Iragarkia
245. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 21a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
3943/2018 EBAZPENA, azaroaren 30ekoa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan ikuskatzaile lanpostuak zerbitzu eginkizunetan aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat egiteko deialdia onesten duena.
Ekainaren 30eko 80/2008 Foru Dekretuaren bidez, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapenaren antolaketa eta funtzionamendua arautu ziren. Foru dekretu horren hirugarren xedapen gehigarrian ezartzen denez, “Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko plantillako lanpostu hutsak irakaskuntzako funtzionarioek beteko dituzte aldi batez, zerbitzu eginkizunetan, berdintasun, meritu, gaitasun eta publizitate printzipioak kontuan izanik. Irakaskuntzako funtzionario horiek Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoan sartzeko ezarri betekizunak bete beharko dituzte. Lanpostu huts horien adjudikazioan, lehentasuna emanen zaie betiere azken hautapen prozesuko oposizio fasea gainditu duten eta plazarik eskuratu ez duten hautagaiei, zerbitzuan behar diren lanbide eta hizkuntz profilekin bat etorriz”.
Bestalde, Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 23ko 35/2013 Foru Aginduaren 8. artikuluan, honakoa ezartzen da (Foru agindu horren bidez, Hezkuntza Departamentuari atxikirik, Hezkuntzako ikuskatzaile lanpostuetan aldi baterako aritzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onetsi ziren): “Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak proposatuta, Hezkuntza Departamentuak berariazko deialdiak onesten ahalko ditu Hezkuntzako ikuskatzaile lanpostuetan aldi baterako ariko diren izangai berriak lortzeko. Halaber, eta oro har, foru agindu honen 5. artikuluan aipatzen diren berariazko izendapenak zer ikasturtetan egiten diren, hartan onetsiko dira deialdiak. Deialdi honen bidez hautatzen diren izangaiak guztira lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran ezarriko dira. Artikulu honen babesean eratutako zerrendek indarra izanen dute harik eta Hezkuntzako ikuskatzaile lanpostuak aldi baterako betetzeko berariazko deialdi batetik datorren zerrenda berria eratu arte”.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak deialdi berezia onartzea eskatu du hezkuntzako ikuskatzaile lanpostuan aldi baterako jarduteko izangai berriak hartzeko eta, horrenbestez, bidezkoa da deialdiaren oinarriak onestea.
Horrenbestez, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak martxoaren 7an emandako 183/2017 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan ikuskatzaile lanpostuak zerbitzu eginkizunetan aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat egiteko deialdiaren oinarriak onartzea.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Giza Baliabideen Zerbitzura eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2018ko azaroaren 30ean.–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Francisco Javier Iglesias Álvarez.
DEIALDIAREN OINARRIAK, HEZKUNTZAKO IKUSKAPEN ZERBITZUAN HEZKUNTZAKO IKUSKATZAILE LANPOSTUAK ZERBITZU EGINKIZUNETAN ALDI BATERAKO BETETZEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT EGITEKO
Lehena.–Arau orokorrak.
1. Deialdia onetsi da Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan hezkuntzako ikuskatzaile lanpostuak zerbitzu eginkizunetan aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat egiteko.
2. Apirilaren 23ko 35/2013 Foru Aginduaren 4.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, bi zerrenda eginen dira: bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz.
Bigarrena.–Izangaiek bete beharrekoak.
Deialdi honetan parte hartzen dutenek baldintza hauek bete beharko dituzte onartuak izateko:
1. Betebehar orokorrak:
a) Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari organikoki atxikitako irakasle funtzionarioa izatea.
b) Jardunean edo zerbitzu berezietan egotea.
c) Doktore, lizentziadun, ingeniari edo arkitekto titulua edo dagokion gradua izatea, edo titulu baliokidea.
d) Irakaskuntzako funtzio publikoa osatzen duten kidegoetako batean, karrerako funtzionario gisa, gutxienez ere sei urteko antzinatasuna duela frogatzea, eta denbora bereko esperientzia irakaskuntzan.
e) Hizkuntza bereko lehentasunezko beste zerrenda batzuetan ez egotea, aipaturiko apirilaren 23ko 35/2013 Foru Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
2. Hezkuntzako ikuskatzaileen euskarazko lanpostuak lortzeko berariazko baldintzak:
Baldintza orokorrez gainera, izangaiek EGA titulua (Euskararen Gaitasun Agiria) edo baliokidetzat jotzen den titulu bat izan beharko dute.
3. Oinarri honetan azaltzen diren baldintza eta betebehar guztiak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharko dira, bai eta Hezkuntzako ikuskatzaile lanpostua betetzeko hautapen prozeduran eta zerbitzu eginkizunek iraun bitartean ere.
Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.
1. Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzendutako eskabide baten bidez eginen dute eskaera.
Eskabideak Hezkuntza Departamentuko Erregistroan (San Domingo kalea zk.g., Iruña) aurkeztuko dira, edo, bestela, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.
Eskaeran zehaztuko da zer hizkuntzatan (gaztelania ala euskara) lehiatu nahi den, deialdi honen lehendabiziko oinarrian jasotakoaren arabera.
2. Izangaiek parte hartzeko eskabide bakar bat aurkeztuko dute, ondoko agiri hauekin batera:
a) Doktore, lizentziadun, ingeniari edo arkitekto tituluaren, dagokion gradu tituluaren edo titulu baliokidearen fotokopia, edo eskuratzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen ordezkagiriarena.
Titulua atzerrian eskuratu bada, horren fotokopia aurkeztuko da, eta horrekin batera homologatuta edo onetsia dagoela egiaztatzen duen agiria.
b) Hezkuntzako ikuskatzaileen euskarazko lanpostuetarako parte hartuz gero, EGA tituluaren (Euskararen Gaitasun Agiria) edo baliokidetzat jotzen den titulu baten fotokopia.
c) Ebazpen honen eranskinean sartutako baremoan aipatzen diren merezimenduen frogagiriak.
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako burutuak dauden eta epe horretan aurkezten diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.
d) Memoria bat, honako honi buruzkoa: “Hezkuntzako ikuskapena, ebaluazioa eta berrikuntza Nafarroako Foru Komunitatean”. Memoriak 15 orrialde izanen ditu gehienez (eranskinak barne, halakorik bada), DINA4 tamaina eta Arial 11 letra mota.
Euskarazko zerrendan parte hartzen badute, izangaiek aukera izanen dute memoria euskaraz ala gaztelaniaz egiteko.
3. Giza Baliabideen Zerbitzuak deialdian onartu direnen zerbitzu orria ofizioz aurkeztuko du, betebehar gisa eskatzen diren zerbitzuak frogatzeko, bai eta merezimenduen baremoko I. eta II. atalei eta III. ataleko 3.1 eta 3.2.1 azpiatalei dagozkien merezimenduak baloratzeko ere, betiere parte-hartzaileen espediente pertsonalean dauden datuei jarraikiz.
4. Atzerriko hizkuntza batean edo beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial berekian idatzitako dokumentuak (salbu eta euskaraz idatzitakoak edo atzerriko hizkuntzen titulazio edo egiaztagiriak) zinpeko itzultzaileek gaztelaniara itzulita aurkeztu beharko dira, jatorrizko dokumentuarekin batera.
5. Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.
Dena dela, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.
6. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen Ebazpena onetsi ondotik egiaztatzen bada izangairen batek ez dituela baldintzak betetzen, haren jarduerak deuseztatu eginen dira, hasierako eskabideko faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna galarazi gabe.
Laugarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Bosgarrena.–Izangaiak onartzea.
1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak (hizkuntzen arabera) onesten dituen ebazpena jendaurrean paratuko du Hezkuntza Departamentuaren iragarki-taulan eta web-orrian, www.educacion.navarra.es.
Zerrenda horietan izangaien izen-abizenak azalduko dira eta, baztertuen kasuan, horretarako arrazoiak.
Ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.
2. Izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, kasua bada, baztertua izateko akatsak zuzentzeko. Era berean, beren datu pertsonalak ematean akatsak izan direla ohartu direnek epe horretan berean adierazten ahalko dute. Erreklamazioak Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzenduko zaizkio eta hirugarren oinarrian aurreikusitako edozein bide erabiliz aurkeztuko dira.
3. Aurreko atalean aipatutako erreklamazioak kontuan hartu ondoren, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak (hizkuntzen arabera) eta Hezkuntza Departamentuko iragarki-taulan eta web-orrian (www.educacion.navarra.es) argitaratuko da aipatu ebazpena.
Ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.
Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute interesdunek, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.
4. Onartutako langileen zerrendan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Dokumentazioa azterturik ikusten baldin bada baldintzen bat falta dela, prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte pertsona horiek.
Seigarrena.–Hautapen organoak.
1. Izangaien hautaketa horretarako izendaturiko epaimahaiek eginen dute.
Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emandako ebazpenaren bidez, epaimahai ezberdinak hautatuko dira hizkuntza bakoitzerako. Ebazpen hori jendaurrean jarriko da Hezkuntza Departamentuaren iragarki-taulan eta web-orrian: www.educacion.navarra.es.
Euskarazko zerrendetarako izangaiak baloratuko dituzten epaimahaietako kideek EGA edo haren titulu baliokide egiaztatua izan beharko dute.
2. Epaimahaiak ondokoek osatuko dituzte:
–Epaimahaiburu bat, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak libreki izendatuko duena.
–Bi mahaikide, hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko karrerako funtzionarioak, organikoki eta funtzionalki beste hezkuntza administrazio baten mendekoak.
3. Epaimahai bakoitzeko idazkari lana kidegoan antzinatasunik txikiena duenak eginen du, epaimahaiak bestelakorik erabakitzen ez badu behintzat.
4. Maiatzaren 16ko 202/1991 Foru Dekretuaren 1. artikuluak eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 8.3 artikuluak diotenaren arabera, epaimahaietan parte hartzea nahitaezkoa da eta, horrelakoetan, aipatu foru dekretuan zehazten diren ordainak dagozkie epaimahaietako kideei.
5. Epaimahaietako kideek ezin izanen dute bertan parte hartu, eta halaxe jakinarazi beharko diote Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan jasotako abstentzio edo errekusatze kausaren batean badaude, edo deialdia argitaratu aurreko bost urteetan hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan sartzeko hautaprobetan izangaiak prestatzen aritu badira.
Aipatutako egoeraren batean egonez gero, horren berri eman beharko da izendapenaren ebazpena jakinarazi eta bost egun balioduneko epean.
Halaber, izangaiek mahaikideak ezesten ahalko dituzte, aurreko atalean aurreikusitako egoerak gertatzen direnean.
6. Deialdi honetan aipatzen den hautaproba hasi aurretik, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak, beharrezkoa bada, aurreko atalean aurreikusitako arrazoiren batengatik edo ezinbesteko arrazoi batengatik epaimahaikide izateari utzi diotenen ordez arituko diren kide berriak izendatzeko ebazpena emanen du.
7. Mahaiburuek dei egin ondoren, epaimahaiak eratuko dira, mahaiburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen gehiengoa, gutxienez, bertan direla.
8. Epaimahaiak eratu ondoren, beren jarduketek balioa izan dezaten beharrezkoa izanen da mahaiburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen gehiengoa, gutxienez, bertan egotea.
Zazpigarrena.–Hautapen prozesua.
1. Hautapen prozesuak bi zati ditu:
–1. zatia: Memoria baloratzea, hain zuzen, honako honi buruzkoa izanen dena: “Hezkuntzako ikuskapena, ebaluazioa eta berrikuntza Nafarroako Foru Komunitatean”. Memoriak 15 orrialde izanen ditu gehienez (eranskinak barne, halakorik bada), DINA4 tamaina eta Arial 11 letra mota. Zati hau baztergarria izanen da.
–2. zatia: lehen zatia gainditu duten izangaien merezimenduak baloratzea.
2. Hautapen prozesua 2019ko otsailean hasiko da.
3. Txostena baloratzeko, hautapen organoak irizpide hauek izanen ditu kontuan, gutxienez ere: aurkeztutako jarduketa proposamenaren funtzionaltasuna, baita eguneratua izatea eta indarra duen araudiari egokitua egotea ere, eta jarduketa hori Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren antolamenduan eta funtzionamenduan txertatua egotea.
Memoria gehienez ere 10 punturekin baloratuko da. Fase hau gainditzeko beharrezkoa izanen da gutxienez 5 puntu ateratzea, eta puntuazio hori erdiesten ez dutenak bazterturik geldituko dira. Lortzen den puntuazioa epaimahaiko kideek emandakoen batez besteko aritmetikoa izanen da.
Txostena ahoz azaldu eta defendatuko dute izangaiek hautapen organoaren aurrean, gehienez ere 30 minutuko agerraldi batean. Epaimahaiko kideek izangaiari galderak egiten ahalko dizkiote azalpenaren edozein unetan.
Euskarazko zerrendan parte hartzen badute, izangaiek aukera izanen dute memoria euskaraz ala gaztelaniaz azaldu eta defendatzeko.
Izangai bakoitzaren agerraldirako eguna eta tokia Hezkuntza Departamentuko iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko dira (www.educacion.navarra.es), gutxienez ere 72 ordu natural lehenago.
Izangaiek parte hartzeko ordena alfabetikoki zehaztuko da; horretarako, Giza Baliabideen Zerbitzuak zozketaz letra bat aterako du, eta lehenengo abizenaren hasieran letra hori duen izangaia hasiko da. Zozketa egiteko eguna eta tokia jendaurrean jarriko da Hezkuntza Departamentuko iragarki-taulan eta web-orrian: www.educacion.navarra.es.
4. Memoria gainditua duten izangaien merezimenduak ebazpen honen eranskinean dagoen baremoaren arabera baloratuko dira.
Merezimenduen baremoko atal desberdinetan erdietsitakoak gehituz aterako da azken puntuazioa, 10 puntu gehienez.
Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari dagokio izangaiei merezimenduen baremoko I. eta II. atalei eta III. ataleko 3.1. eta 3.2.1 azpiatalei dagokien puntuazioa esleitzea.
Giza Baliabideen Zerbitzuak hautapen organoen izenean eginen du balorazioa eta, memoriaren defentsa eta azalpena bukatutakoan, gainditu duten izangaien emaitzak helaraziko dizkie.
5. Memoria eta merezimenduak erdi bana baloratuko dira.
6. Guztirako puntuazioa ematean berdinketarik bada, irizpide hauei hurrenez hurren jarraikiz hautsiko da:
a) Txostenaren balorazioan lortutako puntuazio handiena.
b) Merezimenduen baremoko ataletan lortutako puntuazio handiena, baremoko hurrenkeraren arabera.
7. Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak deialdiaren behin-behineko ebazpena jendaurrean jarriko du, eta hautapen prozesuko emaitzak Hezkuntza Departamentuko iragarki-taulan eta web-orrian (www.educacion.navarra.es) erakusgai paratuko.
Izangaien zerrenda izenduna argitaratuko da, puntuazio osoaren hurrenkeran emana, baremoko zati eta atal guztien puntuazio partzialak ere zehaztuta.
8. Izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute, argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko.
9. Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta horiek ebatzitakoan, Giza Baliabideen Zerbitzuak deialdi honi buruzko behin betiko ebazpena onetsiko du, eta Hezkuntza Departamentuko iragarki-taulan eta web-orrian (www.educacion.navarra.es) argitaratuko da.
Zortzigarrena.–Lanpostu hutsak betetzea eta lehentasun-ordena.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko beharrak zerbitzu eginkizunetan beteko dira, apirilaren 23ko 35/2013 Foru Aginduaren 4.1 artikuluan adierazitako lehentasun-ordenari jarraikiz.
Halaber, apirilaren 23ko 35/2013 Foru Aginduaren 8. artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetatik eratutako izangaien zerrendak onestean, indarrik gabe geratuko dira orain arte deialdi bidez eratutako eta indarrean ziren zerrendak.
Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.
Epaimahaiek ematen dituzten egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Ebazpen honen eta bere aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Justiziako eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
ERANSKINA
Merezimenduak baloratzeko baremoa
Izangaiek gehienez ere 10 puntu lortzen ahalko dituzte beren merezimenduengatik.
I.–Ibilbide profesionala (3 puntu gehienez ere).
1.1. Irakaskuntzako funtzio publikoa osatzen duten kidegoetan karrerako funtzionario gisa irakasle lanetan egindako urte bakoitzeko, parte hartzeko nahitaez eskatzen diren 6 urteetatik gora: 0,500 puntu.
Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0416 puntu.
1.2. Katedradunen kidegoetakoa izateagatik: 2,000 puntu.
Frogagiriak: Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz aurkezten duen zerbitzu-orria da merezimendu honen frogagiria.
II.–Beste lanpostu batzuetan aritzea hezkuntza administrazioan (3 puntu, gehienez ere).
Hezkuntza administrazioko 26. mailako lanpostuetan edo goragokoetan egindako urte bakoitzeko edo Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Administrazioan unitate tekniko, bulego edo ataleko burua, zerbitzuko zuzendaria edo horien baliokideak izanik egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 0,500 puntu.
Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0416 puntu.
Frogagiriak: Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz aurkezten duen zerbitzu-orria da merezimendu honen frogagiria.
III.-Zuzendaritza karguetan eta koordinazio didaktikoaren karguetan aritu izana (3 puntu gehienez).
3.1. Ikastetxe publikoetan edo irakasleen edo baliabideen zentroetan zuzendari gisa edo zuzendari alboko gisa egindako urte bakoitzeko, betiere balorazio positiboa lortu badu (balorazioa egin den kasuetan): 0,750 puntu.
Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0625 puntu.
Frogagiriak: Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz aurkezten duen zerbitzu-orria da merezimendu honen frogagiria.
3.2. Zuzendaritzako edo koordinazio didaktikoko beste kargu batzuetan aritu izanagatik:
3.2.1. Ikastetxe publikoetan zuzendariorde, idazkari edo ikasketaburu gisa edo horiekin parekatutako karguetan egindako urte bakoitzeko: 0,500 puntu.
Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0416 puntu.
Frogagiriak: Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz aurkezten duen zerbitzu-orria da merezimendu honen frogagiria.
3.2.2. Departamentuko buru, Lehen Hezkuntzako zikloko koordinatzaile, aholkulari edo antzeko gisa, zerbitzuan egindako urte bakoitzeko: 0,100 puntu.
Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0083 puntu.
Frogagiriak: ikastetxeko zuzendariak edo organo eskudunak emandako ziurtagiria, non agertuko baitira eginkizun horien jabetza hartzearen eta kargua uztearen datak edo, hala denean, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean aipatu lanetan jarraitzen dutela.
Aholkulari lanaren frogagiria ofizioz aurkeztuko du Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak, espediente pertsonaleko informazioaren arabera.
3.2.1 atalean ezarri diren ondorioetarako, zuzendaritza kargu parekatutzat honako hauek hartuko dira gutxienez:
–Atal honetan aipatutako karguak, Lanbide Heziketako ataletan jardun denean.
–Idazkari albokoa.
–Ikasketaburu ondokoa.
–Egoitzako burua.
–Batxilergoko Institutuko ikasketaburuaren delegatua edo autonomia erkidegoetan horren pareko direnak.
–Atal delegatuko zuzendaria-ikasketaburua.
–Atal filialeko zuzendaria.
–Irakaskuntza Ertainaren Patronatuko ikastetxe ofizialeko zuzendaria.
–Lanbide Heziketako ikastetxeen administratzailea.
–Irakasle delegatua, Lanbide Heziketako Atalaren kasuan.
Kargu batean baino gehiagotan batera jardunez gero, ezin izanen da puntuazioa batu.
IV.-Prestakuntza zientifiko eta didaktikoa eta beste merezimendu batzuk (2 puntu gehienez).
4.1. Prestakuntza zientifiko eta didaktikoa (0,700 puntu gehienez).
4.1.1. Titulazioak:
4.1.1.1. Graduondoak, doktoretza eta aparteko sariak:
a) Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diplomagatik (apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretua), master titulu ofizialagatik (urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuaren arabera, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren arabera edo abuztuaren 5eko 1002/2010 Errege Dekretuaren arabera lortua), ikertzeko nahikotasunagatik edo beste edozein titulu baliokiderengatik, betiere titulu horiek irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko baldintza gisa eskatu ez badira: 0,350 puntu.
b) Doktore titulua izateagatik: 0,500 puntu.
c) Doktoretzan aparteko saria lortzeagatik: 0,350 puntu.
Frogagiriak: tituluaren fotokopia edo, hala badagokio, ziurtagiri-diploma edo titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren frogagiriarena.
4.1.1.2. Unibertsitateko beste titulu batzuk:
Lizentziadun, ingeniari edo arkitekto titulu edo dagokien gradu bakoitzagatik, edo deialdirako alegatuaz gain, deklaratu den balio bereko beste titulu bakoitzagatik: 0,350 puntu.
Frogagiriak: tituluaren fotokopia edo, hala badagokio, titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria. Baloratzerakoan, Espainiako Estatuan balio ofiziala duten tituluak bakarrik hartuko dira kontuan. Tituluak atzerrian lortu badira, tituluaren fotokopiarekin batera, dagokien homologazioa aurkeztu beharko da.
4.1.2. Hezkuntza sistemarekin zerikusia duten argitalpenak, arlo hauetako edozeini buruzkoak: ebaluazioa eta gainbegiratzea, curriculumaren garapena, eskola antolaketa, aniztasunari erantzutea, balioetan oinarrituriko hezkuntza, hezkuntzako orientazioa, hezkuntzari aplikatutako legedia eta hezkuntzari aplikatutako kalitatearen kudeaketa (0,500 puntu gehienez).
Frogagiriak: Argitalpenen (ISBN edo ISSN duten argitalpenak baizik ez dira baloratuko), programen eta abarren jatorrizko aleak, egindako kritikak eta, bidezkoa bada, sariak lortu izanaren frogagiria.
Argitalpenak bakarrik formatu elektronikoan izan badira, txosten bat aurkeztuko da, non erakunde emaileak ziurtatuko baitu argitalpena datu base bibliografikoan ageri dela. Dokumentu horretan, datuen basea, argitalpenaren titulua, egileak, urtea eta URLa adieraziko dira. Halaber, inprimatutako ale bat aurkeztuko da.
4.2. Ikuskatzaile lanetan jarduteko prestakuntza berariazkoa (0,500 puntu gehienez).
Prestakuntza jarduera homologatuak honela baloratuko dira, betiere ikuskapen lanarekin loturik badaude berariaz:
20 ordu bitarteko ikastaro bakoitzagatik: 0,100 puntu.
20 ordutik gorako ikastaro bakoitzagatik: 0,200 puntu.
Frogagiriak: Hezkuntza Ministerioak, autonomia erkidegoetako hezkuntza departamentuek edo kontseilaritzek, unibertsitateek edo irabazi asmorik gabeko instituzioek emandako ikastaroen ziurtagiriak, zeinean berariaz jasotzen baita kredituen kopurua edo zenbat ordu iraun duen jarduerak. Irabazi asmorik gabeko erakundeek antolatutakoen kasuan, hezkuntza administrazioak jarduera horiek onartu edo homologatu dituela egiaztatu beharko da agiri sinesgarri baten bidez, edo hezkuntza administrazioaren prestakuntza erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiria aurkeztu.
Azpiatal honetan ez dira inolaz ere baloratuko titulu akademiko baten (doktoretza barne), master baten edo graduatu ondoko beste titulazio baten curriculuma osatzen duten ikastaro edo irakasgaiak. Ikastaroak bukatu eta behar diren tituluak lortu ondoren, titulu horiek 4.1.1.1 azpiatalaren arabera baloratuko dira, bidezko bada.
Ziurtagirietan orduen ordez kredituak adierazten direnean, ulertuko da ikastaroko 10 orduk kreditu bat egiten dutela, ziurtagiriak berak beste baliokidetasun bat ezartzen ez badu behintzat.
Ordu edo kredituen iraupena jasotzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.
4.3. Hizkuntzak jakitea (0,300 gehienez).
4.3.1. Hizkuntzen gaineko unibertsitateko titulu ofizial bakoitzeko, deialdirako alegatu ez dena: 0,200 puntu.
4.3.2. C1 mailako ziurtagiri bakoitzeko, EGA titulua edo baliokidea: 0,150 puntu.
4.3.3. B2 mailako ziurtagiri bakoitzeko: 0,100 puntu.
Frogagiriak: Merezimendu gisa alegatutako tituluaren fotokopia edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.
Atal honetan soilik baloratuko dira otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduan jasotako titulazio eta ziurtagiriak (apirilaren 10eko 30/2018 Foru Aginduak aldatu zuen).
Atal honetan ez dira baloratuko 4.1.1 atalean jada baloratuak izan diren unibertsitateko hizkuntza titulazio ofizialak.
Euskarazko lanpostuetara lehiatuz gero, ez da euskara titulu bakar bat ere baloratuko.
Hizkuntza bereko titulu bat baino gehiago aurkezten bada, soilik baloratuko da puntuazio handiena ematen duena.
4.4. Irakaslanaren ebaluazioan balorazio positiboa lortu izana (0,500 puntu gehienez).
4.4.1. Irakaslana balorazio positiboarekin ebaluatzea: 0,500 puntu.
Frogagiriak: Balorazio positiboaren ziurtagiria, hezkuntza administrazio eskudunak emana.
4.4.2. Hautapen organoetan borondatez parte hartzea: 0,100 puntu.
Frogagiriak: Hautapen organoetan borondatez parte hartu izanaren egiaztagiria, hezkuntza administrazio eskudunak emana.
Merezimenduen baremo osorako xedapenak:
Lehena.–Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik burutu, eta epe horretan izangaiak aurkeztu dituen merezimenduak baizik ez dira baloratuko.
Bigarrena.–Gaztelaniara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak edo beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial berekian idatzitakoak, euskarazkoak eta atzerriko hizkuntzen egiaztagiri edo titulazioak izan ezik. Zinpeko itzultzaileek egin beharko dituzte itzulpen horiek.
Iragarkiaren kodea: F1814758
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
