239. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

341E/2018 EBAZPENA, urriaren 31koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: 13,2 kV-ko goi tentsioko lurpeko linea, “Murieta-Murieta” zirkuituko TZtik 401. euskarrira, Murietako udal-mugartean. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.

2018ko apirilaren 23an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago espediente hori. Aipatutako foru dekretuak onetsi zuen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Testu bategina uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Proiektatutako jarduketa honetan datza: lurpetik kablea botatzea “Murieta” TZren eta “Murieta-Murieta” zirkuituan proiektatutako 401. euskarri berriaren artean, “Murieta-Hegoaldea” zirkuitua ixteko eta eraztun eskema uzteko “Murieta-Murieta” zirkuituaren eta Murieta TEAren artean. Horretarako, lurpeko kable berri bat instalatuko da hiri lurzoruan, orain dagoen kanalizazioa erabiliz, Mendilibarri bidera iritsi arte, eta gero proiektatutako 384 metroko kanalizazio berri batetik jarraituko du lurzoru ez-hiritarreko bide horretatik, proiektatutako 401. euskarrira arte (deribatzekoa eta aireko lineatik lurpera igarotzekoa). Proiektuan sartzen da, halaber, 9. euskarrira arte iristen zen aireko linea bat kentzea, hiri lurzoruan. Linea hori udalerriaren iparraldean dago, eta Murieta TZraino iristen da.

401. euskarri berria bidearen aldamenean jarriko da, ezponda baten behealdean (Murietako 1. poligonoko 348. lurzatia); bertan pasako da aireko lineatik lur azpira, deribazio bidez. Horrek esan nahi du gaur egungo 401. euskarria kendu egin behar dela, ezponda horren goiko aldean kokatua baitago; hortaz, gaur egun errepidearen hegoaldean dagoen 402. euskarria eta iparraldean dagoen 105. euskarria konektatzen dituen aireko linea birjarriko da, ekialdetik mendebaldera “Lizarra-Gasteiz” trenbide zaharraren bide berdearen paraleloan igarotzen dena.

402. eta 105. euskarrien arteko baoak, 401. euskarri berria eta linea lurrera jaisten den lekua abifaunaren babes eremuetan sartzen dira, bat etorriz goi tentsioko linea elektrikoetako abifaunaren elektrokuzioaren eta talken ondoriozko heriotzak murrizteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuarekin. Horrenbestez, aplikatzekoak dira abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretu horretan ezarritako neurriak.

Espedientean jasota dago Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren aldeko txosten baldintzatua, 2018ko urriaren 23koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluan zehaztutako ondoreetarako. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak jarduketaren aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Murietako udal-mugartean 13,2 kV-ko goi tentsioko lurpeko linea jartzeko proiektuari, “Murieta-Murieta” zirkuituko TZtik 401. euskarrira. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

• Lokailu guztientzat U70YB20AL + PECA 1000 isolagailua erabili beharko da, aurkeztutako dokumentazioan adierazi bezala.

• Lurpeko lineara jaisten den euskarrian elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira linea nagusiko zubi lasaiak, eroaleen eta tximistorratz autobalbulen arteko zubiak, ebakigailuak, eta, hala badagokio, baita konexioko botilak ere. Halaber, finkatzeko grapa guztiak isolatu beharko dira grapa estalki aurreformatuen bidez. Isolamenduan erabilitako materiala egokia izan beharko da goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko. Bestetik, tximistorratz autobalbulak BCAC (“Bushing Connection Animal Cover”) aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.

• Proiektatutako euskarriaren ondoan dagoen sastrakaren ukipena ahalik eta txikiena izanen da.

• Zerbitzurik gabe gelditzen diren azpiegitura guztiak desmuntatu eginen dira.

• Indarreko legeria betez kudeatuko dira sortzen diren hondakinak, horien izaeraren arabera.

• Obrek ukitzen dituzten eremu guztiak jatorrizko erabileraren arabera lehengoratu beharko dira.

Hirigintzari eta lurraldeari dagokionez:

• Baimen honek lurzoru urbanizaezinean dagoen azpiegituraren zatia babesten du bakar-bakarrik.

• Arestian zeuden baldintzak berreskuratzea eta lur berdinketa eta lehengoratzea bermatuko dira, eta kontuan izanen da hodiarekin lotutako lurraren sestraren gainean elementuak egonez gero, 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dutela bide publikoaren kanpoko ertzetik.

• Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu nahi diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea.

• Herri-lurren Atalak 2018ko urriaren 19an emandako txostenarekin bat:

  • Linea elektriko berria herri-jabetzako lurrak zeharkatuz egin nahi da. Hori dela eta, obrarako lizentzia eman aurretik, Murietako Udalak Nafarroako Gobernuaren baimena lortu beharko du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, herri-lur horien erabilpena lagatzeko eta/edo bide zortasun elektrikoa eta karga eratzeko, aginduzko izapideen ziurtagiriak aurkeztuz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretuaren 143. artikuluan ezarritakoarekin bat.
  • Era berean, ordezkatu eginen den ibilbide zaharrerako zortasun elektrikoa eratzea ekarri zuten xedeak desagertu eginen direnez, lehenik eta behin herri-lurrei dagokien zortasun hori deuseztatu beharko da. Lur horiek toki entitatearen ondasunekoak izatera itzuliko dira, kargarik gabeko herri-ondasun gisa.
  • Herri-lur horiek jatorrizko egoerara lehengoratu beharko dira. Horretarako, lehengo lineako elementu guztiak (kableak, euskarriak, zimenduak, etab.) kendu eginen dira, ez da material edo hondakinik utziko eta landareak jarriko dira berriro.
  • Herri-lurrak desafektatzeko baimen hori emateak ez du galarazten beste baimen administratibo batzuk edo bestelako baimen batzuk ere eskatu behar izatea aplikatu beharreko berariazko legeriaren arabera, ez eta agintaritza eskudunek kasu bakoitzean eskatzen dituzten baldintzak erabat bete behar izatea ere.

• Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da. Testu bategina uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Azpiegitura Energetikoen Atalari, Murietako Udalari, Basozaintzari (7. barrutia, “Lizarra iparraldea”) eta interesdunari.

Iruñean, 2018ko urriaren 31n.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1813362