1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
463/2018 FORU AGINDUA, abenduaren 14koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez ematen baitzaio “Biziberri Navarra Rehabilita” saria Beatriz Anaut Fuertes andreari.
Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 15. artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Administrazio Publikoek, nork bere eskumenen esparruan, etxebizitzen zaharberritzea sustatuko dute, eraikinetako elementuak berritu, finkatu, ordeztu edo handitzeko lanen bitartez, eraikinen okupatzaileen beharretara moldatzeko, baina bakoitzaren balio arkitektonikoa, historikoa edo kulturala galarazi gabe, irisgarritasun unibertsalaren eta ororentzako diseinuaren irizpideak kontuan izanda.
Aurrekoarekin bat, Nafarroako Gobernuak eginahal handia egiten du etxebizitzen birgaitzea sustatzeko eta bultzatzeko, eta horretarako lehentasuneko ardatz bat da Etxebizitzen 2018-2028ko Plana. Hala, Nafarroako Gobernuak baditu laguntza lerro garrantzitsuak etxebizitzak birgaitzen laguntzeko: obra txikiak egiteko (2.000 euroko aurrekontua, gutxienez) edo eraikinean egin beharreko erreforma handiak egiteko (inguratzaile termikoak, berokuntzako sistema zentralizatuak, igogailuak). Diru-laguntzak bi motatakoak izan daitezke: norbanakoari edo jabe elkarteari emandakoak (aurrekontu babesgarriaren %50erainokoak eta etxebizitza bakoitzeko 25.000 euro bitartekoak). Eta diru-laguntza horiek izapidetzen laguntzeko, bada birgaikuntza bulegoen sare bat, non profesionalek, adituek eta langile kualifikatuek baitihardute. Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzeko bederatzi Bulego daude Nafarroako osoan.
Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuaren eginkizuna ez da bakarrik laguntza lerro garrantzitsuak ezartzea, baizik horiei zabalkundea ematea ere bai, sustatzeko eta hedatzeko ekintzen bidez. Eginkizun horretan aurrera egiten jarraitzeko, “Biziberri Navarra Rehabilita” saria sortu zen Eskubide Sozialetako kontseilariak urriaren 18an emandako 383/2018 Foru Aginduaren bidez, jardunbide egokiak aitortzeko tresna gisa, eta hura arautzeko oinarriak onetsi ziren.
Sariaren helburua da birgaitze babestu nabarmenenak aitortzea, hain zuzen ere honako hauengatik nabarmendu direnak: eraikina mantentzen egindako ekarpenarengatik; gauzatzearen kalitatearengatik; arkitektura arduratsua ezartzeagatik, ingurumenarekin konprometiturik; edo dauden eraikuntzak kontserbatzeagatik horiek berrinterpretatuz eta egungo beharretara egokituz.
Epaimahaiak, bat etorriz oinarri arautzaileetan ezarritako balorazio irizpideekin, erabaki zuen Beatriz Anaut Fuertes andreari ematea saria, Gardeko etxebizitza batean egindako zaharberritze lanagatik. Gardeko hirigunean dagoen antzinako borda bat berritu zuen, bere ohiko etxebizitza bihurtzeko. Garde Nafarroako Pirinioetako herritxo bat da, 148 biztanlekoa. Horretarako, antzinako eraikin bat moldatu da, beheko eta lehenbiziko solairua dituena, tipologia tradizionalekoa, harrizko paretak zituena eta teilazko estalkia, nekazaritzako eta abeltzaintzako biltegi gisa erabiltzen zena lehen, egun erabilerarik gabea. Gainera, saritua abeltzain gazte bat da, familiako jarduerari jarraipena eman diona eta bere etxebizitza bere jaioterrian egitea erabaki duena; horrela, bailarako jarduera eta biztanleak mantentzea lortu du. Zaharberritze lanak inguruko gremioek egin dituzte, eta horri esker, bertako ekintzailetza eta bailarako garapen sozioekonomikoa sustatzea lortu da.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. 2018ko “Biziberri Navarra Rehabilita” saria Beatriz Anaut Fuertes andreari ematea.
2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Foru agindu hau igortzea Etxebizitza Zerbitzuari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko abenduaren 14an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.
Iragarkiaren kodea: F1815472