239. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

848E/2018 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Arbizuko udal-mugarteko 1. poligonoko 391. lurzatian konpostaje fabrika baten proiektuaren ingurumen eraginaren txostena ematen duena. Sustatzailea Sakana-Burundako Mankomunitatea da.

2018ko apirilaren 20an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuari hasiera emateko eskaera igorri zitzaion Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari. Espediente hori jasota dago Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. taldeko b) atalean (Hondakinak deuseztatzeko edo balioztatzeko instalazioak, I. eranskinean sartuta ez daudenak, industrialde bateko nabe baten barruan egikaritzen ez direnak, edo nolanahiko gaitasuna dutenak, jarduera aire zabalean edo industrialdeetatik kanpo egiten bada). Horrenbestez, ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren eraginpean dago.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen 46. artikuluak ezartzen duen moduan, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. 11 erakunderi egin zaie kontsulta. Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak erantzun du konpostaje fabrikarako kokapen berria AHTren trazatutik oso hurbil dagoela, eta, beraz, ahal bezain beste aldentzea gomendatzen du, baina ez du ezartzen zehaztapenik bide azpiegiturei buruz; trenbide azpiegiturei dagokienez, adierazten du txostena eskatu beharko zaiola Sustapen Ministerioko Trenbideen Zuzendaritza Nagusiari. Arbizuko Udalaren erantzuna ere jaso da. Adierazi du instalazioak ez duela eragin garrantzitsurik sortzen ingurumenean, prebentzio neurriak aintzat hartuta, baina kokapena aldatuko denez, sarbide eta obra berrien hirigintza lizentziak eduki beharko direla.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumeneko organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ohiko ingurumen eraginaren ebaluazioaren mende jartzeari edo txosten honetan ezarritako baldintzetan ingurumen eraginaren txostena emateari buruz.

Aurrekariak

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emandako martxoaren 21eko 64E/2018 Ebazpenaren bitartez, aldaketa nabarmena baimentzen da Arbizuko udal-mugartean dagoen (1. poligonoko 390. lurzatian) hondakin ez-arriskutsuen transferentzia zentroaren eta zabortegiaren instalaziorako, konpostaje fabrikaren proiektua eta transferentzia eremuko hobekuntzak gauzatzeko. Titularra Sakanako Mankomunitatea da.

2018ko urtarrilaren 16an, Sustapen Ministerioak Estatuko Aldizkari Ofizialean (14. zk.) argitaratu zuen “Kantauri-Mediterraneoa trenbide korridorearen azterlan informatiboa, Iruña eta euskal Y lotuz Gasteiztik”. Egiaztatu da azterlanak jasotzen dituen aukeretako baten trazatuak Arbizuko 1. poligonoko 390. lurzatian proiektatutako konpostaje fabrikaren kokapenari eragiten diola, eta, beraz, hirigintza lizentziak bertan behera geratzen direla urtebetez.

Informazio berri hori ikusita, Sakanako Mankomunitatea Arbizuko Udalarekin adostasun batera iritsi da, eta horren bitartez, 2017ko uztailaren 5eko hitzarmena aldatu da, Arbizuko 1. poligonoko 390. lurzatian konpostaje fabrika bat jartzeko, 15.000 m² inguruko azalera batean. Azpiegiturak ez dio eragiten azalera horri.

Proiektuaren laburpena

Konpostaje fabrika Arbizuko 1. poligonoko 390. lurzatiaren zati batean dago, zabortegiaren mendebaldean. Sarbide berri bat egin behar da eta zabortegirako egungo sarbidea handitu, bai eta pisatze baskularen maniobra eremua ere (3.045 m²; hortaz, guztira, 17.045 m²). Konpostaje fabrikak 529 kotan hartutako azalera eta sarbideak uniformatzeko lursailaren indusketa gela berriko proiektuan eginen da, eta egungo isurien ontzia zigilatuko da.

Konpostaje fabrika eraikin angeluzuzena da (1.788,16 m²-ko azalera), fatxadetan zati batean itxita dago altueran, hegalean 7,35 m-ko altuera du erretenaren azpian, bi isuriko estalkia dauka eta sarbide ateak ditu hegoaldeko fatxadan eta ekialdean eta mendebaldean. Horrez gain, plataforma proiektatu da, handitu ahal izateko, bai eta zabortegiko zolatutako eremuetarako sarrera eta horietarako lotura ere.

Eraikina erdi-irekia da. Itxituraren tarteko zatia “Z” motako 2 m altuko altzairu lakatuzko lamez eratuta dago alboko fatxadetan eta horma pikoetara arte fatxada nagusian eta atzekoan; horri esker, eraikina aireztatzen da, euri urik sartu gabe.

Nabearen barnealdeko lixibiatuaren ebakuazioa hondakinak tratatzeko egungo fabrikaren alboko metatze putzura joan dadila proiektatu da, PVCzko hodi biltzaile baten bitartez, Lakuntzako HUAren bitartez ezabatzeko. Euri urak hurbilen dagoen ubidearen bitartez ebakuatzen dira, Lezizaren ibaiadar batera (Aritzsoeretako erreka), mendebalderantz, PVCzko hodi biltzaile baten bidez. Konpostaje fabrikaren perimetroan euri urak jasotzeko lurreko areka bat proiektatu da, eta bertatik egungo sarbideko areketara eta euri uren saneamendurako hodi biltzailera isuriko dira, eta aipatutako ubidera bideratu.

Energia elektrikoaren hornidura proiektatu da, zabortegiko koadro orokorretik handitutako sartzeko bidea eta sarbide berria hartzen dituen trazatu batetik konpostaje fabrikara, lurpetik.

Jarduerarako eta suteen aurkako babeserako uraren hornidura sarea proiektatu da konpostaje eraikinaren kanpoaldean, zabortegiaren egungo hornidura saretik, dentsitate handiko polietilenozko lurpeko hodi baten bitartez.

Konpostaje eraikinera sartzeko bidearen eta eraikinaren hegoaldeko zabalgunearen zoladura proiektatu da: 20 cm lodiko harrobiko balastozko zorua, 20 cm lodiko zagor artifizialeko oinarria eta hormigoizko zola bat.

Konpostaje fabrikaren hesia proiektatu da, 2 m altuko bihurridura plastifikatu arrunteko sare galbanizatu berdearekin, eusteko zutabeak hormigoizko isolatutako zapatetan ainguratuta. Konpostaje fabrikaren sarreran, 6 x 2 m-ko ate metaliko lerragarri bat proiektatu da.

Proiektua ez dator bat memorian eta aurrekontuan, zehazki, nabearen inpaktu bisuala murrizteko neurriaren deskribapenean, iparraldeko fatxadan, A-10 autobidetik. Memoriaren arabera, 32 zuhaitz landatuko dira hiruzuloka (2,5 m altukoak), eta 70 metroko luzerako fatxada estaliko dute, bai eta eraikinaren hegalaren 7,35 m-ko altueraren %35 ere. Aurrekontuan adierazten da zuhaitz kopuru hori bera landatuko dela, Sorbus, Crataegus eta Prunus espezietakoak (erro lurdun landareak), baina 0,50 m altukoak, 50x50x50 cm-ko zuloa irekita eta plastiko fotodegradagarria jarrita.

Jardueraren deskribapena

Jarduera udal eskumeneko biohondakinak konpostatzean datza (landareak: hondakin berde txikiak, hala nola orbela, belarra eta inausketa hondarrak; elikagai jatorriko hondakinak: elikagai hondarrak, janaria prestatzearen eta manipulatzearen ondoriozko hondarrak edo elikagai produktuak eta soberakinak; eta beste material organiko konpostagarri batzuk), pila edo errenkadetan utzitako konpostaje sistema baten bitartez, nabe estalian eta hormigoizko zola baten gainean.

Prozesua honetan datza: lehenengo, biohondakinak jasoko dira eremu espezifiko batean. Eremu horretan zola iragazgaiztu bat egonen da, lixibiatuak jasotzeko sistemarekin. Materiala deskargatu ondoren, egituratzailearen gainean zabalduko da eta aurretiko sailkapena eginen da; sailkapen horretan, material ez-organikoak kenduko dira. Ondoren, neurtu eta erregistratu eginen dira. Sailkapenean, bide batez, poltsak/zorroak irekiko dira, eta konpostagarriak ez direnak bota eta hondakin handiak xehatuko dira. Hasiera batean eta proiektuaren arabera, ez da aurreikusten hondakinik biltegiratzea kanpoaldean, baina planoetan hormigoizko zoladuraren gainean agertzen dira, kanpoan, material egituratzailea eta lehengaiak biltzeko eremuak; horrenbestez, uste da jardueraren zati bat nabearen kanpoaldean eginen dela.

Planoetan ez da agertzen tratatu gabeko materialerako erabilitako edukiontziak, ontziak eta ibilgailuak garbitzeko eremurik.

Utzitako materiala egituratzailearekin (egur xehatua) nahastu, xehatu eta estalpeko konpostaje eraikin berrira eramanen da, heltzeko. Han, aireztatze prozesua eginen zaio, irauliz. Ondoren, bahetu eginen da, azkenik ontziratzeko, instalazioetatik kanpo. Sortutako lixibiatuak kanalizatu eginen dira instalazioetako putzura arte.

Tratuko diren biohondakinen bolumena urtean 750 tonakoa izanen dela kalkulatzen da.

Ingurumen eta paisaia ebaluazioa

Konpostaje fabrika instalatzeko aukeratutako kokapen berria (Arbizu udal-mugarteko 1. poligonoko 390.lurzatia) bat dator Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emandako urtarrilaren 12ko 24E/2018 Ebazpenaren bitartez eginiko ingurumen eraginaren adierazpeneko eremuarekin, buztinak aldi baterako erauzteko, Arbizuko (Nafarroa) zabortegia hobetze aldera. Jardueraren sustatzailea izapidetzen ari den espedientearen sustatzaile berbera da.

Hori horrela, ingurumen baliorik gabeko espazioa izanen da, erauzketa jarduera gauzatu ondoren. Hondakinak tratatzeko jarduera berriaren instalazioak erauzketa jarduera lehengoratzea eragotziko du baimendutako proiektuaren arabera; horrenbestez, ingurumen eta paisaia integrazioaren ondorioetarako, aintzat hartu beharko dira jarduera berriaren ezaugarri teknikoak eta okupatutako eta ukitutako azalera berriak, hura bateragarria izan dadin eremu horretako paisaia eta ingurumena zaintzearekin.

Eragin nagusiak hauek dira:

–Usainak sortzea, eragina izanen dutenak Arbizuko biztanleengan (1 km baino gertuago dago) eta Arbizuko kanpin ekologikoan (konpostaje fabrikaren ibar berean dago, 500 m baino gutxiagora). Ostatu turistiko horrek eragin handia jasaten ahal du jardueratik sortzen ahal diren usain txarren ondorioz. Aurreko zabortegia erantsitako ibarrean zegoen, hain zuzen ere jardueraren goragunearen bidez bereizita.

–Nabe berriaren bolumena paisaiaren elementu intrusibo gisa aurkezten da, eta A-10 autobidetik eta NA7100 errepidetik zuzenean ikusten ahal da.

–Ukipena, gainazaleko eta lurpeko uren eta lurzoruaren balizko kutsaduragatik.

–Ukipena Utzuar bidearekin muga egiten duen heskaiari (lizarren plantazio batez osatua); ukipena lurzatia ekialdetik ixten duen ongi eratutako heskaiari (elorri zuri, zuhandor, elorri beltz, astigar, lizarren bat eta gereziondoz osatua); eta eragina Aritzsoeretako errekaren (Lezizaren ibaiadarra) ibaiertzeko basoan, kale bat ireki behar delako instalazioan jasotako euri urentzako hustubidea jartzeko.

–Balizko argi eta soinu kutsadura, eraginak prebenitzeko eta zuzentzeko neurri egokiak hartzen ez badira.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak jakinarazi du ingurumen eraginaren txostena eman behar dela, eginiko kontsulten emaitzak kontuan izanda, eta zehaztu du proiektuak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan ezarritakoaren arabera.

Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura egoki bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ohiko ingurumen ebaluazioaren prozeduraren menpe ez jartzea Sakana-Burundako Mankomunitateak sustatutako Arbizuko udal-mugarteko 1. poligonoko 390. lurzatiko konpostaje fabrikaren proiektua, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz.

2. Ingurumen txostena egitea, zehaztuz proiektuak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, txosten honetan ezarritako baldintzetan:

–Aritzsoeretako errekako ibaiertzeko basoaren eta lurzatiko ekialdeko muturreko heskaiaren gaineko ukipena saihesteko, proiektua aldatzeko ahalegina eginen da, ubidera bideratutako euri uren eroanbidea kenduz eta ur horiek egungo putzura bideratuz (instalazioetatik hurbil dago), jarduerako lixibiatuekin batera. Hustubide kotengatik neurri hori funtzionala ez bada, landarediari eginiko ukipena minimizatuko da, ibaiertzeko lanen kalea ahalik eta gehien mugatuz.

–Planoetan proposatutako nabearen iparraldeko aurrealdeko plantazioak (70 m), A-10 autobidetik eta etorkizuneko trenetik zuzenean ikusten denak, zuhaitz pantaila bat eratu beharko du, Populus sp. eta Fraxinus excelsior espezieetako 18 unitaterekin. Horiek 10-12 cm-ko diametroa izanen dute eta 4 m-ko distantziara jarriko dira. Zurkaitza ongi jarrita jarriko dira eta plastikozko babesgarria jarriko zaie oinarrian. Zuhaitz plantazioarekin batera, 2 m inguruko distantziara eta hiruzuloka jarrita, zuhaixken 14 unitate jarriko dira, proiektuaren aurrekontuaren obra unitatean jasotako espezie eta ezaugarriak errespetatuz.

–Plantazioak ureztatze, inausketa eta jorraketa bidez mantenduko dira, gutxienez jarri eta hurrengo bi urteetan.

–Makineria eta edukiontziak garbitzeko proiektuan jasotako sistema gauzatuko da, eta horien lixibiatua metatze putzura bideratu beharko da.

–Behar beste neurri aplikatuko dira usainak ez sortzeko, bereziki tratamendu aurreko fasean, lehengaiak nabearen kanpoaldean metatzen eta aurrez lantzen direnean, baita ilarak eratzeko fasean eta nabearen barnean iraultzeko fasean ere (ateak kontrolatzea, metaketak estaltzeko xaflak jartzea...).

–Ingurumen jarraipeneko plan bat ezarri beharko da usainen igorpena kontrolatzeko. Plan horrek, gutxienez, hiru urteko indarraldia izanen du, edo biztanleriari eragiten ez diola baieztatu arte.

–Kanpoaldean hondakin organikoen metaketak edukiz gero, abifauna horietara sartzea saihesteko neurri iraunkorrak hartuko dira (olana erdi-iragazkorrak jarrita, edo sareekin).

–Kanpoko argiztapena irailaren 17ko 199/2007 Foru Dekretuaren 3. artikulura egokitu beharko da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamendua.

–Atmosferarako isuriei, isurketei, zaratari eta hondakinen kontrolari buruzko gainerako baldintzatzaileei dagokienez, proiektuaren ingurumen baimen integratua aldatzen duen ebazpenaren baldintzetan jarritakoa bete beharko da.

3. Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluak aurreikusten duenari jarraikiz, “ingurumen-txostenaren aurka ezinen da errekurtsorik jarri, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jar daitezkeenei kalterik egin gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio-bidean jar daitezkeenei kalterik egin gabe”.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Kutsaduraren Prebentziorako Atalari, Arbizuko Udalari, Basozaintzari (Arakil-Ultzama barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urriaren 30ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1813351