228. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

796/2018 EBAZPENA, azaroaren 6koa, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita 0,68ko eguneratze koefizientea Lur-ondasunen Erregistroan inskribatuta dauden Tafallako udal-mugarteko ondasun higiezin guztien katastroko balioei aplikatzeko 2019ko ekitaldian.

Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 22. artikuluak ezartzen duenez, “ondasun higiezinen erregistroko balioa zehazteko, merkatuko balioa hartuko da erreferentziatzat, baina erregistroko balioak ezin izanen du merkatukoa gainditu, eta ez da izanen foru lege honen 24.2.a) artikuluan aipatzen den metodo gehigarria aplikatuta ateratzen dena baino txikiagoa, non eta azken hori ez den merkatuko balioa baino handiagoa”.

Nafarroako Zerga Ogasuneko Lur Ondasunen Zerbitzuko zuzendariak irailaren 13an emandako 27/2011 Ebazpenaren bidez, Tafallako udalerriko balorazio txostena onetsi zen, eta, horrenbestez, haren aplikaziotik ateratzen diren balioek hurrengo zergaldian izanen dute eragina, aipatu azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 38. artikuluan xedatzen den moduan.

2018ko urriaren 29an, Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzura igorri zen Tafallako Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak 2018ko urriaren 23an hartutako Erabakia, non, “Ikusirik Udalaren zerbitzu teknikoek sinatutako txostena...” Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari eskatzen baitzaio “...0,68ko eguneratze koefizientea onets dadila, 2019an aplika dakien ondasun higiezin guztien katastroko balioei”.

12/2006 Foru Legearen 23.2.i) artikuluak adierazten du Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak baloraziorako onetsitako parametro orokorrak direla, hain zuzen ere, Nafarroa osoan ondasun higiezinen balio homogeneoa ezartzeko balorazio metodoen aplikazioan beharrezkoak diren elementuak, eta halakoak dira, besteak beste, “... balioa eguneratzeko koefizienteak eta balioa finkatzeko koefizienteak, erregelamenduz ezartzen direnak”; bestetik, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroan inskribatu beharreko ondasun higiezinak baloratzeko arau tekniko orokorrak onesten dituen otsailaren 22ko 20/2010 Foru Aginduaren 12. arauko 1. zenbakiak adierazten du “... Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak ezaugarri homogeneoak dituzten higiezin multzo jakin batzuen balioa eguneratzeko koefizienteak onesten ahalko dituela kasuan kasuko ebazpenean berariaz zehazten den lurralde eremu jakin baterako, balorazioko parametro gisa erabiltzeko, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 23.2 i) artikuluan aipatzen den bezala. Horrela onetsitako koefizienteak urtero aplikatuko zaizkie Lur-ondasunen Erregistroan inskribatutako katastroko balioei... “

Aurrekoa ikusita, bidezkoa da eguneratze koefiziente bat onestea Lur-ondasunen Erregistroan inskribatuta dauden Tafallako udal-mugarteko ondasun higiezinen katastroko balioei aplikatzeko 2019ko ekitaldian.

Horrenbestez,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Onestea 0,68ko eguneratze koefizientea Nafarroako Zerga Ogasuneko Lur-ondasunen Erregistroan inskribatuta dauden Tafallako udal-mugarteko ondasun higiezin guztien katastroko balioei aplika dakien 2019ko ekitaldian.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2018ko azaroaren 6an.–Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, Luis Esain Equiza.

Iragarkiaren kodea: F1813472