Iragarkia
23. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 1a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OLAZTI
Udalaren kirol instalazioen gaineko erregelamendua eta Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena
Olaztiko Udalak, 2017ko irailaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Olaztiko Udalaren kirol instalazioen erregelamendua eta Olaztiko Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Erabaki hori iragarki oholean paratu zen, eta 2017ko 200. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, urriaren 17an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, behin betiko onetsi dira Olaztiko Udalaren kirol instalazioen erregelamendua eta Olaztiko Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.
UDALAREN KIROL INSTALAZIOEN FUNTZIONAMENDUAREN GAINEKO ERREGELAMENDUA
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Erregelamendu honen xedea da Olaztiko Udalaren kirol instalazioen erabilera arautzea; erregelamendua Olaztiko Udalaren antolamendu juridikoari atxikirik geldituko da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.
2. artikulua. Instalazioen titulartasuna eta haien kudeaketa.
Olaztiko Udala da Udalaren kirol instalazioen titularra; horiek jabari publikoko ondasunak eta zerbitzu publikoa dira, funtsean kirol, kultura eta gizarte arloetan erabiltzeko. Olaztiko Udalaren kirol instalazioak kudeatzeko zerbitzuak zuzenean eginen dira, Erburua Olazti SL izeneko udal sozietate publikoaren bidez.
3. artikulua. Olaztiko Udalaren esku-hartze administratiboa.
Zein den ere instalazioetan egiten den jarduera, Olaztiko Udalak esku-hartze administratiboa eginen du antolaketan, baita agintaritzari dagozkion eginkizun guztiak ere, bere eskumenekoak badira. Kontrol eta zainketa arloko eginkizunak utziko ditu instalazioen ardura duten langileen esku, Erburua Olazti SL udal sozietatearen mende egonen baitira.
4. artikulua. Kirol instalazioen erabilera.
Edonork du instalazioak erabiltzeko baimena, Olaztin erroldaturik egon ala ez, zein den haren arraza, sexua edo gizarte egoera, instalazioak erabiltzeko eta bertan baimendutako jarduerak egiteko eskubidea eta betebeharra izanen baitu, haien izaerarekin, erregelamendu honekin eta kasu bakoitzean aplikatzen ahal den araudiarekin bat.
5. artikulua. Erabiltzeko baldintzak.
Udal instalazioak gorputz jarduera egin nahi duten guztien eskura daude, eta baldintza onetan gorde behar dira segurtasunari, osasungarritasunari eta apaindura publikoari dagokienez.
Norbanakoei instalazioetara sartzeko eta haiek erabiltzeko mugak ezarri ahal izanen zaizkie, erregelamendu honetan edo/eta aplikatzen ahal den bestelako araudi batean ezarritakoa betetzen ez denetan.
Edukiera mugatua izanen da instalazioen arabera. Igerilekuetan, instalazio bakoitzaren edukiera izanen da igerilekua osatzen du(t)en ontzi(ar)en eta haren ingurukoaren azaleraren araberakoa; betiere, Erabilera kolektiboko igerilekuen baldintza tekniko-sanitarioak ezartzen dituen maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretuan ezartzen denari jarraikiz kontatuko da hori.
6. artikulua. Zainketa eta ikuskapen lanak.
Instalazioetako ondasun higigarri eta higiezin guztiak errespetatzeko konpromisoa hartzen dute haien erabiltzaileek. Ondasun horietan egin kalteak egileak berak edo haren legezko ordezkariak ordainduko ditu. Udalak beretako gordeko du auzibidera jotzeko aukera kalteak eta balizko kalte-ordainak erreklamatzeko, baita zehapenak jartzeko ahalmena ere.
Betiere Udalaren instalazioen ardura dutenek zehazten dituzten jarraibideei eta arauei jarraitu beharko zaie, Udalak horien eskutan utzi baitu zaintzeko eta ikuskatzeko ahalmena. Igerilekuetan, instalazioko sorosleek eta igerilekuetan sarbidearen ardura duten langileek betearaziko dituzte erabilerari buruzko arauak. Horretarako, identifikaturik egonen dira. Jardueren arduradun edo monitoreak eta kluben arduradunak beharturik daude erregelamendu hau ezagutzera eta betetzera, baita haien ardurapean dauden kirolariak ere.
Kirol instalazioen ardura duten langileek, sorosleek eta igerilekuetako sarbidearen ardura duten langileek ahalmena dute kirol instalazioetan eta udal igerilekura sartzen diren guztiei NANa edo nortasuna egiaztatzen duen beste edozein agiri eskatzeko.
Erregelamendu honetako arauen aurkako jokabidea duten erabiltzaileei zein ikusleei, edo une horretan instalazioan dauden pertsonak edo gauzak errespetatzen ez dituztenei, kargu-hartzea eginen diete instalazioaren arduradun, sorosle edo igerilekuen sarbideko langileek. Ahozko kargu-hartzeari kasurik egiten ez bazaio, instalazioaren arduradun, sorosle eta igerilekuen sarbideko langileek ahalmena dute erabiltzaile edo ikusle horiek instalaziotik egozteko.
Erabiltzaile orok badu eskubidea kirol instalazioetako arduradunei eskatzeko arau horiek bete daitezela.
Ez Olaztiko Udalak ez Erburua Olazti SL udal sozietateak, ez dute erantzukizunik instalazioetan galtzen edo hondatzen diren gauza pertsonalen gainean, ezta aldagelen eta armairuen barruan uzten diren gauzen gainean ere.
7. artikulua. Adingabeak kirol instalazioetan sartu eta haiek erabiltzea.
18 urtetik beherako adingabeen gurasoak, tutoreak edo haien zaintza dutenak erantzule izanen dira instalazioetako erabileraz edo haien portaeraz eta Udalaren kirol instalazioetan dauden bitartean gertatzen diren arau-hauste oroz.
Debeku dute instalazioetara sartzea 10 urte bitarteko adingabeek, non ez diren haien zaintza dutenekin batera sartzen; gainera, zaintzaile horiek lagundu beharko diete beti.
Instalazioen barruan adingabeen segurtasunaren ardura haien zaintzaileena da. Udal igerilekuetan, 10 urte bitarteko adingabeak helduren batek lagunduta sartuko dira. Igerilekuen barruan, adingabeen ardura haiekin sartu diren helduena izanen da beti.
8. artikulua. Kirol instalazioen ordutegia.
Olaztiko Udalak onetsiko du instalazioen ordutegia. Horren berri emanen zaie erabiltzaileei une oro, eta aldatzen ahalko da zerbitzuaren premiengatik edo garbitu beharragatik, edo, igerilekuen kasuan, mantentze-lanak egin edo ura berritu behar denean.
Kiroldegiaren gaur egungo ordutegia:
–Lanegunetan: astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 21:45era.
–Larunbatetan: 9:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 21:00etara.
–Igande eta jaiegunetan: itxita.
Igerilekuaren udako ordutegia:
–Lanegunetan: astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 20:00etara.
–Igande eta jaiegunetan: 11:00etatik 20:00etara.
Urtero onetsiko da egutegia, kiroldegia itxita egonen den oporraldiak adierazita.
9. artikulua. Udal instalazioetara sartzea.
Abonatuak eta, kasu batzuetan, abonatu gabeak sartzen ahal dira instalazioetan.
9.1.–Abonatuak.
Abonatua da behar den eskaera egin, matrikula ordaindu eta dagokion ordenantza fiskalean adierazitako kuota ordaindu ondoren abonatu-txartela duena. Txartela pertsonala eta besterenezina da.
9.1.1.–Abonamendu orokorrak.
Abonatuak instalazio guztietara sartzen ahalko dira, eta haiek erabili, igerilekua barne. Salbuespenak dira adin mugak dituzten instalazioak eta udako abonamenduak, zeinek soilik igerilekuetara sartzeko aukera ematen baitute.
Olaztiko Udalak finkatutako kuotak ordainduko dituzte abonatuek hilean, hiruhilekoan edo urtean behin, eta kuota horiek aldatzen ahalko dira, Udalak proposatuta.
9.1.2.–Familiako abonamendu orokorrak.
Abonatuak instalazio guztietara sartzen ahalko dira, eta haiek erabili, igerilekua barne. Salbuespenak dira adin mugak dituzten instalazioak eta udako abonamenduak, zeinek soilik igerilekuetara sartzeko aukera ematen baitute.
Abonamendu mota honetan, guraso bakarreko familiak eta bi gurasokoak bereizten dira. Bi kasuetan, 13 urte bitarteko adingabeek (13 urtekoek barne) ez dute kuotarik ordainduko, betiere bi gurasoak instalazioko abonatuak badira, dagokion tarifarekin; guraso bakarreko familia bada, gurasoak edo adingabeen tutoreak izan behar du abonatua.
Arduradun bakarreko edo guraso bakarreko familiatzat jotzen da aita edo ama bakar batek eta haren ardurapean dauden seme-alaba guztiek osatutakoa; ardurapean egoteak esan nahi du haien gaineko zaintza eta ardura eta legezko helbide bera izatea, gurasoa ezkongabea edo legez banandua bada, ezkontza deuseztatu bazen, alargundu bazen edo ebazpen judizial bat badago.
9.1.3.–Igerilekuen udako abonamendua:soilik igerilekura sartzeko aukera ematen dute, eta udan bakarrik, ekainetik irailera, ordenantza fiskalean adierazitako tarifak ordaindu ondoren. Udako abonamendu hau denboraldikoa, hilabetekoa edo hamabostaldikoa izan daiteke. Hilabeteko abonamenduan, ordainketa hilabete osorako da, 1etik 30 edo 31ra, abonamenduaren hasierako eguna edozein delarik ere. Hamabostaldiko abonamenduan, ordainketa hamabostaldi osorako da, 1etik 15era edo 16tik 30 edo 31ra, abonamenduaren hasierako eguna edozein delarik ere.
9.1.4.–Igerilekuen udako abonamendua, familiakoa:soilik igerilekura sartzen ahal dira, eta udan bakarrik, ekainetik irailera.
Abonamendu mota honetan, 13 urte bitarteko adingabeek (13 urtekoek barne) %50eko hobaria dute abonamenduaren prezioan, eta guraso bakarreko familientzat aurrekoan xedatutakoa aplikatzen da.
Udako abonamendu hau denboraldikoa, hilabetekoa edo hamabostaldikoa izan daiteke. Hilabeteko abonamenduan, ordainketa hilabete osorako da, 1etik 30 edo 31ra, abonamenduaren hasierako eguna edozein delarik ere. Hamabostaldiko abonamenduan, ordainketa hamabostaldi osorako da, 1etik 15era edo 16tik 30 edo 31ra, abonamenduaren hasierako eguna edozein delarik ere.
–Abonatuek aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Kirol instalazioen abonatua izateko, inskripzio fitxa bat bete beharko da izena eman nahi duen pertsona bakoitzeko, 4 urte bitarteko adingabeak eta familiako abonamenduan sartzen diren haurrak barne, kuotarik pagatzen ez badute ere.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
–NANaren fotokopia.
–Familia-liburuaren fotokopia, haur abonatuak badira.
–Alargunak, dibortziatuak edo izatezko bikoteak direnek, 13 urte bitarteko seme-alabak (13 urtekoak barne) familiako abonamenduan sartzeko, egoera horren frogagiri ofizialak aurkeztu beharko dituzte.
–Desgaitasunen bat dutenek, egoera horren frogagiri ofizialak aurkeztu beharko dituzte.
9.2.–Abonatu gabeak.
Abonatu gabeak bide hauetako baten bidez sartzen ahal dira:
9.2.1.–Eguneko txartela erosiz, kiroldegira edo udal igerilekuetara sartzeko, edo dutxak erabiltzeko, dagokion ordenantza fiskalean ezarritako tarifa ordainduta.
9.2.2.–Kirol ikastaroetan inskribatuz.
9.2.3.–Pista edo areto bat alokatuz ordu batzuetarako. Erregelamendu honen 21. artikuluaren arabera eginen da erreserba.
9.2.4.–Pista edo areto bat alokatuz egun batzuetarako, bonuen bidez.
9.2.5.–Aldizkako entrenamenduetara joanez, erregelamendu honen 18. artikuluan jasotakoaren arabera.
9.2.6.–Ikastaroren bat egiten duten adingabeei lagunduz.
9.2.7.–Harmaila eremura ikusle gisa sartuz. Ikusleak harmaila eremura sartzen ahalko dira entrenamenduetan (entrenatzaileak hori baimentzen badu), lehiaketa ofizialak egiten direnean, eta txapelketak, erakusketak eta bestelako jarduerak egiten direnean.
Kirol jarduera batean inskribatutako abonatu gabeek 20 minutu izanen dute jarduera horren aurretik eta ondotik aldagelak eta dutxak erabiltzeko, eta ez dituzte erabiliko kirol instalazioaren kirol zerbitzuak: sauna, muskulazio-gela, etab.
Soilik kiroldegiko zein igerilekuetako dutxak erabili nahi dituzten abonatu gabeek 30 minutu izanen dute horretarako, eta ez dituzte erabiliko kirol instalazioaren kirol zerbitzuak: sauna, muskulazio-gela, etab.
Aurreko paragrafoan ezarritako arauak bete ezean, pertsona horiei ohartarazpena eginen diete instalazioen arduradunek, eta berriro ere falta berdinean berrerortzen badira, jardueran baja emanen zaie, hartan jarraitzeko eskubide oro galduko dute eta ezin izanen dute kuotaren itzulketarik eskatu.
10. artikulua. Kexak eta iradokizunak.
Kirol instalazioen edozein erabiltzailek eskubidea du erreklamazioak, kexak eta iradokizunak aurkezteko arduradunaren aurrean, edo idatziz, instalazioetan, udaletxean, web-orrian edo posta elektronikoaren bidez.
11. artikulua. Animaliak kirol instalazioetan.
Instalazioetan ez da animaliarik sartuko. Laguntza-txakurrak sartzen ahal dira behar bezala identifikatuta, beren lana egiteko eta otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legean ezarritako baldintzak beteta. Foru lege horren bidez, ezgaitasuna duten pertsonak, laguntza-txakurrekin daudenean, gune irekietan eta mugatutako beste gune batzuetan sartu, ibili eta egoteko askatasuna arautu zen.
12. artikulua. Publizitatea kirol instalazioetan.
Instalazioetan publizitate estatikoa ezartzeko, mezua gauzatzeko edozein euskarri erabiltzen dela ere, aldez aurretik baimena lortu eta dagokion tasa edo prezio publikoa ordaindu beharko da.
Ezin izanen da publizitaterik ezarri baldin eta euskarriak duen forma, kolore, marrazki edo hitzengatik bertako seinaleekin nahas badaiteke, ikustea eragotz badezake edo ikusleen nahiz erabiltzaileen segurtasunari kalte egin badiezaioke.
Nolanahi ere, udalaren instalazioan edozein publizitate mota ezartzeko, instalazioen arduradunei berariaz eskatu beharko zaie baimena, eta hori horretarako prestatutako informazio paneletan kokatuko da.
II. TITULUA
Araudi partikularra
I. KAPITULUA
Pista, sauna eta muskulazio-gelaren erabilera
13. artikulua. Pistaren erabilera.
Kiroldegiko pistatik kanpo ezin da inolako kirol jarduerarik edo jokorik egin, ez baita horretarako prestatutako eremua.
Halako jarduera zehatz baterako erabiltzeko aurreikusi eta baimendutako epea iraganda, erabiltzaileek pista utzi beharko dute, are gehiago ondotik beste jarduerarik bada.
Kiroldegiko pistara kirol oinetako egokiak jantzita baino ezin izanen da sartu. Gauzak horrela, debekatuta dago zapatak, botak edo bestelako oinetakoak jantzita sartzea.
14. artikulua. Saunaren erabilera.
Saunara sartzeko, txankletak eta xukadera eraman beharko dira. 18 urtetik beherakoak ezin dira saunara sartu.
15. artikulua. Muskulazio-gelaren erabilera.
16 urtetik beherakoak ezin dira muskulazio-gelara sartu, salbu sendagileak agindu eta norbaitek gainbegiratzen badu. Kirol arropa eta oinetako egokiak jantzita sartu beharko da gelan.
II. KAPITULUA
Kiroldegiko eta udal igerilekuetako aldagelak eta armairuak
16. artikulua. Aldagelen eta dutxen erabilera.
Aldageletan erabiltzaileak arropaz aldatuko dira, eta armairuetan gauza pertsonalak, arropa eta oinetakoak gordeko dituzte. Ezin da arropa utzi aldageletan hortik ateratzen denean.
Aldagelez edo dutxez baliatzeko, partikularrek txankletak edo gisako oinetakoak erabili beharko dituzte, debekatua baitago oinutsik dutxatzea. Norberaren garbiketa egiteko eta arropa janzteko eta eranzteko, aldagelak erabili behar dira derrigorrez, eta debekatuta dago aldageletan arropa uztea kirol instalazioak erabiltzen ez direnean.
Erabiltzaileek bete beharko dituzte aldagelak eta dutxak mantentzeko arduradunek erabilera egokiari buruz ematen dizkieten aholku eta aginduak.
Instalazioak erabiltzen ez dituztenak ezin dira aldageletara sartu, salbu ikastaro batean inskribatutako adingabeei edo desgaitasun batengatik aldageletan modu autonomoan moldatu ezin direnei laguntzen dietenak.
Espresuki debeku dira beste erabiltzaileak asaldatzen edo gogaitzen dituzten jarduerak, bai eta instalazioko elementuentzat arriskutsuak direnak ere.
Aldageletan eta dutxetan toki horiek berezko dituzten jarduerak egiteko behar den denbora erabiliko da, ez gehiago. Kalkulatu da 30 minutu behar dutela kirol instalazioetako edo igerilekuetako dutxak bakarrik erabiltzen dituztenek, eta kirol jarduera batean inskribatutakoek 20 minutu behar dutela ikastaroaren aurretik prestatzeko, eta beste 20 minutu ikastaroaren ondotik dutxak eta aldagelak erabiltzeko.
Honako hauek debekatzen dira espresuki aldageletan: erretzea, jatea, isur daitezkeen edariak ontzi edo latetan sartzea, edo kristalezko elementuak edo antzekoak izatea (hautsiz gero zauriak sortzen ahal dituztelako).
III. KAPITULUA
Ikastaroak eta aldizkako jarduerak baimendu eta koordinatzea
17. artikulua. Jardueren arduradunek edo monitoreek eta kluben arduradunek erregelamendua ezagutu eta bete beharko dute, instalazioen arduradun izaera dutelako, baita haien ardurapean dauden erabiltzaileek ere.
18. artikulua. Egutegi programatua.
Kirol, kultura eta eskola elkarteek jarduera, entrenamendu eta abarren egutegia komunikatuko diote Erburua Olazti SL sozietateari idatziz, hark instalazioetako langileei jakinaraz diezaien, denboraldiaren (ikasturtearen) hasieran eta betiere hilabete lehenago, jarduera edo kirol mota, egunak eta orduak zehaztuta; aldi berean, instalazioa erabiltzeko baimena eskatuko dute. Kasu berezietan, alkateak badu eskubidea ordu tarte batean edo gehiagotan erabiltzeko baimena baliorik gabe uzteko, baldin eta eskaera berezi bati erantzun beharra suertatu edo Udalak antolatu ekintzak gauzatu nahi badira. Betiere, ukituek horren berri izanen dute, gutxienez 10 egun lehenagotik eta, posible bada, erabiltzeko baimena beste egun edo ordu batera aldatuko da.
19. artikulua. Ikastaroak eta jarduerak.
Abonatuek lehentasuna izanen dute ikastaroetan inskribatzeko.
Erburua udal kiroldegiak jarduerak eteteko edo atzeratzeko eskubidea gordeko du beretzat plaza guztiak betetzen ez badira edo ikastaroan zehar bertaratuen kopurua nabarmenki jaisten bada.
Ikastaroa abiarazi ondoren jardueretan izena eman nahi duten pertsonek hori egiten ahalko dute, jarduera horretan plaza libreak badaude eta ikastaroaren prezioa proportzioan ordaintzen bada.
Debekatuta dago edozein jarduera zuzendu, programa fisiko edo entrenamendu egitea, baita Erburua Olazti SLk edo udal instalazioaren arduradunak baimendu edo aurreikusi gabeko edozein jarduera arrunt egitea ere.
20. artikulua. Bonuak.
Bonu bat eskuratzen duen erabiltzaileak eskubidea izanen du kirol mota, zerbitzu edo jarduera jakin batean aritzeko aurreikusitako saio kopuruan. Soilik berariaz aurreikusten bada, bonu bat kirol mota, zerbitzu edo jarduera batzuetan erabiltzen ahalko da. Bonuek urtebeteko indarraldia dute, egin diren egunetik aurrera.
21. artikulua. Jarduera puntualak baimendu eta koordinatzea.
Noizean behineko erreserbak instalazioetan bertan eginen dira edo telefonoz nahiz posta bidez, eta arduradunekin hitz eginda, horretarako eguna, ordua eta erabiltzailearen izena adierazita.
IV. KAPITULUA
Igerilekuak
22. artikulua. Sorosleak eta igerilekuetako sarbidearen arduradunak.
Instalazioko sorosleak identifikatuta egonen dira eta, igerilekuko sarbidearen arduradunekin batera, erantzukizuna izanen dute erabiltzaile guztiek igerilekua erabiltzeko arauak bete ditzaten; ahalmena izanen dute erregelamendu hau betetzen ez dutenak barrutitik egozteko.
Igerilekuetan lehiaketak badira, entitate antolatzailea arduratuko da barrutiko ordenaz, bai ontzietan bai aldageletan eta harmailetan, eta erantzukizuna izanen du instalazioak behar bezala erabil daitezen.
23. artikulua. Igerilekuen erabilera.
Igerilekuak behar bezala erabiltzeko, honako gomendio hauek ezartzen dira:
Barrutian gainerako pertsonak eta haien bainua errespetatu behar dira.
Igeriketan ikasteko, elementuren bat beharrezkoa bada, sorosleari eskatzen ahal zaio, eta gero erabiltzeko moduan itzuli.
Erabiltzaileek, istripuak saihesteko, egiaztatu behar dute igerilekuetako tarte bakoitzaren sakontasuna hara sartu baino lehen.
Segurtasun eta higiene neurriak zorrozki bete behar dira guztien onurarako.
24. artikulua. Segurtasun eta higienearen arloko zehapen arauak.
Igerilekuen funtzionamendu ona lortzeko eta jarduera fisiko eta bainu mota guztien ohiko garapena ahalbidetzeko, honako arau hauek ezartzen dira, nagusiki ohitura higienikoak sustatu, instalazioak zaindu eta mota guztietako arriskuak prebenitzearren:
a) Bainu-txanoa erabili behar da.
b) Instalazioen barruan ezin da bustita edo oinutsik ibili; bainu-txanklak erabili behar dira komunetan, aldageletan eta igerilekuaren inguruan.
c) Bainatzeko, arropa egokia erabili behar da. Ezin da bainatu azpiko arropaz edo kaleko arropaz jantzita.
d) Debekatuta dago jatea edo beirazko ontziak erabiltzea igerilekuen inguruan. Ez dago baimenduta zaborra lurrera botatzea edo kirol instalazioan uztea; horretarako, zakarrontziak erabili behar dira.
e) Debekatuta dago ura zikintzea higienearen aurkako jokabideen bidez.
f) Debekatuta dago joko eta jokabide arriskutsuak egitea, korrika egitea, uretara bortizki jauzi egitea, gauzak botatzea, etab.; eta, oro har, egin beharreko jardueren garapena trabatu edo eragozten duten egintza guztiak.
g) Dutxatu behar da bainatu aurretik eta ondotik, eta oinetarako dutxatik igaro igerilekuetara sartzeko.
h) Instalazioak behar bezala erabili behar dira une oro, eta erabiltzaileak eta gune bakoitzaren erabilerak errespetatu behar dira, bai eta instalazioetako langileak ere.
i) Debekatuta dago koltxonetak erabiltzea, baita erabiltzaileak kaltetu edo gogaitu ditzaketen elementuak ere, salbu ordutegi eta/edo jarduera jakin batzuetan.
j) Ezin dira bainatu eritasun infekto-kutsakor bat dutenak, ez eta halako eritasun bat dutelako susmoa dutenak ere, batez ere azaleko eritasuna bada.
k) Igerilekuen barrutira ezin dira eguzkitakoak edo antzeko osagarriak sartu.
l) Ezin dira lagun egiteko animaliak sartu igerilekuen barrutira, salbu 11. artikuluan aipatzen diren laguntza-txakurrak.
m) Barrutira sartzeko tiketa erosten duenak eskubidea izanen du espazio hauek erabiltzeko, baina ez erreserbatu, mugatu edo zedarritzeko.
n) Belardietan ezin da gainerako erabiltzaileei traba edo belardiari eta gainerako landare apaingarriei kalte egin diezaiekeen deusetan aritu.
o) Egonguneen xedea lasaitasunerako eta atsedenerako toki izatea denez, ez da onartuko bertan transistorerik, irrati-kaseterik edo gisakorik erabiltzea, gainerako erabiltzaileei aztoramendua ekarri edo traba egiten ahal dien bolumenean.
p) Ahal dela, olioak, makillatzeko produktuak eta gainerako kremak saihestuko dira, ura zikindu eta zerbitzua degradatzen dutelako. Horrelakoak erabiltzen dituztenak behar bezala dutxatuko dira uretan sartu aurretik, modu horretan ezabatzeko.
q) Igerilekuaren ontzien erabilera mugatzen ahalko da, edo debekatzen, osasun edo segurtasun arrazoiengatik, edo Udalak antolatutako edo babestutako talde-jardueretarako.
r) Hegalak erabiltzea. Hegalak erabiltzen ahal dira, betiere sorosleak edo instalazioaren arduradunak horretarako baimena ematen badu.
s) Debekatuta dago ur-puxikak erabiltzea udal igerilekuaren instalazioen barruan.
IV. TITULUA
Arau-hauste eta zehapenak
25. artikulua. Orokortasunak.
Ordenantza honen arau-haustetzat joko da bertan ezarritako obligazio edo debekuak osorik edo partez ez betetzea, eta zehapen administratiboa ekarriko du, arlo zibilean edo penalean gerta litekeen erantzukizuna deusetan galarazi gabe. Zehapena edozein delarik ere, instalazioetako arduradunek ahalmena dute arau-hausle bat barrutitik egozteko ahozko kargu-hartzeari kasurik egiten ez dionean; horrez gain, arau-hausleak abonatu edo ikasle izaera osorik edo partez galduko du.
26. artikulua. Araudia.
Zehapen araubidea 39/2015 eta 40/2015 legeetan ezarritakoa da, ezertan galarazi gabe toki araubidearen arloan xedatutakoa.
27. artikulua. Eragindako kalteak konpontzea.
Dagozkion zehapenak ezartzeaz gain, arau-hauste baten ondorioz kirol instalazioaren elementu bat narriatu, apurtu edo hondatzen bada, egindako konponketen edo berriz jarritako materialen zenbatekoa ordaindu beharko du arau-hausleak. Arau-hauslea adingabea bada, haren gurasoek edo tutoreek erantzun beharko dute. Orobat, erantzule subsidiarioak izanen dira jarduera antolatu edo igerilekua alokatu duten entitateak.
28. artikulua. Arau-hauste arinak.
Hauek dira arau-hauste arinak:
a) Aldageletan eta barneko dutxetan behar ez bezalako oinetakoekin ibiltzea.
b) Kirol instalazioetan erretzea.
c) Barrutian sartzea edozein animalia, laguntza-txakurrak salbu.
d) Instalazioko funtzionamendu orduak ez errespetatzea.
e) Behar den jokabidea eta errespetua ez agertzea gainerako abonatuekiko.
f) Instalazioak zikintzea.
g) Pipak edo oskola duten fruitu lehorrak jatea.
h) Beirazko elementuak edo objektuak edo ezpaltzen ahal den beste material batekoak erabiltzea.
i) Instalazioen funtzionamendu egokia lardaskatzea, gainerako erabiltzaileak gogaitzen ahal dituzten oihuak eginez, baita lasterka, jauzi edo bulka egitea, edo gainerako erabiltzaileei traba egin edo beroriek arriskutan jar ditzakeen edozein ekintza, eta oro har gainerako erabiltzaileak gogaitzen ahal dituen edozein gauza egitea eta instalazioak behar ez bezala erabiltzea.
j) Muskulazio-gelara behar ez bezalako arropa edo oinetakoekin sartzea.
k) Bihotz-makinak sobera denboraz erabiltzea (30 minututik gora), beste erabiltzaile batzuk esperoan daudenean.
l) Saunara arropa edo oinetako desegokiak jantzita sartzea.
m) Erregelamendu honetan ezarritakoari kontra egiten ahal dion beste edozein jarduketa, astuntzat edo oso astuntzat hartzen ez bada.
29. artikulua. Arau-hauste arinen zehapenak.
Arau-hauste arinak honela zehatuko dira:
1. Aldi baterako kanporatzea, gehienez ere zazpi egunetarako, eta aldi horretan abonu eskubide guztiak galtzea.
2. Ohartarazpena.
3. 750 eurora bitarteko isuna.
30. artikulua. Arau-hauste astunak.
Hauek dira arau-hauste astunak:
1. Instalazioetako langileen esanei kasurik ez egitea, baita arduradunak iraintzea edo haiei errespetua galtzea ere.
2. Instalazioak edo materialak hondatzea, funtzionamenduari kalte larririk egin gabe.
3. Instalazioetan begi bistan mozkor edo drogak jota sartzea.
4. 16 urtetik beherakoak muskulazio-gelara eta 18 urtetik beherakoak saunara sartzea, salbu sendagileak agindu eta norbaitek gainbegiratzen badu. Abonatu gabeak sartzea ahalbidetzen duten egoeretako batean (erregelamendu honen 9.2 artikuluan jasoak) ez egotea.
5. Instalaziora sartzea abonatua izan gabe.
6. Jostetan eta kirolean aritzea horretarako prestaturik ez diren tokietan.
7. Komunak eta aldagelak behar diren kasuetan ez erabiltzea.
8. Falta arinetan berrerortzea.
31. artikulua. Arau-hauste astunen zehapenak.
1. Aldi baterako kanporatzea, gehienez ere hamabost egunerako, eta aldi horretan abonatu eskubide guztiak galtzea.
2. 1.500 eurora bitarteko isuna.
32. artikulua. Arau-hauste eta zehapen astunen preskripzioa.
Arau-hauste astunek hiru urteren buruan preskribatuko dute, eta arau-hauste astunen zehapenek bi urteren buruan.
33. artikulua. Arau-hauste oso astunak.
Hauek dira arau-hauste oso astunak:
1. Instalazioetara sartzeko txartelak edo bertako giltzak faltsutzea.
2. Beste erabiltzaile batzuen, ikusleen edo instalazioen arduradunen kontra liskar, zalaparta, eraso fisiko edo hitzezkoak erabiliz instalazioen funtzionamendu egokia urratzea.
3. Instalazioak edo materiala ebastea, lapurtzea edo hondatzea, funtzionamenduari kalte larria eginez, eta berdin erabiltzaileen gauzak.
4. Instalazioaren barnean drogak saldu edo kontsumitzea.
5. Inor edozein arma mota aldean daramala instalaziora sartzea.
6. Ezarritako ordutegitik kanpo instalazioetan sartzea.
7. Falta larrietan berrerortzea.
34. artikulua. Arau-hauste oso astunen zehapenak.
Arau-hauste oso astunak honela zehatuko dira:
–Debekatzea instalazioetan sartzea organo eskudunak erabakitako aldirako.
–3.000 eurora bitarteko isuna.
35. artikulua. Arau-hauste eta zehapen oso astunen preskripzioa.
Arau-hauste oso astunek hiru urteren buruan preskribatuko dute, eta arau-hauste astunen zehapenek hiru urteren buruan.
Azken xedapen bakarra
Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra. Erregelamenduak indarra hartzean, indargabetuko dira berak ezarritakoarekin bateraezinak edo aurkakoak diren arau, erabaki edo udal ebazpen guztiak.
ORDENANTZA FISKALA, UDALAREN KIROL INSTALAZIOAK ERABILTZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA
1. artikulua. Oinarria eta izaera.
Ordenantza honen xedeko tasak Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 100. artikuluan ezarritakoaren babesean ezartzen dira, hor xedatzen baita toki entitateek, foru lege horretan ezarri bezala, tasak ezartzen ahalko dituztela jabari publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziagatik, baita zerbitzu publikoak emateagatik edo beren eskumeneko jarduerak egiteagatik.
2. artikulua. Zerga-egitatea.
Tasaren zerga-egitateak honako hauek biltzen ditu: udalaren kirol instalazioetara sartzea, kirol zerbitzu eta instalazioak erabiltzea, eta Erburua Olazti SL udal sozietate publikoak kudeatzen dituen jarduerak egitea.
3. artikulua. Subjektu pasiboak.
Subjektu pasibo zergadunak dira Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 104. artikuluan aipatzen diren pertsona fisiko edo juridikoak eta entitateak, betiere kirol instalazioak eta igerilekua erabili edo kirol jarduerak egiten badituzte.
4. artikulua. Ordaindu beharra.
Ordenantza honetan arautzen diren tasak ordaintzeko betebeharra sortzen da Udalak kirol instalazioetara sartzeko emandako txartela edo baimena eskuratzen den unean. Jarduerak egiten badira, ordaintzeko betebeharra sortzen da inskripzio unean.
Ordenantza hau indarrean den bitartean abiarazten bada ordenantzan aurreikusi gabeko instalazio edo jardueraren bat, honetan jasotako tasak aplikatuko dira, analogiaz.
5. artikulua. Tributu-kuotak.
Tasen zenbatekoa ordenantza fiskal honen eranskinean ezartzen da erabilera, zerbitzu edo jarduera bakoitzerako. Halaber, Olaztiko Udaleko osoko bilkurak onetsiko ditu. Une bakoitzean aplikatzen diren zeharkako zergak sartuta daude tarifen barruan.
6. artikulua. Salbuespenak eta hobariak. Arau orokorra.
Eranskineko tarifen gainean, ordenantza fiskal honen 7. eta 8. artikuluetan berariaz ezarritako salbuespen eta hobariak aplikatzen ahalko dira soilik.
7. artikulua. Salbuespenak.
Tarifen gainean, salbuespen hauek aplikatuko dira soilik:
a) Udal honek antolatutako edo babestutako edozein kirol mota bultzatu, sustatu, zabaldu edo praktikatzeko jarduerengatik.
b) Instalazioak alderdi politikoei lagatzeagatik, betiere hauteskundeen araudian ezarri bezala.
8. artikulua. Tarifak.
Kasu hauek ezartzen dira, ordenantzaren eranskinean adierazitako tarifekin:
–3 urte bitartekoek (3 urtekoek barne): ez dute tasarik ordaintzen.
–Haurren tarifa, 4tik 13 urte bitartekoentzat.
–Gazteen tarifa, 14tik 17 urte bitartekoentzat.
–65 urtetik gorakoak.
–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak.
–Taldeen tarifa, antolatuta dauden eta gutxienez 10 kide dituztenentzat.
–Abonatuek ez dituzte ordainduko squash pisten alokairu puntualaren tasak.
–Olaztiko Udalak hitzarmena sinatu badu kirol eta josteta elkarte, teknifikaziorako kirol zentro, ikastetxe, kirol klub ez profesional edo kirol federazio batekin, hitzarmenean ezarritako tasak ordainduko dira. Hitzarmena sinatzeko, nahitaezkoa izanen da eskatzen den instalazioaren erabilerak bat egitea eskatzailearen estatutuetan jasotako xede sozialarekin.
–Salbuespenez, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, %100erainoko hobaria aplikatzen ahalko da tasan, egin beharreko jarduera, kirolekoa izan edo ez, ongintza, gizarte edo kulturakoa bada, irabazi-asmorik gabeko fundazio edo elkarte batek antolatzen badu eta interes publikokoa bada.
9. artikulua. Kudeatzeko arauak.
Hasierako matrikularen ordainketa ez da itzuliko abonatuaren baja gauzatzen bada ere.
Hilabetearen 25a baino lehen gauzatzen diren altetan hilabete osoa kobratuko da. Alta 25etik 31ra gauzatzen bada, hurrengo hilabetean hasiko da kobratzen.
Instalazioaren edozein abonatuk helbidea, bankuko helbideratzea edo beste edozein datu garrantzitsu aldatu duela jakinarazi beharko du.
Baja gauzatzeko, hurrengo ordainagiria pagatzeko egunaren aurreko hilabeteko 25a baino lehen jakinarazi beharko zaio instalazioari. Baja gertatzen bada kobratzeko egunaren ondoren, ez da tasa itzultzeko eskubiderik izanen. Baja burutzeko, idatziz egin beharko da instalazioan. Berriz abonatu nahi dutenek hasierako altaren matrikula ordaindu beharko dute.
Kuotak ordaintzen ez badira, bi aldiz eginen da ordaintzeko errekerimendua, eta haietako bakoitzari dagokion hilabeteko epean abonatuaren erantzunik ez badago, baja emanen zaio eta abonatuen eskubideak galduko ditu. Berriz abonatu nahi badu, alta berria izanen da, eta matrikula ordainduko da.
Aurreko paragrafoa aplikaturik abonatuari baja eman ondoren, berriz ere alta hartu nahi badu kuoten ordainketa eguneratu beharko du.
Abonatu karneta galdu, lapurtu edo hondatuz gero, horren berri eman beharko zaio segituan instalazioak kudeatzen dituen entitateari. Beste karnet bat egiteko, eranskinean ezarritako tasa ordaindu beharko da.
Ordaintzeko modua:
Ahal bada, abonatuak banku-helbideratzearen bidez ordainduko ditu kuotak, eta aukeratu beharko du bi ordainketen arteko tartea (hilabete bat, hiru hilabete edo urte bat). Dagokion hilabetearen 1etik 5era eginen dira karguak.
Kiroldegiko jardueren kuotak eskudiruz ordainduko dira, sozietatearen banku-kontuan edo aukeratzen den banku-kontuan egindako kargu baten bidez, hamar eguneko epean jardueraren hasiera egunetik. Ordaindu ezean baja emanen zaio jardueran.
Neguko jardueren tarifak lauhilabeteko ikastaroei dagozkie. Udako jarduerak hilabetekoak dira. Ikastaroa hasi ondoren, ordaindutako kuotak ez dira inola ere itzuliko. Bigarren, hirugarren edo laugarren hilabetetik aurrera inskribatu nahi direnek kuotaren zati proportzionala ordaindu beharko dute.
Udako abonamenduak eskatu baino lehen ordaindu beharko dira, sozietatearen banku-kontuan dirua sartuz. Udako jarduerak berdin ordainduko dira, baina inskripzioa egin ondoren.
Eguneko txartelak, pisten alokairua eta beste kontzeptu batzuk eskudiruz ordainduko dira eskaeraren unean.
Lehen xedapen gehigarria.–Tarifen publizitatea.
Ordenantza fiskal honen eranskineko tarifak ongi ikusteko moduko toki batean jarriko dira kirol instalazio guztietan, erabiltzaile guztiek ezagut ditzaten.
Bigarren xedapen gehigarria.–Aplikazio osagarria.
Ordenantza honetan ezarrita ez dagoen orotan udal honen ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasuneko Foru Legean eta, oro har, tasak eta tributuak arautzen dituzten arauetan ezarritakoa aplikatuko da.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Ordenantza fiskal honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
TARIFEN ERANSKINA
Hasierako altaren matrikulak.
≤ 3 urte | 0 |
Haurrak (4-13 urte) | 14,00 |
Gazteak (14-17 urte) | 21,00 |
Helduak | 28,00 |
Desgaitasuna dutenak | 0 |
65 urtetik gorakoak | 17,00 |
Abonamenduen tarifak (kiroldegia eta igerilekuak).
HILABETEAN | HIRUHILEKOAN | URTEAN | |
≤ 3 urtekoak | 0 | 0 | 0 |
Haurrak (≤13 urtekoak) familiako abonamenduan | 0 | 0 | 0 |
Haurrak (4-13 urte) | 7,5 | 22,50 | 82,50 |
Gazteak (14-17 urte) | 11,25 | 33,75 | 123,75 |
Helduak | 15,00 | 45,00 | 165,00 |
Desgaitasuna dutenak | 7,5 | 22,50 | 82,50 |
65 urtetik gorakoak | 7,5 | 22,50 | 82,50 |
Alokairuak (orduko prezioa).
ABONATUA | ABONATU GABEA | |
SQUASH PISTA | ||
Prezioa lagun bakoitzeko | Dohainik | 3,00 |
KIROLDEGIKO PISTA | ||
Argirik gabe | 18,00 | 27,00 |
Argiarekin | 22,00 | 33,00 |
FRONTOIA | ||
Argirik gabe | 7,00 | 14,00 |
Argiarekin | 9,00 | 16,00 |
PADEL PISTA | ||
Prezioa lagun bakoitzeko | 1,00 | 4,00 |
Argirako fitxak | 2,00 | 2,00 |
Eguneko sarrerak (kiroldegia edo igerilekuak).
LANEGUNA | JAIEGUNA | |
Helduak | 4,00 | 5,00 |
≤ 3 urtekoak | 0 | 0 |
Haurrak (4-13 urte) | 2,00 | 3,00 |
Gazteak (14-17 urte) | 3,00 | 4,00 |
Desgaitasuna dutenak | 1,50 | 2,50 |
65 urtetik gorakoak | 2,00 | 3,00 |
Neguko jarduerak (lauhilekoak).
ABONATUA | ABONATU GABEA | |
Ikastaroak, 2 ordu/astea (indoor ziklismoa izan ezik) | 42,00 | 84,00 |
IKASTAROAK, 3 ORDU/ASTEA | 59,00 | 118,00 |
INDOOR ZIKLISMOA | 59,00 | 118,00 |
Udako abonamenduak.
DENBORALDIKOA | HILABETEKOA | HAMABOSTALDIKOA | |
Helduak | 47,00 | 32,00 | 16,00 |
≤ 3 urtekoak | 0 | 0 | 0 |
Haurrak (4-13 urte): | 23,00 | 16,00 | 8,00 |
Gazteak (14-≤ 17 urte) | 36,00 | 24,00 | 12,00 |
Desgaitasuna dutenak | 23,00 | 16,00 | 8,00 |
65 urtetik gorakoak | 23,00 | 16,00 | 8,00 |
Udako jarduerak.
HILABETEAN | |
Udako abonatuak | 29,00 |
Urteko abonatuak | 21,00 |
Abonatu gabeak | 40,00 |
Pistak erabiltzeko bonuak.
15 urteko bonuak, urtebetean erabili beharrekoak | |
Kiroldegiko pista | 238,00 |
Padel pista | 35,00 |
Igeriketako txanoak: 2 euro.
Bazkide txartela berritzea: 6 euro.
Taldeen tarifa: gutxienez 10 lagun dituzten talde antolatuek %25eko deskontua izanen dute eguneko txartelen prezioan.
Kirol instalazioetako dutxak erabiltzea: 2 euro.
Olaztin, 2017ko azaroaren 30ean.–Alkate udalburua, Mikel Azkargorta Boal.
Iragarkiaren kodea: L1713973
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
