226. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1347/2018 EBAZPENA, azaroaren 7koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Mahastizaintza eta Enologia Ataleko Enologia Bulegoan aritzeko beka bat emateko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 423279.

Irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onetsi zen. Dekretu horren 31. artikuluak Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuaren barnean sailkatu zen Ardogintza Sustatzeko Atala, eta 34. artikuluak zehaztu zuen zein zen Ardogintza Sustatzeko Atalaren eskumen esparrua.

Azaroaren 16ko 105/2016 Foru Dekretuaren bidez, irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua aldatu zen. Haren bosgarren xedapen gehigarriak ezartzen du, besteak beste, aurrerantzean Ardogintza Sustatzeko Atala Mahastizaintza eta Enologia Atala deituko dela. Gainera, aipatutako 105/2016 Foru Dekretuak, 1-Bi artikuluan (78/2016 Foru Dekretuaren 31. artikulua aldatzekoa), Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuaren barnean sailkatzen du atal hori, eta, 1-Hiru artikuluan (irailaren 21eko 78/206 Foru Dekretuaren 34. artikulua aldatzekoa), berriz, ezartzen da zein diren Mahastizaintza eta Enologia Atalaren eskumenak, hor zehazten baita foru dekretuan bertan ardogintzaren arloko esperimentazioari eta ikerketari buruz adierazitako eskudantziak izanen dituela, baita indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk eta bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak ere.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak abenduaren 22an eman 456/2016 Foru Aginduaren bidez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak onetsi ziren, Enologia Bulegoa sortu zen eta, 1-o) artikuluan ezarri denez, Mahastizaintzako Bulegoa eta Enologia Bulegoa Mahastizaintza eta Enologia Atalari atxiki zitzaizkion.

Mahastizaintza eta Enologia Atalak, bi bulego horien bitartez, batez ere mahastizaintzaren eta ardogintzaren arloko esperimentazio jarduerak eta ikerketa proiektuak egiten ditu sektoreko enpresekin, baita Nafarroako ikerketa zentroekin (Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutua, eta abar), beste autonomia erkidegoetako beste zentro batzuekin (ICVV Errioxan, IMIDRA Madrilen, etab.), Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin, Nafarroako Unibertsitatearekin eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoarekin eta Nekazaritzako Ingeniarien Eskolarekin ere, besteak beste.

Esperimentaziorako eta ikerketarako ekintza horien ondorioz, sektoreari mahastizaintzaren eta ardogintzaren arloko teknologia transferitzeko prozesuetan parte hartzen ari da zuzenean nahiz beste erakunde eta enpresa publiko batzuekin elkarlanean (Nafarroako kontseilu arauemaileak, Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutua, etab.).

Eginkizun hauek ditu esleiturik: Nafarroako mahatsondo barietateak bildu, identifikatu eta ezaugarritzea, eta mahatsondo barietateen klon hautaketa egitea ekoizle-ugaltzailearen kategorian. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak berak du kategoria hori.

Atalak Nafarroako mahats produkzioaren neurketak egiten ditu, eta Nafarroan mahatsaren izurriteei eta eritasunei buruz abisua emateko estazioen sarearen mantentze-lanetan laguntzen du.

Atalaren barnean Upeltegi Esperimentala dago. Han, ardoak egiten dira, atalak parte hartzen duen mahastizaintzaren eta ardogintzaren arloko hainbat esperientzia eta proiektutatik datozenak. Upeltegi Esperimentala, gainera, Nafarroako Gobernuko Upeltegi Instituzionala da. Hartan, ardo instituzionalak egiten dira, Nafarroako upeltegietan erabili ohi diren ohiko irizpide teknikoei jarraituz.

Mahastizaintza eta Enologia Atalak, orobat, Europar Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudia aplikatzen esku hartzen du aktiboki, eta sostengu ematen die ardoen kalitate-deituren arloan (Nafarroa jatorri-deitura, Errioxa jatorri-deitura kalifikatua, lur eremuko ardoak, etab.) agintari eskudun gisa aritzen diren Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kudeaketa unitateei.

Horregatik guztiagatik, Mahastizaintza eta Enologia Atala gune ezin egokiagoa da agronomiaren arloetako batean gradua edo lizentzia eskuratu duten gazteek, arlo horretan esperientzia teorikoa eta praktikoa eskuratzeko prozesu batean parte hartu nahi izanez gero, aukera izan dezaten atalaren lantalde teknikoaren barrenean sartzeko aldi batez, horrela beren prestakuntza akademikoa eta prestasuna eskainiko baitute atalak epe horretan aurreikusiak dituen jarduera garrantzitsuenak gauzatzen laguntzeko.

Eta hori guztia beka sistema baten aterpean dago egituratua erregelamenduz. Mahastizaintza eta Enologia Atalak esperientzia handia du sistema horretan; izan ere, EVENA-Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroa zenaren ondorengoa da mahastizaintzako eta ardogintzako jarduerei dagokienez.

Kontuan harturik beken sistemak emaitza bikainak eman dituela, alde batetik, bekadunak lan munduan sartzea dakarrelako, eta bestetik, haiek egindako lanak baliagarriak eta kalitatekoak izaten direlako.

Kontuan harturik bekadunaren esku uzten diren lanak Mahastizaintza eta Enologia Atalarentzat eta Nafarroako mahastizaintza sektorearentzat oro har baliagarriak izan daitezkeela, baita bekadunarentzat berarentzat ere, horrela lan esperientzia interesgarria lortzeko aukera izanen baitu.

Mahastizaintza eta ardogintza arloetako prestakuntza diziplina askotarikoa denez, komenigarritzat jo da teknikariak prestatzeko orain arte erabilitako irizpideari eustea, non bereizi baitira, batetik, mahastizaintza, eta bestetik, enologia, nahiz eta alderdi askotan biak bat etortzen diren eta mahastizaintzaren eta ardogintzaren arloko esperimentazio eta ikerketa jarduera askotan batera parte har dezaketen.

Horrenbestez, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak proposatu du Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusian aritzeko prestakuntza beka bat sortzea eta horren deialdia egitea.

Bekak, batez ere, profil enologikoa izanen du, eta bekaduna Enologia Bulegoan arituko da lanean.

Ebazpen honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio: azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Diru-laguntzei buruzkoa, eta apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak otsailaren 9an emandako 68/2017 Foru Aginduaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz, haren bidez departamentuko zuzendari nagusien esku utzi baitzen 2018ko Gastuen Aurrekontuko “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidari eta ondorengo aurrekontu-ekitaldietako antzeko partidei egotzitako gastuak eta ordainketak baimentzeko eskumena.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Graduatu ondokoentzako beka bat emateko deialdia onestea, baita haren oinarri arautzaileak ere, ebazpen honen I. eranskinean jaso direnak. Beka Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Mahastizaintza eta Enologia Atalean aritzeko da.

2. 11.274,96 euroko gastua baimentzea ebazpen honen ondoriozko ordainketa-konpromisoei aurre egiteko. Horietatik 1.409,37 euro 2018ko Gastuen Aurrekontuko “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidaren kargura ordainduko dira, eta 9.865,59 euro, berriz, 2019ko Gastuen Aurrekontuan gaitzen den partida baliokidearen kargura.

3. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Langileria Bulegora, Informazio Kudeaketaren Atalera eta Ekonomia Aferetarako Bulegora.

5. Deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitalpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko azaroaren 7an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Mahastizaintza eta Enologia Atalean aritzeko (Enologia Bulegoan) beka baten deialdia. Oinarri arautzaileak

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da graduatu ondokoentzako beka bat sortzea, enologiako teknikariak trebatzeko. Bekaduna Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Mahastizaintza eta Enologia Atalean arituko da (Enologia Bulegoa), Erriberriko bulegoan.

Bigarrena.–Iraupena.

Bekak 12 hilabete arte iraunen du, 2018ko azaroaren 15etik 2019ko azaroaren 14ra bitarte. Mahastizaintza eta Enologia Atalak eskatuz gero, beka luza daiteke, epe berdinetarako, hiru urte egin arte gehienez, hasierako epea eta luzapenak kontuan izanda.

Hirugarrena.–Zenbatekoa.

Bekak 11.274,96 euroko zuzkidura izanen du. Diru hori hilabetero ordainduko da, 900 euro aldiro, edo dagokion zati proportzionala, behar izanez gero, gehi 39,58 euro hilabetero, Gizarte Segurantzaren kontzeptuan. Bekadunari dagokion hileko zenbatekotik bekadunari dagokion Gizarte Segurantzako kotizazioa kenduko da. Zenbateko horiek ekitaldi bakoitzean eguneratuko dira, Gizarte Segurantzako kotizazioaren legezko arauak garatzen dituen ministro-aginduarekin bat.

Laugarrena.–Betebeharrak.

Betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek hartzen ahalko dituzte prestakuntza bekak:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Hauetako tituluren bat edukitzea:

–Enologiako lizentziadun edo gradudun titulua.

–Nekazaritzako ingeniari edo nekazaritzako ingeniari tekniko titulua, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako gradua edo Nekazaritzako Ingeniaritzako masterra izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua.

f) Eskatutako titulua prestakuntza bekarako deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamabost egun baliodunean aurkeztuko dira eskaerak.

2. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea 9, Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren edozein bulegotan (2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 7koan, agertzen da zerrenda, baita http://www.gobiernoabierto.navarra.es/es/transparencia/oficinas-registro web-orrian ere), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileen tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileari arreta emateko Info 012 gunea jartzen du haien eskura, Tuterako Foruen plazako 5-6 zenbakietan. Han aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina horretarako, aurreko paragrafoan ezarri bezala, behar-beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea.

3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabidea.

b) Curriculum vitaea, honako hauek adierazten dituena: egindako ikasketak, garatutako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak eta, egokitzat joz gero, aipatu nahi dituen merezimendu guztiak.

c) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.

d) Seigarren oinarriko 2.II puntuan adierazten diren gainerako merezimenduen egiaztagiriak.

e) Dituen titulu eta diplomen fotokopiak.

f) Jaiotze agiria edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

g) Nafarroan duela urtebete bizi dela frogatzen duen agiria (adibidez: kasuan kasuko udalak emandako ziurtagiria).

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4. Epe barrenean aurkeztutako eskabidean behar diren datu guztiak jasotzen ez badira, edo eskatutako agiriak eransten ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinaraziko zaio, hori egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

5. Prestakuntza bekak jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Seigarrena.–Eskaeren ebaluazioa.

1. Ebaluazio batzorde batek baloratu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Honako hauek osatuko dute batzordea:

Burua: Ana Sagüés Sarasa, Mahastizaintza eta Enologia Ataleko burua.

Batzordekidea: Félix Cibriáin Sabalza, Mahastizaintzako Bulegoko burua.

Idazkaria: M.ª Carmen Jimeno Mendoza, zerbitzu orokorretako arduraduna.

Ebaluazio batzordeak izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko ditu, balorazio hauen arabera:

I.–Ikasketa espedientea: gehienez ere 15 puntu.

Honako eskala honi jarraikiz: ikasgai bakoitzeko kredituen batuketa bider lortutako nota; lortutako balioen batura titulazioaren kreditu guztien kopuruarekin zatituko da, honela:

–Ohorezko matrikularekin eskuratutako kredituak bider 10 puntu.

–Bikainekin eskuratutako kredituak bider 9 puntu.

–Oso ongirekin eskuratutako kredituak bider 4 puntu.

–Nahikoarekin eskuratutako kredituak bider 2 puntu.

–Gai kalifikazioa duten ikasgaien eta baliozkotzen direnen kredituak “nahikoa” gisa zenbatuko dira (kredituak bider 2 puntu).

–Enologiako lizentziadun edo gradudun titulua: 3 puntu.

–Karrera bukaerako lanek, beken jardueraren esparruarekin lotura zuzena badute, beste bi puntu emanen dizkiote izangaiari.

II.–Beken jarduera-esparruari lotutako arloetako prestakuntza: gehienez ere 5 puntu.

–Graduatu ondoko edo master ikastaroak, gutxienez 300 orduko iraupena badute: puntu bat ikastaro bakoitzeko.

–Argitalpen tekniko edo zientifikoak: 0,25 puntu argitalpen bakoitzeko.

–20 ordutik gorako jardunaldi, ikastaro edo mintegietan parte hartzeagatik: 0,25 puntu parte-hartze bakoitzeko.

–Enologia praktikak zentro ofizial batean (30 egun, gutxienez): 0,50 puntu.

–Upeltegietan egindako lan eta praktikaldiak (hilabete bat, gutxienez): 0,5 puntu.

III.–Hizkuntzak: gehienez ere 4 puntu.

Hizkuntzak baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean ezarritakoari jarraikiko zaio. Ebazpen horrek euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak ezarri zituen, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera. Hona balorazio eskala:

A1 maila: oinarrizkoa, 0,1 puntu.

A2 maila: oinarrizkoa, 0,2 puntu.

A3 maila: oinarrizkoa, 0,3 puntu.

B2 maila: goi mailakoa, 0,5 puntu.

C1 maila: goi mailakoa, 1 puntu.

2. Berdinketa izanez gero, egiaztatutako titulazioaren ikasketa espedientean nota altuena duenaren eskaera lehenetsiko da. Berdinketak badirau, hizkuntzetan puntuaziorik handiena duen eskaera.

3. Merezimenduak kalifikatzeko prozesua bukatuta, ebaluazio batzordeak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren iragarki-taulan (González Tablas kalea 9, Iruña) argitaratuko du aukeraturiko izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxan ere (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

4. Ebaluazio batzordeak organo eskudunari igorriko dio bekak emateko proposamena, loteslea izanen dena.

5. Hautatutako gainerako eskatzaileekin ordezkapenetarako zerrenda bat osatuko da, guztira lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz; hurrenkera horri zorrotz jarraituko zaio sortzen ahal diren bajak betetzeko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.

Zazpigarrena.–Beka emateko ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak bekak emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatzen denerako berariazko ebazpena argitaratu edo jakinarazi ez bada, uler daiteke eskaerak ezetsi egin direla administrazioaren isiltasunez.

3. Bekak nori esleitu zaizkion eta, halakorik bada, gainerako eskaerak ukatu direla interesdunei jakinarazteko, administrazio prozedura erkideari buruzko legedian ezarritako bideak erabiliko dira. Hori guztia Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren iragarki-taulan argitaratuko da (González Tablas kalea 9, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoaren fitxan ere (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/). Bekaren esleipenari buruzko jakinarazpenean, onuradunei ezarritako baldintzak zehaztuko dira.

Zortzigarrena.–Jabetza intelektuala.

Egiten diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuarena izanen da, eta berak bakarrik izanen du haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea.

Bederatzigarrena.–Jardueren hasiera eta ukoak.

1. Prestakuntza bekak jasotzen dituztenek organo eskudunak agintzen dien egunean hasi beharko dute lanean, edo, betiere, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar eguneko epean, gehienez ere. Horrela egiten ez badu, ulertuko da onuradunak bekari uko egin diola behin betiko, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

2. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka hori ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte sortu diren betebeharrak betetzea.

Hamargarrena.–Betebeharrak eta bateraezintasunak.

1. Bekadunek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16. eta 19. artikuluetan ezarritako bateraezintasun eta betebehar orokorren araubidea bete beharko dute.

2. Jarduerak hasten diren unean, bekadunak ez dira jasotzen ariko bekarekin bateraezina den beste edozein laguntza publiko edo pribatu.

Hamaikagarrena.–Tutoretza eta jarduerak.

1. Bekadunari tutore bat esleituko zaio. Tutoreak eginkizun jakin batzuk ezarriko dizkio, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunaren betebeharrak eta jarduerak betetzen diren begiratuko du, haren ardura izanen baita bekaduna gainbegiratzea.

2. Beka emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu bidezko harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

3. Bekaldiaren hilabete bakoitzeko, 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaio bekadun bakoitzari.

4. Zein unitate administratibotan egiten diren jarduerak, haren barne edo funtzionamendu araubideari jarraituko zaio eskubide horiek erabiltzeko.

5. Bekadunek prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak egin beharko dituzte.

Hamabigarrena.–Kalte-ordainak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea du bekadunak.

Hamahirugarrena.–Kalteengatiko erantzukizuna.

Bekadunak bere prestakuntza jarduera bitartean hirugarrenei eragiten dizkien kalteen erantzulea Administrazio Publikoa izanen da, baina administrazio horrek zilegi izanen du bekadunak dolu, erru edo zabarkeria larriagatik izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

Iragarkiaren kodea: F1813807