239. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

850E/2018 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ukatu egiten duena Valle de Odieta SCL, Hibridación Termosolar Navarra SL eta Corraliza Tomillar S. Coop. enpresek eskatutako ingurumen baimen integratua, esnetarako behi-aziendaren ustiategian eta hondakin organikoak biometanizatzeko instalazioan funtsezko aldaketa egiteko, Caparroso udal-mugartean.

Instalazio hori funtzionamenduan dago gaur egun, eta badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 11ko 2275/2009 Ebazpenaren bidez emana, esnetarako behi-aziendaren ustiategirako eta hondakin organikoak biometanizatzeko instalaziorako.

2013ko urtarrilaren 18an, titularrak jakinarazi zuen instalazioa aldatzeko proiektua zuela, esnetarako behi-aziendaren ustiategia zabaltzeko (esnetarako 3.450 abelburu heldutik 7.200era) eta biometanizatzeko instalazioaren funtzionamendua erregimen termofilora aldatzeko. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz, erabaki zuen aldaketa hori funtsezkoa zela.

Hortaz, beharrezkoa zen beste ingurumen baimen integratu bat ematea instalazio osorako, martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 24. artikuluarekin bat, eta hasiera eman zitzaion ingurumen baimen integratuaren funtsezko aldaketa egiteko prozedura honen tramitazioari.

Martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduan ezarritakoarekin bat tramitatu da espedientea, eta prozeduran sartu dira Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean aurreikusita dauden ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegazio bakarrik ere aurkeztu.

2015eko abenduaren 30ean, ingurumen baimen integratua ematearen aldeko lehen ebazpen proposamenaren entzunaldia ireki zen instalazioaren titularrarentzat, hamabost egunekoa. 2016ko urtarrilaren 14an, titularrak proposamen horren aurkako zenbait alegazio aurkeztu zituen.

2017ko maiatzaren 26an, titularrak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu zuen, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari jakinarazteko betetzen zituela proiektatutako aldaketari zegokion jarduera gauzatzeko nahitaezko baldintzak.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 12ko 273E/2017 Ebazpenaren bidez, ukatu egin zen titularrak eginiko erantzukizunpeko adierazpena, eta jakinarazi zitzaion aldaketa proiektua ezin zela abian jarri une horretan indarrean zegoen administrazio prozedura amaitu arte. Horretarako, beharrezkoa zen beste ingurumen baimen integratu bat ematea.

2017ko uztailaren 7an, titularrak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua premiatu zuen ingurumen baimen integratua eman zezan.

2017ko irailaren 1ean, Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren Zerbitzu Juridikoak txosten bat igorri zuen. Bertan adierazi zuen ezin dela ziur jakin ingurumen baldintzak eta instalazioaren funtzionamenduari lotuak betetzen direnik, eta mota honetako instalazioen osasun arriskuek egoera larriak sorrarazten ahal dituztela. Horregatik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak ahalmena du eskatutako baimen berriaren kontrako ebazpena emateko.

Txostenean jasota dago egoera nabarmen aldatu dela lehen ebazpen proposamenetik orain arte, eta zabaltze proiektu honen eskaera berriro aztertu eta horren inguruko baldintzak berrikusi egin dira.

Hala, gertakari hauek egiaztatu dira: zenbait arau-hauste egon dira gaur egun baimenduta dagoen jardueran, zehapen espedienteak abiarazi dira, egungo ingurumen baimen integratuan sartu gabeko nabeen eraikuntza lanak geldiarazi behar izan dira eta kezka handia dago ingurumenaren eta animalien osasunaren ikuspegitik. Horren guztiaren ondorioz, berriro planteatu dira kasu honetan tartean diren baldintza guztiak, eta nahikotzat jo dira 2015eko abenduaren 30ean entzunaldian jarritako proposamenaren kontrako ebazpena emateko, aurreikusi ez bezala.

Ebazpen honen I. eranskinean jasota daude txosten horretan adierazitako aurrekari eta gertakari problematikoak, eta horiek aintzat hartuta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak ukatu egin dio ingurumen baimen integratua instalazio hau zabaltzeko proiektuari.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari dagokio ingurumen baimen integratua ematea, baina zuzendaritza horren zeregina da, halaber, ingurumen osoa babestea eta egoera guztietan pertsona guztientzat egokia dela bermatzea. Horregatik, ahalmen diskrezionala du nolabait, betiere kasu bakoitza aztertzen badu eta berariaz justifikatzen badu. Jurisprudentziak berresten du ahalmen hori.

Hala gertatu zen Auzitegi Nazionalaren 2011ko ekainaren 30eko Epaiaren kasuan, zeinaren bidez jarduera baten funtzionamendurako baimena ez berritzearen kontra jarritako errekurtso bat ebatzi baitzen. Epai horrek aitortzen du administrazioak azken erabakian esku hartzen ahal duela, kontuan hartuz defendatzen dituen xede orokorrei erantzun behar diela, helburu duen interes publikoaren arabera. Eta adierazten du, horren aurrean, bidezko konfiantzaren printzipioak ez duela eskatzailea babesten, eta ez dela agintea desbideratzen.

Kasu honetarako interesgarria da, halaber, Auzitegi Gorenak (Administrazioarekiko Auzien Sala-Bosgarren Atala) 2015eko azaroaren 5ean emandako Epaia; bertan adierazten da ezin dela kasazio-errekurtsorik jarri baimena ukatzearen kontra, jarduera baten funtzionamendurako ezarritako isurketa baldintzak ez direlako bete. Auzitegi Gorenak defendatzen du baimen bat ukatzen ahal dela, sustatzaileak ez badu bermatzen ingurumenarekiko errespetuzko jokabide serio eta zorrotza izanen duela eta, aitzitik, ez baditu betetzen administrazioak proposatutako babes neurriak.

Horren guztiaren ondorioz, 2017ko irailaren 21ean, ingurumen baimen integratu berria ukatzen zuen bigarren ebazpen proposamenaren entzunaldia ireki zen instalazioaren titularrarentzat, hamabost egunekoa. 2017ko urriaren 6an, titularrak ebazpen honen II. eranskinean jasotako alegazioak aurkeztu zituen, eta 2018ko urtarrilaren 19an alegazio gehiago aurkeztu zituen, horiek ere II. eranskinean jasoak.

Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren Zerbitzu Juridikoak baloratu ditu alegazio horiek guztiak, eta 2018ko irailaren 25ean, ebazpen honen III. eranskinean jasotako txostena igorri du. Txosten horretan, atzera botatzen dira aurkeztutako alegazioak eta berretsi egiten da ingurumen baimen integratu berria ukatzea egokia dela eta zuzenbidearekin bat datorrela.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.g) artikuluan xedatutakoarekin bat,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.–Ukatzea Valle de Odieta SCL, Hibridación Termosolar Navarra SL eta Corraliza Tomillar S. Coop. enpresek eskatutako ingurumen baimen integratua, esnetarako behi-aziendaren ustiategian eta hondakin organikoak biometanizatzeko instalazioan funtsezko aldaketa egiteko, Caparroso udal-mugartean. Zehazki, esnetarako behi-aziendaren ustiategia zabaldu nahi zuten (esnetarako 3.450 abelburu heldutik 7.200era; aziendarentzako 12 nabe) eta biometanizatzeko instalazioaren funtzionamendua erregimen termofilora aldatu.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honen berri ematea Valle de Odieta SCL, Hibridación Termosolar Navarra SL eta Corraliza Tomillar S. Coop. enpresei eta Caparrosoko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Nekazaritza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Ingurune Naturalaren Zerbitzuari, Ingurumena Zaintzeko Atalari eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urriaren 30ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1813352