantza horiek jaso izana onuradunari, nahiz Administrazioari egotzi beharrekoa izan.

–Oinarrizko gizarte eta osasun zerbitzuetako profesionalek hasierako eta jarraipeneko etxeko bisitaldiak egiteko bidea egiazki erraztea, laguntza benetan ematen ote den eta mendekotasuna duen pertsonaren beharren araberakoa ote den egiaztatzeko.

–Kontratatutako zaintzailearen soldatak gutxienez ere LGSa izan beharko du asteko 40 orduko lanaldi bat bada, 14 saritan eta 30 opor egunekin. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, aipatu portzentajea kontratutako lanaldiaren arabera aplikatuko da.

15. artikulua. Laguntzen berrikuspena eta aldaketa.

1. Laguntza mantentzea eta haren zenbatekoa hasiera batean kontuan hartutako egoeraren aldaketaren mendekoak izanen dira.

2. Berrikuspen prozedurari hasiera ematen ahalko zaio, bai interesdunek eskaturik bai ofizioz; horretarako, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak behar dituen agiriak eskatzen ahalko ditu.

3. Laguntzak eman eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako edozein baldintza aldatuz gero, emandako laguntza ere aldatzen ahalko da. Gehitu, mantendu, gutxitu edo iraungitzen ahalko da laguntza, kasuan kasukoa.

16. artikulua. Laguntza amaitzea.

1. Honako kasuotan iraungiko da laguntza ekonomikoa jasotzeko eskubidea:

a) Prestazioa emateko ezarritako betebehar edo baldintzaren bat ez betetzea edo betetzetik gelditzea.

b) Foru Komunitatetik etenik gabe hiru hilabete baino gehiagorako joatea, behar bezala frogatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik.

c) Titularraren heriotza.

d) Laguntza eskuratzeko jokabide iruzurtia.

e) Egoitza-zentro batean sartzeagatik.

2. Laguntza iraungitzeko gertaera bat baldin bada, hurrengo hilaren lehenbiziko egunetik aurrera izanen du ondorioa amaierak. Jakinarazpena atzeratzearen ondorioz epe horretatik aurrera ordaindutakoa itzuli egin beharko da.

17. artikulua. Zenbatekoa aldatzea.

Laguntza ekonomikoaren zenbatekoa aldatzen ahalko da, 15. artikuluan araututako berriskupenaren esparruan gertaera hauetako bat izan dela egiaztatzen bada:

–Aldaketa mendekotasun mailan.

–Aldaketa ahalmen ekonomikoan.

–Bateragarriak diren prestazio edo zerbitzuak eskuratzea, laguntzaren zenbatekoan aldaketa aurreikusten bada.

–Aldaketa zerbitzuaren benetako kostuan.

Prestazioaren zenbatekoa aldatzearen ondorioak aldaketaren arrazoi erabakitzailea gertatu eta hurrengo hilaren lehenbiziko egunetik aurrera izanen dira, edo, kasua bada, hura jakinarazi eta hurrengo hilabeteko lehen egunetik aurrera.

18. artikulua. Kautelazko etetea.

1. Behin iraungitzeko prozedura bat hasita, eskumena duen organoak erabaki dezake, behin-behineko neurri gisa, laguntzaren ordainketa kautelaz etetea, betiere laguntza onartzeko eskatzen diren baldintzetako bat galdu den zantzurik hautemanez gero. Aipatu kasuetan, prestazio ekonomikoa mantendu behar den ala ez ebatzi beharko du, kautelazko etetea erabakitzen den datatik hasita gehienez hiru hilabeteko epean, etendako epeari dagokiona jasotzeko eskubidearen gainean bidezkoa dena ebatzita.

2. Laguntzaren ordainketa kautelaz etetearen berri emanen zaio interesdunari; ohartaraziko zaio ezen, kautelazko etetea erabakitzen den datatik hasita gehienez hilabeteko epean mendekotasun-prestazio ekonomikoa mantentzeko baldintzak betetzen dituela egiaztatu ezean, hura iraungiko dela, dagokion administrazio prozeduraren bidez.

LEHENBIZIKO XEDAPEN GEHIGARRIA

Prestazio hau bateragarria da honako hauekin:

–Egoitza-zentroetan aldi baterako egotearekin, urtean hilabete batez (etengabe edo tarteka).

–Eguneko arretako zerbitzuekin.

–Prebenitzeko eta autonomia pertsonala sustatzeko zerbitzuekin.

–Udalaren etxeko laguntza zerbitzua.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak prestazioari jarraipena eta laguntza osagarriak emateko programa bat ezarriko du, foru agindu honen I. eranskinean ezarritako jarraibideekin bat.

AZKEN XEDAPENA

Indarra hartzea

Foru agindu honek 2019ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arauen indargabetzea

Indargabetu egiten dira foru agindu honetan aurreikusitakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Iruñean, 2018ko abenduaren 19an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

I. ERANSKINA

Jarraibideak, prestazioari jarraipena eta laguntza
osagarriak emateko programa bat ezartzeko

1. Laguntzaren titularrak bizi diren helbideei dagokien oinarrizko gizarte eta/edo osasun zerbitzuek aldizkako jarraipena eginen dute etxean jasotako zainketen kalitateari buruz, ziurtatzeko arreta behar adinako intentsitatearekin eta kalitatearekin eskaintzen dela, zaintzaileek baldintza egokietan betetzen dutela beren lana eta inguruak behar besteko segurtasuna ematen duela.

2. Jarraipentzat hartzen da xede hauek dituen jarduera teknikoa: laguntza emateko baldintzak, bizikidetza baldintzak eta etxebizitzaren bizigarritasun baldintzak egokiak direla egiaztatzea, zainketen kalitatea bermatzea, eta etorkizunean izaten ahal diren laguntza ezaren egoerei aurre egitea.

Zainketen kalitatea bermatzeko, besteak beste, honako irizpide hauek izanen dira kontuan:

a) Zaintzailearen gaitasun fisiko eta psikikoa mantentzea, mendekotasun egoeran dagoen pertsonari zaintza eta laguntzako eginkizunak egoki emateko.

b) Zaintzaileak emandako denbora mendekotasun egoeran dagoen pertsona zaintzen.

c) Zainketarako laguntzetan izandako aldaketak.

d) Bizikidetasun egoeran izandako aldaketa, mendekotasun egoeran dagoen pertsonari dagokionez.

e) Zaintzaileak jasotako prestakuntza jarduerak.

f) Zaintzailearen atsedenaldiak.

Jarraipenaren esparruan, informazioa, orientazioa eta aholkularitza emanen zaizkie mendekotasun egoeran dagoen pertsonari eta zaintzaileari. Kasua bada, gabeziak edo akatsak atzematen badira, oinarrizko gizarte eta/edo osasun zerbitzuek prestazioa berriro planteatzen eta/edo alternatibak aztertzen ahalko dituzte, laguntza osagarriak edo alternatiboak emate aldera.

Jarraipenaren maiztasuna pertsona edo familia erabiltzaileen egoerara eta bilakaerara egokituko da, baina, oro har, oinarrizko gizarte eta/edo osasun zerbitzuek gutxienez urteko jarraipen bat eginen dute, eta bertan mendekotasuna duen pertsona bere etxean bisitatuko dute. Bisitan etxebizitzaren egoerari erreparatu eta menpekotasun egoera duen pertsonari eta zaintzaileari elkarrizketa eginen zaie, bai eta familiari ere, halakorik bada.

3. Konplexuagoak diren eta zainketa handiagoak behar dituzten kasuetan, oinarrizko gizarte zerbitzuek laguntza eta zerbitzu osagarriak emanen dituzte. Aipatu laguntzak honako xede hauek betetzeko bideratuko dira: pertsonei eta familiei arreta ematen dieten profesionalen gaitasunak eta trebetasunak handitzea, zaintzaile profesionalak ematen duen laguntza osatzeko lanak egitea, eta kalitate handiagoko zerbitzua eman ahal izateko beste baliabide tekniko eta laguntza batzuk eskura jartzea.

Iragarkiaren kodea: F1815474