228. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

922/2018 EBAZPENA, azaroaren 13koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, beka bat emateko deialdia onesten duena. Beka hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuan aritzeko da.

Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuak proposatu du prestakuntza beka bat sortu eta haren deialdia egitea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuan aritzeko.

Kontuan hartzen da bekadunei esleituko zaizkien azterketak eta lanak departamentu honentzat baliagarriak izan daitezkeela, baita bekadunentzat ere, horrela lan esperientzia baliotsua bereganatzeko aukera izanen baitute.

Ebazpen honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio: azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Diru-laguntzei buruzkoa, eta apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak azaroaren 9an emandako 68/2017 Foru Aginduaren bidez emandako eskumenak erabiliz, haren bidez ezarri baitzen departamentuko zuzendari nagusiei eskuordetzea 2019ko gastuen aurrekontuko “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidari eta ondorengo aurrekontu-ekitaldietako pareko partidei egotzi beharreko gastuak eta ordainketak baimentzeko eskumenak.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Graduatu ondokoentzako beka bat, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuan bete beharrekoa, emateko deialdia onestea; deialdiaren oinarri arautzaileak ebazpen honen eranskinean agertzen dira.

2. 11.274,96 euroko gastua baimentzea, 2019ko gastuen aurrekontuko “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Langileria Bulegora, Informazio Kudeaketaren Atalera eta Ekonomia Aferetarako Bulegora.

5. Deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak Diru-laguntzen Datu-base Nazionalean (DDBN) erregistratzea.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitalpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko azaroaren 13an.–Toki Administrazioko Zuzendari Nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.

ERANSKINA

Beka bat Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuan aritzeko. Deialdiaren oinarri arautzaileak

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da beka bat sortzea unibertsitateko titulu hauetako bat dutenentzat, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuan bete beharrekoa: ekonomia edo enpresa administrazio eta zuzendaritza, edo enpresa administrazio eta zuzendaritzaren eta zuzenbidearen gradu bikoitza.

Bekaren helburua da bekadunen prestakuntza sustatzea, zuzenagotik ezagut ditzaten arlo akademiko horri loturik Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusian betetzen diren eginkizunak.

Bigarrena.–Iraupena.

Bekak 12 hilabeteko gehieneko iraupena izanen du, 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra bitarte. Beka luzatzen ahalko da, Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuak hala eskatuta, epe berdinetarako, hiru urte egin arte gehienez, hasierako epea eta luzapenak kontuan izanda.

Hirugarrena.–Zenbatekoa.

Bekak 11.274,96 euro izanen ditu urtean, hau da, 900 euroko 12 hileko laguntzak, gehi 39,58 euro hilabetean, Gizarte Segurantzaren kontzeptu gisa. Urteko kotizazioa egiteko, Enpleguari eta Gizarte Segurantzari buruzko indarreko Aginduari jarraikiko zaio, horren bidez garatzen baitira Gizarte Segurantzaren kotizazioaren legezko arauak.

Laugarrena.–Betebeharrak.

Betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek hartzen ahalko dituzte prestakuntza bekak:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Ekonomiaren edo enpresa administrazio eta zuzendaritzaren titulua izatea, edo enpresa administrazio eta zuzendaritzaren eta zuzenbidearen gradu bikoitza, agintari espainiarrek emana edo homologatua.

f) Eskatutako titulua prestakuntza bekarako deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz dezakeen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamabost egun baliodunean aurkeztuko dira eskaerak.

2. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea, 9, Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren edozein bulegotan (2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 7koan, agertzen da zerrenda, baita http://www.gobiernoabierto.navarra.es/es/transparencia/oficinas-registro web-orrian ere), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileen tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileari arreta emateko Info 012 gunea jartzen du haien eskura, Tuterako Foruen plazako 5-6 zenbakietan. Han aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina horretarako, aurreko paragrafoan ezarri bezala, behar-beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea.

3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabidea.

b) “Curriculum vitaea”, honako hauek adierazten dituena: egindako ikasketak, garatutako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak eta, egokitzat joz gero, aipatu nahi dituen merezimendu guztiak.

c) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.

d) 6. oinarriko 2. puntuan adierazten diren gainerako merezimenduen egiaztagiriak.

e) Dituen titulu eta diplomen fotokopiak.

f) Jaiotze agiria edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

g) Nafarroan duela urtebete bizi dela frogatzen duen agiria (adibidez: kasuan kasuko udalak emandako ziurtagiria).

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4. Epe barrenean aurkeztutako eskabidean behar diren datu guztiak jasotzen ez badira, edo eskatutako agiriak eransten ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinaraziko zaio, hori egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

5. Prestakuntza bekak jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Seigarrena.–Eskaeren ebaluazioa.

1. Ebaluazio batzorde batek baloratu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Honako hauek osatuko dute batzordea:

–Batzordeko burua: Marta Paternain Remón, Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko batzordeburua: Miren Sanz de Galdeano Martínez de Eulate, Toki Antolamendurako Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordekidea: Susana Cuesta Márquez, Plangintzaren eta Azterlan Ekonomikoen Ataleko burua.

Batzordeko kide ordezkoa: Eva Navarcorena Eleta, Aurrekontuari eta Kontabilitateari buruzko Aholkularitzarako Ataleko burua.

–Idazkaria: Beatriz Eguaras Tirapu, Kudeaketa Ekonomiko-finantzariorako Ataleko burua.

Batzordeko kide ordezkoa: Nuria Sanz de Galdeano Larrión, Enpresa Zientzietako diplomaduna.

2. Ebaluazio batzordeak izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko ditu, balorazio hauen arabera:

Eskaerak baloratzeko, honako irizpide hauen arabera kalifikatuko dira merezimenduak, 25 puntu arte, gehienez ere:

a) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria. Gehienez ere 10 puntu. Espedientearen batez besteko nota baloratuko da, 0tik 10era bitarteko eskalan.

b) Beka emateko eskakizun ez diren beste unibertsitate titulu batzuk, bekaren xede diren arloekin lotura zuzena dutenak. Gehienez ere 5 puntu.

–Doktoretza: 2 puntu.

–Masterra: 1 puntu.

–Beste gradu batzuk: 1 puntu.

c) Bekaren xede diren arloekin lotura zuzena duten prestakuntza ikastaroak: gehienez ere 5 puntu.

Kontuan hartuko dira 20 orduko edo hortik gorako prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak, interesdunak jasotakoak. Eskala honen arabera baloratuko dira:

–201 ordu edo gehiago: 2 puntu.

–101 ordutik 200 ordura bitartekoak: 1 puntu.

–51tik 100 ordu bitartekoak: 0,5 puntu.

–20 ordutik 50 ordura bitarteko ikastaroak: 0,25 puntu.

Interesdunak jasotako ikastaroek titulu ofizialak izan beharko dute edo, bestela, ofizialki aitortutako prestakuntza zentroetan jasoak, eta behin besterik ez dira baloratuko, nahiz eta interesdunak ikastaroaren edizio bat baino gehiago jaso izan.

d) Euskaraz jakitea. Gehienez ere 5 puntu. Maila handieneko ziurtagiria baizik ez da baloratuko.

–Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiria edo C1 titulua, edo ofizialki baliokidetzat jotzen den beste tituluren bat: 5 puntu.

–B2 tituluak edo ofizialki horien baliokideak diren tituluak 4 punturekin baloratuko dira.

–B1 maila edo ofizialki horien baliokide dena 3 punturekin baloratuko da.

Ez da meriturik baloratuko ez bada agiri bidez frogatzen, eta merituak kontuan hartuak izan daitezen, eskaerak aurkezteko epea amaitu aurrekoak izan behar dute.

Puntuazio orokorrean berdinketa gertatuz gero, lehenik, ikasketa espedienteko a) atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Hala ere, berdinketak jarraituz gero, beste ikasketa titulu batzuetan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren, balorazio irizpideen zerrendaren ordena berean.

3. Merezimenduak kalifikatzeko prozesua bukatuta, ebaluazio batzordeak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren iragarki oholean (González Tablas kalea, 9, Iruña) argitaratuko du aukeraturiko izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxan ere (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/).

4. Ebaluazio batzordeak organo eskudunari igorriko dio bekak emateko proposamena, loteslea izanen dena.

5. Hautatutako gainerako eskatzaileekin ordezkapenetarako zerrenda bat osatuko da, guztira lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz; hurrenkera horri zorrotz jarraituko zaio sortzen ahal diren bajak betetzeko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar den bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.

Zazpigarrena.–Bekak emateko ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak bekak emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatzen denerako berariazko ebazpena argitaratu edo jakinarazi ez bada, uler daiteke eskaerak ezetsi egin direla administrazioaren isiltasunez.

3. Bekak nori esleitu zaizkion eta, halakorik bada, gainerako eskaerak ukatu direla interesdunei jakinarazteko, administrazio prozedura erkideari buruzko legedian ezarritako bideak erabiliko dira. Hori guztia Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren iragarki oholean argitaratuko da (González Tablas kalea, 9, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoaren fitxan ere (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/). Bekaren esleipenari buruzko jakinarazpenean, onuradunei ezarritako baldintzak zehaztuko dira.

Zortzigarrena.–Jabetza intelektuala.

Egiten diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuarena izanen da, eta berak bakarrik izanen du haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea.

Bederatzigarrena.–Jardueren hasiera eta ukoak.

1. Prestakuntza bekak jasotzen dituztenek organo eskudunak agintzen dien egunean hasi beharko dute lanean edo, betiere, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar eguneko epean, gehienez ere. Horrela egiten ez badu, ulertuko da onuradunak bekari uko egin diola behin betiko, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

2. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka hori ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte sortu diren betebeharrak betetzea.

Hamargarrena.–Betebeharrak eta bateraezintasunak.

1. Bekadunek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16. eta 19. artikuluetan ezarritako bateraezintasun eta betebehar orokorren araubidea bete beharko dute.

2. Jarduerak hasten diren unean, bekadunak ez dira jasotzen ariko bekarekin bateraezina den beste edozein laguntza publiko edo pribatu.

Hamaikagarrena.–Tutoretza eta jarduerak.

1. Bekadunari tutore bat esleituko zaio. Tutoreak eginkizun jakin batzuk ezarriko dizkio, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunaren betebeharrak eta jarduerak betetzen diren begiratuko du, haren ardura izanen baita bekaduna gainbegiratzea.

2. Beka emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu bidezko harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

3. Bekaldiaren hilabete bakoitzeko, 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaio bekadun bakoitzari.

4. Zein unitate administratibotan egiten diren jarduerak, haren barne edo funtzionamendu araubideari jarraituko zaio eskubide horiek erabiltzeko.

5. Bekadunek prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak egin beharko dituzte.

Hamabigarrena.–Kalte-ordainak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea du bekadunak.

Hamahirugarrena.–Kalteengatiko erantzukizuna.

Bekadunak bere prestakuntza jarduera bitartean hirugarrenei eragiten dizkien kalteen erantzulea Administrazio Publikoa izanen da, baina administrazio horrek zilegi izanen du bekadunak dolu, erru edo zabarkeria larriagatik izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

Iragarkiaren kodea: F1813897