247. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

103/2018 FORU DEKRETUA, abenduaren 12koa, Rocaforteko Kontzejuaren mugapeko lurzati berrantolamenduaren bidez nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea onesten duena.

Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 4ko 914/2010 Ebazpenaren bidez, Rocaforteko Kontzejuaren mugapeko nekazaritzako azpiegituretan esku hartzen hastea onetsi zen.

Nekazaritzako azpiegituretan esku hartzearen helburua da lurzati berrantolamenduaren bitartez egitura eta tamaina egokiak ematea landa jabetzari.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak azaroaren 22an emandako 1801/2011 Ebazpenaren bidez, Rocaforteko lurzati berrantolamenduari dagokion ingurumen eraginaren adierazpena egin zen. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren abuztuaren 18ko 664E/2018 Ebazpenaren bidez baliozkotzen da ingurumen eraginaren adierazpen hori.

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 12. artikuluak ezartzen du nekazaritzako azpiegituretako esku-hartze bat onestea Nafarroako Gobernuari dagokiola, eta hori foru dekretu baten bidez eginen duela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak proposatuta.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko abenduaren 12ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Onespena.

Rocaforteko udal-mugarteko lurzati berrantolamenduaren bidez nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea onesten da.

2. Erabili beharreko prozedura.

Komenigarritzat jotzen da Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen I. tituluko IV. kapituluan datorren prozedura arruntari jarraitzea.

3. Onura publikoa eta presako exekuzioa deklaratzea.

Rocaforteko udal-mugarteko lurzati berrantolamenduaren bidez nekazaritzako azpiegituretan egin nahi den esku-hartzearen onura publikoa eta presako exekuzioa deklaratzen dira, ondasunak eta eskubideak desjabetzeko, aldi baterako okupaziorako eta okupazio iraunkorrerako, eta bidezko diren zortasunak sortzeko, aldi baterakoak nahiz iraunkorrak.

4. Proiektuaren deskribapena.

Oinarrizko proiektuan 16,926 kilometro bide eraikitzea aurreikusi da: 4,5 km berriak izanen dira, eta beste 12,426 km bide zaharren gainean eraikiko dira. 6,930 kilometrotan bideek 4 metroko errodadura zabalera izanen dute, eta 9,996 kilometrotan, berriz, 5 metrokoa.

Ahal dela, bideen trazadura bide zaharren gainean eginen da, eta, horiek diseinatzeko orduan, kontuan hartu dira lurzati berrantolamenduaren ondoriozko finkek beharbada izanen duten banaketa, eremuan dagoen bide-sarea, lurreko topografia eta eremu mugakideekiko komunikazioak.

Hustubide sareari dagokionez, proiektuak gaur egungo sarea nahiko moldatu eta hobetuko du. 4,135 km-tan jardun nahi da hustubideetan: 3,595 kilometro eraikiko dira, eta 0,540 kilometro garbituko.

5. Ingurumen arloko alderdiak.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 22ko 1801/2011 Ebazpenean ezarritako baldintzak bete beharko dira; ebazpen horren bidez, ingurumen eraginaren adierazpena egin zen, ondoren Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren abuztuaren 18ko 664E/2018 Ebazpenaren bidez baliozkotu zena.

6. Jarduketaren lurralde eremua.

Rocaforteko udal-mugarte osoko lurrek osatuko dute jarduteko hartu beharreko eremua. Gutxi gorabehera 1.025 ha egiten dute eta muga hauek dituzte:

–Iparraldea: Ledeako udal-mugartea.

–Hegoaldea: Zangozako udal-mugartea.

–Ekialdea: Zangozako udal-mugartea.

–Mendebaldea: Oibarko eta Irunberriko udal-mugarteak.

Laburbilduz, perimetro horri Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 13.4 eta 17 a) artikuluetan xedatutakoaren araberako aldaketak eginen zaizkio.

7. Ustiatu beharreko oinarrizko azaleren mugak zehaztea.

Rocaforte aldeko lehorreko ustiapen eremu oinarrizkoen goiko eta beheko mugak 123 eta 50 hektarea izanen dira, hurrenez hurren. Rocaforte aldeko ureztalurreko ustiapen eremu oinarrizkoen goiko eta beheko mugak 26 eta 4 hektarea izanen dira, hurrenez hurren. Lehorreko lurraren eta ureztalurren arteko konbertsio indizeak, gehienekoa eta gutxienekoa, 4,73 eta 12,5 izanen dira, hurrenez hurren.

8. Laborantzako gutxieneko unitateak.

Laborantzako gutxieneko unitateen balioak honako hauek izanen dira: 50 hektarea lehorreko lurretarako, eta 4 hektarea ureztalurretarako.

9. Lurren balioa kalkulatzeko aplikatu beharreko moduluak.

Lurren Funtseko adjudikaziodunek pagatu beharreko prezioa zehazterakoan lurren balioa ezartzearren eta nekazaritza sozietateak osatzean ekarririko lurren balioa finkatzearren, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat, azaroaren 21eko 136/2005 Foru Dekretuan (azaroaren 26ko 334/2001 Foru Dekretua aldatu zuen horretan) lehenengo mailako lurrentzat ageri den balioa izanen da eskualde honetan lurzati berrantolamenduko arauetan lehenengo mailako lurren sailean sarturiko lurrei aplikatu beharreko modulua. Izan ere, aipatutako 334/2001 Foru Dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko ondasun higiezin batzuk baloratzeko prozedura onetsi zen, merkatuko batez besteko prezioak egiaztatzeko metodoa aplikatuz, oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren eta ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren kudeaketari dagokionez. Bigarren mailatik aurrera sailkatu diren lurrei aplikatu beharreko moduluak lortzeko, berriz, lehen mailako modulua biderkatuko da lurzati berrantolamenduko arauetan zehazten diren kasuan kasuko konpentsazio koefizienteez.

10. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentura igortzea.

11. Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sortuko ditu ondorioak.

12. Adieraztea foru dekretu honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka errekurtso hauetariko bat jartzen ahal dela:

–Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, foru dekretua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko abenduaren 12an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1815099