234. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

358E/2018 EBAZPENA, azaroaren 19koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita proiektu honetarako: Barasoainen egoitzak Nafarroako Gobernuaren Sare Korporatibora konektatzeko proiektua, Barasoaingo udal-mugartean. Sustatzailea Nasertic da.

2018ko irailaren 7an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren xedea da behar diren kanalizazioak jartzea, ahalbidetzeko AP15-eko 62+800 kilometro-puntuan dagoen kutxatila (han dago T9E lotura torpedoa), Barasoainen, konektatzea Barasoaingo Osasun Etxearen ondoan dagoen DF motako kutxatilaraino, Martin Azpilcueta HLHIP ikastetxetik igaroz, errazteko etorkizunean zuntz optikoa zabaldu dadila. Horretarako aurreikusten da, 1503 metroko guztirako trazaduran, lurpeko kanalizazio bat eraikitzea (638 metro), zanga bidez (40x80 cm), bi hodi izanen dituena (125 mm-ko PEko diametroa), lurzoru urbanizaezinean barna doan tartean. Kanalizazioaren trazadura, lehenbiziko 638 metroetan, AP15aren berman barna joanen da, eta gero hiri lurzoruan barna.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandako txostena jaso da. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: Barasoainen egoitzak Nafarroako Gobernuaren Sare Korporatibora konektatzeko proiektua, Barasoaingo udal-mugartean. Sustatzailea Nasertic da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

• Hoditeria eraikitzearen ondorioz sortzen diren hondakinak edo soberako materialak egoki kudeatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.

• Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Hirigintza arlokoak:

• Espedientearen tramitazio fasean Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari eskatu zitzaion txostena jaso ondoren, sustatzaileari igorriko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan. Nolanahi ere, oroitarazaten da ezen, ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen duela Arkeologia Atalari eman behar zaiola horren berri berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.

• Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

• Sustatzaileak behar diren baimenak lortu beharko ditu instalazioak Foru Komunitatearen jabetzapeko lurzatietan eragiten dituen ukipenetarako. Baimen horiek Ondare Zerbitzuan tramitatzen dira.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan ezartzen da lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Barasoaingo Udalari, Basozaintzari (Tafalla-Zangoza barrutia) eta interesdunari.

Iruñean, 2018ko azaroaren 19an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1814209