247. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

868E/2018 EBAZPENA, azaroaren 14a, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Cavar-1, Cavar-2 eta Cavar-3 izeneko parke eolikoen udalez gaindiko proiektu sektorialaren aldaketa espedientea tramitatzen hasteko bidea ematen duena. Aldaketa horren bidez, azpiestazioa eta hustuketa-linearen euskarri batzuk lekuz aldatu, eta sarbide berri bat ezarri nahi da N-121etik. Sustatzailea Renovables de la Ribera SL da.

I.–ALDAKETAREN XEDEA ETA AURREKARIAK

Nafarroako Gobernuaren 2017ko urtarrilaren 25eko Erabakiaren bidez, Cavar-1, Cavar-2, Cavar-3, Cavar-4 eta Cavar-5 izeneko parke eolikoen udalez gaindiko proiektu sektoriala onetsi zen, eta Nafarroako 2017ko otsailaren 17ko Aldizkari Ofizialean argitaratu. Renovables de la Ribera SL merkataritzako sozietatea da sustatzailea.

Onetsiako udalez gaindiko proiektu sektorialaren (UGPS) helburua da 3 parke eoliko (Cavar-1, Cavar-2, Cavar-3A eta 3B) instalatzea, Cadreitako eta Valtierrako udal-mugarteetan, eta hustuketa-linea eramatea Castejónera eta Tuterara.

Xehetasunezko proiektuaren eta hustuketak La Sernan duen azken konfigurazioaren ondorioz, sustatzaileak UGPSa aldatzeko espediente bat aurkeztu du. Horren helburuak dira azpiestazioa lekuz aldatzea, parkeen gunera hurbilduz; hustuketa linea elektrikoaren euskarrietako batzuk lekuz aldatzea; eta N-121 errepidetik sarbide berri bat ezartzea CAVAR 1.5 aerosorgailuarentzat.

Hona hemen proposatutako aldaketen laburpena:

I.1.–Azpiestazioari dagozkionak:

Aspiestazioa onartu zenean, Iberdrolaren azpiestazio bat eta Valtierran (NA-134 errepidetik oso hurbil) jarriko zen zentral fotovoltaiko bat ere onartu ziren. Azpiestazio horrek parkeetan dauden 30/220 kV potentziako transformadoreen potentzia izanen du. Proposatzen da aspiestazio hori lekuz aldatu eta barnealdera mugitzea, parkeen ingurura, Valtierrako 8. industriguneko 652. lurzatira. Izan ere, lurzati horretan jada badago aerosorgailu bat, baita bideak eta kable-zangak ere.

Kokapen-aldaketa horren ondorioz, azpiestazioaren eraikina parkean dagoen kontrol-eraikinarekin “fusionatuko da”, eta hortaz, hasieran planeatuta zeuden bi eraikinen ordez, eraikin bat bakarra egin beharko da. Eraikin horren neurriak 70 × 70 m izanen dira.

I.2.–Hustuketa-lineari dagozkionak:

Hasieran onartu zen lineari aldaketa hauek egitea proposatzen da:

–Azpiestazioaren kokapen berria eta hustuketa-lineako lehen euskarria konektatzeko (euskarri hori Valtierra TAren alboan kokatuta zegoen), 66k kV-ko tentsioko lurrazpiko linea bat ezartzea proposatzen da, eta horretarako, parkeetako zirkuituak azpiestazioaren lehengo kokalekura eramateko erabiltzen zen zanga bera baliatzea. Hala, aldaketa horren bidez, kable-hirukoteak gutxitu eginen dira (lehen zortzi izatetik bi izatera) eta aldatu eginen da hirukoteen tentsioa, 30 kV-tik 60 kV-ra. Proposatu zen NA-134 errepidearen azpitik igarotzea eta puntu horri eutsi egin zaio.

–Proiektu zehaztua egitean, 25. euskarriaren gunean zailtasun handiak sortu dira 400 kV-ko linearekin gurutzatzea egiteko eta, nagusiki, horren arrazoia da Iberdrolaren 66 kV-ko Goi Tentsioko Linea (La Serna-Funes) bat proposatu eta ezarri dela UGPS honetako linearen hasierako zehaztapena egin ondoren, eta goi tentsioko linea hori ere gune horretan gurutzatzen dela. Proposatzen da linearen zenbait euskarri lekuz aldatzea, ibilbidea ia bere horretan utzita:

–Antzeko arrazoiengatik proposatzen da N-232 eta AP15 errepideekiko gurutzatzeak aldatzea: goiko ortoargazkia, ibilbide berria; behekoa onartuta (UGPS).

–Azkenik, egokiagoa litzateke La Sernako azpiestaziorako sarbidearen azken tartea lurpetik egitea, lehengo UGPSko 8. euskarritik hasita. Zehazki, proposatzen da, La Sernako TA inguruan, “Montes del Cierzo” delakoaren magaletaraino ailegatzea, dagoeneko badauden bideetan zanga bat eginez.

I.3.–Sarbideei dagozkienak:

UGPSan bi sarbide jasotzen dira Nafarroako errepide saretik, zehazki N-121 errepidetik: bata 69,15 k.p-an eta bestea 17,06 k.p-an. Sarbide horiek atontzeak seinale horizontal eta bertikalak aldatzea eskatzen du, arriskuak gutxitzeko. UGPSan aipatzen den bigarren sarbideari dagokionez, planoan zuzen ageri zen arren, emandako k.p.-aren erreferentzia ez zen zuzena. Sarbidea 70,1 k.p.-an dago eta ez 71,1 k.p-an (edo zehatzago esateko, 71,06an). Zuzendu egin da aipamen hori.

Gainera, beste sarbide bat proposatzen da 67.25 k.p.-an CAVAR 1.5 aerosorgailuarentzat; hala, mahasti arteko bide batetik igarotzea ekiditeko.

Gainera, ezarri da, hiru kasu horietan, parke eolikoetara sartzeko pisten hasiera (50 m) asfaltatuko dela. Hala, lanetatik errepidera itzultzen diren ibilgailuek hautsa eta lokatza barreiatzea ekidinen da.

II.–KONTUAN HARTZEKOAK

Kontrol-eraikina eta parkeko azpiestazioa “fusionatuko” dituen eraikinari buruz aurkeztu diren dokumentu bakarrak planoak dira, eta horietan, oinplanoaren neurriak baino ez dira zehazten (70 × 70 m) Parke eolikoak ezartzeko prozedura erregulatzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren arabera, espedientea osatzeko eraikin horren deskribapena behar da: neurriak, eraikuntzaren ezaugarriak, akaberak, egin beharreko lur-mugitzeak eta lur erauzketak, sarbideen inguruan aurreikusten diren zerbitzuak, hornikuntza, energia, argiztapena, saneamendua... Gainera, altxaera-planoak aurkeztu behar dira eta, eraikinaren dimentsioak aintzat hartuta, inguruaren argazki panoramikoak ere erantsi behar dira, simulazio eta guzti.

Eraikina eratu nahi den lurzorua bateragarria da egin nahi den jarduketarekin eta honela dago sailkatuta Valtierrako Udal Planean (1999/7/30): nekazaritza edo abeltzaintza orokorreko produktibitate ertaina duen lurzoru urbanizaezina. Gainera, aipatutako eraikina kokatzen del lurzatia Nafarroako Ubidea izeneko UGPSaren 2. faseko XIII. sektorearen barnean dago. Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarrien eraldaketaren UGPSek ukitutako lurzoruetarako araudian ezartzen den eremu ureztagarrien araubide iragankorrarekin bat (2013ko 195. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 9koa; aplikatu beharrekoa proiektuak onesten direnetik ureztapena abian dela dioen adierazpena egin arte), interesdunak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren berariazko baimena eskuratu behar du landaketa berrietarako, labore iraunkorretarako, eraikin berrietarako edo geroko nekazaritzako azpiegituretan eragina izaten ahal duten bestelako ekintzetarako.

Nolanahi ere, proposatutako eraikinak eta linea elektrikoaren euskarriek hiru metroko zortasuna errespetatu beharko dute, bide publikoaren ertzetik neurtzen hasita, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituz. Legegintzako Foru Dekretu horren bidez, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi zen (111.2 artikulua).

Bestalde, azpiestazioaren kokaleku berria hustuketa-linearen lehen euskarriarekin (Valtierra TAren ondoan dago) konektatzeko, 66 kV-ko tentsioko lurpeko linea elektrikoa ezartzea proposatu da, eta lurperatze horrek Valtierrako abeltzaintza-industrigunea zeharkatzen duen arren, haren antolamenduarekin egokitzen da.

Linea elektrikoari dagokion eraikuntza-proiektua Natur Ingurunearen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, batez ere, euskarrientzat proposatu diren kokaleku berriak eta horiek abelbideekin duten bateragarritasuna dela eta. Gainera, “Vianako Printzea” Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak txostena eman beharko du, ondare arkeologikoaren gaineko balizko ukipena dela eta.

Horrez gain, proiektuan proposatu den La Sernako azpiestaziorako sarbide berriak Espainiako Sare Elektrikoarengandik (REE) dagokion baimena eskuratu beharko du.

Azkenik, adierazi behar da ezen dokumentuan txertatu direla proposatutako aldaketek ukituko dituztenen zerrenda eta linea elektrikoak ukituko dituen guztien zerrenda eguneratua.

III.–INGURUMEN IZAPIDETZEAK ETA TXOSTEN SEKTORIALAK

2018ko irailaren 13an Ingurumen Ebaluazioaren Bulegoak txostena eman zuen, zeinetan jasotzen baita bidezkoa dela jendaurrean jartzea ingurumen eraginaren ebaluaziorako aurkeztutako dokumentazioa.

Txostena eskatu zaio Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari eta haren ondorioak kontuan hartuko dira espedientearen ebazpenean.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2018ko urriaren 16ko txostena ikusi ondoren, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hasiera ematea Cavar-1, Cavar-2 eta Cavar-3, izeneko parke eolikoen UGPSaren aldaketa espedientearen izapidetzeei. Aldaketa horren bidez, azpiestazioa eta hustuketa-linea elektrikoaren euskarri batzuk birkokatu, eta sarbide berri bat ezarri nahi da N-121etik. Sustatzailea Renovables de la Ribera SL da.

2. Espedientea ebazteko, dokumentazio grafikoa zuzendu beharko da, ebazpenaren azalpen atian adierazi bezala.

3. Adieraztea espedientea ebazten denean Ebazpen honetan eta txosten sektorialetan xedatutakoa bete beharko dela.

4. Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea jendaurrean jartzea hogeita hamar egun balioduneko epean, eta, aldi berean, entzunaldia ematea trazadurak ukitzen dituen udalei.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea 9, 3. solairua, 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Agiria, halaber, web-orri honetan ikusten ahalko da: http://www.ExposicionpublicaOT.navarra.es.

5. Espedientea jendaurrean jartzea, egun kopuru berberez, ingurumen eraginaren ebaluaziorako.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta jakinaraztea Obra Publikoen Zuzendaritza Nagusiari, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Cadreitako eta Valtierrako, eta Castejongo eta Tuterako udalei, eta sustatzaileari.

Iruñean, 2018ko azaroaren 14an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1813898