228. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OIBAR

Udal ordenantza, 5.000,00 eurotik beherako fakturetan faktura elektronikoa aurkeztu beharretik salbuesteari buruzkoa. Behin betiko onespena

Oibarko Udalak, 2018ko irailaren 4an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen 5.000,00 eurotik beherako fakturetan faktura elektronikoa aurkeztu beharretik salbuesteari buruzko udal ordenantza; 186. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 25ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Oibarren, 2018ko azaroaren 9an.–Alkatea, Aritz Burguete Blasco.

UDAL ORDENANTZA, 5.000,00 EUROTIK BEHERAKO FAKTURETAN FAKTURA ELEKTRONIKOA AURKEZTU BEHARRETIK SALBUESTEARI BURUZKOA

Oinarriak eta zioen azalpena

Sektore publikoan faktura elektronikoa bultzatu eta fakturen kontabilitate erregistroa sortzeari buruzko abenduaren 27ko 25/2013 Legeak, administrazio publiko guztien eremuan eta 2015eko urtarrilaren 15etik aurrerako ondorioekin, hornitzaileen betebeharra ezartzen du, emandako zerbitzu edo ondasunen faktura elektronikoa egin eta igortzeko eta, 4. artikuluan, arau orokor horren salbuespen bat jasotzen du: administrazio publikoek fakturazio elektronikoa egitetik salbuesten ahal dituztela 5.000,00 euro arteko zenbatekoa duten fakturak; horretarako, Legeak dioenez, arauen barrenean jokatu beharko da, hau da, ordenantza bat onetsita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan adierazten denari jarraituz.

Espainiako administrazio publikoen fakturazioari buruzko erregulazio berri horri egokitzearren, Oibarko Udalak, Alkatetzaren abenduaren 26ko 137/2014 Ebazpenaren bitartez, Ogasuneko eta Herri Administrazioetako Ministerioko Administrazio Publikoen Estatu Idazkaritzak horretarako prestatutako plataforma elektronikoari atxikitzea erabaki zuen; alegia, FACE-Faktura elektronikoen sargune orokorra izenekoari. Aipatu legearen 4. artikuluan jasotzen den legezko gaikuntza erabiltzea egokia eta komenigarria dela iritzirik, Oibarko Udalak, bere erregelamenduak egiteko ahala erabiliz eta bere eskumenaren eremuan, xedapen orokor hau eman du.

XEDAPEN OROKORRAK

Artikulu bakarra.–Sektore publikoan faktura elektronikoa bultzatu eta fakturen kontabilitate erregistroa sortzeari buruzko abenduaren 27ko 25/2013 Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta, Oibarko Udalak faktura elektronikoa aurkeztu beharretik salbuesten ditu 5.000,00 eurotik beherako fakturak dituzten hornitzaileak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du bere testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L1813736