231. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANDOSILLA

Jarduera ekonomikoen eremuko UE-1 eta UE-2 exekuzio unitateak desjabetzeko eremua mugatzeko proiektua, eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda. Behin betiko onespena

Andosillako Udalak, 2018ko uztailaren 26an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Andosillako jarduera ekonomikoen eremuko UE-1 eta UE-2 exekuzio unitateak desjabetzeko eremua mugatzeko proiektua, bai eta proiektuak ukitutako titularren, ondasunen eta eskubideen zerrenda ere, eta jendaurrean jarri zituen hamabost eguneko epean. Osoko bilkura berean, Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA desjabetzearen onuradun deklaratu zen.

Jendaurreko epean Raúl Suescun Millánek, Suescun Inversiones SLren izenean eta hura ordezkatuz, hiru alegazio aurkeztu zituen. Hona hemen horien edukia eta erantzuna:

Lehen alegazioa.

–Edukiaren laburpena:

Alegatzaileak toki administrazioari eskatzen dio Osoko Bilkuraren 2018ko uztailaren 26ko erabakia (aipatu proiektua hasiera batez onesten duena) ondoriorik gabe uzteko, desjabetze espedientea abiarazteko onura publikoko edo interes sozialeko arrazoirik ez dagoelako.

Horretarako, argudiatzen du ez dagoela kanpoko eskaerarik Andosillan industria lurzorua ezartzeko, eta desjabetutako lurren destino naturala dela bere ordezkatuaren egungo instalazioak handitzea.

Alegazioaren bukaeran dio prest dagoela Udalarekin bide bat aztertzeko, espedienteko lurzatiak hobeki eta modu arrazionalagoan garatzearren.

–Erantzuna:

Andosillako Udal Planaren aldaketa, jarduera ekonomikoen eremua sustatzeko, Sustapeneko kontseilariak martxoaren 27an emandako 21E/2015 Foru Aginduaren bidez onetsi zen (2015ko 82. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 29koa). Jarduketa sistema desjabetzea da, eta horrek berarekin dakar obren onura publikoaren deklarazioa eta, desjabetzeko helburuarekin, lurrak okupatu beharra, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 81. artikuluari jarraikiz.

Hain zuzen ere, lurren destinoa industria-erabilera da, eta, ezbairik gabe, hori bateragarria da eremuan dauden instalazioak handitzearekin. Baina gogoratu behar da antolamenduko tresnaren exekuzioa dela, hain justu, destino hori gauzatzeko lehendabiziko pausoa. Areago, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legeak aukera aurreikusten du desjabetze akordioa adosteko, bi alderdien nahiak asetzearren.

Ezesten da alegazioa, desjabetze ekintza behar bezala justifikatu delako, onetsi diren hirigintzako tresnen arabera. Hala ere, alegatzaileak eskatzen dituen bideak aztertzen ahalko dituzte alderdiek, eremuaren garapena gauzatzeko.

Bigarren alegazioa.

–Edukiaren laburpena:

Alegatzialeak zalantzan jartzen du NASUVINSA enpresa publikoaren gaitasuna desjabetzearen onuradun izateko, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz, jakinarazitako erabakian ez delako ezer aipatzen NASUVINSAk nahitaezko desjabetzeen onuradun izateko legez jaso behar duen aitorpenari dagokionez.

–Erantzuna:

Andosillako Udalak 2018ko uztailaren 26an egindako osoko bilkuraren bigarren erabakiaren bidez, NASUVINSA desjabetzearen onuradun deklaratu zen. Izaera hori jaso eta babesten da honako arau hauetan: Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 2.2 artikulua, Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 42.5 artikulua, eta Udal Planeko aipatu aldaketaren 3. eta 15. artikuluak.

Gainera, NASUVINSA enpresa publikoa, otsailaren 4ko 43/1988 Foru Dekretuaren bidez eratua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erakunde instrumental bat da, eta bere helburua da, besteak beste, Administrazioak esleitzen dion hirigintzako planeamendua sustatu eta exekutatzea. Espediente honetan jarduten du, toki administrazio desjabetzailearekin hartutako konpromisoak betetzeko, 2013ko martxoaren 1ean sinatutako lankidetza-hitzarmenari eta 2018ko uztailaren 19ko eranskinari jarraikiz.

Ezesten da alegazioa, toki administrazio desjabetzailearekin hartutako konpromisoak betetzeko jarduten duelako NASUVINSAk, 2013ko martxoaren 1ean sinatutako lankidetza-hitzarmenari eta 2018ko uztailaren 19ko eranskinari jarraikiz.

Hirugarren alegazioa.

–Edukiaren laburpena:

Alegatzaileak adierazten du lur zerrenda baten jabea dela, hain justu Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroan zuriz grafiaturik dagoena, 4. poligonoko 1685. eta 1686. lurzatien hegoaldean, eta hori frogatzeko dokumentazioa eransten du.

–Erantzuna:

Udalaren ebazpenak definitzen duen desjabetze eremuan, ukitutako ondasun eta eskubideen artean, ez dago alegatzaileak beretzat aurkezten duen lur puska. Gogoratu behar da informazio publikoaren tramiteak edozeini aukera ematen diola idatziz oharrak eta alegazioak aurkezteko, argitaratutako ondasun eta eskubideen zerrendako balizko akatsak zuzentzeko, edo okupazio beharrari aurka egiteko, edukizko zein formazko arrazoiengatik. Beraz, ez dira egokiak prozedura honetan sartzen ez diren ondasunei buruzko adierazpenak.

Ezesten da alegazioa, desjabetze-espediente honen xede ez den ondasun bati buruz egiten delako.

Andosillako Udaleko Osoko Bilkurak, aipatu aurrekariak kontuan hartuz,

ERABAKI DU:

Lehena.–Informazio publikoaren epea ebaztea, ebazpen honen azalpen zatian alegazioei erantzuteko adierazitakoaren arabera.

Bigarrena.–Behin betiko onestea Andosillako jarduera ekonomikoen eremuko UE-1 eta UE-2 exekuzio unitateak desjabetzeko eremua mugatzeko proiektua, bai eta proiektuak ukitutako titularren, ondasunen eta eskubideen zerrenda ere; obren onura publikoaren deklarazioa eta lurrak okupatu beharra deklaratu ziren, era inplizituan, exekutatzen ari den Udal Planeko aldaketa onestean; aurkeztutako alegazioa azalpen zatian adierazi moduan ebazten da.

Hirugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitateko egunkari batean argitaratzea, Andosillako Udalaren iragarki-taulan jartzea, eta jakinaraztea alegatzaileari, NASUVINSAri eta hasierako onespenean argitaratu zen ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendako titular bakoitzari, informazio publikoaren tramitean ez baita aldatu.

Andosillan, 2018ko urriaren 31n.–Alkate udalburua, José Manuel Terés Azcona.

Iragarkiaren kodea: L1813278