248. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3032/2018 EBAZPENA, abenduaren 7koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita desgaitasuna duten pertsonek enplegu-zentro berezietan betetzen dituzten lanpostuen soldata-kostuetarako diru-laguntzen 2019ko gastua egiteko. DDBN identifikazioa: 426392.

Abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, ondoko arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat diru-laguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko, betiere oinarri arautzaileak 2019. urtea baino lehenago onetsitakoetarako.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, diru-laguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horrenbestez, bidezkoa da zenbait diru-laguntzatarako 2019ko gastua baimentzea.

Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 17an hartutako Erabakiaren bitartez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari baimena eman zitzaion 9.500.000 euroko urte anitzeko gastu-konpromisoa hartzeko, desgaitasuna duten pertsonek enplegu-zentro berezietan betetzen dituzten lanpostuen soldata-kostuetarako diru-laguntzak ematearren.

Azaldutakoarekin bat, proposamen-txostena ikusirik, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 9.500.000 euroko gastua baimentzea desgaitasuna duten pertsonek enplegu-zentro berezietan betetzen dituzten lanpostuen soldata-kostuak ordaintzeko diru-laguntzetarako, 2019ko gastuen aurrekontuen partida honen kargura: “Enplegu zentro berezietarako laguntzak. EGIF. E-09/000003-08 PEP elementua” izeneko 950001 96100 4709 241109 partida. Diru-laguntza horiek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 4ko 2534/2014 Ebazpenaren bidez arautu ziren, eta 426392 zenbakia dute Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean.

2. 2018ko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei 2019ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura erantzutea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko abenduaren 7an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

Iragarkiaren kodea: F1815042