233. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

96/2018 FORU DEKRETUA, azaroaren 21ekoa, 2018ko “Frantzisko Xabierkoa” saria Adolfo Eraso Romero jaunari ematen diona.

Nafarroako Gobernuak “Frantzisko Xabierkoa” saria sortu zuen abenduaren 14ko 89/2009 Foru Dekretuaren bidez, eta haren helburua pertsona, entitate eta erakundeei esker ona azaltzea da, Foru Komunitatetik kanpo egindako lanaren bidez Nafarroari buruzko irudi ederra emateagatik gizartearen aurrerapenean, ongizatean eta hobekuntzan diharduen erkidego gisa.

Nafarroako Gobernuak uste du ezaugarri hauek erabat bateratzen direla Lizarrako kimikari, geologo eta glaziologo Adolfo Eraso Romero jaunarengan, zeina ikerketan eta irakaskuntzan aritu baita, eta gainera aldaketa klimatikoaren arazoa mundu osotik zehar zabaldu baitu.

Adolfo Eraso Romero (Lizarra, 1934) Geologian doktorea da eta Zientzia Kimikoetan lizentziaduna. New York Academy of Sciences akademiako kidea da (1994), eta Russian Academy of Natural Sciences akademian onartu zuen lehen kide espainiarra (2002). 2014an Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) honoris causa doktorea izendatu zuten. Poloak ikertzeko 80 espedizio baino gehiago egin ditu.

Bere karrera profesional luzean sari eta aitormen ugari jaso ditu: Espainiako Mendizaleen Federazioko Urrezko Domina (1977), Kubako Espeleologia Elkarteko ohorezko kidea (1983), Espainako Batzorde Olinpikoko kidea (1984-1993), UIS Espeleologia Nazioarteko Batzako ohorezko kidea (1986) edo Oviedoko Unibertsitatearen Domina (1984). Nafarroan, Urteko lizartarra izendatu zuten (1994) eta Nafar Ateneoaren Domina jaso zuen (1995).

María del Carmen Domínguez (Oviedo, 1969) dibulgatzailearekin batera, Adolfo Erasok GLACKMA sortu. GLACKMA irabazi asmorik gabeko elkarte zientifikoa da, zientzia, ikerketa, dibulgazioa, abentura eta ezezagunarekiko erakarmena elkartzen dituena, eta urteak daramatzana etengabe lan egiten planetako toki estrategikoetan, glaziarren bilakaera aztertzeko, horiek baitira beroketa globalaren sentsore berezkoak.

Bi poloetan aukeratutako hainbat glaziarraren etengabeko desizoztea era jarraituan erregistratuz, lortu dute aldaketa klimatikoaren denbora-adierazle oso fidakor bat aurkitzea, baita aldaketa bi hemisferioetako latitudeen arabera nola hedatzen den jakiteko adierazlea ere.

Horregatik guztiagatik, haren biografia eredugarrian Nafarroaren izen onari egindako ekarpena aintzatesteko, Nafarroako Gobernuak egokitzat jotzen du hari “Frantzisko Xabierkoa” saria ematea.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko azaroaren 21ean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. “Frantzisko Xabierkoa” saria Adolfo Eraso Romero jaunari ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2018ko azaroaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1814362