234. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARES

Ordenantza, Udal hilerriaren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Garesko Udalak, 2018ko irailaren 6an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Udal hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza. Hura 2018ko 183. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 20an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epean egindako alegazioak ebatzi ondoren, Garesko Udalak, 2018ko azaroaren 8an egin osoko bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea Udal hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza, eta haren testua osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Garesen, 2018ko azaroaren 9an.–Alkate udalburua, Oihan Mendo Goñi.

ORDENANTZA FISKALA, GARESKO HILERRIAREN ANTOLAMENDUA ARAUTZEN DUENA

Garesko udal hilerria zerbitzu publikoko ondasuna da, Udalaren agintearen mendekoa, hari baitagozkio hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zainketa, beste agintaritza batzuen eskumenekoak ez diren kasuetan izan ezik.

Garesko Udalari dagozkion eskumenen artean, premiazkoa da hilerriaren esparruak arautzea. Azken urteotan hainbat berrikuntza egin dira hilerrian, bi sarbide estetiko eta funtzional ezartzeko asmoz. Hilerriari dagozkion alderdi guztiak arautuko dituen ordenantzaren zirriborroa aztertze prozesuan dagoenez gero, eta esparruen antolamendua arautzeko dagoen premia dela eta, udalbatzari proposatu zaio esparruaren antolamenduari buruzko alderdiak soilik jasotzen dituen honako ordenantza hau onestea, eta honako testu hau, ordenantza zabalagoa garatzen denean, hari erantsi ahalko zaio.

Onesteko proposatu den testua Hirigintzako udal batzordeak aztertu du eta batzordeak oniritzia emanik, proposatu da onetsia izan dadin.

1. artikulua. Erregulazioa.

Garesko udal hilerria zerbitzu publikoko ondasuna da, Udalaren agintearen mendekoa. Honen bidez, arautu nahi dira hilobiek, nitxoek, kolunbarioek, mausoleoek eta abarrek hartzen dituzten esparruak, eta jada daudenak egokituz joan nahi da.

2. artikulua. Gurutzeak, hilarriak edo hilobi-harriak.

Hilobietako burualdean, bakarrik jarri ahalko dira gurutzeak edo hilarriak edo hilobi-harriak, gehienez ere honako neurri hauetakoak:

–Garaiera: 135 cm.

–Zabalera: 70 cm.

–Lodiera: 10 cm.

3. artikulua. Hilobietako lauzak.

Hilobietako lauzek inoiz ezin dute egon inolako zimendu gehigarri baten gainean, eta gehienez ere honako neurri hauetakoak izango dira:

–Luzera: 170 cm.

–Zabalera: 70 cm.

–Garaiera: 10 cm.

4. artikulua. Nitxo eta kolunbarioetako plakak.

Nitxo eta kolunbarioetako plakek, inolaz ere ez dute barnealdeak berak baino neurri handiagorik izango, eta ez dira egituratik 5 cm baino gehiago aterako. Era berean, debeku da inolako sinbolo edo apaindurarik jartzea nitxo edo kolunbarioetako egituran.

5. artikulua. Materialak.

Aurreko artikuluetan aipatutako ehorzketa sinboloak eta apaingarriak nahitaez izango dira material noblekoak eta hilerriko harmonia eta estetika orokorra mantentzen dutenak.

6. artikulua. Itxiturak.

Debeku da hilobien inguruan hesiak edo itxiturak jartzea, landaresiak edo bestelako landareak barne.

7. artikulua. Araudia ez-betetzea.

Ordenantza honetan xedatutakoa betetzen ez bada, Garesko Udalak ahalmena dauka araututakoa ez den edozein elementu kentzeko, eta horiek kentzearen eta lehengoratzearen kostua, ordenantza honetan ezarritakoa hausten duenaren edo dutenen konturakoa izango da.

8. artikulua. Ordenantza honetan ezarritakoaren aurkakoak izanik, dauden elementuak pixkanaka kentzea.

Gaur egun araua betetzen ez duten nitxoak, kolunbarioak, lurrean egindako ehorzketak, mausoleoak eta abar, araudira egokituz joan beharko dira eta, horretarako, pixkanaka kenduz joan beharko dira ezarritako gehieneko neurriak gainditzen dituzten elementuak. Nolanahi dela ere, erabileraren emakida berritzeko unean, ezingo da berritzea baimendu elementu hori egokitzen ez bada araudi hau edo ondoren onesten direnak betetzeko.

9. artikulua. Indarraldia.

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean, eta ondoren aldatu ahalko da edo Garesko Udal hilerriaren kudeaketa osorik arautzen duen ordenantzan sartu ahalko da.

Iragarkiaren kodea: L1813756