226. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

109/2018 FORU AGINDUA, azaroaren 13koa, Hezkuntzako kontseilariak emana. Honen bidez aldatzen da 29/2013 Foru Agindua, martxoaren 4koa, hezkuntza sistemako lanbide heziketako ikasketen eta arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen sari bereziak sortu eta arautzen dituena Nafarroako Foru Komunitatean.

Martxoaren 4ko 29/2013 Foru Aginduaren bidez hezkuntza sistemako lanbide heziketako ikasketen eta arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen sari bereziak sortu eta arautu ziren Nafarroako Foru Komunitatean. Sari hauek erdi mailako eta goi mailako prestakuntza zikloetako ikasleei zuzentzen zaizkie.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39. artikuluak ezartzen du hezkuntza sistemaren lanbide heziketaren zikloak hiru direla: oinarrizko lanbide heziketa, erdiko mailako lanbide heziketa eta goiko mailako lanbide heziketa. Beraz, aipatu foru agindua aldatu behar da sari bereziak eman ahal izateko, ezarriko den moduan, ez bakarrik erdiko maila eta goiko maila amaitu duten ikasleei, baizik eta oinarrizko lanbide heziketa zikloak egin dituzten ikasleei ere.

Beste alde batetik, uztailaren 29ko ECD/1611/2015 Aginduak sortu eta arautu ditu, besteak beste, arte plastikoaren eta diseinuaren eremuan lanbide arloko arte ikasketetako ikasleen errendimendu akademikorako Sari Nazionalak. Agindu honen 3.2 artikuluan ezartzen dena betetzeko, beharrezkoa da araudi berariazko bat ezartzea Nafarroan lanbide arloko arte eta diseinuko ikasketetako erdi mailako eta goi mailako zikloak amaitzen dituzten ikasleei dagozkien sari bereziak arautzeko. Horretarako, martxoaren 4ko 29/2013 Foru Agindutik kendu behar dira ikasketa horiei buruzko eta ikasketa horiek egiten dituzten ikasleei buruzko aipamenak oro.

Horregatik, beharrezkoa da martxoaren 4ko 29/2013 Foru Agindua aldatzea, hezkuntza sistemako lanbide heziketako ikasketen eta arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen sari bereziak sortu eta arautzen dituena Nafarroako Foru Komunitatean.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluan ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatu egiten da martxoaren 4ko 29/2013 Foru Agindua, hezkuntza sistemako lanbide heziketako ikasketen eta arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen sari bereziak sortu eta arautzen dituena Nafarroako Foru Komunitatean.

1.–Martxoaren 4ko 29/2013 Foru Aginduaren izena aldatzen da; hona hemen idazketa berria:

“29/2013 Foru Agindua, martxoaren 4koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, hezkuntza sistemako lanbide heziketako ikasketen sari bereziak sortu eta arautzen dituena Nafarroako Foru Komunitatean.”

2.–Aldatu egiten da martxoaren 4ko 29/2013 Foru Legearen 1. artikulua. Honela gelditu da testua:

“1. Honen bidez sortu egiten dira Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan hezkuntza sistemako lanbide heziketako ikasketen sari bereziak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez ezarriak.

2. Sari berezi hauen helburua da ikastetxe publikoetan edo pribatuetan ikasten ari diren oinarrizko lanbide heziketako, erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetako ikasleen ahalegina eta errendimendu akademikoa aitortzea.”

3.–Martxoaren 4ko 29/2013 Foru Aginduaren 2. artikuluko 3. apartatua aldatu egin da. Honela gelditu da testua:

“Foru agindu hau aplikagarria izango da hezkuntza sistemako oinarrizko lanbide heziketako, erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetako ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatu baimenduetan.”

“3. Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, hezkuntza sistemako lanbide heziketako ikasketen sari berezietan, aipatutakoez gainera, beste aitorpen batzuk egin daitezke, urteko deialdi bakoitzean erabakiko direnak.”

4.–Aldatu egiten da martxoaren 4ko 29/2013 Foru Legearen 3. artikulua. Honela gelditu da testua:

“1. Urtero, Hezkuntza Departamentuak hezkuntza sistemako lanbide heziketako ikasketen sari berezien deialdia egin eta sariak emanen ditu.

2. Hezkuntza Departamentuak sari hauek ematen ahalko ditu:

a) Sari berezi bat lanbide heziketako goi mailako heziketa zikloen barrenean Nafarroan eskaintzen den lanbide arlo bakoitzerako.

b) Sari berezi bat lanbide heziketako erdi mailako heziketa zikloen barrenean Nafarroan eskaintzen den lanbide arlo bakoitzerako.

c) Sari berezi bat oinarrizko lanbide heziketa zikloen barrenean, lanbide prestakuntza sari berezien urteroko deialdia egiten duen ebazpenean ezartzen diren lanbide arlo bakoitzerako.

3. Lanbide arlo bati edo lanbide arlo multzo bati dagokien sari berezia eman gabe geldituko balitz, oinarrizko lanbide heziketaren kasuan, saria ematen ahalko litzaioke beste lanbide arlo bateko edo beste lanbide arlo multzo bateko hautagai bati, hurrenez hurren, Hezkuntza Departamentuaren sariak hautatzeko batzordeak horretarako egindako proposamen arrazoitu baten bidez.”

5.–Martxoaren 4ko 29/2013 Foru Aginduaren 4. artikulua aldatu egin da. Honela gelditu da testua:

“4. artikulua. Ikasle hautagaiak bete beharreko baldintzak:

Sari berezia eskatzeko betebeharrak hauek dira:

1. Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko zein pribatuetan egin eta gainditu izana hezkuntza sistemako lanbide heziketako prestakuntza zikloen ikasketak, eskaintzaren edozein modalitatetan.

2. Ikasketa horiek deialdian aipatzen den ikasturtean bukatu izana.

3. Prestakuntza zikloko batezbesteko azken kalifikazio hauek lortuak izatea:

a) Erdi graduko edo goi mailako graduko sari berezirako: 8,5 puntuko kalifikazioa edo handiagoa.

b) Oinarrizko lanbide heziketako sari berezirako: 7,5 puntuko kalifikazioa edo handiagoa.

Prestakuntza zikloko batezbesteko kalifikazioa kalkulatzeko, ez dira kontuan hartuko ‘gai’, ‘salbuetsita’ edo ‘baliokidetua’.”

6.–Aldatu egiten da martxoaren 4ko 29/2013 Foru Legearen 5. artikulua. Honela gelditu da testua:

“1. Hezkuntza sistemako lanbide heziketako ikasketen sari bereziak emateko prozedura antolatu, ordenatu, instruitu eta ebaztea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

2. Aurreko artikuluan xedatutakoarekin bat, sari bereziak jasotzen ahalko dituzte adierazitako baldintzak bete eta Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak urtero egiten duen ebazpenaren deialdian ezarritako prozeduran parte hartzen duten ikasleek.

3. Izangaiek aurkezten dituzten espedienteak aztertu eta baloratzeko, sari bereziak hautatzeko batzorde bat eratuko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiak izendatua.

4. Sari berezien deialdian norgehiagokako araubidea erabiliko da. Sariak Hezkuntzako zuzendari nagusiak emanen ditu, hautapen batzordeak proposaturik. Horretarako, ikasketa espedientean agertzen den batez besteko nota hartuko da kontuan, eta berdinketa izanez gero, beste merezimendu batzuei emandako puntuazioa.

5. Sari bereziak hautatzeko batzordeak emaitzen akta eginen du, eta bertan parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitza jasoko da, bi dezimal adieraziz. Emaitzak Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko ‘Lanbide Heziketako sari Bereziak’ izeneko tramite fitxan argitaratuko dira. Katalogoa helbide honetan dago:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/1967/Premios-Extraordinarios-de-Formacion-Profesional-y-Artes-Plasticas-y-Diseno.”

7.–Martxoaren 4ko 29/2013 Foru Aginduaren 6. artikuluko 3. apartatua aldatu egin da. Honela gelditu da testua:

“3. Eskaerak eta aurreko atalean aipatutako agiriak Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendaritzari bidaliko zaizkio, hamar egun balioduneko epean deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera. Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegoan aurkeztuko dira, edo, bestela, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren moduetako edozeinetan.”

8.–Martxoaren 4ko 29/2013 Foru Aginduaren 8. artikuluko 2. apartatua aldatu egin da. Honela gelditu da testua:

“–Beste prestakuntza batzuk: aurkezten diren sari bereziaren ikasketak baino maila akademiko txikiagoko lanbide ikasketak amaitu dituztela egiaztatzen dituzten pertsonek, 0,5 puntu egiaztatutako titulu bakoitzeko. Atal honetan 2 puntu lortzen ahalko dira, gehienez ere.”

9.–Martxoaren 4ko 29/2013 Foru Aginduaren 1. eranskina aldatu egin da, eta honela geldituko da testua:

“1. Eranskina.–Eskaera inprimakia.

Eskaera inprimakiak datu hauek bilduko ditu: ikaslearen identifikazio datuak, dagokion zikloa egin eta gainditu duen ikastetxearen datuak, baita egindako lanbide heziketako ikasketen datuak ere.

Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak urtero egingo duen hezkuntza sistemako lanbide heziketako ikasketen sari berezien deialdian, eskaera inprimakian beste xehetasun batzuk jarri beharko direla zehazten ahal da.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko azaroaren 13an.–Hezkuntzako kontseilaria, María Solana Arana.

Iragarkiaren kodea: F1813841