228. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

593/2018 EBAZPENA, azaroaren 15ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta Hezkuntza Berezikoetan, hala publikoetan nola pribatu itunduetan, eskolaldi etengabearen eta eskolaldi malguaren ezarpena arautzen duena 2019-2020 eta 2020-2021 ikasturteetarako.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 120.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ikastetxeek, beren autonomia baliatuta, hainbat alderdi lantzen ahal dituzte: esperimentazioak, lan-planak, antolatzeko moduak, bizikidetza-arauak, eskola-egutegia edo arloen zein irakasgaien eskola-ordutegia zabaltzea; betiere hezkuntza-administrazioek ezartzen dituzten baldintzetan egingo dute, eta aplikatzekoa den araudiak, baita lanari buruzkoak ere, ahalbidetzen duen neurrian. Edonola ere, familiei ez zaie ekarpenik egin beharra ezarriko, ezta hezkuntza-administrazioei eskakizunik egingo ere.

Eskolaldia, oro har, zatitua da, eta goizeko eta arratsaldeko saioak ditu, asteko egun batean izan ezik (egun horretan goizeko saioak daude bakarrik). Ikastetxeek pedagogiaren eta antolakuntzaren aldetik duten autonomia aplikatuz, aukera ematen zaie lanaldi hori berrikusteko, ikastetxe batzuetako hezkuntza sektoreen eskaerei erantzuna emateko.

Eskaera horien jatorrian gizartean, laneko ordutegi eta baldintzetan, etengabe gertatzen diren aldaketak daude. Horien ondorioz, gizarte ohitura berriak agertzen dira, eta hauek, kasu batzuetan, desadostasunak sortzen dituzte ezarritako eskolako ordutegiekin.

Eskakizun horiek ikusita, batez ere ikasleen eta haien familien interesei, beharrei eta ezaugarriei arreta eman nahian, eskolaldi zatitua ezartzeaz gainera, 2007tik aurrera, hurrenez hurren, eta urteko luzapenekin, Hezkuntza Departamentuak aukera eman die Haur Hezkuntzako bigarren zikloa eta Lehen Hezkuntza ematen duten ikastetxeei, eta Hezkuntza Berezia ematen dutenei, beste bi eskolaldi mota ezartzeko modu esperimentalean: eskolaldi etengabea eta eskolaldi malgua.

Ebazpen honen bidez, Hezkuntza Departamentuak ikastetxeei aukera eman nahi die eskolaldia aldatzeko, hala eskatzen badute, nagusiki ikasleen eta familien interesetara, beharretara eta ezaugarrietara egokitzeko.

Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariaren txostena ikusirik, non Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta Hezkuntza Berezikoetan, hala publikoetan nola pribatu itunduetan, 2019-2020 eta 2020-2021 ikasturteetan eskolaldi etengabea eta eskolaldi malgua ezartzeko prozedura arautzen duten jarraibideak onestearen alde agertzen baita.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta Hezkuntza Berezikoetan, hala publikoetan nola pribatu itunduetan, 2019-2020 eta 2020-2021 ikasturteetan eskolaldi etengabea, modu esperimentalean, ezartzeko prozedura arautzeko jarraibideak onestea, I. eranskinean jarrita daudenak

2. Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta Hezkuntza Berezikoetan, hala publikoetan nola pribatu itunduetan, 2019-2020 eta 2020-2021 ikasturteetan eskolaldi malgua ezartzeko prozedura arautzeko jarraibideak onestea, II. eranskinean jarrita daudenak.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau eta bere eranskinak Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Unibertsitateen eta Hezkuntzako Teknologien Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari eta Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2018ko azaroaren 15ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

Eskolaldi etengabea

1.–Eskolaldi etengabea.

1. Eskolaldi etengabean ikasleei eskolak goizez ematen zaizkie, astelehenetik ostiralera, ikasturte osoan zehar. Gainera, ikasleei arratsaldean arreta emateko nahitaezko programa bat dauka (eskolaz kanpoko jarduerak), asteko lau egunetan, salbu eta irailean eta ekainean.

2. Eskolaldi etengabea antolatzeko, kontuan hartuko dira, lehentasunez, ikasleen eta beren familien interesak, beharrak eta ezaugarriak.

2.–Ordutegia.

1. Hala ordutegi orokorrak, zeina eskolaldi honen berezitasuna kontuan hartuta diseinatuko baita, nola eskola-egutegiak Hezkuntza Departamentuak gai horietaz urtero ematen dituen arauetako baldintzak bete beharko dituzte.

2. Ikasleentzako eskola-ordutegia, atsedenaldiak ere barne, 1500 minutu asteko izango da, gutxienez, egunean atsedenaldi bat dagoen kasuetan, eta 1550 minutu egunean bi atsedenaldi baldin badaude,

3. Jolas-orduen eguneko egitura izaten ahal da 30 minutuko jolas-ordu bakar bat edo bi jolas-ordu, gehienez ere 40 minutukoak biak baturik.

4. Eskolen kopurua eta iraupena Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 2ko 51/2014 Foru Aginduan ezarritakoaz bestelakoa izaten ahalko dira. Dena dela, ikasturte osoan arlo bakoitzerako erabiliko den guztirako ordutegiak bat etorri beharko du, ahalik eta gehien, foru agindu horretan ezarritakoa aplikatzetik ateratzen denarekin.

3.–Eskolaz kanpoko jarduerak.

1. Ikastetxeak eskolaz kanpoko jarduerak antolatu beharko ditu lau arratsalde astean, irailean eta ekainean izan ezik. Ikasleentzat borondatezkoak izango dira.

2. Jarduera horien barnean honako hauek izanen dira, besteak beste: eskola-errefortzua, ikasketa gidatua, biharamunerako etxeko lanak egiteko aukera, hizkuntzekin lotutako jarduerak, teknologia berrien aplikazioa eta kirol jarduerak.

3. Jardueren kopurua, iraupena, ratioak (oro har, erabiliko den ratioa izango da curriculumeko hezkuntza jardueretan erabiltzen dena) eta finantzabideak proiektuan zehaztu beharko dira, betiere ikasleen interesak eta ezaugarriak aintzat hartuta.

4. Ikastetxeko zuzendaritzak bermatuko du ikastetxeko irakasleak jardueretan izanen direla, arduradun eta/edo parte-hartzaile gisa.

5. Oro har, barne-jarduerak izango dira, eta ikastetxean bertan egingo dira. Ikastetxetik kanpo egiten direnak -ikastetxetik kanpo egiten diren eskolaz kanpoko jarduerak-, ikastetxearen proiektu barrukoak izaten ahalko dira ikastetxearen ordutegiaren barruan egiten badira. Ikasleen joan-etorria ikastetxearen ardura izango da, eta ikasleek ikastetxean egon beharko dute ikastetxean bertan egiten diren eskolaz kanpoko jarduerak amaitzen diren ordu berean.

4.–Irakasleak.

1. Irakasleen ordutegia eta ikasleak ikastetxean egon beharreko ordutegia bereizten ahal dira. Eskolaz kanpoko jardueretan arduradun edo parte-hartzaile gisa ematen dituzten orduak eskola gabeko irakastordu gisa zenbatuko dira.

2. Zuzeneko irakastorduak eta eskola-ordu gisa kontatzen direnak, guztira, 25 izanen dira.

5.–Bestelako monitore eta hizlariak.

1. Ikastetxeko irakasleez gain, eskolaz kanpoko jardueretan familiak, elkarteak, erakundeak, udalak eta kultur eta kirol entitateak ere inplikatu eta parte har dezakete.

2. Jardueren monitoreek bete beharko dute segurtasunari eta erantzukizunari buruz indarrean dagoen araudia, eta ere betebehar guztiak eguneratuak edukiko dituzte (kontratuak, gizarte segurantza, sexu-izaerako delituen gabezia egiaztatzen duen ziurtagiria...).

6.–Zerbitzu osagarriak. Eskola jantokia eta eskola garraioa.

1. Ikastetxeak eskola jantokia edo eskola garraioa badu, haien jarraitutasuna bermatu beharko da, zerbitzu horiek partekatzen dituzten ikastetxeekin koordinatuz. Zerbitzu osagarrien ordutegia ezin izanen da aldatu haien kalterako eta garraioa esleituta daukanaren planifikazioaren kalterako.

2. Eskolaz kanpoko jarduerak bukatu ondoren aterako da garraioa.

7.–Giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak.

1. Ikastetxe publikoetan, eskolaldi etengabea ezartzeak ez du inoiz ekarriko ez giza baliabideak ez funtzionamendu gastuak handitzea.

2. Ikastetxe pribatu itunduetan, eskolaldi etengabea ezartzeak ez du inoiz ekarriko Hezkuntza Departamentuak ematen dien finantzazioa aldatzea.

8.–Prozedura.

1. Eskolaldi etengabea ezartzeko prozesua hasteko, beharrezkoa izango da, aldez aurretiko baldintza bezala, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuaren txostena edukitzea, zeinean garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarriei buruz ikastetxeak proposatzen duen ordutegia bideragarria den edo ez aztertuko baita.

2. Horretarako, ikastetxeko zuzendariak hamar egun naturaleko epea izango du ebazpen hau argitaratzen den egunetik kontatzen hasita, mezu elektroniko bat bidaltzeko complementarioseducativos@navarra.es helbidera, non jakinaraziko baitu garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarriei buruz proposatzen dituen ordutegiak zein diren.

3. Txostena aurkakoa bada, ikastetxeak jarduerak artxibatuko ditu.

4. Ezin izanen dira aldi berean aurkeztu eskolaldi etengabera aldatzeko proiektua eta eskolaldi malgura aldatzekoa.

5. Zuzendaritza taldeak eginen du eskolaldi etengabearen proiektua, eta, hartan, honako hauek agertuko dira, gutxienez:

a) Denbora antolatzeko modu berriarekin proposatzen diren helburu orokorrak.

b) Ikastetxeko ordutegi orokorra.

c) Ikastetxeko hezkuntza mailak.

d) Ikasleen eskola-ordutegia.

e) Eskolaz kanpoko jardueren zerrenda, haien programazioa, iraupena, monitoreen eta hizlarien eginkizunak eta ratioak, ikasleen interesak eta ezaugarriak aintzat hartuz.

f) Eskolaz kanpoko jardueretan arituko diren irakasleen kopurua, ordu kopurua eta jarduerotan arduradun edo parte-hartzaile ari ote diren esanez.

g) Ikastetxeko jardueretan parte hartzen duten erakundeen, elkarteen, entitateen eta taldeen zerrenda, edta hala badagokio, ekartzen duten finantzaketa eta haien antolaketaren eta garapenaren arduradunak.

h) Zerbitzu osagarrien planifikazioa. Eskolaldi etengabeak jantokiko zerbitzuaren erabileran izanen duen eragina eta eskolako garraioa duten ikastetxeen arteko koordinazio neurriak, ikasleen sarrera eta irteera orduei dagokienez. 6.2 puntuak aintzat hartzen duen ordutegia aitzinatzen ahalko da, betiere garraiorako ibilgailu bera erabiltzen duten ikasle guztien adostasuna lortuz gero, eta aldaketa horrek ukitzen ez badu ez garraioa partekatzen duten gainerako ikastetxeekiko koordinazioa, ez adjudikaziodunaren plangintza, ezta jantokiaren antolaketa ere. Ordutegian egin litekeen aldaketa horretarako beharrezkoa izanen da ikastetxeak horren berri ematea Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari, XII. eranskinean ezartzen den bezala, 2019ko maiatzaren 1etik 25era, horrek bere oniritzia eman dezan. Zerbitzuak oniritzia emandakoan, huraxe izanen da ukitutako ibilgailuaren irteera ordua 2019-2020 ikasturtean, ikastetxean ikasle berriak sartu ala ez. 2020-2021 ikasturterako, ikastetxeak honen berri eman beharko du 2020ko maiatzaren 1etik 25era.

i) Eskolaldi etengabearen jarraipenerako eta ebaluaziorako plana.

6. Eskolaldi etengabearen proiektua ezkutuko bozketan onetsi beharko da, eta ikastetxeko irakasle guztien hiru bosten beharko dira horretarako, klaustro berezirako deia eginik. Bozketaren akta eginen da, III. eranskineko ereduaren arabera. Akta jendaurrean paratuko da, ikastetxean.

7. Proiektuak aurreko puntuan ezarritako baldintza betetzen badu, gainera, Eskola Kontseiluan boto eskubidea duten kide guztien bi herenek onetsi behar dute, bilkura berezian. Horretan ere, ezkutuko bozketa izanen da. Bozketaren akta eginen da, IV. eranskineko ereduaren arabera. Akta jendaurrean paratuko da, ikastetxean.

8. Eskola Kontseiluak proiektuari ematen dion onespena (aurreko atalean ezarritakoaren arabera, betiere) behin-behinekoa izanen da, eta idatziz komunikatuko zaie familiei, garaiz, V. eranskineko ereduaren arabera. Bozketaren eguna baino lehen, behar den denborarekin, bilera bat eginen da, eta, bertan, zuzendaritza taldeak eskolaldia aldatzeko proiektua eta hori egiteko arrazoia azalduko die familiei, bai eta Hezkuntza Departamentuan aurkeztu baino lehen egin beharreko prozedura ere. Horren guztiaren akta eginen da. Halaber, familiei emango die beren zalantzak argitzeko beharrezkoa den informazio guztia, ahal den neurriak gaizkiulertuak edo erreklamazioak sahiesteko. Bozketa honako arau hauen arabera eginen da:

a) Zuzendaritza taldeak prestatuko du boto-emaileen errolda, zeina ikastetxean matrikulatutako ikasleen familiek edo legezko ordezkariek osatuko baitute, kanpoan utzita eskolaldia aldatu nahi duen ikastetxean ematen den oinarrizko hezkuntzako azken ikasmailakoak. Oinarrizko Hezkuntza ematen duten ikastetxe itunduen kasuan, bazter utziko dira Haur Hezkuntzako 6. mailatik aurrerako ikasleak, horiek barne.

b) Familia bakoitzak edo, kasua bada, legezko ordezkariek eskubidea dute ordezkatzen duten ikasle bakoitzeko boto bat izateko. Adingabearen guardia eta zaintza bi ezkontideek partekatzen duten egoera juridikoetan, biak ados jarri beharko dira boto bakar bat emateko. Guardia eta zaintza bakar bati badagokio, horrek izanen du botoa emateko eskubidea.

c) Boto-paperean honako galdera hau eginen da:

Ados al zaude eskolaldia aldatzeko proiektuarekin, eskolaldi etengabea izan dadin?

BAI.

EZ.

d) Bozketa egiteko, errolda osatzen dutenei bozkatzeko eskubidea errazten dien ordutegia erabiliko da.

e) Botoa zuzenekoa, isilpekoa eta delegaezina izanen da. Hori horrela, boto-emaileak bere nortasuna egiaztatzeko agiri ofizial bat aurkeztu beharko du. Horrez gainera, XI. eranskina behar bezala beteta aurkeztu beharko du.

f) Familiei bozketaren egunaren berri ematea. Proposamenari dagokionez jarrera desberdinak dituztenen ordezkariek gutxienez hiru eskola egun izanen dituzte, bozketaren aurretik, ikastetxean bilerak egiteko eta horietara deitzeko. Han, beren jarrerak azaltzeko eta defendatzeko aukera izanen dute.

g) Ikastetxean bozketa mahai bat eratuko da, honela osatua: ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu izanen dena; idazkaria; eta Eskola Kontseiluko ordezkari bat, gurasoen sektorekoa, borondatez parte hartu nahi duena. Horretarako boluntario bat baino gehiago badaude, edo bat ere ez badago, zozketa bidez hautatuko da ordezkari hori. Gurasoen sektoreak ordezkari bat baino gehiago izan ditzake, bozketaren egunean txandaka aritzeko. Gurasoen sektoreak Eskola Kontseiluan dituen kideetatik bakar batek ere joaterik ez badu, bozketa mahaian aritzeko ordezkaria zozketaz hautatuko da erroldako aiten eta amen artean.

h) Aurreko d) atalean xedatutakoaren lehen aukera gisa, zuzendaritza taldeak horretarako espresuki jarriko duen postontzi batean sartzen ahalko da botoa. Postontzi hori zuzendaritza taldearen ardurapean egonen da denbora guztian. Bi gutun-azal erabiliko dira: kanpokoan, boto-emailearen izena, NANaren edo beste nortasun agiri ofizial baten zenbakia eta sinadura agertuko dira, baita ordezkatzen duen haurraren izena eta ikasmaila ere. Gutun-azal honetan NANa edo identifikatzeko balio duen dokumentu ofizialaren fotokopia eta XI. eranskina izango dira (edo, hala badagokio, haurraren eskolaratzearekin loturiko erabakiak hartzea nori dagokion adierazten duen eta indarrean dagoen dokumentazioaren fotokopia), baita beste gutun-azal itxi bat ere, non bozka-txartela sartu baita. Botoak dituen postontzia mahaian aurkeztuko da, bozketa presentziala amaitu eta gero. Hortik aurrera jasotzen diren botoak ez dira zenbatuko. Halaber, boto presentziala eman dutenek postontzian ere botorik eman badute, postontziko boto horiek ere ez dira zenbatuko. Atal honetan xedatutakoari jarraikiz ematen ez diren botoak baliogabeak izanen dira.

Halaber, d) atalean xedatutakoaren bigarren aukera gisa, postontzian botoa emateko aukerarekin bateraezina, Hezkuntza Departamentuak, Educaren bidez, botoa telematikoki emateko aukera martxan jartzen ahalko du.

i) Botoen zenbaketa honela eginen da:

–Kontatuko dira, banan-banan, botoa postontzi bidez eman duten boto-emaileak eta bertaratu direnak.

–Botoa presentzialki eman duten boto-emaileen kanpoko gutun-azalak (oraindik itxita daudenak) bereizi eta indarrik gabe utziko dira.

–Postontziko gainerako botoak, hau da, botoa presentzialki eman ez dutenenak, bozketa presentzialean erabili den hautetsontzira sartuko dira, kanpoko gutun-azalak eduki behar duen dokumentazio guztia duela baieztatu eta gero.

–Boto-zenbaketa egingo da, kontuan hartuta bai hautetsontziko botoak, baita telematikoki emandakoak ere, halakorik bada.

j) Mahaikideek botoak zenbatu ondoren, emaitzen akta eginen da, VI. eranskinarekin bat, eta ikastetxean paratuko da, ikusgai.

k) Behin betiko onespena lortzeko, beharrezkoa izanen da eskolaldia aldatzearen alde agertzea errolda guztiko hiru bosten gutxienez. Erroldan ikastetxeko ikasle guztiak sartuko dira, kanpoan utziz ikastetxean ematen den oinarrizko hezkuntzako azken ikasmailakoak.

9.–Onespena.

1. Ikastetxeko zuzendariak, bete beharrekoak bete direla egiaztaturik, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendutako eskabide baten bidez, eskolaldia aldatzeko eskatuko du, beranduenez 2019ko urtarrilaren 21ean. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

–Eskolaldia aldatzeko proiektua.

–Irakasleen klaustroaren bilkurako akta, eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz hartutako erabakiaren emaitza adieraziko duena. (III. eranskina).

–Eskola Kontseiluaren bilkura bereziko akta, eskolaldia aldatzeko proiektua behin-behinekoz onesten duena. (IV. eranskina).

–Eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz ikasleen familiek edo legezko ordezkariek egindako bozketaren emaitzaren akta. (VI. eranskina).

2. Dokumentazio hau Ikasketak Antolatzeko Atalaren ordenacion.academica@navarra.es helbidera bidaliko dira.

3. Hezkuntzako zuzendari nagusiak, ikastetxeak aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ebazpen bat emanen du eskolaldiaren aldaketa baiesteko edo ezesteko.

4. Baimendutako ikastetxeek, “Educa” kudeaketa programaren bidez, ikastetxeko ordutegi orokorra aldatu beharko dute hurrengo ikasturterako.

10.–Jarraipena eta ebaluazioa.

1. Hezkuntza Departamentuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren bidez, eskolaldi etengabea ongi aplikatzen dela zainduko du.

2. Halaber, ikastetxeko Eskola Kontseiluak eskolaldi etengabearen barne ebaluazioa eginen du, berak ezarritako parametroei jarraikiz.

3. Eskolaldia aldatzeko baimena ematen zaien ikastetxeetako zuzendaritza taldeek, bukaerako memorian, eskolaldi berriaren funtzionamenduari buruzko analisia sartuko dute, aurketutako proiektuaren jarraipen eta ebaluazio plana kontuan hartuz.

II. ERANSKINA

Eskolaldi malgua

1.–Eskolaldi malgua.

1. Eskolaldi malguaren modalitatean ikasleentzako eskolak, urritik maiatzera bitarte, goiz eta arratsaldez ematen dira astean hiru egunetan, eta goizez gainerako bi egunetan (horietako bat asteazkena izanen da nahitaez). Irailean eta ekainean ikasleentzako eskolak goizez emanen dira.

2. Eskolaldi malgua antolatzeko, kontuan hartuko dira, lehentasunez, ikasleen eta beren familien interesak, beharrak eta ezaugarriak.

2.–Ordutegia.

1. Irailean eta ekainean, ikasleek gutxienez 20 orduko eskolaldia izanen dute astean, egunero 4 ordu, jolasaldiak barne.

2. Ikasturteko gainerako hilabeteetan, hots urritik maiatzera, ikasleen eskolaldiak gutxienez 26 ordu izanen ditu astean, jolasaldiak barne.

3. Oro har, egunero, goiz erdian 30 minutuko jolasaldia izanen da.

4. Hala ordutegi orokorrak, zeina eskolaldi honen berezitasuna kontuan hartuta diseinatuko baita, nola eskola-egutegiak Hezkuntza Departamentuak gai horietaz urtero ematen dituen arauetako baldintzak bete beharko dituzte.

5. Eskolen kopurua eta iraupena Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 2ko 51/2014 Foru Aginduan ezarritakoaz bestelakoa izaten ahalko dira. Dena dela, ikasturte osoan arlo bakoitzerako erabiliko den guztirako ordutegiak bat etorri beharko du, ahalik eta gehien, foru agindu horretan ezarritakoa aplikatzetik ateratzen denarekin.

6. Eskuarki, goizeko eta arratsaldeko saioen artean, laurogeita hamar minutuko tartea izanen da gutxienez. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailak ematen dituzten ikastetxe publikoetan eta garraioa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuekin batera partekatzen dutenetan, tartea, eskuarki, bi ordu eta erdikoa izanen da.

3.–Irakasleak.

1. Irakasleen ordutegia eta ikasleak ikastetxean egon beharreko ordutegia bereizten ahal dira.

2. Zuzeneko irakastorduak eta eskola-ordu gisa kontatzen direnak, guztira, 25 izanen dira.

4.–Zerbitzu osagarriak. Eskola jantokia eta eskola garraioa.

1. Ikastetxeak eskola jantokia edo eskola garraioa badu, haien jarraitutasuna bermatu beharko da, zerbitzu horiek partekatzen dituzten ikastetxeekin koordinatuz. Zerbitzu osagarrien ordutegia ezin izanen da aldatu haien kalterako eta garraioa esleituta daukanaren planifikazioaren kalterako.

5.–Giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak.

1. Ikastetxe publikoetan, eskolaldi malgua ezartzeak ez du inoiz ekarriko ez giza baliabideak ez funtzionamendu gastuak handitzea.

2. Ikastetxe pribatu itunduetan, eskolaldi malgua ezartzeak ez du inoiz ekarriko Hezkuntza Departamentuak ematen dien finantzazioa aldatzea.

6.–Prozedura.

1. Eskolaldi etengabea ezartzeko prozesua hasteko, beharrezkoa izango da, aldez aurretiko baldintza bezala, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuaren txostena edukitzea, zeinean garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarriei buruz ikastetxeak proposatzen duen ordutegia bideragarria den edo ez aztertuko baita.

2. Horretarako, ikastetxeko zuzendariak hamar egun naturaleko epea izango du ebazpen hau argitaratzen den egunetik kontatzen hasita, mezu elektroniko bat bidaltzeko complementarioseducativos@navarra.es helbidera, non jakinaraziko baitu garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarriei buruz proposatzen dituen ordutegiak zein diren.

3. Txostena aurkakoa bada, ikastetxeak jarduerak artxibatuko ditu.

4. Ezin izanen dira aldi berean aurkeztu eskolaldi malgura aldatzeko proiektua eta eskolaldi etengabera aldatzekoa.

5. Zuzendaritza taldeak eginen du eskolaldi malguaren proiektua, eta, hartan, honako hauek agertuko dira, gutxienez:

a) Denbora antolatzeko modu berriarekin proposatzen diren helburu orokorrak.

b) Ikastetxeko ordutegi orokorra.

c) Ikastetxeko hezkuntza mailak.

d) Ikasleen eskola-ordutegia.

e) Zerbitzu osagarrien planifikazioa. Eskolaldi malguak jantokiko zerbitzuaren erabileran izanen duen eragina eta eskolako garraioa duten ikastetxeen arteko koordinazio neurriak, ikasleen sarrera eta irteera orduei dagokienez.

f) Jarraipenerako eta ebaluaziorako plana.

6. Eskolaldi malguaren proiektua ezkutuko bozketan onetsi beharko da, eta ikastetxeko irakasle guztien hiru bosten beharko dira horretarako, klaustro berezirako deia eginik. Bozketaren akta eginen da, VII. eranskineko ereduaren arabera. Akta jendaurrean paratuko da, ikastetxean.

7. Proiektuak aurreko puntuan ezarritako baldintza betetzen badu, gainera, Eskola Kontseiluan boto eskubidea duten kide guztien bi herenek onetsi behar dute, bilkura berezian. Horretan ere, ezkutuko bozketa izanen da. Bozketaren akta eginen da, VIII. eranskineko ereduaren arabera. Akta jendaurrean paratuko da, ikastetxean.

8. Eskola Kontseiluak proiektuari ematen dion onespena (aurreko atalean ezarritakoaren arabera, betiere) behin-behinekoa izanen da, eta idatziz komunikatuko zaie familiei, garaiz, IX. eranskineko ereduaren arabera. Bozketaren eguna baino lehen, behar den denborarekin, bilera bat eginen da, eta, bertan, zuzendaritza taldeak eskolaldia aldatzeko proiektua eta hori egiteko arrazoia azalduko die familiei, bai eta Hezkuntza Departamentuan aurkeztu baino lehen egin beharreko prozedura ere. Horren guztiaren akta eginen da. Halaber, familiei emango die beren zalantzak argitzeko beharrezkoa den informazio guztia, ahal den neurriak gaizkiulertuak edo erreklamazioak sahiesteko. Bozketa honako arau hauen arabera eginen da:

a) Zuzendaritza taldeak prestatuko du boto-emaileen errolda, zeina ikastetxean matrikulatutako ikasleen familiek edo legezko ordezkariek osatuko baitute, kanpoan utzita eskolaldia aldatu nahi duen ikastetxean ematen den oinarrizko hezkuntzako azken ikasmailakoak. Oinarrizko Hezkuntza ematen duten ikastetxe itunduen kasuan, bazter utziko dira Haur Hezkuntzako 6. mailatik aurrerako ikasleak, horiek barne.

b) Familia bakoitzak edo, kasua bada, legezko ordezkariek eskubidea dute ordezkatzen duten ikasle bakoitzeko boto bat izateko. Adingabearen guardia eta zaintza bi ezkontideek partekatzen duten egoera juridikoetan, biak ados jarri beharko dira boto bakar bat emateko. Guardia eta zaintza bakar bati badagokio, horrek izanen du botoa emateko eskubidea.

c) Boto-paperean honako galdera hau eginen da:

Ados al zaude eskolaldia aldatzeko proiektuarekin, eskolaldi malgua izan dadin?

 BAI.

 EZ.

d) Bozketa egiteko, errolda osatzen dutenei bozkatzeko eskubidea errazten dien ordutegia erabiliko da.

e) Botoa zuzenekoa, isilpekoa eta delegaezina izanen da. Hori horrela, boto-emaileak bere nortasuna egiaztatzeko agiri ofizial bat aurkeztu beharko du. Horrez gainera, XI. eranskina behar bezala beteta aurkeztu beharko du.

f) Familiei bozketaren egunaren berri ematea. Proposamenari dagokionez jarrera desberdinak dituztenen ordezkariek gutxienez hiru eskola egun izanen dituzte, bozketaren aurretik, ikastetxean bilerak egiteko eta horietara deitzeko. Han, beren jarrerak azalduko eta defendatuko dituzte.

g) Ikastetxean bozketa mahai bat eratuko da, honela osatua: ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu izanen dena; idazkaria; eta Eskola Kontseiluko ordezkari bat, gurasoen sektorekoa, borondatez parte hartu nahi duena. Horretarako boluntario bat baino gehiago badaude, edo bat ere ez badago, zozketa bidez hautatuko da ordezkari hori. Gurasoen sektoreak ordezkari bat baino gehiago izan ditzake, bozketaren egunean txandaka aritzeko. Gurasoen sektoreak Eskola Kontseiluan dituen kideetatik bakar batek ere joaterik ez badu, bozketa mahaian aritzeko ordezkaria zozketaz hautatuko da erroldako aiten eta amen artean.

h) Aurreko d) atalean xedatutakoaren lehen aukera gisa, zuzendaritza taldeak horretarako espresuki jarriko duen postontzi batean sartzen ahalko da botoa. Postontzi hori zuzendaritza taldearen ardurapean egonen da denbora guztian. Bi gutun-azal erabiliko dira: kanpokoan, boto-emailearen izena, NANaren edo beste nortasun agiri ofizial baten zenbakia eta sinadura agertuko dira, baita ordezkatzen duen haurraren izena eta ikasmaila ere. Gutun-azal honetan NANa edo identifikatzeko balio duen dokumentu ofizialaren fotokopia eta XI. eranskina izango dira (edo, hala badagokio, haurraren eskolaratzearekin loturiko erabakiak hartzea nori dagokion adierazten duen eta indarrean dagoen dokumentazioaren fotokopia), baita beste gutun-azal itxi bat ere, non bozka-txartela sartu baita. Botoak dituen postontzia mahaian aurkeztuko da, bozketa presentziala amaitu eta gero. Hortik aurrera jasotzen diren botoak ez dira zenbatuko. Halaber, boto presentziala eman dutenek postontzian ere botorik eman badute, postontziko boto horiek ere ez dira zenbatuko. Atal honetan xedatutakoari jarraikiz ematen ez diren botoak baliogabeak izanen dira.

Halaber, d) atalean xedatutakoaren bigarren aukera gisa, postontzian botoa emateko aukerarekin bateraezina, Hezkuntza Departamentuak, Educaren bidez, botoa telematikoki emateko aukera martxan jartzen ahalko du.

i) Botoen zenbaketa honela eginen da:

–Kontatuko dira, banan-banan, botoa postontzi bidez eman duten boto-emaileak eta bertaratu direnak.

–Botoa presentzialki eman duten boto-emaileen kanpoko gutun-azalak (oraindik itxita daudenak) bereizi eta indarrik gabe utziko dira.

–Postontziko gainerako botoak, hau da, botoa presentzialki eman ez dutenenak, bozketa presentzialean erabili den hautetsontzira sartuko dira, kanpoko gutun-azalak eduki behar duen dokumentazio guztia duela baieztatu eta gero.

–Boto-zenbaketa egingo da, kontuan hartuta bai hautetsontziko botoak, baita telematikoki emandakoak ere, halakorik bada.

j) Mahaikideek botoak zenbatu ondoren, emaitzen akta eginen da, X. eranskinarekin bat, eta ikastetxean paratuko da, ikusgai.

k) Behin betiko onespena lortzeko, beharrezkoa izanen da eskolaldia aldatzearen alde agertzea errolda guztiko hiru bosten gutxienez. Erroldan ikastetxeko ikasle guztiak sartuko dira, kanpoan utziz ikastetxean ematen den oinarrizko hezkuntzako azken ikasmailakoak.

7.–Onespena.

1. Ikastetxeko zuzendariak, bete beharrekoak bete direla egiaztaturik, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendutako eskabide baten bidez, eskolaldia aldatzeko eskatuko du, beranduenez 2019ko urtarrilaren 21ean. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

–Eskolaldia aldatzeko proiektua.

–Irakasleen klaustroaren bilkurako akta, eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz hartutako erabakiaren emaitza adieraziko duena. (VII. eranskina).

–Eskola Kontseiluaren bilkura bereziko akta, eskolaldia aldatzeko proiektua behin-behinekoz onesten duena. (VIII. eranskina).

–Eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz ikasleen familiek edo legezko ordezkariek egindako bozketaren emaitzaren akta. (X. eranskina).

2. Dokumentazio hau Ikasketak Antolatzeko Atalaren ordenacion.academica@navarra.es helbidera bidaliko dira.

3. Hezkuntzako zuzendari nagusiak, ikastetxeak aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ebazpen bat emanen du eskolaldiaren aldaketa baiesteko edo ezesteko.

4. Baimendutako ikastetxeek, “Educa” kudeaketa programaren bidez, ikastetxeko ordutegi orokorra aldatu beharko dute hurrengo ikasturterako.

8.–Jarraipena eta ebaluazioa.

1. Hezkuntza Departamentuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren bidez, eskolaldi malgua ongi aplikatzen dela zainduko du.

2. Halaber, ikastetxeko Eskola Kontseiluak eskolaldi malguaren barne ebaluazioa eginen du, berak ezarritako parametroei jarraikiz.

3. Eskolaldia aldatzeko baimena ematen zaien ikastetxeetako zuzendaritza taldeek, bukaerako memorian, eskolaldi berriaren funtzionamenduari buruzko analisia sartuko dute, aurketutako proiektuaren jarraipen eta ebaluazio plana kontuan hartuz.

ERANSKINAK

ESKOLALDI ETENGABEA

III. eranskina.–Klaustroaren bozketaren akta.

IV. eranskina.–Eskola Kontseiluaren bozketaren akta.

V. eranskina.–Familientzako gutuna, eskolaldi etengabea (arratsaldeetan eskolarik izan gabe) ezartzeko aukerari buruz.

VI. eranskina.–Familiek egindako bozketaren akta.

ESKOLALDI MALGUA

VII. eranskina.–Klaustroaren bozketaren akta.

VIII. eranskina.–Eskola Kontseiluaren bozketaren akta.

IX. eranskina.–Familientzako gutuna eskolaldi malgua ezartzeko aukerari buruz (astean bi arratsalde libratuz).

X. eranskina.–Familiek egindako bozketaren akta.

XI. eranskina.–Familia unitatearen akordioa.

ESKOLALDI ETENGABEAREN LUZAPENA

XII. eranskina.–Garraioaren irteera ordua aurreratzea.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1813926